Alejandro Valdés Goikoetxea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Alejandro Valdés Goikoetxea

Bizitza
JaiotzaLekeitio1883ko otsailaren 9a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaDonostia hiria1956ko urtarrilaren 28a (72 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakmusikaria

Alejandro Valdés Goikoetxea (Lekeitio, 1883ko otsailaren 9a - Donostia, 1956ko urtarrilaren 28a) euskal musikaria izan zen.[1]

Familia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ama Angela Goikoetxea Errasti zen, aramaioarra, Ignacio Goikoetxea Usaola eta Josefa Errasti Zubizarretaren alaba. Vicente Goikoetxea errasti musikagilea anaia zuen. Aramaioko plazan, Goikoetxeatarrek burdindegia eta hotela zuten, herrira etortzen ziren bainuzaleak hartzeko.

Aita, Manuel Valdés Rey, Clermont-Ferranden (Okzitania) jaioa zen. Manuelen aita, Valentín Valdés López, Extremadurakoa, enpresaria izan zen eta bizitokiz asko aldatzen zuen; Josefa Rey Velilla emaztearekin batera Frantzian, Urduñan eta Gasteizen bizi izan zen. Horrela, haien seme-alaba Manuel, Leocadio, Mª Dolores, Ana Manuela eta Mónica hiri ezberdinetan jaio ziren.

Manuelek Aramaion ezagutu zuen Angela, haien etxean ostatu hartuta. Sei seme-alaba izan zituzten: Julio Maria Vicente (Gasteiz, 1877), María de las Nieves (Aramaio, 1879), Alejandro, Jesús María, José María eta Ignacio (azken laurak Lekeition jaioak, 1883 eta 1879n artean). Izan ere, Gasteizen 6 urte eman ondoren, Lekeitiora bizitzera joan ziren, Manuel han lanean hasi baitzen, Ibañez de Aldekoatarren Olaldeko lantegian administrari, Vicente Goikoetxea koinatuarekin batera.[2]

Musika ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alejandrok lehen musika ikasketak etxekoekin eta Joaquin Velasco Barinagarementeria organo-jotzailearekin egin zituen. Bere anaia Juliorekin kantu gregorianoa ikasi zuen.

Resurreccion Maria Azkueren "Pasa de Chimbos" lanean tenor bezala parte hartu zuen. Hainbat orfeoitako partaide izan zen.

1904an Lekeitioko organo jotzaile plaza irabazi zuen.[1]

1921ean, musika irakaslea zen Lekeition.[3]

Musikagile bezala, Himno de la Juventud lekeitiana (1911), Adoramus te Christe (1920), Ereserkia de Abaroa Uribarren (1934), Jauntxuba, eta beste batzuk konposatu zituen.[1]

1929an, Bilboko Euskal Gaztediaren "Pizkundia" elkarte abertzalearen baitan, Oldargi antzerki taldean aritu zen Jesus Guridi, Aita Donostia, Victor Zubizarreta eta beste batzuekin batera. 1930eko martxoaren 8an, elkartea Bilboko Campos Elíseos antzokian aurkeztu zen jendaurreko ekitaldi batean, Manuel de la Sotaren gidoiarekin eta Alejandro Valdésen musikarekin; besteak beste, Lekeitioko Kaxarranka dantzatu zutelarik.[4]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1931ean Lekeitioko zinegotzi abertzalea zen.[1]

Gerra Zibila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936ko estatu kolpe saiakeraren ostean matxinatuak Gipuzkoaz bizkor jabetu ziren; Errepublikako Herri Armadak haiei aurre egitea lortu zutenean, gerra-frontea eratu eta egonkortu zen. Gerraren lehen hileetan Alejandro Valdés Lekeition zegoen, besteak beste musikari lanetan,[5] Julio anaiarekin batera.[6] Urte amaierarako Belokeko monasterioan (Ahurti) errefuxiatua zegoen Imanol semearekin.[7]

1937tik aurrera, Imanol semearekin, Eresoinka enbaxadarekin aritu zen, kulturaren bidez atzerrian Euskal Herriaren aldeko propaganda eginez. Eresoinkarentzat hainbat lan prestatu zituen (Nere ama txit laztana, Nere maitia, Txalopin txalo) eta Erresuma Batuko ereserkia harmonizatu zuen, 1938an hara eginiko birarako.[1]

Gerra ostean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1939an, Bigarren Mundu Gerra hastearekin batera, Venezuelara erbesteratu zen.[1] Hasiera-hasieratik hasi zen han organo jotzaile, besteak beste Triki Azpiritxaga elektrikari-futbolari-tenorearekin batera emanaldiak eginez.[8] Venezuelan 16 urtez igaroko zituen; han, besteak beste, elizarako 100 organu pieza baino gehiago sortu zituen.[1]

1955ean itzuli zen Euskal Herrira; handik gutxira hil zen, Donostian.[1]

Ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eresbil musika agiritegian Alejandro Valdésen hainbat lan aurki daitezke, hala hona Asistar Prantzisko deunari, Ave Maria, Epifania...[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h «Valdés Goicoechea, Alejandro - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-05).
  2. SALABERRI, Sabin. Julio Valdés Goikoetxea. https://www.cofradiavirgenblanca.com/.
  3. Lekittoko Gidia 1921. https://www.lekeitio.com/.
  4. a b SALABERRI, Sabin. (2016). «Musikoak» Kurik (Lekeitio: Lekeitioko Udala) 2: 96. ISBN 9788460891277..
  5. ITURBE GABIKAGOJEASKOA, Aitor. 2013. Lekeitio. Idatziak eta irudiak III. 1936-1975. Lekeitioko Udala. 47 or. "Lekeitiarrak ederki ospatu dute eguna. Itxaz gizonak bero abestu dute agurtza. Txadon-eleiz ederraren barruan ibildeuna egiñaz. Abeslari taldeak "Agur Maria" abezten zuten. Ez nola nai, Valdes'tar Alexander txotxa eskuan zuzendari zuten eta berak egindako lanak abestu zituzten. Ederrak abestiak. Neretzat goxoak ziran beñepein. Txalo bat Alexander". AZPIAZU, Ixaka. 1936. Lekeitio'n oroigarriak. Euzkadi egunkaria, 1936-10-8.
  6. ITURBE GABIKAGOJEASKOA, Aitor. 2013. Lekeitio. Idatziak eta irudiak III. 1936-1975. Lekeitioko Udala. 49 or. "Jaupa zan izentatua, eta goizeko bederatzi laurden gutxiagotan asi ziran il-otoiketak. Gero, jaupa, Abertzale-talde abeslariak Baldes'tar Juli Apaizaren iru abotstako jaupa eder-ederra abestu genduan, zuzendari Baldes'tar A. genduala, eta txaneuslari egilea bera". AZPIAZU, Ixaka. 1936. Errijetatik. Lekeitio. Euzkadi egunkaria, 1936-12-3.
  7. (Gaztelaniaz) ANASAGASTI, Iñaki. (2019). ¿ALGUIEN TIENE INFORMACIÓN SOBRE LOS REFUGIADOS VASCOS EN LA ABADÍA BENEDICTINA DE BELLOC?. https://ianasagasti.blogs.com/.
  8. SAN SEBASTIÁN, Koldo. (2014). «Exilio vasco en América» Urazandi (Eusko Jaurlaritza) 28: 172. ISBN 978-84-457-3338-7..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]