Bildots mistikoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Bildots mistikoaren adorazioa
Lamgods open.jpg
Jatorria
Sortzailea Jan van Eyck eta Hubert van Eyck
Sorrera-urtea 1432 (egutegi gregorianoa)
Jatorrizko izenburua Déus Het Lam
Mugimendua Primitibo flandestarra
Ezaugarriak
Materiala(k) olio-pintura, oaka Itzuli eta zura
Zabalera 5,2 metro eta 4,4 metro
Altuera 3,75 metro, 3,4 metro eta 3,5 metro
Genero artistikoa arte sakroa
Deskribapena
Oinarritua Apokalipsi
Kokapena
Lekua San Bavonen katedrala (Gante)
Paue
Bilduma San Bavonen katedrala (Gante)
Inbentarioa 10000092
Koordenatuak 51° 03′ 11″ N, 3° 43′ 36″ E / 51.053171°N,3.726544°E / 51.053171; 3.726544Koordenatuak: 51° 03′ 11″ N, 3° 43′ 36″ E / 51.053171°N,3.726544°E / 51.053171; 3.726544
Argumentu nagusia Lamb of God Itzuli
Historia
Erakusketak Europeana 280
Gertaera nabarmenak 1934-04-10
arte lapurreta — San Bavonen katedrala (Gante)
Kanpo loturak
Erretaula itxiaren ikuspegia

Bildots mistikoaren adorazioa (nederlanderaz: Het Lam Gods), Ganteko erretaula ere deitua, XV. mendeko poliptikoa da, margolaritza primitibo flandestarraren maisulana. Hubert van Eyck hasi zen erretaula pintatzen eta haren anaia Jan van Eyckek amaitu zuen, Hubert 1426an hil baitzen.

Erretaula honek hainbat berezitasun ditu, besteak beste neurria (3,75 × 2,60 m itxia, 3,75 × 5,20 m zabalik), eskola hartako ezaugarri nagusia neurri txikiko lanak egitea baitzen. Horrezaz gainera, berezia du egitura: poliptiko bat da, 20 oholez osatua, eta horietako zortzi (ertzetakoak) bi aldeetatik daude margoturik. Azkenik, aipatzekoa du ikonografia, konplexua baina oso argia, teologian jantzia zen margolari batek osatua inondik ere. Beste ezaugarri berezia zurezko laukian duen idazkuna da. Bertan aipatzen dira, batetik, elizan bedeinkatu zeneko data (1432ko maiatzaren 2a) eta, bestetik, zehatz-mehatz azaltzen du Hubert van Eyckek hasi eta Janek amaitu zuela lana.

Ikerlariek hainbat saio egin dute erretaula horretako zein atal egin zuen anaietako batek eta zein besteak jakiteko. Baina ez dago oinarri sendorik arazo honi irtenbidea emateko. Hala eta guztiz ere, azterketa gehienen arabera, Hubertek erdiko irudi nagusiak egin zituen: Ahalguztiduna, Andre Maria eta Joan Bataiatzailea; izan ere, gainerakoak baino hieratikoagoak dira, handiagoak, arkaikoagoak oro har. Janen bi dozena inguru lan ezagutzen dira, horietako bederatzi 1432 eta 1439 bitarteko data dutenak; Huberti buruz, aldiz, bi edo hiru agiri besterik ez dira ezagutzen, eta ez dago margolanik ziur harena dela esan daitekeenik.

Gizakundea da Bildots mistikoa erretaularen kanpoaldeko irudi nagusia. Goialdean Zakarias eta Mikeas profetak eta Eritrea eta Kumana sibilak daude, eta inguruan idatzirik Salbatzailearen berri emateko erabili zituzten esaerak dituzte, filakteria gotikoetan idatziak. Beheko zerrendan bi San Joanen eskulturen marrazkiak daude, nitxoetan sartuta eta kolore bakarraz margoturik. Santu horiek zerikusi zuzena dute margolanaren gai orokorrarekin: Joan Bataiatzailea Ganteko katedraleko eta hiriko zaindari delako batetik, eta bestetik bere ohiko ezaugarria daramalako, Jainkoaren Bildotsa alegia; Joan Ebanjelaria, berriz, Bildots mistikoaren ikuskizunaren igarle izan zelako agertzen da.

Erretaularen barnealdean Bildots mistikoaren adorazioa irudikaturik dago: arkumea aldare baten gainean dago, odola kalizera dariola; inguruan aingeruak daude, Nekaldiaren tresnak dituztela eskuetan. Aldarearen aurrean Bizitzaren Iturria ikus daiteke, perlak, diamanteak eta errubiak darizkiona. Iturriaren alde banatara, zirkulu erdia osatzen dutela, profetak eta apostoluak daude; eta lau izkinetan, lau erromesaldi talde (aitalehenak, elizgizonak eta emakumezko santuak), lorez batetako zelaira doazela. Irudiaren goialdean, erdi erdian, usoak, Izpiritu Santuak alegia, argi izpiak igortzen dizkie erromesei. Bildots mistikoaren koadroaren bi aldeetara, lau ohol estutan, gizarteko estamentuak ageri dira: Epaile Justuak, Kristoren Zaldunak, Eremutarrak eta Erromesak. Erretaularen goiko aldean, berriz, pertsonaia hauek agertzen dira: erdian Ahalguztiduna, alde banatara Andre Maria eta San Joan Bataiatzailea; alboko tauletan aingeru musikagileak, eta azkenik, Adam eta Eva.

Erretaula honetan informazio asko dago, esanahiez josia eta ez beti asmatzen erraza. Miniaturaz apaindutako liburuetan ez bezala, zeinetan marrazkiek testuaren itzulpena egiten baitute, erretaula honetan latinezko esapideek irudien esanahia eta zentzua argitzen dute. Erretaula, oro har, edozein kristauk uler zezakeen, baina latinez zekitenek eta teologian jakitunek barnera zezenketen bakarrik lanaren esanahi osoa. Gaur egun ere, azterketa hori osatzeko hainbat datu falta dira; esate baterako zelairako bidean diren pertsonaien artean ziur asko garai hartako jende ospetsua izango zen. Honez gainera, erretaularen behealdea galdu egin zen XVI. mendean; Infernu bat azaltzen zuela, beste berririk ez dago.

Ganteko poliptikoa-k Flandriako pinturaren ezaugarri nagusiak erakusten ditu. Van Eyckek mundu ikusgaiaren analisi zehatza egiten du bere lanetan, lan honetan bereziki. Bizitzaren Iturrian, esate baterako, ur zurrustak ez dira ibilbide osoan berdinak, eten egiten dira, tantak osatzen dira, aparra ere sortzen dute eta uraskako ur geldia ukitzen dutenean zipriztindu eta gainerako ur tantekin nahasten dira; prozesua oso-osorik deskribatzen du, transparentzien eta distiren bidez. Ordura arte ez zen pinturaren historian irudi horren parekorik egin, eta ez zen handik berrogeita hamar urtera, Leonardo da Vinciren lanen garaia arte, halakorik berriz egingo. Van Eycken lan hori Herbehereetako pinturan erabateko ospea izan zuten espezialitateen abiapuntua izan zen nolabait: paisaia, erretratua, izadi hila, etxe barruetako eszenak. Paisaia asmatua bada ere, errealitatetik hartutako osagaiekin lotzen du. Esate baterako, erretaularen ohol nagusian urrutira ikusten diren eraikuntzak ere; Utrechteko katedralaren dorrea eta Ganteko bertako San Nikolas katedralekoa, besteak beste, ezagunak dira. Landareak era askotakoak dira (hainbat urtarotan ikus daitezkeenak eta atzerrian loratzen direnak), eta ez daude edonola jarrita, apaingarri huts moduan alegia, helburu sinbolikoen arabera baizik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bildots mistikoa Aldatu lotura Wikidatan