C hepatitis
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
C hepatitisa gaixotasun infekziosoa da, C hepatitisaren birusak sortua, gibela kaltetzen duena. C hepatitisaren birusa 1989ra arte ez zen aurkitu. Data horren aurretik, gaitza hepatitis ez-A eta ez-B moduan izendatzen zen, mikrobio eragilea ezezaguna zelako eta bi hepatitis mota horiek sortzen zituena ez zelako.
C hepatitisaren birusarekin kutsatzen direnen gehiengoak hepatitis kronikoa jasango dute. Denboraren poderioz, hepatitis mota honek gibeleko zirrosia edota gibeleko minbizia eragiten du. Hala ere, botika berri batzuen agerpenak gaitz honen zorigaiztoko bukaera errotik aldatu du azken urteetan.
Etiologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Michael Houghton ikerlariak eta berak zuzentzen zuen taldeak C hepatitisaren mikrobio eragilea aurkitu zuten 1989an. Birusa Flaviviridae familian sailkatzen da, RNA du material genetikoa, esferikoa da eta geruza lipidikoa du. Harizpi bakarreko RNA birusa da, polaritate positibokoa.
Birusak aldakortasun genetiko handia du, eta 6 genotipo desberdin ezagutzen dira. Garrantzitsua da gaixoak duen birusaren genotipoa identifikatzea, genotipo bakoitzak kalte desberdinak sortzen dituelako, eta tratamenduaren aurrean erantzun desberdina ematen duelako (esaterako, 2 eta 3 genotipoko birusek erantzun hobea ematen diote tratamenduari 1 genotipoko birusak baino) [1].
Epidemiologia eta infekzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mundu osoan 130-200 milioi gizabanako C hepatitisaren birusak jota daudela kalkulatzen da, batez ere Afrikan, Asian eta Hego Amerikan. [2].
Birusa odolaren bidez kutsatzen da batez ere. Garai batean, birusa ezagutzen ez zenean (1989 baino lehen), odol-transfusioen bidez kutsatu zen jende asko. Ohikoa da ere xiringa konpartitzen duten drogazaleen arteko kutsapena (C hepatitisa harrapatzeko arriskua zain barneko drogazaleengan HIESa harrapatzeko arriskua baino lau aldiz handiagoa da) [1].
Hain arriskutsua ez izan arren, babesik gabeko sexu-harremanetan ere kutsatu daiteke C hepatitisaren birusa.
Higienerik gabe egindako piercing eta tatuajeak, eta akupunturan erabilitako orratz kutsatuak ere C hepatitisaren jatorrian egon daitezke.
Sintoma klinikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Odolaren bidez birusa gibelera iristen da eta bertan hepatozitoak kaltetzen ditu. Infektatuen gehiengoak hasieran ez du inongo sintomarik. Birusaren eramaileak dira eta odolaren bidez beste pertsona batzuk kutsa ditzakete, baina asintomatikoak daudenez ez dira arrisku horretaz ohartzen.
Infektatutako gizabanako gutxi batzuek nekea, goragaleak, pisu-galera eta ikteriziarik gabeko hepatitisaren ohiko sintomak ere dituzte [3] baina -esan bezala- gehienek ez dute inongo sintomarik garatzen. Azken hauengan gaitza antzematen da odol-analisi arrunt batean (transaminasak eta beste entzima hepatikoen balioak aztertuz).
Gaixo gutxi batzuen immunitate-sistemak birusa deuseztatzen du, baina infektatuen %80ak hepatitis kronikoa garatuko du. Birusak urte askotan gibela kaltetzen du, eta epe aldakor batean (10-30 urte) zirrosia eta gibeleko minbizia eragin dezake. Gibela oso kaltetuta dagoenean, sintomak nabariagoak dira: nekea, sukarra, goragaleak, ikterizia, sabelmina....
Gaitzaren progresio-erritmoa adina, sexua, osasun-egoera eta bizimoduarekin oso lotuta dago.
C hepatitisaren diagnostikoa teknika serologikoen bidez egin daiteke (birusaren aurkako antigorputzak antzematen, ELISAren bitartez, esaterako). Proba serologikoak positiboak direnean, PCR teknika erabiliz birusaren genoma detektatu daiteke, eta -horretaz gain- birus-karga eta genotipoa ere zehaztu [4]
Tratamendua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun ez dago C hepatitisaren aurkako txertorik. Prebentzio-neurriak odolaren bidezko kutsapena ekiditera zuzendu behar dira.
Orain dela gutxi arte gaitzaren tratamendua interferoiaren erabilpenean zetzan, beste botika antibiriko batekin (erribabirina, adibidez) konbinatuta. Tratamenduak arrakasta zuen kasu batzuetan (birus patogenoa deuseztatuz), baina beste kasu askotan birusa ez zen organismotik desagertzen, eta albo-ondorioak oso txarrak ziren.
2014an botika berri bat agertu zen, sofosbubir izenekoa. Interferoiaren aldean, askoz eraginkorragoa da eta albo-ondorio gutxiago ditu. Erribabirina edo ledipasbirrarekin konbinatuta, C hepatitisaren genotipo guztien aurka eraginkorra da. Oso garestia denez, bere erabilera mugatua da,. eta orain arte (2016an) gibela oso kaltetuta dutenei besterik ez zaie ematen [5]
Gibeleko transplantea zen azken aukera zirrosi edo gibeleko minbizitik gertu zeudenentzat. Sofosbubir eta azken belaunaldiko botika antibirikoen agerpenak (Paritaprebir, Elbasbir...) transplanteen kopurua nabarmen gutxituko du datozen urteetan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Basaras Miren eta Umaran, Adelaida Mikrobiologia medikoa E.H.U.ak argitaratuta, 512-515 orr.
- ↑ Hepatitis C Fact sheet Nº 164 WHO. July 2015. Retrieved 4 February 2016
- ↑ Chronic Hepatitis C Virus Advances in Treatment, Promise for the Future Springer Verlag. 2011. p. 4
- ↑ Como interpretar las pruebas de serología hepática. Sociedad Valenciana de Medicina Familiar y Comunitaria, 2008.
- ↑ Nuevos fármacos y nuevas estrategias para el tratamiento de la hepatitis C Associació catalana de malalts d'hepatitis