Angel Galindez

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Angel Galindez
Angel Galindez Celayeta.png
Bizitza
Jaiotza Abadiño1918ko azaroaren  4a
Herrialdea  Bizkaia, Euskal Herria
Heriotza Algorta2003ko abuztuaren  8a (84 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzak euskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerak agronomia-ingeniaria
Enplegatzailea(k) Iberduero  (1946 -
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa katolikoa

Angel Galindez Zelaieta -ofizialki Ángel Galíndez Celayeta- (Abadiño, Bizkaia, 1918ko azaroaren 4aAlgorta, Bizkaia, 2003ko abuztuaren 8a) ingeniari agronomoa izan zen. Ibilbide profesionala Iberdueron hasi zuen, Dueroko jauziak eraikitzen. Funtsezko papera izan zuen Bilboko eta Bilboaldeko ur-horniduran, bai eta bertoko ur partzuergoaren eraikuntzan ere. 1967an Bizkaiko Bankuko (Banco de Vizcaya edo BV) Administrazio-Kontseiluko kide izendatu zuten, eta 1975ean lehendakari, 1987a arte.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Angel Galindez Abadiñon jaio zen. Bertokoa zuen ama, Maria Zelaieta Bengoetxea[1], eta bilbotarra aita, Pablo Galindez Egillor[2] (1892-1937). Amaren abizenen omenez eraikiarazi zuten 1913an Abadiñoko jauregirik ospetxuenetakoa, Zelatabe -"Zelaieta ta Bengoetxea"-, gaur egun herriko ondare dena eta Galindezena bezala ezagutua[3].

Ikasketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batxilergoa Jesuiten Begoñako Andra Maria Eskolan egin zuen, Bilbon. 1935ean Madrilera joan zen Ingeniari Agronomoen Eskolan sartzeko. Behin Gerra Zibila amaituta Espainiako hiriburura bueltan zen bere ikasketak amaitzeko, 1945ean lortu zuena.

Iberduero[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iberdueron sartu zen 1946an, Pedro Martinez Artolak zuzentzen zuen Ikerketa eta Proiektu Sailean.

Bere lehen proiektua Burtzeñako zentral nuklearra izan zen, Nerbioiko ibaia aldean, bere kide eta lagun izandako Jose Maria de Ibarrak lagunduta onartu zuena, orduan Iberduero eta BVko kontseilari zena[4]. Ordea, handik hilabete gutxira, eta bide-ingeniari baten baja betetzeko, Villalcampoko (Zamora, Espainia) presako aprobetxamendu hidraulikoaren ikerketa orokorra agindu zioten Galindezi, Duero ibaian. Proiektugile eta obra zibilaren gauzatzerako arduradun goren bezala zuzenean aritu zen presa handietako bat izan zen Villalcampokoa.

Galindez Duero ibaiko presa handien eraikitzaileen hirugarren belaunaldikoa izan zen, Espainiako ibilgu hidrauliko zailenaz arduratu zena.

1946tik 1970era, Villarinoko zentrala (Salamanca) sare elektrikora konektatu zenean, Galindezek aipatu Villalcampoko zentralaren eraikuntzan parte hartu zuen, gero Kastrokoari (Kantabria) eta Saucellekoari (Salamanca) heltzeko. Azken horrekin batera koordinatu zituen Aldeadavilako presa eta zentrala, orduko denborako abangoardia teknikoak.

1960ko hamarkadaren erdialdean Villarinoko ponpaketa-zentrala eraikitzeko lanak abiatu ziren, Almendra, alturaz berrehun metro zituen presa-ganga handikoa, Tormes ibaian, Dueroko ibaiadarra. Bai presa, bai Tormesko ponpaketaren profitatzea, Galindezek zuzendu zituen, orduan Iberdueroko Ikerketa, Proiektu eta Eraikuntza dibisioko arduradun nagusi baitzen. Lan mardul horien proiektugile eta azken bi horien zuzendari izateagatik, Presa Handien Batzorde Nazionaleko kide izendatu zuten.

Bilboko Ur Partzuergoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1960ko hamarkadaren hasieran Bilboko Udalak deitu zion, orduko alkate Lorenzo Hurtado de Saratxok hala eskatuta, herriko ur horniduraren arazo larriak konpon zitzan. Bai hamarkada hartan ekarritako konponketa teknikoak, bai Bilboko Ur Partzuergoaren eraikuntza, erabakigarriak izan ziren. Partzuergoa ordutik aurrera garatuz joan zen, bere alorrean erakunde eredugarri bihurtzeraino, Jose Migel Eizagirreren gidaritzapean. 1960 eta 1967 artean Bizkaiko Aldundiko kide ere izan zen Galindez, Udalaren interesen ordezkari, eta betiere uren kudeaketaren arloan.

Bizkaiko Bankua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

BVko Administrazio Kontseiluko kide izendatu zuten 1967an. Urtebete geroago, bankuko Ordezkaritza Batzorde Iraunkorreko kide egin zuten.

Galindezek Bankuko Kontseiluan zuen posizioa Iberdueroko Idazkaritza Tekniko Nagusian zuenarekin uztartu zituen, miokardio-infartu larria jasan ondoren, eta handik gutxira izan zuen ardura.

Finsako, Bizkaiko Labe-Garaietako eta Eusko-Aragoitar Autopistaren sozietate titularreko administrazio kontseiluetako kide izan zen, guztietan BVko ahotsa izanik, bai eta Cementos Hontoriako Administrazio Kontseiluan Iberdueroren ordezkari ibili ere.

1975ean BVko Administrazio Kontseiluko Lehendakaritza hartu zuen, Pedro Kareaga Basabe Kadaguako kondea ordezkatuz. 1987an, ordea, BVko agintaritza Pedro Toledori eman zion.

Galindezen agintaldian, BV nabarmen hazi zen: 1977ko abenduan, 26.000 pezetako balioa zeukan Bankuak Burtsan; 1987aren amaieran, 366.000koa izatera iritsi zen.[5] BVko akzioaren hobaria % 21,4ko batez besteko urteko tasara heldu zen 1977-1986 urte artean, Espainiako batez bestekoa % 14,5ean zegoela.[6]

BV Bilboko Bakuarekin (BB) fusionatu zen 1989an, bi aldeen akordioz BBV sortzeko.

Galindezen hamabi urteko agintaldiak Bankuko kudeaketaren modernizazioa eta bere exekutiboen gerentzia eta teknika garapenak izan zituen ardatz, beste askoren artean gerenteen profesionalizazioa bultzatuz, ordura arte BVko sortzaileen ondorengoek hartzen zuten ardura[4]. Azken hauei, krisian zeuden hainbat bankuren erosketa agindu zien. Beste integrazio esanguratsua bat Banka Katalanarena izan zen, 1984an.

BVk profesionalen belaunaldirik argienetakoa formatu zuen orduan, oraindik Espainiako bankan izeneko posizioak dituztenak.

Akziodunen lehen biltzarrean, bere agurraren ondoren, orduko Bankuko lehendakari Pedro Toledo Jaunak hurrengoak esan zizkion:[5]

« Angel Galindez, kontseilari bezala gaur hemen esertzen dena, Bizkaiko Bankuko Lehendakari gisa agurtu gintuen orain dela urtebeteko Biltzarrean. Bere agintaldian zehar, Bizkaiko Bankuak bere garai oparoenetako bat bizi izan du. Bere arrastoak betirako iraungo du, inoiz ez baitzuen ardurarik gabeko ezer egin. Angelek korporazio handiko gobernu-ideiekin egin zuen beti lan, antolakundeen orekarekin, pertsonen motibazio eta esfortzuarekin, eta hauek dira beti geratzen direnak. »

Pedro Toledoren espero gabeko heriotzaren ondoren, 1989ko abenduan, BBVko Administrazio Kontseiluan tira-birak gertatu ziren fusionatutako entitateetako kideen artean. Aldeak ez ziren ados jartzen, zendutako presidentekidea ordeztuko zuen karguduna izendatzean. Konponbiderik gabeko hainbat asteren ondoren, ministerio laudo batek krisia amaiarazi zuen, eta Angel Galindezek Administrazio Kontseilua utzi zuen. Hala ere, bankuaren ordezkari izaten jarraitu zuen Hidroelectrica de España konpainian, eta konpainia hori 1991n Iberduerorekin fusiona zedin lagundu zuen. Horixe izan zen, Iberdrolaren jatorria, Espainiako lehen talde elektrikoarena.

Familia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galindezek Maria Victoria Zubiriarekin bederatzi seme-alaba izan zituen, eta horiek hogeita hamahiru biloba eta hogeita hamar birbiloba eman dizkiete.

Kondekorazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galindezek Elisabet Katolikoaren Zenbaki Enkomienda dauka, bai eta Meritu Zibilaren Ordenaren Gurutze Handia eta Portugalgo Don Enrikeren Ordenaren Enkomienda ere. Bizkaiko Argi izendatu zuten 1996an[7].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) «María Celayeta Bengoechea», Geni, . Noiz kontsultatua: 2019-I-20.
  2. (Gaztelaniaz) «Pablo Galíndez Eguillor», Geni, . Noiz kontsultatua: 2019-I-20.
  3. Abadiño, Udala, «Zelatabe Jauregia - LEKU INTERESGARRIAK», Abadiño, elizarteko udala, . Noiz kontsultatua: 2019-I-20.
  4. a b (Gaztelaniaz)Instituto Empresa y Humanismo, Nafarroako Unibertsitatea (2002) Luis Mª de Ybarra y Oriol (1912-2001). La discreta grandeza de un empresario Servicio de Publicaciones de la Universidad de Navarra S.A..
  5. a b (Gaztelaniaz) Junta General de Accionistas del Banco de Vizcaya. 1988ko otsaila.
  6. (Gaztelaniaz) Junta General de Accionistas del Banco de Vizcaya. 1987ko otsaila.
  7. (Gaztelaniaz) (PDF) Histórico Bizkaitar Argia-Ilustre de Bizkaia.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

(Gaztelaniaz)