Armintxe
Armintxe | |
---|---|
Armintxe, Arbintze, Arbiatx[1] | |
![]() | |
Kokapena | |
Herrialdea | ![]() |
Probintzia | ![]() |
Herria | Lekeitio |
Koordenatuak | 43°21′43″N 2°30′29″W |
Ezaugarriak | |
Garaiera | 26 m. itsas-mailatik |
Sakonera | 19 metro |
Luzera | 2.013 metro |
Bisitagarria | Ez |
Margoak | Bai |
Aztarnak | Bai |
Erreferentzia | IS-100 Armintxe II |
Katalogoa | ADES katalogoa |
Armintxe Lekeition (Bizkaia) dagoen haitzulo bat da, labar-artea duena. Arbintze edo Arbiatx izenez ere ezaguna da.[1] Lekeitioko herriaren azpian dago, eta hainbat etxe daude kobazuloaren gainean eraikita. 2016ko maiatzaren 1ean labar-artea aurkitu zen bertan: gutxienez 18 zaldi, bost kaprino, bi bisonte, gutxienez bi lehoi eta hainbat animalia lauhankako.[2]
Aurkikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Leizea bera Larrotegi eta Letraukua auzoak dauden eremuaren azpian dago. Gaur egun zementuz eta bide batekin estalita dago sarrera, baina herriko pertsona nagusiek gogoratzen dute bertan sarrera bat zegoela eta kobazulo handia, leize batekin.[1] Lekeitioko Udal Artxiboan ere kobazulo honetan ura zegoenaren inguruko dokumentua dago, 1796an idazki batean.[Oharra 1]
Datu hauek ikusita Gernikako ADES elkarteak bilaketari ekin zion, eskolara doan bide baten azpian geratzen den kareharri multzo baten gainean arreta jarriz, herriko informatzaile batek esan zienez.[1] Atxurrako multzoan aurkitutako labar-artearen ondorioz ikerketak eremu honetan zentratu ziren eta 2016an sartu irten bat egin zuten maiatzaren 1ean. Egun horretan bertan aurkitu zuten labar-artearekiko panela.[Oharra 2] eta Bizkaiko Foru Aldundiari babes-neurriak hartzeko eskatu zioten.[1]
Kobazuloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kobazuloaren tamaina osoa ez da ezaguna, ikerketa labar-artearen aurkikuntzarekin eten zelako. Orain arte 2.103 metroko luzera duela ezagutzen da, eta 19 metroko sakonera. Itsas mailatik 26 metroko altueran dago, eta ura du barruan, nahiz eta gaur egun bere hidrologia aldatu den, gainean dituen obra eta etxeengatik.[1]
Geologikoki Aptiarreko kareharri pararrezifaletan garatzen da, argilita karedun masiboekin kontaktua egiten den eremu geologikoan.[3] Urgondar fazies gisa ezagutzen den eremua da hau, errudista eta koral ugarirekin.[4] Nabarniz-Murelaga antiklinalaren ipar-ekialdeko aldean daude.[4]
Labar-artea[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aurkikuntzaren berri ematerakoan Unai Rementeriak "penintsula osoan egon daitekeen grabatuen multzo paregabe, ikusgarri eta esanguratsuena izan daitekela" esan zuen.[5] Aurkitutako grabatu hauek 14.000 urte inguru dituzte[5], nahiz eta 12.500 esatea zuhurragoa izan daitekeen.[2]
Madeleine garaiko Goi Paleolitoko grabatuak dira, tamaina handiko animaliekin. Guztira berrogeita hamar animalien figurak aurkitu dira, baina ziurenik gehiago egongo dira inguruetan. Arraste izeneko teknika erabili zuten egiteko, eta horrek altxadura txikiak eragiten ditu. Lerroak egiteko sistema horrek irudiak hobe ikustea baimendu du. Irudietako batzuek bi dimentsiodun bolumena dute.[2][5]
Orain arte aurkitutakoa honakoa da. 18 zaldi, ahuntzen familiako bost animalia (ohiko adarrengatik, gutxienez bi kasutan), bi bisonte, gutxienez bi lehoi, horietako batek buztana altxatuta dauka, eta oraindik zehaztu gabe dauden lau oineko lau animalia. Lehoiak lehen aldiz aurkitu dira eskualdean.[5]
Beste berrikuntza bat lerro eta zirkulu erdiko ikurrak dira, Madeleine aldiko arte abstraktoa. Hauek klabiforme pirenaiko izena hartzen dute eta Frantzian aurkitutako beste batzuen berdinak dira, kulturen arteko harremana iradokitzen dutena.[5] Armintxeren aurkikuntzara arte, klabiformeak Kantauri itsas ertzeko bi lekutan aurkituak ziren (Cullalvera eta Pindal).[6]
Orain urte batzuk arte Bizkaian Venta de La Perra, Santimamiñe eta Arenaza bakarrik ezagutzen ziren. Aurkikuntza honekin 16 dira jada labar-artea duten Bizkaiko kobazuloak: El Rincón, El Polvorín, Antoliña, Askondo, Bolinkoba, Lumentxa, Morgota, Ondaro, Abittaga, Goikolau, Atxurra eta Armintxe.[5]
Armintxeko Panel Nagusiaren interpretazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Xabier Gezuraga adituaren arabera, Armintxeko labar-artearen interpretazioa urtearen irudikapen kronologikoarekin lotu behar da, erreferentziazko itu bezala animalien bizitza-zikloak eta ilargiaren faseak hartuta. Ikerlari honek bi hipotesi jaulki zituen, Pirinio Atlantiko inguruko labar-artearen ezaugarriak aztertu eta gero:[7]
- Ikurren kodea: labar-artearen egileek urtaroa zati nagusi bitan banatuko zuketen, iraupen desberdinekoak: batetik negua, eta bestetik "uda handia" (udaberria, uda eta udazkena). Oro har zaldiak negua irudikatuko luke; bisonteak, berriz, uda (nahiz eta animali-ikurretan aldaerak dauden, oreinak eta haien adarren zikloak ere oso erabiliak direlarik). Gezuragaren teorian, ikur hauen itxurak (osorik, gorputz atalen baten falta, ilajea...) urtaroaren aurreratze-faseei buruzko informazioa emango luke; eta aldaera guzti hauek ilargi faseekin eta eguzkiaren posizioarekin (iltze formako zeinuak) lotuta zeudekeen.
- Mugikortasuna: labar-artearen ezaugarrien arabera, Aturri ibai inguruko giza-talde batzuk urteroko ziklo bat burutuko zuketen. Negua kostatik hurbil pasatuko zuketen, itsasoaren klima leunean; udaberriarekin, ibaiean gora mugituko ziratekeen, uda Pirinioko lur urtsu eta ehizaz betean igarotzeko; udazkenarekin, ibaiean behera nabigatuko zuketen, neguko babeslekuetara itzuliz.
Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kobazuloak uholdeekin arazo larria du: urteetan zehar inguruan egin diren urbanizazio lanek lurpeko ibaiaren ubidea sakonki eraldatu dute. Honen eraginez Armintxeko galeria gehienak periodikoki urez betetzen dira, eta ondorioz bere barruan dagoen labar-artearen zati handi bat (oraindik aztertzeke) hondatu da jada; eta osorik dagoena, arrisku larrian dago. Uraren arazoari irtenbidea emateko, ezinbestekoa da esplorazio lana amaitzea eta muino osoaren portaera hidrogeologikoa ikertzea; baina lan hauek etenda daude, Administrazioaren, arkeologoen eta espeleologoen arteko desadostasunak direla medio.[8]
Biologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Quaestus generoko intsektuak eta zizare txiki batzuk aurkitu dira bertan.[1]
Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ He estado en la cueba o gruta de Arbiach, por la que al parecer corre bastante cantidad de agua, pero a una profundidad tan grande, como que desde el parage donde corre la agua, asta la entrada de la gruta, ai sobre ochenta pies de altura: ai tambien recelos de que en tiempo de grandes maretas llegan estas al mismo parage; pero aunque no lo hubiere, y aunque la agua no estubiere a una profundidad tan grande, seria preciso para sacarla della, al punto desde el qual se pudiese conducir a la Villa, hazer una Galeria, como las que se acostumbran en la Minas asta encontrar con la agua: obra a mi ber de inmenso coste, por ser aquel parage todo peñascoso, o por mejor decir una piedra caliza. Parece segun se me ha informado, que alguno dice que por doscientos Ducados se puede sacar la agua de la Gruta. Felices Vms. si esto se berificase; y lo serian tambien, si hubiese quien quisiere sacarla asta el parage y con las condiciones que señalase la Villa bien enterada a lo que iba a hazer, en tal caso, no solo podian pagar Vms. el coste de la obra a tasacion de Peritos, sino al ejecutar de ella, darle un 6 u ocho por ciento de el coste total, previa de recompensa al riesgo; pero bastara para sacar a la agua de donde se alla.
- ↑ 160501: Armintxe (Lekeitio). Hasierako asmua zan kobia zabaltzia, katalogatzia eta atzera ixtia, baiña ustekabia egon da. Derrubio artifizialen tapoia errez zabaldu dogu, eta sartu gara. Eskuma-ezkerrera pixkat juanda, konturatu gara sarrera historikua eskumara doian galerixan 20 bat metrora zeguala; gu sartu garan hau barrixa da, seguraski kamiñua egitteko zabalduta eta obrakuak barriro tapauta (parte emon barik, hau delitua da?). XXX barrutik ibilli danian konfirmau desku berak gaztetan ezagututako kobia hauxe dala, behera doian leza batekin-eta (sokak ondiok han zeguazen). Barrurutz juanda, topo egitten hasi gara eta puntako taldia aurreratu da. Kobiak 3 nibel dakaz, eta barrenengo nibeletik sifoi batera allegau dira; gorenengo nibelian sartu diranian, gela birjina batera sartu dira, eta horma-sapaixan 7x4m inguruko panel haundi bat topau dabe, grabauez beteta. Begibistan 4-5 figura identifikau doguz (zaldixa, ahuntza, felido pare bat, trazo meandriformiak eta klabiformiak) baiña dan-dana grabauez beteta dago. Topografixan bertara allegau gara, eta krokis/marrazki bat eginda (topo barriro egin biharko da eta) kanpora egin dogu. Sarreria 200 kg harri ingurukin blokeau dogu, eta Foru Aldundixari parte emon detsagu babes neurri urjentiak martxan jartzeko. Bio aldetik, Quaestus eta txitxara txiki batzu jaso doguz.
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ a b c d e f g ADES. (2016/10/14). Armintxe (Lekeitio). Labar-arte multzoaren aurkikuntzaren kronika.. .
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Agustin Goikoetxea. (2016/10/14). Armintxe acoge unos «espectaculares» grabados paleolíticos. Gara.
- ↑ J.A. Espejo Molina (ENADIMSA). (1969). MAGNA 50 - Hoja 39 (LEQUEITIO). Instituto Geológico y Minero de España.
- ↑ a b «Lequeitio» Mapa geologíco de España 1:50.000 (Servicio de Publicaciones. Ministerio de Industria).
- ↑ a b c d e f Bizkaiko Foru Aldundia. (2016/10/13). Aldundiaren ondarea kudeatzeko planari esker Iberiar Penintsula osoko grabatu multzorik harrigarrienetarikoa aurkitu da Bizkaian. .
- ↑ Garate Maidagan, Diego. (2009). Arte parietal paleolítico en el golfo de Bizkaia: de los santuarios clásicos a la declaración de Patrimonio de la Humanidad. In: LLANOS ORTIZ DE LANDALUZE, Armando. Medio siglo de arqueología en el cantábrico oriental y su entorno. Actes du congrès international de l’Instituto Alavés de Arqueología (Vitoria-Gasteiz, 2007). Arkeologiarako Arabar Institutua, 729-744 or..
- ↑ (Ingelesez) «El arte de representar el tiempo» Issuu (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ ADES. Armintxe: korapilo arkeologikoa, hidrogeologikoa eta diplomatikoa. (Noiz kontsultatua: 2017-XI-13).