Ana María Martínez Sagi
Ana María Martínez Sagi | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bartzelona, 1907ko otsailaren 16a |
Herrialdea | Katalunia |
Heriotza | Santpedor, 2000ko urtarrilaren 2a (92 urte) |
Familia | |
Bikotekidea(k) | ikusi
|
Haurrideak | ikusi
|
Familia | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania katalana frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | kazetaria, atleta, poeta, idazlea, sindikalista eta aktibista |
Lantokia(k) | Bartzelona Kosta Urdina eta Illinoisko Unibertsitatea |
Enplegatzailea(k) | Bartzelona Futbol Kluba (1934 - 1936) |
Kidetza | Club Femení i d'Esports de Barcelona (en) Lyceum Club de Barcelona (en) Frantziako Erresistentzia |
Genero artistikoa | olerkigintza |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Bigarren Mundu Gerra Espainiako Gerra Zibila |
Ana María Martínez Sagi (Bartzelona, 1907ko otsailaren 16a – Santpedor, Bartzelona, 2000ko urtarrilaren 2a) poeta, sindikalista, kazetaria, feminista eta atleta izan zen. Espainiako emakumezkoen kirolean aitzindari, xabalina espezialitateko Espainiako txapeldun izan zen.[1] Fútbol Club Barcelona-ko zuzendaritza batzordeko kide ere izan zen, historian izan den lehen emakumea.[2]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Martínez Sagiren familia Bartzelonako goi burgesiakoa zen. Aita, Josep Martínez i Tatxé (Bartzelona 1871) ehungintzako enpresaria zen, eta ama, Consol Sagi i Barba, Emilio Sagi i Barba espainiar baritonoaren iloba. Hezkuntza pribilegiatua izan zuen, gaztelaniaz eta frantsesez, bere familiak katalanari ez baitzeritzon hizkuntza kultua,[1] Juan Manuel de Pradak, Ana María ezagutu eta bere historia jasotzeko aukera izan zuenak, azaltzen duenez.[2]
Martínez Sagi Bigarren Errepublikako emakume kazetarien artean garrantzitsuenetakotzat jotzen da,[1] Josefina Carabiasekin batera.[3] Hemeretzi urterekin, Las Noticias Bartzelonako egunkariko emakumezkoen gehigarrian idazten hasi zen eta, geroago, La Rambla egunkarian kolaboratu zuen.[2]
Era guztietako pertsonaiak elkarrizketatu zituen, bai eskaleak eta emagalduak eta bai Kataluniako politikariak ere. Bereziki aipagarriak dira garai hartan emakumeen sufragioari buruz idatzi zituen erreportajeak, garai hartan oso eztabaidagarriak, progresista askok, feminista batzuk barne, beldur baitziren emakumeek, botoa emateko eskubidea izanik, senarrak edo elizak agindutakoa bozkatuko zuten.[4] Durruti zutabean erreportari gisa egindako lana ere aipagarria da.[5]
Kazetaritza arloan eginiko lanez gain, poema liburu batzuk ere argitaratu zituen, bere garaian arrakasta handikoak. Bere estiloa, etsia eta larria, Latinoamerikako zenbait poeten gertu dago, hala nola, Juana de Ibarbourou, Alfonsina Storni edo Gabriela Mistral.[6] Rosalía de Castroren oinordekotzat ere hartu izan zuten.[4]
Feminista gisa, Martínez Sagik Bartzelonako emakume langileen lehen kluba sortu zuen; bertan, emakumeen alfabetatzea bultzatzen ahalegindu ziren.[1][4]
Kirolean, Martínez Sagi xabalina jaurtiketan nabarmendu zen. Espainiako txapelduna izan zen eta errekor nazionala lortu zuen. Tenisean, eskian eta igerian ere aritu zen.[1][5][7]
1934an, hogeita zazpi urte zituela, FC Bartzelonako zuzendaritzako lehen emakumea izan zen, eta horrela, Josep Suñolen eskutik, Espainiako goi-mailako futbolaren lehen emakumezko zuzendaria bihurtu zen. [1][2][8] Klubean emakumezkoen kirola sustatzea eta atal zehatz bat sortzea zuen helburu, baina ez zuen arrakastarik lortu; horregatik, urtebete geroago, kargua uztea erabaki zuen.[9] Martínez Sagik kirola emakumeak gorputza eta burua uztartuz modernitatera ekartzeko beharrezkoa zela ulertu zuen.[4]
Gerra Zibila amaitutakoan, Martínez Sagi Frantziara erbesteratu zen eta bertan Erresistentzian parte hartu zuen. Cannesen, kale margolari zebilela, Aga Khanen emaztea kalean bertan hurbildu zitzaion eta bere jauregia apaintzen amaitu zuen. Gero, Proventzako herrixka batera erretiratu zen lore aromatikoak haztera, eta horren ondoren, Suedian egonaldi labur bat egin ostean Ameriketara joan zen.[4][7]
1950eko hamarkadan, Estatu Batuetara joan zen. Illinoiseko Unibertsitatean lan egin zuen; bertan, bi hamarkada eman zituen frantsesa eta gaztelania irakasle. Denbora horretan guztian ez zion inoiz idazteari utzi.[7] 1977an, erretiratu zenean eta Franco hil ondoren, Espainiara itzuli zen. Bartzelona utzi zuenetik hiriak bere bizitza kultural eta sozialean jasan zuen aldaketa ikusirik, Moià[1] herri txikian bizitza publikotik erretiratu zen.[4]
Harrezkero, bai Ana Maria eta bai bere lanak ere anonimotasunean egon ziren Juan Manuel de Pradak Bartzelonako udalerri txikian aurkitu eta bere figura berreskuratu zuen arte Las esquinas del aire: en busca de Ana María Martínez Sagi (Airearen Ertzak: Ana María Martínez Sagiren bila) liburua idatzi zuenean.[1] Liburua, baina, Martínez Sagi hil zen urtean bertan aurkeztu zen, 2000. urtean.
Bizitza pertsonala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Elisabeth Mulder idazlearekin izan zuen harremana[2] bere poesiaren inspirazio izan zen. Sagiren amak erlazioaren berri izan zuenean, apurtzera behartu zituen eta korrespondentzia errearazi zien. Martínez Sagik poemak salbatzea baino ez zuen lortu, baina Mulderren semearen erreakzioaren beldurrez ezkutatu zituen.[5][7]
Obra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Caminos (Bideak) (Bartzelona, 1929).
- Inquietud (Ezinegona) (Bartzelona, 1931).
- Canciones de la isla (Irlako kantuak) (1932-1936).
- País de la ausencia (Urrunaldiaren herria) (1938-1940).
- Amor perdido (Maitasun galdua) (1933-1968).
- Jalones entre la niebla (Laino arteko munarriak) (1940-1967).
- Los motivos del mar (Itsasoaren zioak) (1945-1955).
- Visiones y sortilegios (Begitazioak eta araoak) (1945-1960).
- Laberinto de presencias (Presentzien labirintoa) (Barcelona, 1969).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1930ean, César González-Ruanok Caras, caretas y carotas (Aurpegiak, mozorroak eta lotsabakoak) izenburuko liburuan elkarrizketatu zuen.[10]
1998an ABC egunkariak Martínez Sagiri buruzko erreportaje bat argitaratu zuen.[3]
2000. urtean Juan Manuel de Pradak Martínez Sagi Las esquinas del aire: en busca de Ana María Martínez Sagi (Airearen ertzak: Ana María Martínez Sagiren bila) eleberriko pertsonaia nagusietako bat bihurtu zuen eta bere memoria berreskuratu zuen. Nobelan, idazle bat Ana María Martínez Sagiren bila dabil, bere izena antzinako liburu batean aurkitu ondoren. Pradak egia eta fikzioa, biografia eta detektibe eleberria nahasten ditu obran.[3]
2007an Patricia Nell Warren- ek El vestuario de color rosa (Arrosa koloreko aldagela) liburua argitaratu zuen. Bertan, homosexualitateak kirolean izan duen presentziaren bilakaeraz aritzen da eta kapitulu batean Sagiri buruz hitz egiten du (Ana María Martínez Sagi: jabalinas de poesía española - Ana María Martínez Sagi: espainiar poesiazko xabalinak).[11]
2019an Banco Santander Fundazioaren Oinarrizko Lan Bilduman, Juan Manuel de Pradaren edizioan, "La voz sola" (Ahots bakarra) liburua plazaratu zen. Bertan, Martínez Sagiren bizitza eta argitaratu gabeko lanak berreskuratu ziren, bere olerki eta txosten nagusiak bilduz.[12]
Filmografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- La Sagi, Barçako aitzindaria (Sagi, Barçako aitzindaria - 2019). Zuzendariak: Francesc Escribano, Josep Serra Mateu. TV3
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e f g h (Gaztelaniaz) Beltrán, Marcel. (2021). «Periodista en el frente de guerra, poeta, atleta, feminista: ¿por qué nadie quiso acordarse de Anna Maria Martínez Sagi?» www.publico.es (Noiz kontsultatua: 2021-09-22).
- ↑ a b c d e (Katalanez) TV3. Sense ficció - La Sagi, una pionera del Barça. (Noiz kontsultatua: 2021-09-22).
- ↑ a b c Ángel Vivas (2000ko martxoaren 8a). «Juan Manuel de Prada se adentra en una vida novelesca». El Mundo.
- ↑ a b c d e f «Martínez, Ana Mª» web.archive.org 2008-06-15 (Noiz kontsultatua: 2021-09-22).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Obiols, Isabel. (2000-03-17). «De Prada novela la vida de la escritora y deportista catalana Ana M. Martínez Sagi» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-09-22).
- ↑ «Juan Manuel de Prada · la recherche d'une poétesse oubliée - l'Humanite» web.archive.org 2008-06-12 (Noiz kontsultatua: 2021-09-22).
- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) «Ana María Martínez Sagi, la pionera del feminismo que fue repudiada por su familia por amar a otra mujer» abc 2019-06-28 (Noiz kontsultatua: 2021-09-22).
- ↑ «¿Conoces a Ana María Martínez Sagi, la primera gran directiva del fútbol español? | rfef.es» www.rfef.es (Noiz kontsultatua: 2021-09-22).
- ↑ Díaz Hernández, Onésimo. (septiembre de 2019). Mujeres protagonistas del siglo XX : a través de sus biografías, novelas y películas. (Primera edición. argitaraldia) ISBN 978-84-17760-55-7. PMC 1128038217. (Noiz kontsultatua: 2021-09-22).
- ↑ (Gaztelaniaz) Castañón Rodríguez, Jesús. (2008-06-28). «César González-Ruano y el deporte: del castillo inexpugnable al espectáculo de masas» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2021-09-22).
- ↑ «Literatura gay: La espia del Sur» web.archive.org 2008-05-25 (Noiz kontsultatua: 2021-09-22).
- ↑ (Gaztelaniaz) «"La voz sola", el rescate de la vida y obra inédita de Ana María Martínez Sagi» www.efe.com (Noiz kontsultatua: 2021-09-22).