Australopithecus
Australopithecus | |
---|---|
4 Ma-2 Ma | |
![]() | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Primates |
Familia | Hominidae |
Azpifamilia | Australopithecinae (en) ![]() |
Generoa | Australopithecus |
Espezieak | |
Banaketa mapa | |
![]() | |
Datu orokorrak | |
Altuera | 1,4 m |
Australopithecus edo australopitekoa primate hominidoen genero fosila da, Afrikako hegoaldean bizi izan zena orain dela ia 5 milioi urtetik 2 milioi urtera bitarteko epean.
Antropologoen ustez australopitekoak hominido zaharrenak dira, genero honen espezie batetik Homo generoa sortu baitzen Afrikan, duela 2 milioi urte inguru. Homo generoaren aitzindariak dira, baina ezin dira oraindik Homo generotzat hartu.
Morfologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Garaiera txikikoak eta txaparrak ziren (1,20-1,40 metroko altuera). Haien buruhezurra gizakiarena baino askoz txikiagoa zen (450-600 cm³, gizakiarena 1450 cm³koa izanik), baina txinpantzearena baino handiagoa (300-500 cm³). Beren altuerarako australopitekoek txinpantzeek baino garezur-edukiera askoz handiagoa zuten, gainera. Giza-ezaugarri batzuk zituzten: buru-hezurraren alde frontalaren garapena, gizakiarekin nolabaiteko antza duten hortz-haginak, pongidoen baino alde supra-orbitario txikiagoa, pelbisa zabala (bipedismoa eta zutik ibiltzea errazten duena)... Era berean, pongidoen ezaugarri batzuk gordetzen zituzten: kokotsa iheskorra, garezur-edukiera txikia, muturraren gisa aurrera zihoan aurpegia, masailezur sendo eta indartsua...
Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Berebiziko garrantzia duen ezaugarri batean bat etortzen zen Australophitecus Homo generoarekin: bipedismoan, hots, zutik ibiltzeko gaitasunean. Pongidoen aldean, aldaketa anatomiko batzuk zituen Australophitecus generokoek, bipedismoa errazten zutenak: pelbisa motzago eta zabalagoa, hanketako femurra estu eta luzea, zulo okzipitala buru-hezurraren behealdean kokatuta egotea, etab. Bipedismoak eskuak libre izatea ekarri zuen, hauek ez baitziren lurrean jarri behar ibiltzeko. Horri esker, hainbat trebetasun garatu zituzten: esaterako, harriak eta hezurrak lantzen zituzten, sua egiteko gai ez baziren ere.
Australopitekoak orojaleak ziren eta Afrikako hegoaldeko lautadetan bizi ziren, uretatik gertu.
Sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Genero honen barruan zazpi espezie ezberdin aurki ditzakegu:
- Australopithecus anamensis (duela 4,2-3,9 milioi urte)
- Australopithecus afarensis (duela 3,9-2,7 milioi urte)
- Australopithecus bahrelghazali (duela 3,5-3 milioi urte)
- Australopithecus boisei (duela 2,6-1,2 milioi urte)
- Australopithecus africanus (duela 3-2,5 milioi urte)
- Australopithecus robustus (duela 2,2-1,2 milioi urte)
- Australopithecus sediba (duela 2 milioi urte)
Ikerlari batzuen ustez A. boisei eta A. robustus beste hominido genero batean sailkatu behar ziren: Paranthropus generoan.