Bihotz-plexu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bihotz-plexu
Xehetasunak
Identifikadoreak
Latinezplexus cardiacus
TAA14.3.03.013
FMA6628
Terminologia anatomikoa

Bihotz-plexua bihotza inerbatzen duten nerbioen multzoa da, eta nerbio hauek miokardioan, eroate-sisteman zein koronaria hodietan izango dute eragina.

Bihotz-plexua

Bihotzaren inerbazioan esku hartzen duten zuntz hauek nerbio sistema autonomoaren barne dira; hots, nerbio sinpatiko nahiz parasinpatikoak izan daitezke. NS sinpatikoa eta parasinpatikoa beti orekan daude, funtzio antagonikoak baitituzte. NS sinpatikoak bihotz erritmoa, uzkurtze indarra eta bihotz-gastua handitzen ditu, arteria koronarioen dilatazioarekin batera, odol gehiago iristeko miokardiora. NS parasinpatikoak, berriz, aurkako ekintza burutzen du: bihotz erritmoa, uzkurtze indarra eta bihotz gastua txikitzeaz gain, arteria koronarioen uzkurketa eragiten du ere.

Bihotz-plexuan esku hartzen duten osagaiak hauek dira: iduneko goiko bihotz nerbioa, iduneko erdiko bihotz nerbioa, iduneko beheko bihotz nerbioa, toraxeko bihotz adarrak eta nerbio bago. Zuntz hauek guztiak bi ataletan kokatuta daude: azaleko eta sakoneko bihotz-plexuak.

Atalak[1][2][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azaleko plexua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aorta arku eta birika enborraren aurrean kokatzen da. Azaleko plexua bagus nerbiotik eratorritako ezkerraldeko bihotz-nerbio bagalek eta ezkerraldeko iduneko goiko bihotz-nerbio sinpatikoak osatuko dute. Nerbio laringeo atzerakariak ere azaleko bihotz plexuan parte hartzen dute.

Hainbat adar emango ditu ondorengo egituretara:

Sakoneko plexua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zintzurrestearen bifurkazioaren aurrean eta aorta arkuaren atzean kokatzen da, hau da, bi egitura horien artean. Iduneko bihotz-nerbio sinpatikoak eta bagus nerbiotik datozen bihotz-nerbio bagalak (azaleko plexuaren parte direnak izan ezik).

Sakoneko plexutik ateratzen diren adarrak, eskubiko eta ezkerraldeko ataletan banatuko dira:

Eskubiko atala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adar bat eskubiko birika arteria aurretik pasako da eta adartxo batzuk emango dizkio aurreko birika plexura, ondoren aurreko plexu koronarioaren parte izango direnak. Beste adar bat, berriz, eskubiko birika arteriaren atzetik pasako da eta eskubiko atriora bideratuko ditu adartxoak, ondoren, atzeko plexu koronarioan parte hartzen du.

Ezkerreko atala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bihotz plexuko azaleko atalarekin konektatuta dago. Ezkerreko atriora eta aurreko birika plexura bideratuko ditu adarrak. Azkenik, atzeko koronario plexuaren gehiengoan parte hartzen du.

Bihotzaren inerbazio autonomoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bihotzaren inerbazioa, nerbio-sistema autonomoak bideratzen du; hots, bere atal sinpatikoak (NSS) nahiz parasinpatikoak (NSP). Atal ezberdinak izanda, funtzio antagonikoak dituzte:

  • NSS: bihotz erritmoa eta gastua, uzkurketa indarra nahiz arteria koronarioen dilatazioa handitzen (basodilatazioa) ditu;
  • NSP: bihotz erritmoa eta gastua, uzkurketa indarra nahiz arteria koronarioen dilatazioa txikitzen (basokonstrikzioa) ditu.
Inerbazio sinpatikoa, gure kasuan, bihotzeko inerbazioa garrantzitsuena izanik.

Nerbio sistema autonomoa edo begetatiboa: Atal Sinpatikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atal sinpatikoa, T1-T4/T5 mailetatik sortzen diren nerbioek inerbatuko dute.

Inerbazio sinpatikoa[3]: ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1.neurona aipatutako bizkar muinaren mailen aurreko erroko albo adarretik aterako da. Honela, bizkar nerbioen parte izanda, adar komunikatzaile zuritik dagokion mailaren (T1-T4), sinpatiko-enborreko gongoiletara (kate ortosinpatikoa) bideratuko dira nerbio zuntzak. Aipatutako zuntz hauek gongoil aurreko zuntzak izango dira. Hala ere, kate ortosinpatikora heldu ostean, bi bide ezberdin hartu ditzakete:

Aipatutako adar nahiz nerbio hauek guztiak, ondoren, bihotz plexuaren zati izango dira.

Nerbio sistema autonomoa edo begetatiboa: Atal Parasinpatikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kasu honetan, atal parasinpatikoa nerbio bagoaren edo pneumogastrikoaren adarrek (X. bikote kraneala) osatuko dute .

Nerbio sistema autonomoaren atal parasinpatikoa
Inerbazio parasinpatikoa[3]: Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1.neuronaren somak bizkarrezur-erraboilean kokatzen den vagus nerbio edo X. bikote kranealaren bizkarraldeko nukleoan bere jatorria du. Era honetan, gongoil aurreko zuntzak nerbio bagotik maila ezberdinetan banatuko dira, bihotz nerbio ezberdinak emanez:

Bihotzaren inerbazio autonomoa

Idun mailan:

  • Iduneko goiko bihotz nerbio bagala;
  • Iduneko beheko bihotz nerbio bagala;

Torax aldean:

  • toraxeko bihotz nerbio bagala.

Inerbazioaren atal sinpatikoan erabiltzen den terminologiarekin konparatuz, izen ia berdinak erabiltzen dira. Hortaz, bien arteko bereizmena bermatzeko, parasinpatikoaren kasuan "bagala" terminoa erabiltzen da nerbioen izenei atxikituta.

Gainera, argi ikusten dugun moduan, atal parasinpatikoak ematen dituen bihotz nerbioak gongoil aurreko zuntzez osatuta daude; sinpatikoaren kasuan, ordea, gongoil osteko zuntzez.

Bihotz nerbio vagal hauek guztiak bihotzera helduko dira eta 2.neuronarekin sinapsia egingo dute han kokatzen diren gongoil ezberdinetan:

Amaitzeko, sinapsia egin ondoren, aipatutako gongoiletatik, bihotz plexuaren zati izango diren gongoil osteko zuntzak sortuko dira.

Inerbazio aferentea[2][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aipatutako nerbioek, ez dute soilik informazio eferentea garraiatuko. Minaren (aferentzien) bideak nerbio sistema sinpatikoarekin doaz salbuespen batekin: perikardioaren zuntz aferenteak diafragma nerbioarekin doaz. Baina serosa perikardioaren errai orriaren sentikortasuna hartzen dutenak bihotz-plexuarekin (sinpatiko) joango dira.

Bihotzaren aferentziak, gainera, ezberdinak dira. Ez ditu beroa, hotza, presioa… somatuko. Baina miokardioaren iskemia bat, ordea, bai. Hau da, odoleztapen faltak sortutako infartua.

Nerbio-sistema zentralean, zuntz aferente eta eferenteez hitz egiten dugu. Bihotz nerbio sinpatikoekin doazen zuntz aferenteak edo ekarleak, sinpatiko enborreko gongoiletatik igarotzen dira eta bertan sinapsia egin gabe, komunikatzaile adar zuritik bizkar nerbioetara bideratzen dira. Zuntz sentikorrak direnez, neurona hauen soma bizkar-gongoilean kokatuko da. Ondoren, bizkar muinera atzeko adarretik sartuko dira, bertan sinapsia burutuz.

Bestalde, Vagus nerbioak ere bestelako zenbait aferentzia garraiatzen ditu, baina minarenak, nerbio sistema sinpatikoari dagozkie.

Min igorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bihotzeko informazioa heltzen den maila berdinetara, bular, beso eta idun ezkerraldeko larruazaleko sentikortasuna iritsiko da. Hor informazio nahaste bat ematen da miokardioko mina eta larruazaleko aferentziaren artean. Informazio hori garun kortexera iristean, honek larruazalean mina dagoela interpretatuko du. Honi «min igorria» deritzo.

Beraz, sorbalda, ezker goiko gorputz adarreko erdialdea, buruaren ezkerreko erdia, iduna edo epigastrioan mina dagoenean miokardioaren asaldura bategatik izan daiteke, bihotzaren lesioen mina eskualde hauetara igarotzen baita.

Patologia[4][5][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plexu kardiakoa, edota hori osatzen duten edozein nerbioren kalteak, bihotzaren funtzionamendu okerra dakar. Izan ere, azken finean, nerbio sinpatiko zein parasinpatikoei esker erregulatzen da bihotzaren indarra eta bihotz-maiztasuna. Bi kasu aurki ditzakegu:

  • sinpatiko zuntza denean kaltetutakoa, inerbazio sinpatikoaren murrizketa egongo da, eta ondorioz, ezin izango da bihotz-maitasuna igo; hori dela eta, bradikardiak pairatuko dira;
  • aldiz, nerbio bagoa kaltetzen bada, parasinpatikoaren funtzionamendua murriztuko da; gaixoak ez du bihotz-maiztasuna jeisteko ahalmena izango eta, ondorioz, takikardiak izango ditu.

Kasu bietan, bihotzak ez du odola behar bezala ponpatuko eta gutxiegitasun kardiakoa ager daiteke.

Beraz, esan genezake, bihotz plexuan kalteak sortzeak arritmia kardiakoak eragin ditzakeela (alterazioak bihotz-maiztasunean).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Vasu, Balaji. «Cardiac plexus | Radiology Reference Article | Radiopaedia.org» Radiopaedia (Noiz kontsultatua: 2020-10-14).
  2. a b Drake, Richard L., Ph.D.. (2010). Gray anatomía para estudiantes. (2a ed. argitaraldia) Elsevier ISBN 978-84-8086-671-2. PMC 688355950. (Noiz kontsultatua: 2020-10-14).
  3. a b (Gaztelaniaz) Schünke, Schulte, Schumacher, Michael, Erik, Udo. (2014). Prometheus Texto y Atlas de Anatomía, Tomo 2: Órganos Internos. Editorial Medica Panamericana S.A., 144 or. ISBN 9788498357639..
  4. (Ingelesez) «Innervation of the heart» Kenhub (Noiz kontsultatua: 2020-10-14).
  5. (Ingelesez) Fukui, Kurumi; Ikeda, Shingo; Yokota, Toshiya; Hoshino, Tatsuhiro. (2019-08-08). «Anatomical consideration of the cardiac plexus to prevent grave bradycardiac arrhythmias associated with lung cancer surgery: a case report» Surgical Case Reports 5 (1): 129.  doi:10.1186/s40792-019-0686-6. ISSN 2198-7793. PMID 31396768. PMC PMC6687800. (Noiz kontsultatua: 2020-10-14).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]