Alice Gulick

Wikipedia, Entziklopedia askea
Alice Gulick

Bizitza
JaiotzaBoston1847ko abuztuaren 8a
HeriotzaLondres1903ko irailaren 14a (56 urte)
Hobiratze lekuaMadrilgo hilerri zibila
Heriotza modua: gaixotasun kardiobaskularra
Hezkuntza
HeziketaMount Holyoke College
Jarduerak
Jarduerakmisiolaria
Enplegatzailea(k)Mount Holyoke College
Madrilen Instituto Internacional erakundea sortu zuen.
Alice Gulicken hilobia Madrilgo Hilerri Zibilean.

Alice Gordon Gulick (Boston, Massachusetts, 1847ko abuztuaren 8a - Londres, 1903ko irailaren 14a) misiolari protestante eta pedagogo estatubatuarra izan zen, Colegio Norteamericanoren fundatzailea Donostian. Madrilen, bestetik, Instituto Internacional izeneko instituzioa sortu zuen. Emakumeen hezkuntzan aitzindaria izan zen, bai Donostian, eta baita Espainian ere. Alice Gulickek bere garaikideekin partekatzen zuen hezkuntzaren sinesmena, gizartea eraberritzeko eta birsortzeko tresna gisa.[1][2]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskoziar eta ingeles jatorriko familia protestante bateko zazpi seme-alabetatik lehena izan zen Alice, Eliza Kongregazionaleko partaideak, Ingalaterra Berriko elizarik garrantzitsuenekoak. Bostonen jaioa, zortzi urte zituela Auburndalera (Wisconsin) joan zen bizitzera; hango eskola publikoan, Lasser Seminaryn ikasi zuen eta, hamasei urte zituela, Mount Holyoke College ospetsuan hezi zen.[3] 1870eko urriaren 3an ezkondu zen Amherst Collegeko irakaslea zen Alvah B. Kitt-ekin; gizona ezkondu eta biharamunean hil zen, tuberkulosi baten ondorioz. Osoa gaztea zen, 23 urte, eta berriro ere ezkondu zen: 1871ko abenduaren 12an William Hooker Gulick-ekin ezkondu zen, Hawaiiko eta San Frantziskoko negozio-gizon adituarekin. 1871ko abenduan, Luther, William Gulicken anaia nagusia, Espainian misio bat sortzeko mandatua jaso ondoren, bi Gulick senar-emazteak Iberiar penintsulara etorri ziren.[4]

Donostian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alice Gulick 1872an iritsi zen Espainiara, William Gulick senarrarekin batera, «misio ebanjeliko» bat aurrera eramateko asmoz. Espainian erlijio askatasuna onartu zenez, bertara joatea erabaki zuten. Lehenengo Santanderren kokatu ziren, eta geroago, 1881ean, Donostian. Santanderren, «apur bat isolatuta» zeudela sentitzen zuten, eta Donostian, Madrildik Parisera zihoan bidean kokatzen ziren. Bertan, oinarrizko eskola bat eta barnetegi bat sortu zituen Gulickek: Colegio Norteamericano, egungo Askatasunaren etornidean. Hasieran, eskola protestanteetarako irakasleak prestatzen zituen batez ere, ikastetxe publikoetan ezin baitzuten lanik egin, ezinbestekoa baitzen erlijio katolikoa irakastea.[1]

Poliki-poliki, barnetegia ikastetxe ospetsu bihurtu zen. Hezkuntza irakaskuntza aktiboan oinarritzen zen, ohiko metodo memoristikoetatik oso urrun. Ikasten irakasten zitzaien, arazoak konpontzen, logikoki pentsatzen. Heziketa fisikoa, jolasak, txangoak, natura balioestea eta zuzenean ikastea bultzatzen ziren, modu praktikoan, laborategietan eta landan. Artea katedraletan eta museoetan ikasten zen, eta literatura, egileen lanak irakurriz. Testuliburuaren memorizazioa eta ondorengo azterketa ez ziren egiten. Hori guztia «benetako berrikuntza pedagogikoa» zen garai hartan, eta are gehiago, emakumeen kasuan.[1]

Gulick familiaren beste aktibitatean Donostian musika jaialdiak antolatzea izan zen; Alicek berak pianoa jotzen zuen. Horrela, ezagutzen da Elizabet II.arentzat kontzertuak egiten zituztela. Dena dela, hirian Alice inguruko oroimen handirik ez da gorde.[1]

Gulick sendiak Donostian mota askotako gatazkak ezagutu zuen, arrazoi erlijiosoak medio, hau da, protestateak izategatik.[5]

Madrilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiaren eta AEBetako gerra zela eta, Donostiatik Biarritzera mugitu behar izan zuen bikoteak, eta, ondoren, bere lagun batzuen gomendioz, Madrilera mugitu ziren. Bertan eraiki zuten institutuaren eraikina, AEBetako komunitate ebanjelikoaren donazio garrantzitsuak jaso ostean. Ordea, Gulickek ez zuen ikusiko, Londresen zendu baitzen 1903an, dirua biltzeko egiten ari zen bidaietako batean.[1]

Madrilgo Hilerri Zibilean lurperatuta dago.

Obra idatzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Alice Gordon Gulick: Her life and work in Spain, 1917.

Nazioarteko Institutua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alice Gulickek ez zuen ikusi baina Madrilgo Instituto Internacional erakundeak pedagogiaren garapenean kolaboratzaile garrantzitsuenetako bat izatera iritsi zen XX. mendearen lehen herenean, eta eredu eta laguntza izan zen Junta para Ampliación de Estudios erakuadearentzat, bereziki bi proiektu aitzindarietan: Residencia de Señoritas erakundean eta Instituto-Escuelan.[6]

Ikasketak Zabaltzeko Batzarrarentzat Espainian berrikuntza pedagogikoaren Andereñoen Egoitza eta Institutu-Eskola.

Plaza bat Intxaurrondon[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostiako Udalak 2021ean Intxaurrondoko Zubiaurre kalean dagoen parkeari eman zion Alice Gulick izena, eta plaka bat jarri zuten haren omenez.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f Ramírez Cruz, Xalba. (2024-02-16). «"Alice Gulick, Donostiako emakumeen hezkuntzan aitzindari"» Hirutxuloko Hitza: 24-25. (Noiz kontsultatua: 2024-02-26).
  2. https://protestantedigital.com/follas-novas/43922/alice-gulick-una-mujer-fuera-de-serie
  3. Marina Berasategui: "El sueño de un Mount Holyoke español". Una biografía de Alice Gordon Gulick (1872-1931), Kantabriako Unibertsitatea; 34-90.or.
  4. http://www.iie.es/historia-del-instituto/
  5. «Atzo arratsaldean, ikastetxe horrekin [Colegio Norteamericano] zerikusia zuten neska batzuek, Hernani kaletik zihoazela, San Bartolome komentuko ikastetxetik irteten ari ziren neskato batzuekin topo egin zuten. Neska horiek, jendaila batekin batera, haien atzetik korrika joan ziren, eta harriekin eta eskura zuten guztiarekin kanporatu zituzten. Garrasi handiz jazarri ondoren, herrira erretiratzera behartu zituzten». Honela amaitzen zuen kronikak: «Zorionez, hain ekintza gaitzesgarriak ez dira ohikoak gure hiri kultuan». Alice Gordon Gulick. Her life and work in Spain, 1917.
  6. Vázquez Ramil, Raquel (2012). Mujeres y educación en la España contemporánea. La Institución Libre de Enseñanza y la Residencia de Señoritas de Madrid. Madril: Akal. 157-290.or. ISBN 978-84-460-2920-5.[1]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]