Berengela Nafarroakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Berengaria Nafarroakoa» orritik birbideratua)
Berengela Nafarroakoa

Bizitza
JaiotzaTutera, 1165 (egutegi gregorianoa)
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaLe Mans1230eko abenduaren 23a (64/65 urte)
Hobiratze lekuaL'Abbaye de l'Epau (en) Itzuli
Loirerria
Familia
AitaAntso VI.a Nafarroakoa
AmaAntsa Gaztelakoa
Ezkontidea(k)Rikardo I.a Ingalaterrakoa  (1191ko maiatzaren 12a (egutegi gregorianoa) -
Anai-arrebak
LeinuaXimeno etxea
Jarduerak

Berengela Nafarroakoa[1] (ziur asko Tutera, Nafarroako Erresuma, 1165 aldean - Le Mans, 1230eko abenduaren 23a) Rikardo Lehoibihotzaren emaztea eta Ingalaterrako erregina ezkontidea izan zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antso VI.a Nafarroakoaren eta Antsa Gaztelakoaren alaba zaharrena zen. Haren haurtzaro eta gaztaroari buruz ez dago datu zehatzik. 1185ean erregeak Monreal eman zion Berengelari.[2] Arrazoi diplomatiko eta dinastikoak kontuan izanik, 1190ean Leonor Akitaniakoak bere seme Rikardo Lehoi Bihotzaren eta Berengelaren arteko ezkontza hitzartu zuen. Ituna ospatzeko, oturuntza egin zuten Erriberriko Nafarroako Erregeen Jauregian[3].

1191n Berengela printzesa Saladinoren aurkako Gurutzadako ontzidian ontziratu zen, Siziliako erregina Joanarekin batera (Rikardo Lehoi Bihotzaren arreba). Marseillako portutik 200 ontzi baino gehiago irten ziren, baina handik bi egunetara ekaitz batek multzoa banandu eta hiru ontzi Ziprera iritsi ziren, Berengela eta Joana zeramatzana barne. Isaak enperadorea zen orduan uhartearen agintean eta ontzietako bidaiariak atxilotzeari ekin zion, hauek lurra zapaldu orduko. Palestinan zegoen Rikardo Lehoi Bihotzek egoeraren berri jaso eta hirutan eskatu zion enperadoreari atxilotuak aska zitzan. Berengela eta Joana itsasontzian ziren artean. Azkenean Ingalaterrako erregeak Isaaken kanpamendua eraso eta menpean hartu zuen enperadorea. Eta Rikardoren arrebak eta Berengelak Zipreko lurra zapaldu ahal izan zuten[4] Urte bereko maiatzaren 12an ezkondu ziren Rikardo Lehoi Bihotza eta Berengela, Zipren bertan, Limasolen.[5]. Egun berean erregeak koroatu zuen emazte berria. Nafarroako printzesa zen Ingalaterrako erregina berria. Ezkontzan, besteak beste, Bernard Lakarra Baionako apezpikuak hartu zuen parte[4].

Berengela senarrarekin batera zen azken horrek Kreta menpean hartu zuenean, baita, ondoren, Akre hiriarekin gauza bera egin zuenean ere. Rikardok Gurutzadan jarraitu zuen orduan, baina berehala lehentasunak Frantziara eraman zuen, bere aurkako erreboltak itzaltzera. Baina Henrike VI.a, Alemaniako enperadoreak Rikardo atxilotu eta 1194a arte giltzapean izan zuen. Orduan Berengela erreginak eta Joana koinatak Erroman bilatu zuten babesa, baita Zelestino III.a aita santuak eman ere. Sei hilabetez han izan ondoren, bidaia luze eta neketsua egokitu zitzaien biei: Pisara iritsi ziren lehenik, handik Genovara joateko. Marseilla izan zen hurrengo geldialdia; handik Tolosako mugetara iristea lortu zuten eta azkenik, Saint Guilleseko kondearen babesean, Poitouraino iritsi ziren[4].

Berengela 1199an geratu zen alargun, Rikardo Châlusko gazteluaren erasoan hil zutenean. Hori bai, lehenago Ingalaterrako erregeak bere agintepean zegoen Nafarroa Beherea emaztearen anaiari, Antso Azkarrari, eman zion. Nafarroako Erresumaren parte izan zen handik aurrera lurralde hau. Alarguna ere ez zen esku hutsik geratu: Bayeux hiria eta bertako lur guztiak beretzat ziren, Anjouko bi gaztelu ere bai, eta mila marka esterlinako errenta jasoko zuen bizi artean[4].

1230eko abenduaren 23an hil zen erregina ohia Le Mansen (Anjou, Frantzia). Bertako katedralean dago nafarraren hilobia eta kale batek bere izena darama, inguru horietako etnografia museo batek bezalaxe. Itsasoz edo lurrez, Berengelak hiri eta lurralde ugari ezagutu zituen eta garaiko gertakizun garrantzitsuen lekuko izan zen. Baina zortzi urtez Ingalaterrako erregina izan zenak ez zuen bizi guztian Ingalaterra zapaldu[4].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak
  2. Hilton, Lisa. (2008). Queens Consort, England's Medieval Queens. Weidenfeld & Nichelson, 142 or. ISBN 978-0-7538-2611-9..
  3. Weir, Alison. (1999). Eleanor of Aquitaine, a Life. Londres: Jonathan Cape, 260 or. ISBN 0-345-40540-4..
  4. a b c d e Irazustabarrena, Nagore. Erresuma zapaldu ez zuen erregina. Argia astekaria, 2006ko urriak 8, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-3-1).
  5. (Gaztelaniaz) Trindade, Ann.-Berenguel de Navarra, Reina de Inglaterra : Buscando a la consorte de Ricardo Corazón de León.- Arg. Mintzoa. Iruñea, 2016. orr. 139. ISBN 978-84-96513-17-4

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]