Bahaismo
Atal honetako artikulua: |
Bahá'í fedea |
---|
Aitzindaria |
Fundatzailea |
Pertsonaia nagusiak |
|
Idazteunak |
|
Ospakizunak |
Beste gaiak |
|
Bahá'í Fedea autoizendapenez edo Bahaismoa heteroizendapenez (/bəˈhɑːiː, -ˈhaɪ/; persieraz: بهائی 'Bahā'i') erlijio monoteista independenterik gazteena da, XIX. mendean sortua. Munduan fededunak 5 milioitik gora[1] dira ia herrialde guztietan zabaldurik.
Bere jarraitzaileek Mirza Husain Ali Nuri ((1817-1892) profeta eta sortzailearen ikasbideak hartzen dituzte oinarri. Profeta horrek Bahá’u’lláh (Jainkoaren aintza) izena hartu zuen 1848an. Azken hori Báb (1819-1850) profetaren jarraitzaile izan zen; 1844an Jainkoaren gizakundea hemeretzi urteren buruan agertuko zela iragarri zuen profetaren jarraitzaile, hain zuzen. Bahá'í fedearen arabera, Jainkoaren Mezulariek ekarritako erlijio handietako bakoitzak etapa bat markatzen du zibilizazioaren garapen espiritualean, eta Bahá’u’lláh da mezulari horietan berriena.
Bahá’u’lláh-ren zeregina gizateria osoa Jainkoaren inguruan eta Jainkoaren bitartez biltzea da. Bahá’í-ek gizateriaren aniztasunez osaturiko batasunaren alde lan egiten dute.
"Gaurko egunean gizateria bere heldutasun kolektibora iritsi da. Erlijio guztietako eskriturek agintzen zuten bezala, munduko herriek gizarte global batean modu baketsuz integratzeko garaia heldu da. "Lurra herrialde bakarra da eta gizateria bertako hiritarrak"'[2]
Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskaraz, Bahá'í hitza erabiltzen da bai erlijioa izendatzeko (Bahá'í fedea), bai horren jarraitzaileak aipatzeko. Arabierazko Bahá (بهاء) hitzetik eratorria, aintza, ospea edo loria esan nahi du. Bahaismo hitza ere erabili izan da, orokorrean gutxiespen moduan[3][4]; nahiz eta zenbait erakundek, AEBko Kongresuko Liburutegiak, kasu, Bahaismo hitza erabiltzen duen Bahá'í fedea izendapenaren aldagarri gisa.
Idazki kanonikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bahá'í idazki kanonikoak honako hauek dira: Báb eta Bahá'u'lláh-ren idazlanak, Abdu'l Bahá-k egiaztatutako idazki eta hitzaldiak, eta Shoghi Effendi eta Justizia Etxe Unibertsalaren idazkiak.
Bahá'í-ek testu hauetan guztietan jainkozko argibideak ikusten dituzten arren, garrantziaren arabera, hiru ataletan banatzen dituzte.
- Idazteunak, hau da, Báb eta Bahá'u'lláh-ren idazlanak
- Ulerterazpen baimenduak, hau da, ʻAbdu'l Bahá eta Shoghi Effendi-ren idazlanak.
- Justizia Etxe Unibertsalak idatzirikoak: legedia eta azalpenak.
Bahá'u'lláh-ren idazlanik aipagarrienak hauek dira: Kitáb-i-Aqdas (1873), literalki Libururik Sakratuena, norbanakoen zein komunitatearen legeak eta praktikak azaltzen ditu; Kitáb-i-Iqán (1862), literalki Ziurtasunaren Liburua, Bahá'í sinesmenaren oinarrizko ikasbidea; eta idazki mistikoak: Hitz Ezkutuak (1857), Zazpi Haranak (1856), Lau Haranak (1856) eta Jainkozko Misterioen Harribitxiak, besteak beste.
Ikasbideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikasbide espiritualak:
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Erlijioak gizakia bere sortzailearekin harremanetan jartzen du (erlijio = re-ligare). Horretarako gizakiak bere burua ezagutu behar du, ez baita beste biderik Jainkoa ezagutzeko:
Ez zaitezte izan Jainkoa ahanzten dutenen antzekoak, ondorioz Hark beren buruaz ahanztera eraman baititu. Eta honi buruz Betiereko Errege den Hark... esan du: Bere burua ezagutzen duenak ezagutu du Jainkoa. (Ziurtasunaren Liburua, par. 107)
- Jainko bakarra dago, Unibertso osoko sortzaile bakarra. Aitzitik, sortzaile hori ezagutezina da, hau da, gizakion ezagutzeko gaitasunetik haratago dago.
- Hori dela eta, Jainkoak, aroz aro, pertsona bereziak, mezulari jainkotiarrak, Profeta handiak edo bahá'í hitzetan: Jainkoaren Agerpenak bidaltzen ditu.
- Mezulari edo Agerpen horiek erlijioen sortzaileak dira: Abraham, Moises, Buda, Zoroastro, Jesukristo, Muhammad, Báb eta Bahá'u'lláh, besteak beste. Horiek guztiek agerkunde jarraitua delakoaren parte dira, jainkozko agerkunde beraren katebegiak, alegia:
Gauza argi eta garbia zaizu Profeta guztiak direla Jainkoaren Kausaren Tenpluak, janzkera ezberdinez jantzita agertu direnak. Begi zuhurrez begiratuko bazenu, etxola berean bizitzen ikusiko zenituzke, zeru berean hegan egiten, tronu berean eserita, hitz berak ahoskatzen, Fede bera hots egiten. Halakoa da izatearen Esentzia horien batasuna, dirdira ikaragarri eta infinituzko Luminaria horiena.(Ziurtasunaren Liburua, par. 162)
- Profeta horiek bi ikasbide mota izaten dituzte: espiritualak, batetik bestera aldatzen ez direnak, gizakiari heriotza ordua heltzen zaion unerako prestatzeko; eta sozialak, garaiari eta gizakien ulermen mailari egokituak, zibilizazioari aurrera egiteko lagungarriak; beraz, aldakorrak. Azken ikasbide horiek indarrean jarraitzen dute hurrengo Agerpena heltzen den arte. Denbora tarte horri, Agerpen bat azaltzen denetik hurrengoa azaltzen den arte, Emanaldia esaten diote.
Ikasbide moral eta sozialak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Aurreiritzi guztiak baztertu behar izatea.
- Generoen arteko erabateko parekotasuna.
- Erlijio handien funtsezko batasunaren aitorpena.
- Muturreko pobreziaren zein aberastasunaren desagertzea.
- Heziketa unibertsala.
- Norberak egia independenteki ikertu beharra.
- Zientziaren eta erlijioaren arteko harmonia onartu beharra.
- Oreka eutsigarria naturaren eta teknologiaren artean.
- Segurtasun kolektiboan eta gizateriaren batasunean oinarritutako mundu mailako sistema federal baten ezarpena.
Sistema federalaren osagaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Muga aintzatetsi eta seguruak nazio guztientzat.
- Mugimendu eta pentsamendu askatasuna herri guztientzat.
- Armagabetze orokorra.
- Mundu mailako nazio federazio baten ezarpena.
- Nazioarteko liskarrak konponduko dituen mundu mailako epaimahai baten ezarpena.
- Agintea duen nazioarteko indar militar baten sorrera, segurtasun kolektiboaren printzipioen aplikazioaz bakea ezar dezan.
- Kultur dibertsitatearen babesarekiko konpromisoa, gutxiengoak bereziki zainduz eta indartuz.
Sinboloak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bederatzi puntako izarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erlijio honen sinbolo gehienak arabierazko Bahá (بهاء "aintza" edo "loria"), hitzatik eratortzen dira; horixe baita, bahá’í-en sinismenaren arabera, Jainkoaren Izenik Handiena. Abjad sistemaren arabera, hitz horren zenbakizko balioa, 9 da; hori dela eta, bahá’í sinbolorik erabiliena bederatzi puntako izarra izaten da[5].
Izenik Handiena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eraztunetako sinboloa eta Izenik Handienaren idazkera ere erabiltzen ohi dira. Idazkera zaharrenean, eraztunetarakoa, Bahá hitzaren arabierazko idazkera estilizatua dugu, bi aldeetan bost puntako izar bana duela; idazkera berrienean, Yá Bahá’ul’Abhá (يا بهاء الأبهى "Oi Aintzatsuenaren Aintza!") hitzen kaligrafia artistikoa da.
Bost puntako izarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alta, bahá'í idazteunen arabera, bost puntuko izarra da erlijio horren sinbolo ofiziala[6], Haykal (Tenplu) izenez ezaguna. Bost puntako izarrak gizakiaren gorputza adierazten du; Profetak, gizakiak izanik, Jainkoaren tenplua lurrean baitira. Báb-ek finkatu zuen Haykal sinboloa, eta bere zenbait idazkik forma hori hartzen dute.
Demografia datuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bahá'í Fedea mundu guztira hedatu da, Munduan fededunak 5 milioitik gora[1] dira ia herrialde guztietan zabaldurik, 6.000 inguru badira espainiar Estatuan[7], eta Euskal Herrian Bahá’í fedeak 200 jarraitzaile inguru ditu Euskal Herrian[8][9].
Bahá'í komunitateak aurki daitezke munduan zehar 187 herrialde independenteetan. 165 Nazio edo eskualde mailako batzarrak eta 18.000tik gora tokiko batzarre osatzen dituzte, 116.000 udaletan bizi dira, 2.100etik gora arraza eta talde etnikoen partaide.
Bahá'u'lláh-ren idaztiak 800 hizkuntzetara itzulita daude, horien artean euskara.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Datuak www.bahai.org webgune ofizialean
- ↑ (Ingelesez) «New version of 'The Baha'is' magazine published | Bahá’í World News Service (BWNS)» Bahá’í World News Service 2005-04-12 (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
- ↑ (Ingelesez) Martin, J.D., Hatcher, W.S.. (1998). The Bahá'í Faith: The Emerging Global Religion.. New York, Harper & Row. ISBN 0-06-065441-4...
- ↑ (Ingelesez) Faith n Media – Best Web Hosting in Oz. (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ (Ingelesez) Smith, Peter, 1947 November. (2000). A concise encyclopedia of the Baha'i faith. Oneworld ISBN 1851681841. PMC 42912735. (Noiz kontsultatua: 2019-03-21).
- ↑ (Ingelesez) Rabbani, Shoghi Effendi. (1973). [Reference.bahai.org Directives from the Guardian. ] Bahá'í Reference Library., 51-52 or. (Noiz kontsultatua: 2019-03-21).
- ↑ Arregi, Joxe. (2004). Oinatzak bidean. Erlijioen historia. Deustuko unibertsitatea, 346 or. ISBN 84-7485-971-9..
- ↑ Ruiz Vieytez, Eduardo J. (zuz.). (2011). Aniztasun Ezkutuak. Icaria ISBN 978-84-9888-292-6..
- ↑ (pdf) Aniztasun Ezkutuak. .
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bahá'í idazteunak euskaraz[Betiko hautsitako esteka] (Ibaizabal argitaletxea)
- Bahá'í testuak euskaraz (Bahá'í argitaletxea)
- Bahá'í otoitzak euskaraz (online)
- The Bahá'í World
- Bahá'í World News Service
- Bahá'í Reference Library
- One Country
- Bahá'í International Community
- Bahá'í Faith Index
- Bahá'í Academics Resource Library