Christian Michelsen
Peter Christian Hersleb Kjerschow Michelsen (1857ko martxoaren 15a - 1925eko ekainaren 29a) norvegiar untzigile aberats eta estatu-gizona zen. 1905 eta 1907 artean Norvegiako Lehen Ministro izan zen. 1905eko Norvegia eta Suediaren arteko banaketan izan zuen paper garrantzitsuagatik da ezaguna.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bergen hirian jaio zen 1857ko martxoaren 15ean. Bere aita Jacob Andreas Michelsen (1821-1902) burtsako komisarioa izan zen eta bai bere izena daraman Jacob Andreas Michelsen elkarteko zuzendaria eta kidea ere. Ama Caroline Sophie Erastine Kjerschow (1827-1902) izan zen, kultur gaiekiko jakin-min handiko emakumea. Michelsen Bergen-en hazi zen merkatarien familia kontserbadore baten baitan eta bost neba-arrebetan nagusiena izan zen. Gazte-gaztetatik oso atsegin izan zituen kultura eta politika alorretako gaiak, gainera etorri handikoa zen eta esku hartzen zuen mahai-inguruetan grina handia erakusten zuen eztabaidetan. 1875ean Osloko Unibertsitatean sartu zen eta bertan zuzenbide ikasketak egin zituen. Bi urte beranduago ikasleen elkartearen agerkariaren argitaratzailea izan zen eta oso ezaguna bilakatu zen alderdi politikoenganako erakusten zuen ezinikusiagatik. 1879. urtean ikasketak amaitu eta bi urte beranduago Johanne Benedicte Wallendahl-ekin (1861-1910) ezkondu zen.[1]

Denboraldi batez Midthorland barrutiko epaitegian lan egin zuen eta laster Bergen-go goi mailako epaitegian abokatu-postuetako bat bereganatu zuen. Dena dela, bere asmoa politikagintzan jardutea zen, baina horretarako egoera ekonomiko ona lortu behar zuen. Hori horrela, itsas garraioan, burtsan eta finantza-bitartekaritzan aritu zen, aitaren laguntzaz; eta bere egoera ekonomikoa laster hobetzen hasi zen. Horrela bada, 1881ean, ezkondu zen urtean hain justu, Chr. Michelsen & Co. ontzi-enpresa sortu zuen. Abiarazitako negozioei esker irabazi handiak lortu zituen eta horrek politikan sartzea erraztu zion.
Ibilbide politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1884an Bergen hirian alderdi bat eratzen saiatu zen, ez kontserbadorea ez liberala izango zen alderdi politikoa, baina kale egin zuen, oso harrera eskasa izan baitzuen herritarren artean. Urte berean Alderdi Liberalean sartu zen, bere burua kontserbadoretzat zeukan arren. 1888an bere sorterriko udalean zinegotzi aukeratu zuten eta denboragarrenean diputatua izan zen Norvegiako parlamentuan (Storting, norvegieraz). Hortik aurrera Michelsen buru belarri sartu zen politikagintzan.

1902. urtera arte Michelsenek bere xede politikoa Bergen udalerriaren barruan kokatu zuen eta ideia kontserbadoreak bultzatu zituen. 1903an diputatua izateko aukeratu zuten eta 1904an finantza-ministro izendatu zutenean gogotik jarduten hasi zen Norvegia bere burujabetasuna lortu ahal izan zezan.[2]
XIII. mendearen amaieraldean Norvegia Danimarkaren menpe zegoen eta horrela 400 urtez 1814. urtera arte. Urte horretan guda napleonikoa hasi zen eta Dinamarka-Norvegia erreinuak Napoleonekin bat egin zuen; baina Suedia aurka azaldu zen. Guda amaitu zenean, eta Napoleonek galdu zuenez, suediak, zigor gisa, Danimarkari ezarri zion Norvegia kentzea eta, horrela, Norvegia suediaren menpe hasi zen. Norvegiako hiritarrek ez zuten nahi, nazio independiente izatearen alde azaldu ziren, baina euren egoera ekonomikoa eta militarra oso ahula zenez, ametitu egin behar izan zuten suediaren parte izatea. Beraz, 1814ko abuztuan suediarekin batzera ikusi zuten beren burua norvegiarrek 1905era arte. Urte horretan bertan burujabetasuna eskuratu zuen Norvegiak eta ordutik aurrera estatu independientea da. Norvegia bere historiako 500 urte baino gehiagotan Danimarka eta suediaren erabakien menpe egon da, inolako burujabetasunik gabe. Michelsenek, 1905eko martxoaren 11n, lehen ministro izendatu ostean, Suediatik banatzeko eta Erreinu Norvegiarra eratzean alde sutsu lan egin zuen.[3] [4] Bere abilezia politiko eta diplomatikoari esker Norvegiak estatu independientearen izaera lortzea, hots, estatu independientea bihurtzea lortu zuen 1905eko ekainean. Lan eskerga egin zuen eta hori dela eta, Michelsenek oso toki berezia eta garrantzitsua du Norvegiaren historian eta norvegiarren artean ere oso gogoangarria da.[5] 1907ko urriaren 28an gaixotasun baten ondorioz, politikatik aldendu zen tarte batez eta bere sorterrira itzuli zen. Dena dela, 1909an Alderdi Liberal Ezkertiarra-ren eratze-prozesuan aritu zen, baina alderdi-burua izateari uko egin zion. 1910ean guztiz utzi zuen politika eta bere herrian hainbat kultur jardueraren aitzindaria izan zen, egia esan, 1925eko maiatzaren 25ean hil zen arte gogotsu ekin zion Bergingo Udalaren kultura-egitasmoa garatzeari.[5]
Ibilbide kulturala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Michelsenek Bergengo kulturaren alorrean parte-hartze oparoa izan zuen, esaterako, Antzerki Nazionalaren zuzendaritza-batzordearen kidea izan zen 1881etik 1925ean hil zen arte. 1889an antzokiaren oso egoera tamalgarrian zegoenez, itxi eta eraitsi nahi izan zuten, baina Johan Ludwig Mowinkel-ekin batera antzoki berriaren eraikitzea bultzatu zuen. 1889an Bergengo museoaren kudeaketan laguntzen hasi zen eta berehala bertako aholkularitza eta zuzendaritza-taldean lagundu zuen. Halaber, Zientzia Garapenerako Elkartean eta Chr, Michelsenen Institutuan ekarpen nabarmenak egin zituen.[6] 1905ean Bergengo Langileen Akademia antolatu zuen Fridtjof Nansen-ekin batera. Hiriko auzoetako leku ezberdinetan zabaldu zituzten egoitzak eta helburua izan zen kultura (musika, antzerkia, literatura...) hirritarrenganaino iritsaraztea. Oso harrera ona izan zuen ekimen honek.[7]
Ondarea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1918an bere ekimenez oinordetza-legea aldatu zen. Ordura arte ondorengo zuzenen artean banatu behar ziren ondasun guztiak. Bada, berak parlamentuan proposatu eta onartutako aldaketaren arabera ondasunen zati bat ez zitzaien zertan utzi ondorengo zuzenei eta interes publikoetako zereginetara bideratu zitekeen. Michelsen legeaz ezaguna da. Horrela bada, Michelsenek bere ondarearen zati bat Chr. Michelsen Institutua sortzeko baliatu zuen eta 1930eko martxoaren 15ean abiarazi zen. Michelsen-en arabera, elkartearen dirua erabiliko zen, besteak beste, institutuaren sostengu ekonomikoa bermatzeko, ekintza zientifiko eta kulturalak sustatzeko eta tolerantzia erlijiosoa, ekonomikoa eta politikoa bultzatzeko lurralde eta arrazen artean.[8]

Chr. Michelsen Institutua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun CMI (Chr. Michelsen Institute) Bergenen kokatuta dago eta bere jomuga nagusia gizartearen garapenerako ikerkuntza sustatzea da. 100en bat lagunek dihardute eta, besteak beste, euren lan-ildoak antropologia, ekonomia eta zientzia politikoak dira. Batez ere, giza eskubideen alorrean eragitea, pobreziari aurre egitea eta gizartearen garapena handiagotzea.[9] Elkartearen ikertzaileek eta aholkulariek gizartearen inguruko gaiak jorratzen dituzte, hala nola, antropologia, ekonomia eta zientzia politikoak.[10]
Ikerketa-ildoak [11]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Institutuak aurrera daraman egitasmoaren eginkizunak hamar eremutan sailkatzen ditu:
- Genero-politika. Genero-berdintasuna sustatzeko ekimenak bultzatzen saiatzen dira. Hainbat herrialdetan jarduten dira, beti ere euren partaidetza baliatuta, besteak beste, Ekialde Ertaina, Afrikako Iparraldea, Saharatik hegoaldeko Afrika, Hego-Ekialdeko Asia eta Latinoamerika. Gehienbat emakumeak ahalduntzeko tresnak eta baliabideak landu eta herrialde horietako emakumeen esku uztea da helburua eta halaber emakumeek enplegua eta burujabetasun ekonomikoa lor dezaten ahalegintzen da. Beste jardun batzuk badituzte euren agendan, hala nola, genero-indarkeria, emakumeen parte-hartzea politikan, sexu-eta ugal-osasuna, emakumeen seguritatea, gizona eta gizontasuna.[12]
- Osasun eta garapen globala. Talde zaurgarrien osasun-egoera hobetu eta mediku-artaketa du xede. Oro har, mediku-arretaren kalitatea ontzeko bideak jorratzen dira. Jomuga nagusiena osasun-langile eta pazienteen hartu-emanetan ardazten da. Beste ildo batzuk ere badituzte, esateko, pizgarri ekonomikoak ere bilatzea herrialde behartsuenetara osasun-egitasmoak irits daitezen. Oro har, osasun-eskubideak nola gauzatu eta errotzearen alde lan egiten da.
- Demokrazia eta gobernantza. Munduko hamaika herrialdetan giza eskubideak eta oinarrizko eskubide politikoak urratzen dira. Hortaz, horrelako herrialdeetako erakundeen aurrean balio demokratikoen beharra bultzatu egiten da. Batez ere, aztertzen da nola eragiten duten erakunde eta prozesu politikoek gizartearen ongizatean. Bestade, zer-nolako neurriak har daitezkeen demokrazia ezartzeko propasatu egiten da [13]
- Naturako baliagaiak. Alor hau baliabide naturalen erauzketaren inguruko irizpide eta erabaki politikoak aztertzera bideratzen da. Eta ildo horretatik kudeaketan eta eraginkortasunari erreparatzen zaie, beti ere kudeaketa ona bermatzeari begira. [14]
- Indarkeria eta segurtasun-politika. Gatazken dinamika eta eragina ikertzen dira beti ere egoera baketzeko irtenbideak aurkitu eta proposatze aldera. Eremu geografiko ezberdinetan lan egiten da, esaterako, Ekialde Ertainan, Erdialdeko eta Ekialdeko Asian, Afrikako eremu ika-mikatsuetan, Europan eta, oro har, behar den lekuetan jarduten dira erakundeko adituak. Honek guztiak eustazpia du antopologian, zientzia politikoan, ekonomian eta historian, metodo kuoantiboak zein kualitatiboak erabiliz. Besteak beste, eremu-azterketa, inkesta, tokian tokiko ebaluazioa eta enkarguzko lanak. [15]
- Pobrezia. Gure lan-taldeak pobrezia iraunkorra dagoen munduko-eremuetan jarduten du eta helburu nagusia txirotasuna bera murriztea eta, ahal dela, desagertarazten laguntzea. Horretarako enplegua sustatzea eta finantzabideak aurkitzea lan-ildoaren ardatzak dira. Gehienbat Ekialdeko Afrikan eta Hegoaldeko Asian jartzen da arreta. [16]
- Zergak eta finantza publikoak. Garapen-bidean dauden herrialdeetan zerga-sistema hobetzeko irtenbideak jorratzen dira, betiere kanpoko laguntzaren mendekotasunetik ihes egiteko eta horrela herrialdearen tokiko finantza-baliabideak bultzatzen dira tokiko autonomia ekonomikoa indartu eta sendotzeko. [17]
- Zuzenbidea eta erakunde juridikoak. Giza eskubideak ikertzen dira gizarte-aldaketa hobea lortzea helburu hartuz. Batez ere. talde txiroek eta zokoratuek justiziara iristeko aukera izan dezaten [18]
- Ustelkeria. Ustelkeriaren eragin ezin okerragoa ekiditeko haren zergatiak aztertu eta haren aurkako ekimenak proposatzen dira. Era guztietako baliabideak biltzen dira, hala nola, onlineko ikastaroak, tailerrak, blogak eta laguntza-zerbitzua. Oro har, ustelkeria bera sorrarazten duten mekanismoak antzeman eta nola egin aurre da alor honetako xedea. [19]
- Migrazioa. Jendearen migratzea edo alde egitearen eragileak eta bidean aurkitzen dituzten zailtasun eta oztopoak ere ikertzen ditugu. Oroz gain, Mendebaldeko eta Ekialdeko Afrikan, Hegoaldeko Asian, Ekialde Ertainan eta Europan aritzen dira adituak [20]
Sariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erakunde honek 2014an Chr. Michelsen saria abian jarri zuen. Sari honek 50.000 koro norvegiar banatzen ditu eta helburua gizarte-garapenaren eremuan ikerkuntza bultzatu eta sustatzea da. Bi urterik behin egiten da eta 40 urtetik beherakoa izan behar du sarian esku hartu nahi duenak. Chr. Michelsenek egindako lanaren aintzastapenaren adierazgarria da. [21] [22]
Saridunak[23]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| Urtea | Saritua | Gaia |
|---|---|---|
| 2026 | Antoine de Bengy Puyvallée | Mundu mailako osasun-gobernantza, pandemiei aurre egiteko prestakuntza eta erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetza. |
| 2024 | Pauline Lemaire | Albisteak lortzeko gazteek egiten duten erabilera desegokia |
| 2022 | Aida Cuni-Sanchez | Afrikako mendiko baso tropikaletan karbonoaren gordekin handiak |
| 2020 | Vincent Somville | Aurrezpena: India landatarrean egindako esperimentuaren ebidentzia |
| 2018 | Maja Janmyr | Ez da asilo-lurraldea: 1951eko Errefuxiatuen Estatutuaren Hitzarmenean Libano ez onartzea |
| 2016 | Francesca R. Jensenius | Ordezkaritzan oinarrituriko garapena? Indiako kastentzako kuoten azterketa |
| 2014 | Carl Henrik Knutsen | Demokrazia, nazio-garapena eta hazkunde ekonomikoa |
Gamlehaugen jauregia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1898an Christian Michelsenek erosi zuen jauregi hau. Eraikina oso egoera txarrean zegoen, zenbait urtetan abandonatua egon zelako. Eraikina eraitsia izan zen eta Jens Zetlitz Monrad Kielland arkitektoak diseinatu egin zuen hurrengo urteetan Michelsenen bizilekua izango zen jauregi hau. Kanpoko itxurak gaztelu frantziarrak zein eskoziarrak gogorazten ditu eta ingeles erara diseinaturiko lorategi ederrak inguratzen du. Dena delarik, barrutik norvegiar bikingoen kulturaren eragina eta isla ditu. Esan beharra dago gaztelua eraiki zenean Norvegian nazio-sentimendu handia zegoela. Izan ere, Norvegia suediatik banandu berritan zegoen eta horrek bere eragina izan zuen barruko diseinuan. Kanpoko diseinuari dagokionez, aipatzekoa da Michelsenek miresmen handia zuela Frantzia eta Eskoziarekiko. Bertan bizi izan zen 1905ean 1925ean zendu arte.[24]
1925ean hil zenean, Michelsenek testamentuan adierazi bezala, jauregia Bergen herriarentzat izan zen eta harrezkeroztik jabetza nazionalaren maila du, alegia, Norvegiako gobernuak du jabetza eta bertan dagoen museoa eta lorategia bisitatu daitezke. Bertakoentzat zein hurbiltzen den edozeinentzat irekita dago, hala nahi izan zuelako Michelsenek. Bestalde, errege-familiaren egoitza ekaizaten da tarteka, gehienbat Bergeneko Nazioarteko Jaialdia egiten denean eta bai harrera ofizilak egin behar izaten direnean.[25]
1925eko ekainaren 29an hil zen eta Bergengo hilerrian ehortzi zuten. Hileta-elizkizunetan Norvegiako Hon Vaak erregea. Storting-eko, Norvegiako parlementuko, buru Ivar Lykke, lehen ministro Johan Ludvig, eta Michelsenen hiru gobernukide: Edvard Hagerup Bull, Gunnar Knudsen y Kristofer Lemkuhl. Bestalde, bere jaioterriko bizilagunak eta hainbat tokitatik etorritako norvegiarrak bertaratu ziren Michelsoni agur egiteko. Elizkizunean Giza Zerbitzuko Urrezko Domina eman zitzaion.[26]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Norvegieraz [bokmål]) Thowsen, Atle; Mardal, Magnus A.. (2026-04-29). Christian Michelsen. (kontsulta data: 2026-06-01).
- ↑ (Ingelesez) regjeringen.no. (2013-05-14). «Christian Michelsen» Government.no (kontsulta data: 2026-06-01).
- ↑ (Ingelesez) «Christian Michelsen | Liberal Politician, Norwegian Statesman | Britannica» Encyclopedia Britannica (kontsulta data: 2026-06-07).
- ↑ (Ingelesez) regjeringen.no. (2013-05-14). «Christian Michelsen» Government.no (kontsulta data: 2026-06-07).
- 1 2 (Norvegieraz [bokmål]) Sejersted, Francis. (2025-12-31). Unionsoppløsningen i 1905. (kontsulta data: 2026-06-01).
- ↑ (Norvegieraz [bokmål]) Sejersted, Francis. (2025-12-31). Unionsoppløsningen i 1905. (kontsulta data: 2026-06-01).
- ↑ (Norvegieraz [bokmål]) folkeakademier. 2024-11-25 (kontsulta data: 2026-06-01).
- ↑ (Ingelesez) «Chr. Michelsen Institute (CMI) | NORCA» www.norca.lu.se (kontsulta data: 2026-06-02).
- ↑ «Chr. Michelsen Institute (CMI) | Devex» www.devex.com (kontsulta data: 2026-06-02).
- ↑ (Norvegieraz [bokmål]) Thowsen, Atle; Mardal, Magnus A.. (2026-04-29). Christian Michelsen. (kontsulta data: 2026-06-01).
- ↑ «Chr. Michelsen Institute (CMI) | Devex» www.devex.com (kontsulta data: 2026-06-02).
- ↑ (Ingelesez) «Gender» CMI - Chr. Michelsen Institute (kontsulta data: 2026-07-22).
- ↑ (Ingelesez) «Democracy and Governance» CMI - Chr. Michelsen Institute (kontsulta data: 2026-07-22).
- ↑ (Ingelesez) «Climate and Natural Resources» CMI - Chr. Michelsen Institute (kontsulta data: 2026-07-27).
- ↑ (Ingelesez) «Conflict» CMI - Chr. Michelsen Institute (kontsulta data: 2026-07-27).
- ↑ (Ingelesez) «Poverty» CMI - Chr. Michelsen Institute (kontsulta data: 2026-07-29).
- ↑ (Ingelesez) «Tax and Public Finance» CMI - Chr. Michelsen Institute (kontsulta data: 2026-07-29).
- ↑ (Ingelesez) «Rights and Legal Institutions» CMI - Chr. Michelsen Institute (kontsulta data: 2026-07-29).
- ↑ (Ingelesez) «Corruption» CMI - Chr. Michelsen Institute (kontsulta data: 2026-07-29).
- ↑ (Ingelesez) «Migration» CMI - Chr. Michelsen Institute (kontsulta data: 2026-07-29).
- ↑ (Ingelesez) «Call for nominations to the Chr. Michelsen prize» CMI - Chr. Michelsen Institute (kontsulta data: 2026-06-03).
- ↑ (Ingelesez) «Chr. Michelsen pris – for fremragende utviklingsforskning» www.chrmichelsenspris.no (kontsulta data: 2026-06-03).
- ↑ (Ingelesez) «Antoine de Bengy Puyvallée - Centre for Global Sustainability» www.globe.uio.no (kontsulta data: 2026-06-03).
- ↑ «Gamlehaugen» www.royalcourt.no (kontsulta data: 2026-06-02).
- ↑ «Statsbygg» www.statsbygg.no (kontsulta data: 2026-06-02).
- ↑ {{country data {{{1}}} | flaglink/core | variant = | size = | name = | altlink = national netball team | altvar = netball }} «Christian Michelsen – lokalhistoriewiki.no» lokalhistoriewiki.no (kontsulta data: 2026-06-07).