Alostorrea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Alostorrea edo Etxe eder leiho bage honetan[1] izenburuarekin izendatu da ahozko tradiziotik datorkigun balada hau. Baladan kontatzen diren gertakizunak, kondairak dioenez, Erdi Aroaren azkeneko urteetan gertatu omen ziren, XV. mendean-edo.

Kondaira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kondairak zioenez Beltran Perez Alonso, Alostorreko[2] jauna, zazpi urtez mairuen kontra gerran aritu ondoren sorterriratu zenean bere etxean gertaturiko sasizko jaiotza bat edo abortu (¿?)[3] baten berria heldu omen zitzaion. Emazteak, bere infideltasuna ezkutatzeko asmoz, Beltranen lehendabiziko ezkontzako alaba zen Usuari (edo, bertsioren batean, Uxue izenekoari) leporatu omen zion ume galaraztea. Beltran Perez Alonso jaunak, egia jakiteko, hilarena egitea erabakiko du eta hilotz plantak eginez egia jakingo du. Horrela, alaba errugabea dela jakingo du eta emaztearen amorantea nor den ere bai. Amorante hori berton hilko du, Erdi Aro balore kanonikoei jarraiki: ohorea odolez besterik ezin garbitu.

Azkuek , Euskalerriaren Yakintzan, bigarren alean, "Ipuin eta lrakurgaiak" izeneko atalean alegia, 30 orrialdean, Alostorreko gertaera hau prosaz kontatu zuen[4]:

«

Deba inguruko etxe entzutetsu baten izena zan hau (Alostorrea). Jabearena,
Beltrán López de Alós. Bi aldiz ezkondu zan. Lehenengo emaztearengandik alaba
bat izan zuen: ederra, galanta ta ona. Alos-Usoa izentzat ematen zioten. Biga-
rren alabak bi alaba eman zizkion Beltrani. Gaizki hartzen zuen Usoa bere ama-
ordeak.


Beltranek, alaba maitea atsekabe haien artetik ateratzearren, beretzat senar-
gai bat begiz jo zuen. Eztai-egunetan Beltran, Alos utzita, mauruen gudaldi
batera joan zan eta zazpi urte handitan egon zan etxeratu gabe.
Aloseratu zanean, berri izugarri batek mindu zion Beltrani bihotza: bera
mauru hilten ibili zan urte haietan huriko seme bat Alosen jaio zala; ta haur berri
honen ama bere emaztea ote zan, bere alaba Usoa ote zan. Usoaren amordeak
zabaldu zuen bigarren uste gezurrezko hau.


Egia garbi-garbi ezagutzeko, burutasun bat izan zuen Beltranek: bere bu-
rua hiltzat egitea. Alostorreko zaldunaren eriotzea laxter zabaldu zan inguru
haietan. Gaubeilara, ahaide eta adiskide, lagun asko batu ziran.
Aldi hartan hiletak joten zituzten, ez bakarrik gorputza lurpera eramatean,
bai gaubela-bitartean ere.


Beltranen lehenengo alabari bere aldia heldu zitzaionean, zegoan lekutik jaiki,
zerraldora urreratu eta bere aita maiteari bekokian muñ eman eta gero, hitz haue-
zaz kantatu zuen bere hileta:

 »
«
Alostorrea bai, Alostorrea,

Alostorreko eskallera luzea!

Alostorrean nengoanean goruetan

Bela beltza kua kua kua kua leihoetan.
 »
«

Bela Beltz sasiko mutilaren aitak zuen ezizena eta bera ere sasikoa edo huri-
koa zan, Beltranen lehengusu baten semea.
Usoa luzaroago ari zan hileta joten, eta bere ezpainetako hitzak argi-argi ager-
tu zuten Alosko mutil gaizki jaioa etxeko andrearena zala.
Orduan jaiki zan hau, eta, berak zinu eginda, bere senar-orde Bela Beltz ere
bai; eta bien artean Usoa hilteko zeukatela, zerraldotik atera zan Beltran eta bere-
alaxe Bela Beltz-i bizia kendu zion.

 »

Bertsioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baladaren zenbait aldaera jaso dira, gehienak Gipuzkoako lurraldean. Jaso zen lehen bertsioa Arakistain deiturako kondairen ikerlariak jaso zuen 1865. urtean eta Juan Carlos Guerra historialari arrasatearrari igorri zion gutun batean. Juan Carlos Guerrak, beraz, izan zuen balada hau ezagutarazten protagonismo handia baina baladaren aldaera gehiago edo zati galduak topatu zituzten, baita ere Azkuek, Aitzolek eta Orixeek. Azkuek kondairaren berri eman zuen bere Euskalerriaren Yakintzan eta kondairarekin batera baladaren aldaera baten zati berriak.

Hona ekarri ditugun lehen bi bertsioak Koldo Biguri, Joseba Lakarra eta Blanca Urgellen edizioan oinarritu dira[5]. Lehenengoa Arakistainek Juan Carlos Guerrari igorritakoaren kopiaren kopia da. Bigarrena, Euzkadi egunkarian argitaratu zen 1932. urteko abuztuan. Lazkaoko semea zen Gorrotxategi'tar Eulogik sinatu zuen eta idazleak ez zuen hirugarren berri-emailerik aipatu. Grafia aldaketa batzuk egin ditugu EIMAren aholkuei[6] jarraitzeko borondatez. Antonio Zavalaren edizioa[7] ere begiratu dugu.

Arakistain-Guerraren bertsioa:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«

Etxe eder leiho gabe honetan
ez naiz sartu zazpi urte haubetan;
eta zortzigarrenian,
niretzat zorigaitzian,
Aita Beltran-en hiltzian.

Amandria neria nizaz
bi erdi egin zenian,
mila oilo hil ziran
ezkaratzian,
zazpi zezen korritu ere
enparantzian.

Ni ere banenguen
lumatxo artian,
eta nire Ama andria
urre gortiña artian.

Gero Bidania guztian
bat zan erorik eta zororik.
Aita Jauna nireak haura
senartzat eman dit;
baña ez nuke trukatuko
hobiagoagatik.

Aita jauna neriak
niri eman zidan
imiñan dotia;
Ama andriak ere ixillik
bere partia.

nere bihotzari bakarrik
mindura jario.

Aita jauna neria
Gaztelan zanian ixil askorik jaio zan
Alostorrian semia
eta ala ere ixillagorik
dago bakian
hazitzen Zarauz aldian
gure jatorriaren lohitukerian.
Ai, hau mundu beltza
ai nere lotsa
alabak negarra ta
aitak lur hotza.
Zeñek lohitu zaitu zu
Alostorria?
io nere Aita maite
Aita maitia
Hilltzia ondo egin dezu
Aita jaun maitia.

 »

Lazkaoko Gorrotxategi'tar Eulogik Euzkadi egunkarian 1932an argitaraturikoa:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«

Etxe haundi eder galant honetan
zazpi urte dira sartu ez naizela
zortzigarrenian, ala esker gaiztotan
nere aita Ronenronen hilletan

Herri guzian ere nundi bat izanik
aita neriak bera senar eman dit.
Atorratxua jantzi dezala esanik
ero neuriak dinbi-danba eman dit.

Esku-musubak garbi ditzala esanik
ero neuriak dinbi-danba eman dit.
Oñetakuak jantzi ditzala esanik
ero neuriak dinbi-danba eman dit.

Hago ixillik, ama zikiñen umia
hago ixillik, andra lotsagabia.

Nere auta Valladoliden zanian
ixil jaio zan seme-paria etxian.
Etziran bataiatu Elizako pontian
baizik bat pertzian ta besti azpillian.

Asko don gaurko, nere alaba Maria
asko don gaurko, nere alaba maitia.
Lehen hirea zanen Baionaren erdia
lehen erdia eta orain berriz guzia.

 »

Beste aldaera eta zati batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«


Alostorrea, bai Alostorrea,
Alostorreko zurubi luzea!
Alostorrean nengoenean
goruetan,
bela beltza kua kua
leihoetan.[8].[9]

 »
«


Alostorria, bai, Alostorria,
Alostorreko zulubi luzia.
Alostorrian nenguanian
goruetan
belarantza
kua kua kua kua leihoetan.[10]

 »


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Euskaraz) (Gaztelaniaz) Antonio Zavala, Euskal erromantzeak / Romancero vasco Auspoa. Sendoa ISBN: 84-89080-68-2
  2. Azkuek Alostorrea izeneko dorretxe baten berri ematen du Euskalerriaren Yakintzaliburuan. Deban omen zegoen.
  3. "Seme borta" hitzarekin aipatzen da hementxe: Biguri, Lakarra eta Urgell: Euskal baladak azterketa eta antologia. Hordago. 1983. Bigarren aleko 50. orrialdean.
  4. Grafia aldaketa batzuk egin ditugu EIMAren aholkuei jarraitzeko borondatearekinAndres ALBERDI: Estandarizatu gabeko solasak nola eman ikasliburuetan
  5. Biguri, Lakarra eta Urgell: Euskal baladak azterketa eta antologia. Hordago. 1983.
  6. Andres ALBERDI: Estandarizatu gabeko solasak nola eman ikasliburuetan
  7. (Euskaraz) (Gaztelaniaz) Antonio Zavala, Euskal erromantzeak / Romancero vasco Auspoa. Sendoa ISBN: 84-89080-68-2
  8. (Euskaraz) (Gaztelaniaz) Antonio Zavala, Euskal erromantzeak / Romancero vasco Auspoa. Sendoa ISBN: 84-89080-68-2, 67. or.: "Resurreccion Maria Azkue: La música popular bascongada (1901) hitzaldian, Bilbon argitara emana; Imprenta y Litografía de Gregorio Astoreca. - Calle de Santa María, núm. 15. (...) Kantaren lau lerro horiek bakarrik ematen ditu [Azkuek] eta doinua
  9. Imanol Lartzabalek ahapaldi hau grabatu zuen bere Erromantzeak izeneko diskoan.
  10. Adolfo Arejita, Igone Etxebarria, Jaione Ibarra: Mendebaldeko Euskal Baladak / Antologia. Bilbo. 1995. Argibide hauekin: Euskal erromantzeak, Iturria: Labayru Ikastegiko MZIM artxiboa. Lekukoa: Pakita Ugarte, 72 urte, Markinakoa. Biltzailea: Maitasun Aretxabaleta. Biltze-data: 1982'ko abendua". "Belarantza hitzagatik" ohar hau: "Bela-beltza izen-adjektiboen forma ilundua".