Bruzelosi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Bruzelosi
Brucella spp.JPG
Deskribapena
Mota primary bacterial infectious disease Itzuli, bacterial infectious disease Itzuli
Zoonosi
Espezialitatea infektologia
Arrazoia(k) Brucella
Sintoma(k) undulant feverra Itzuli, continuous feverra Itzuli, nekea, Mialgia
Anorexia
Tratamendua
Erabil daitezkeen botikak Estreptomizina, doxycycline Itzuli eta minocycline Itzuli
Identifikatzaileak
DiseasesDB 1716
MedlinePlus 000597
eMedicine 000597
MeSH D002006 eta D002006
Disease Ontology ID DOID:11077 eta DOID:11077

Bruzelosia edo Maltako sukarra Brucella generoko bakterio batzuek eragindako gaitza da. Gizakia ez ezik, zenbait abere ugaztunek ere pairatzen dute gaixotasuna (behiek, ardiek, txerriek...). Bruzelosia zoonosi bat da, hots, gizakia animalietatik kutsatzen da.

Bruzelosia aitortu beharreko gaixotasuna da Euskal Herrian. Kasu gutxi jakinerazten dira hemen (3 kasu 2003. urtean E.A.E.-an, eta bat ere ez 2004 eta 2005 urteetan). Afrikan, Hego Amerikan, Asiako ekialdean eta Europako hegoan gaitza hedatuago dago.


Etiologia eta infekzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Brucella generoaren lau espeziek sortzen dute bruzelosia: Brucella melitensis-ek, Brucella abortus-ek, Brucella suis-ek eta Brucella canis-ek, hain zuzen. Espezie hauek abereak infektatzen dituzte lehen, eta gizakia abere horiengandik kutsatzen da. Gizakien arteko gaitzaren transmisiorik ez da ematen.

Kutsatutako animaliak behiak, ardiak, txakurrak, txerriak eta ahuntzak izaten dira. Animaliek bakterio patogenoak kanporatzen dituzte gernu, gorozki eta esnearen bitartez. Bruzelosia harrapatzen ohi dute abereekin harreman zuzena dutenek: baserritar eta abeltzainek, albaitariek..., baina baita esnea edo esneki kutsatuak kontsumitzen dituztenek ere.

Gizakiaren kutsapen-bide ohikoenak hauek dira:

  • esne edo esneki kutsatuak kontsumitzerakoan. Esnearen pasteurizazioak Brucella patogenoak suntsitzen ditu. Bruzelosia harrapatzen da, beraz, esnea tratamendu termiko egokirik gabe kontsumitzen denean.

Kutsapen bide hau urria da herrialde garatuetan, eta ohikoa osasun baldintza kaskarrak dituzten herrialdeetan.

  • animalia gaixoen haragia kontsumitzerakoan: batez ere, haragia erdi gordina edo oso gutxi eginda dagoenean.
  • azaleko zaurien bitartez: kutsatutako animaliekin harreman zuzena duten profesionalen (abeltzain, albaitari...) azaleko zauriak Brucella-ren sarbidea izan daitezke.
  • aerosolen bitartez: arnas bidetik sartzen dira bakterio patogenoak, animalia gaixoen aerosolak arnasterakoan.
pasteurizaziorik gabe egindako gazta, batez ere freskoa, bruzelosiaren sorburua izan daiteke

Erasobidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mikrobio patogenoak ez ditu toxinak ekoizten, baina gai da bizitzeko eta ugaltzeko makrofagoen barnean. Beste patogeno batzuk suntsitzen dituzten makrofago ahaltsuek ezin dute Brucella patogenoak akabatu. Immunitate-sistemaren defentsa mekanismoak gaindituz, bruzelosiaren bakterioek gaitza garatzen dute erraz.

Zelula barneko parasitoa denez, Brucella-k erresistentzia handia die antibiotiko zein antigorputzei. Zelula barnean mikrobio patogenoa bi agente horien aurrean babestuta dago, eta gaitz kronikoa eragin dezake.

Sintoma klinikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bruzelosiaren inkubazio epea luzea izan daiteke, 7-30 egun artekoa. Gaitzak sukar handia eragiten du ("Maltako sukarra" izenarekin ezagutzen da bruzelosia ere); sukarra aldakorra da, altuago izanik gauean. Buruko mina, nekea eta hezur zein giharreko mina ohikoak dira ere.

Gibela eta gongoil linfatikoak handitzen dira gaixo askorengan.

Gaixo kronikoek sukar arinago dute, baina nerbio sistemaren kalteak pairatzen dituzte ere.

Brucellak septizemia eragiten du kasu gehienetan: hori dela eta, mikrobioa gorputz osora zabaltzen da odolaren bitartez, organo ugari kaltetuz: gibela, hezurrak, birikak, bihotza...

Diagnostikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egiten da:

  • sintomatologia aztertzen
  • froga antigenikoen bitartez (Brucellaren aurkako antigorputzak antzematen dira gaixoaren odolean, aglutinazio metodo klasikoarekin)
  • odol lagin batetik Brucella generoko bakterioak hazkuntza-inguru batean isolatuz. Bakterio horren hazkuntza motela denez, lau asteetan gutxienez inkubatu behar dira hazkuntza-inguruak emaitza jakin aurretik.

Tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estreptomizina eta tetraziklinak dira gaitzaren aurkako antibiotiko erabilienak. Tratamendua luzea da, aste batzutakoa.

Bakterio eragilea zelula barneko parasitoa denez, emaitza hobea ematen duten antibiotikoek zelulen barruan kontzentrazio altuak lortzen dituztenak dira.


Prebentzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txertorik ez dagoenez, profilaxi neurriak hartu behar dira gaitza ekiditeko:

  • abere gaixoen kontrola
  • abereekin harremenetan dauden profesionalek hartu beharrekoak: eskularruak eta maskaren erabilpena, eskuak maiz garbitzea, e.a.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bruzelosi Aldatu lotura Wikidatan