Aleksandra Kollontai
Aleksandra Mikhailovna Kollontai (errusieraz: Александра Михайловна Коллонтай) (San Petersburgo, Errusiar Inperioa, 1872ko martxoaren 31greg./martxoaren 19ajul. - Mosku, Sobietar Batasuna, 1952ko martxoaren 9a) errusiar iraultzaile marxista izan zen. Familia autoritarioa eta sexu-zapalkuntza hautsiko dituen ikuspuntu iraultzailean oinarritu zuen emakumearen askatasunaren aldeko borroka.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aleksandra "Shura" Mikhailovna Kolontái San Petersburgon jaio zen, 1872ko martxoan. Errusiako politikari eta marxista nabarmena izan zen. Komunista eta iraultzailea, lehen emakumea izan zen nazio baten gobernuan posizio bat okupatzen.
Ukrainar jatorriko familia aristokratiko errusiar baten jaio zen. Bere aita tsarraren zerbitzuko jenerala zen; bere ama, nekazari familia dirudun batetik zetorren. 19 urterekin bere senarra izango zena ezagutu zuen, baina 24 urtekin alderdi sozialistaren kide egin eta bere senarra eta semea alde batera utziz, Suizara joan zen, ideia sozialistei loturiko ikasle gazteen neurología zentro batera. 1889an, Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokratako kide egin zen (Errusieraz: Российская социал-демократическая рабочая партия, РСДРП, transliteraturik: Rossíyskaya sotsial-demokratíchyeskaya rabóchaya pártiya, RSDRP).
XX. mende hasieran, 1905eko gertakari iraultzaileetan parte hartu zuen, baita artikuluak idazten eta emakumeen langile elkarteak antolatzen ere. Azkenean, erbesteratu behar izan zen, horrela Europatik bidaiatu eta Alemania, Britainia Handia eta Frantziako alderdi sozialistekin harremanekin jartzeko aukera ukan zuen.
Lehen Mundu Gerran parte hartzearen kontra aktiboki aritu zen eta Errusiara itzultzean Petrogradoko Sobietar Batzorde Betearazleko kide hautatu zuten. Leninen ideiak bultzatu zituen, Sobietak botere-organismo gisa ikusten baitzituen eta iraultza burgesa alboratu eta iraultza proletarioarekin ordezteko beharra sentitzen baitzuen. Ondoren, Alderdiaren Batzorde Zentraleko kide bihurtu zen eta langile estatua sortzearen aldeko botoa eman zuen.
Boterea hartu ondoren, Laguntza Publikorako Herri Komisari izendatu zuten, Sovnarkomen gobernurako. Horrela, nazio bateko gobernuan posizio bat okupatu zuen lehen emakumea izan zen.
Emakumezkoen eskubide eta askatasunak lortzeko gogor lan egin zuen, legedian aldaketak egitea lortuz.
1918an, Kollontai, Emakume Langileen Lehenengo Biltzarreko antolatzaileetako bat izan zen. Batzar honetatik Zhenotdei (Emakumearen saila) jaio zen, emakumeek bizitza publikoan eta gizarte proiektuetan parte hartzera bideratutako erakundea. Modu berezian, analfabetismoaren aurkako borrokan ere aritu zen. Zhenotdeiek Kommunistka (Emakume Komunista) izeneko aldizkaria zuen eta Kollontai bere batzorde editorialeko kide izan zen. Ahalegin guzti hauek beharrezkoak izan ziren Errusian Emakume Berriaren oinarriak finkatzeko.
1921ean Langileen Oposizioa izeneko taldea babestu zuen, baina Kongresuak taldea deseginarazi zuen eta kideek oneritzia galdu zuten. Aleksandra Kollontai baztertua izan zen eta bere eragin politikoa galdu zuen. 1923an diplomazia zerbitzura joan zen. Sobietar Batasuneko enbaxadore izendatu zuten (historian lehen emakume enbaxadorea) Norvegian eta gero Suedian eta Mexikon. Nazioen Elkarteko Sobietar delegazioan ere parte hartu zuen.
Emakumeen Eskubideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikusi dugun bezala, Aleksandrak asko borrokatu zuen emakumeen eskubideen alde. Izan ere, bere borrokak saria izan zuen, Errusian eragin handia izan baitzuen.
Kolontaik emakumezkoen sexu-askapenaren gaia zuzendu zuen bere lanetan: The New Woman and Love in the Communist Society. Bere ustez, "emakume berria" emakumearen beraren eskakizunen arabera bereizten da, haren nortasuna baieztatuz, estatuaren eta familiaren emakume-zerbitzari ideiaren kontra protesta egiten eta bere eskubideen alde borrokatzen, senarraren osagarria izateari uko eginez. Honako ideiak defendatu zituen:
- Emaztea senarraren jabetza bihurtzen zuen ezkontza sexuen arteko lotura askeagatik ordeztua izarea, adosturiko maitasun hutsarekin eta ez lotura kontzeptualekin
- Sexu harremanetan, emakume berriak ez dio bere emakume-izaerari uko egin behar, ez plazerari, eta haurraren aita izan nahi duen gizona askatasunez aukeratu behar luke.
- Prostituzioari dagokionez, esperientzia txartzat hartzen du Kollotaik, hala gizonarentzat, emakume baten laztanak erosiz ez duelako inoiz egiazko estasi erotikoa sentituko, nola emakumearentzat, inoiz ez duelako bere osotasuna eta harmonia lortuko bere gorputza salduz.
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Saiakera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Emakumearen arazoen oinarri sozialak (1909).
- Moral berria eta langileria (1919).
- Sexu askatasunean bizi izan den emakume baten autobiografia (1920).
- Bakartasuna eta amatasuna (1921).
- Langileriaren oposizioa (1921).
Eleberria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Erle langileen amodioak (1924).
Euskaratutakoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Erle langileen amodioak. (Erein, 2020)[1]. Itzulpena: Aroa Uharte Zubillaga.[2]
Sariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Leninen ordena (1933)
- Lanaren Bandera Gorriaren Ordena (1942)
- Lanaren Bandera Gorriaren Ordena (1945)
- San Olafen ordena, Norvegiako sari nagusia garai hartan.
- Arrano Aztekaren Ordena (1944)[3], Mexikoko sari nagusia garai hartan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ «Eta maitasunaren iraultza?» Berria 2021-03-14 (Noiz kontsultatua: 2024-07-02).
- ↑ «“Oso bipolarra da Errusiarekin dugun harremana: edo oso errusiazalea zara, edo oso errusofoboa”» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-07-02).
- ↑ «THE VOICE OF RUSSIA» web.archive.org 2008-05-03 (Noiz kontsultatua: 2024-07-02).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1872ko jaiotzak
- 1952ko heriotzak
- Errusiako feministak
- Errusiako komunistak
- Errusiako diplomazialariak
- Errusiako idazleak
- Sobietar Batasuneko politikariak
- Errusierazko idazleak
- Sanpetersburgotarrak
- Errusiako politikariak
- Errusiako Iraultzako biografiak
- Emakume politikariak
- Moskun hildakoak
- Emakume diplomazialariak
- Leninen Ordenarekin sarituak
- Boltxebike Zaharrak
- Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokratako kideak
- Maitasun askearen defendatzaileak
- Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistako kideak