Iparraldeko elorri zuri
Iparraldeko elorri zuri | |
---|---|
![]() | |
Iraute egoera | |
![]() Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Rosales |
Familia | Rosaceae |
Generoa | Crataegus |
Espeziea | Crataegus monogyna |
Iparraldeko elorri zuri (Crataegus monogyna) Rosaceae familiako Crataegus generoaren espeziea da.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zuhaixka hostoerorkor handia da, baldintza onetan 10 metro luze hazi daiteke, zuhaitz txiki bateko itxura hartuz.
Asko adarkatzen den espeziea da, adar ugari eta tamaina ezberdinekoak osatuz.
Azala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Azala lodia eta arre kolorekoa du, zimurtua eta erroitz laranjaz betea.
-
Enborraren azala
Hostoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hostoak erorkorrak, sinpleak eta lobulatuak dira, perrexilaren itxurakoak. Aurkako eran jarritako 3-7 lobulu sakon ditu hosto bakoitzak.
-
Hostoak
-
Hostoak udazkenean
Loreak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Loraldia zuria da, ikusgarria eta lore ugariz betea, zuhaixka guztia zuriz hornitzen delarik.
Intsektuak oso garrantzitsuak dira espezie hau ugaldu eta biderkatu ahal izateko, polinizazioa burutzen dutenak direlako.
-
Lore zuriak
-
Intsektu bat loreak polinizatzen
Fruituak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fruituak gorriak dira, sagartxo txikien itxurakoa. Jaki garrantzitsuak dira txorientzat, udazkenean eta neguan zuhaixka eta zuhaitzen fruituetan baitute hornidurarik esanguratsuena.
-
Elurri zuriaren fruituak
Banaketa eremua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europan, iparraldeko Afrikan eta mendebaldeko Asian du jatorria eta munduko beste eskualdeetan espezie inbaditzailetzat jotzen dute[1].
Hezetasuna gustuko duen zuhaixka da, beraz Euskal Herri hezean oso ugaria da. Euskal Herriko hegoalde lehorragoan ere ageri da, batez ere ibarretan eta mendietan gotorturik.
Ekologia eta habitata
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hezetasuna behar duen zuhaixka da, ez du lehorte luzeak gustuko. Lur sakon eta freskoetan du bere habitat atseginena eta beste zuhaixka espezie ezberdinekin bizi da baso mistoetan, basoa beraren oihanpea osatuz.
Zuhaixka hauek garrantzia ekologiko handia dute intsektuak eta txoriak elikatzen baitituzte beraien lore zein fruituekin.
Erabilerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sendabelar moduan gutxiegitasun kardiakoa hobetzeko erabiltzen dute eta insomnioa dutenei loa eragiteko erabil daiteke, besteak beste.[2]
Iparraldeko elorri zuria familia bereko fruta-arboletarako oin bezala ere erabiltzen da, zuhaixka moldakorra eta bakterioei erresistentea delako. Fruitu hauek txertatzeko erabiltzen da: sagarra, mizpira, udareak eta irasagarra[3]
Bere zura gogorra eta trinkoa da, zuria, batzuetan marroi gorrixkaz tindatua. Haltza zuriaren oso antzekoa da, eta orban marmokadunak ditu[4]. Antzina, pieza mekanikoetarako erabiltzen zen (marruskadurarekiko erresistentzia handia zuen zura), arotzeria txikirako eta torneaketarako (upel-txorrotak). Erregai ona da[5] .
Etnobotanika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskal Herrian elorri zuria tximistaren aurka babesteko erabili izan da, soinean eramanez edo ateetan bere egurraz egindako gurutzeak jarriz[6]. Kondairaren arabera, Arantzazuko Ama Birjina, Gipuzkoako zaindaria, elorri zuri baten gainean agertu zitzaion artzain bati[7] eta Kristoren koroa elorri zuriaren arantzez egina zela uste da. San Joan bezperako suan elorri zuria eta laharrak erretzen zirela jaso zen Amezketan[8].
Germaniar mitologian, loa ekartzen du elorri zuriaren arantza bat ukitzeak eta horrela adierazten da hainbat mitoetan eta garai berriagoetako ipuinetan. Völsunga sagan, adibidez, Sigurdek, desiratzen duen Brynhildr neska lokarrarazten du elorri zuriaren arantza bati esker, eta Loti Ederraren ipuinean, neska iruteko ardatzaren puntarekin ziztatzean lokartzen da; ardatza, elorri zuriaren egurraz egina baita. Islandieraz, landarearen izena svefnthorn (“loaren elorri”) da.
Valladolideko Bajoz ibaiaren bailaran, Santa María de la Santa Espina bat dago (Arantza Sainduaren Ama birjina)[9]
Jatorri zeltak dituzten herrialdetako folklorean, Irlandan adibidez, ireluak elorri zuri isolatuen azpian agertzen ziren, eta elorri zuriak orokorrean, ezin ziren moztu maiatzean baizik (maiatzeko zuhaitza ere deitu izan diote), edo arrazoi on bat ez bazegoen, eta beti ere, barkamena eskatu ondoren[10]. Folklore gaelikoan, elorria (gaelikoz, Sgitheach) Beste Munduaren sarrera da eta ireluekin lotzen da.[11]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Philips, R.. (1979). Trees of North America and Europe. New York: Random House, Inc. ISBN 0-394-50259-0..
- ↑ Peiró, P. S., & Lainez, M. C. T. (2017). «ESPINO ALBAR Majuelo Crataegus monogyna-oxyacanta». Medicina naturista, 11(1), 20-24.
- ↑ (Ingelesez) Fichtner, André; Wissemann, Volker. (2021-01). «Biological Flora of the British Isles: Crataegus monogyna» Journal of Ecology 109 (1): 541–571. doi: . ISSN 0022-0477. (kontsulta data: 2022-08-08).
- ↑ Dumé, Gérard. (DL 2018). Flore forestière française : guide écologique illustré. 1, Plaines et collines. (Nouvelle édition. argitaraldia) ISBN 978-2-916525-47-1. PMC 1083783603. (kontsulta data: 2022-08-08).
- ↑ Lieutaghi, Pierre, .... (2004). Le livre des arbres, arbustes & arbrisseaux. (Nouv. éd. argitaraldia) Actes Sud ISBN 2-7427-4778-8. PMC 470419220. (kontsulta data: 2022-08-08).
- ↑ (Gaztelaniaz) Espina de espino – El arca de no sé. (kontsulta data: 2022-08-08).
- ↑ «Agerralditik 1553ra» www.arantzazu.org (kontsulta data: 2022-08-08).
- ↑ «elorri zuri - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (kontsulta data: 2022-08-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) Giner, Daniel Climent. (2011-09-01). «El espino blanco y el oráculo de Agamenón» Revista Mètode (kontsulta data: 2022-08-08).
- ↑ (Ingelesez) «Hawthorne tree facts» Trees for Life (kontsulta data: 2022-08-08).
- ↑ (Ingelesez) Campbell, John Gregorson. (1900, 1902, 2005). The Gaelic Otherworld : Superstitions of the Highlands and the Islands and Witchcraft and Second Sight in the Highlands and Islands of Scotland. Edinburgo: Birlinn Ltd, 345 or. ISBN 1841582077..
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
![]() |
Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |