Denbora neurgailuen historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Denbora neurtzeko tresnen historia» orritik birbideratua)
Klepsidra baten funtzionamendu eskema

Denbora magnitude fisiko bat da, gertakarien arteko tartea neurtzen duena eta iraganean, orainaldian eta etorkizunean kokatzea ahalbidetzen duena. Nazioarteko Sistemaren unitatea segundo (s) da.

Oro har, denboraren neurketari kronometria deritzo. Hitz hau grezierazko «χρονος» (denbora) eta «μετρια» (neurketa) hitzetatik sortua da.[1] Historian zehar hainbat saio egin dira denbora neurtzeko, gero eta zehatzagoak, garai bakoitzean tresna eta baliabide bereziak erabiliz. Bi baliabide nagusien historiak aipatuko ditugu: egutegien eta denbora neurgailuen historia, hain zuzen ere. Egutegiak denbora antolatzeko tresna matematikoak dira eta egun, urte eta mendeetako periodo luzeak neurtzeko helburuarekin asmatu izan dira; denbora-neurgailuak bestalde, denbora-tarte txikiagoak zehatz neurtzeko.

Egutegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egutegia denboraren igarotzea kontatzeko metodo bat da, zehazki, egunak antolatzeko sistema bat.

Etimologikoki, egutegi terminoa «calendas» hitzetik dator, eta erromatar egutegiko hilabetearen lehen eguna adierazten du. Deitu (latinez “calare”) aditzarekin lotura dauka ere, ilargia lehen aldiz ikusten den momentuari Ilargi berriaren "deia" esaten zitzaiolako. Latinez, «calendarium» "kontuen liburua" esan nahi zuen, kontuak likidatu egiten baitziren eta zorrak hil bakoitzeko “calendarium"-etan kobratzen baitziren.[2] Latindar terminoa frantses zaharrean «calendier» gisa hartu zen, eta geroago ingelesean XIII. mendean «calender» gisa hartu zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egutegi zaharrena Aberdeenshireko (Eskozia) monumentu mesolitiko batean aurkitu zuten arkeologo britainiarrek. K.a. 8000 urte ingurukoa dela uste da, eta Eguzkiaren eta Ilargiaren faseetatik abiatuta neurtzen du denbora.

Egiptoko egutegia K.a. hirugarren milurtekoaren hasieran sortu zen, eta Historiako lehen eguzki-egutegi ezaguna da.[3]

Hurrengo egutegi mota nabarmengarri bat egutegi erromatarra da, K.a. 800 urte inguruan sortutakoa. Hau izan zen Antzinako Erroman denbora banatzeko lehen sistema. Tradizio mitikoaren arabera, lehen bi erregeetako batek sortu zuen erromatar egutegia: Romulo.

Urte erromatarraren hasiera ez zen urtarrila, gaur egun bezala, martxoa baizik, eta abendura arte iristen zen (10 hilabetez osatuta zegoen). Egutegiko hamar hilabete hauei Martius, Aprilis, Maius, Iunius, Quinctilis, Sextilis, Septembris, Octobris, Novembris, Decembris deitzen zitzaien.

Hilabeteen iraupena 31 egunekoa zen lau hilabeterako (Martius, Maius, Quinctilis eta Octobris), eta 30 egunekoa gainerakoetarako. Beraz, hilabeteen iraupena hurrenez hurren geratzen zen: 31, 30; 31, 30; 31, 30, 30; 31, 30, 30, 30, 30, 30; eta urteko iraupen osoa 304 egunekoa zen.

Gregorio XIII. Aita Santua, Lavinia Fontanak egindako erretratuan.

Geroago  K.a. 700. urtearen inguruan Numaren urtea ezarri zen ( Erromako bigarren erregeak, Numa Pompiliok, sortua), hamabi hilabete eta 355 egun zituena. Orduan, urtea honela geratzen zen: Martius, 31 egun; Aprilis, 29 egun; Maius, 31 egun; Iunius, 29 egun; Quinctilis, 31 egun; Sextilis, 29 egun; Septembris, 29 egun; Octobris, 31 egun; Novembris, 29 egun; Decembris, 29 egun; Anuiarius, 29 egun.[4]

K.a. 45 urtean, Julio Zesarrek beste egutegia egiteko eskatu zion Alexandriako Sosígenes astronomoari: egutegi Juliotarra. Hark finkatu zuen urteko iraupena 365 egun eta sei ordutan. Kalkulu hori oso zehatza izan zen, garai hartako instrumentu errudimentarioak kontuan hartuta; izan ere, urtero 11 minutu eta 9 segundoko errorea baino ez zeukan, hau da, egun bakoitzeko segundo bat baino gutxiagoko errorea. Konplikazioak saihesteko, 365 eguneko iraupena hartu zen, eta urteari hamar egun gehitu zizkion (lehen 355 egunekoa zen). 6 ordu horiek orekatzeko, arau hau ezarri zuen: lau urtero, egun bakar bat tartekatu behar zen hilabete batean.[5]

Julio Zesarrek erabaki zuen urtea urtarrilaren 1ean hasiko zela, egun horretan enperadoreko funtzionarioek beren kargua hartzen baitzuten.[6]

Egutegi gregorianoaren 10 egunen doikuntza-erreforma 1582an.

Hainbat urte pasa ostean (1582 urtean zehazki), egutegi Juliotarraren inperfekzioak ikusita, Gregorio XIII.a Aita Santuak Luis Lilio eta Christopher Clavius jesuita alemanari egutegi Gregorianoa sortzeko bidea eman zien. Erreforma hau bi alde bereizgarri izan zituen:

Alde batetik, udaberriko ekinozioa 10 egun aurreratu zenez, kendu egin ziren urtaroen zikloa doitzeko. Doikuntza hori 1582ko urriaren 4an (osteguna) egin zen, eta hurrengo eguna urriaren 15a (ostirala) izan zen.[7]

Beste aldetik, emaitza hori etorkizunean mantendu ahal izateko, azken bi zifrak zero dituzten urte bisustuak ez lirateke bisustu izango, lehen bi zifrak laugatik zatigarri badira izan ezik. Horrela, egutegi juliotarrean bisustu diren 1600, 1700, 1800, 1900 eta 2000. urteetatik, gregorianoan 1600 eta 2000 besterik ez dira; beraz, lau mendean behin hiru egun kentzen dira.

Egutegi hau hainbat herrialdeetan ezarri zen pixkanaka, eta gaur egun munduan gehien erabiltzen den egutegi zibikoa da.

Euskal egutegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskal egutegia»

Euskal egutegia  antzinako euskaldunek erabiltzen omen zuten egutegia da.

Antzinako euskal asteak hiru egun zeuzkan: astelehena, asteartea eta asteazkena. Urteko hilak, ordea, mundu zabalean bezala, ilargiaren arabera antolatu ziren, haien izenek erakusten diguten moduan (urtarrIL, otsaIL eta abar).

Iritsi zaigun euskarazko egutegi antzinakoena Joanes Leizarragak egindako itzulpena da, Kalendrera izenekoa (Arroxelan, 1571). Bertan, juliotar egutegiaren azalpenak ematen dira, bisurtea eta ilargialdiak nola kalkulatu. Hauek dira bertan agertzen diren 12 hilabeteak: urtarrila, otsaila, martxoa, apirila, maiatza, ereiaroa, uztaila, agorrila, buruila, urria, hazila eta abendua.[8]

Zehaztasun tresnak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguzki erlojua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguzki erlojua.

Eguzki erlojua eguzkiak zeruan daukan posizioaren arabera eguneko ordua adierazten duen gailua da.

Plater lau eta gnomon izeneko objektu luze batez dago osatuta, eta bigarren honek plateraren gainean itzal bat botatzen du. Gnomon-ak (grezieraz «γνώμων» hitzak “gidari”, “adierazle” edo “maisu” esan nahi du) eskaladun azalera baten gainean jaurtitzen duen itzala erabiltzen du Eguzkiaren posizioa adierazteko. Gnomonaren kokapenaren eta eskalaren formaren arabera, denbora mota ezberdinak neur daitezke, zeinetatik ohikoena irudizko eguzki denbora den. Eguzki erlojuei buruzko ezagutza biltzeaz eta teoriak osatzeaz arduratzen den zientzia nomonika da.

Ezagutzen diren lehen etxeko erlojuak, aurkikuntza arkeologikoen arabera, Antzinako Egiptoko eta antzinako astronomia babilonikoko eguzki erlojuak dira (K.a. 1500). Garai bereko antzinako erloju analematikoak (K.a. 1500 inguruan) eta haien prototipoa gaur egungo Errusiako lurraldean aurkitu dira.[9]

Eguzki erloju bat hemisferio batean erabiltzean, latitude jakin batean, alderantzikatu egin behar da beste hemisferioko latitudean erabiltzeko. Ipar hemisferioan hego erloju bertikal bat, Hego hemisferioan ipar erloju bertikala bihurtzen da. Eguzki erlojua zuzen kokatzeko, benetako Iparra edo Hegoa aurkitu behar da. Gnomonak, latitude egokian ezarrita, benetako Hegoaldea adierazi behar du Hego hemisferioan, eta Ipar hemisferioan benetako Iparraldea adierazi behar du.

Bere plaka horizontalekin hemisferio batean erabiltzeko diseinatutako eguzki erlojuak plaka bertikalekin erabil daitezke beste hemisferioko latitude osagarrian. Adibidez, Perth-en (Australia) dagoen eguzki-erloju horizontalak, hegoaldeko 32 graduko latitudean dagoenak, behar bezala funtzionatuko luke 58 graduko latitudera (hau da, 90–32 gradu iparraldera) bideratutako horma bertikal batean muntatuta, Perthen (Eskozia).

Ur erlojua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katilu-formako ur-erlojua.

Ur erloju bat edo klepsidra ( «κλεψύδρα» grekeraz ) denbora neurtzeko tresna bat da. Likido-fluxu erregulatu baten bitartez, ontzi baten barrurantz (sarrera-mota) edo kanporantz (irteera-mota) igarotzerakoan denbora neurtzen da. Ondoren likidoaren kantitatea neurtzen da.

Ur-erlojuak denbora neurtzeko tresna zaharrenetarikoak  dira. Katilu-formako ur-erlojuek sinpleenak dira, eta badakigu Babilonian, Egipton eta Pertsian K.a. XVI. mendearen inguruan existitzen zirela jadanik. Munduko beste eskualde batzuek ere, India eta Txina barne, ur-erlojuen existentzien ebidentzia  dute, baina data goiztiarrak ez dira hain zehatzak. Autore batzuek diote, ordea, ur-erlojuak Txinan agertu zirela K.a. 4.000. urtean.

Diseinua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ur-erloju batek ur-fluxua erabiltzen du denbora neurtzeko. Biskositatea kontuan hartzen ez bada, erloju horiek aztertzeko behar den printzipio fisikoa  Torricelliren legea da edo, oro har, Bernoulliren printzipioa.

Biskositatea kontuan hartzen badugu, fluxuaren irteera-abiadura biskositatearen menpe egongo da. Ura pita luze eta mehe batetik igarotzen bada, Hagen–Poiseuille ekuazioa erabili behar izango dugu. Gutxi gorabehera, emaria biskositatearekiko alderantziz proportzionala den diseinurako da, tenperaturaren araberakoa. Likidoak, normalean, likatsu bihurtzen dira tenperatura handitu ahala. Uraren kasuan, biskositatea zerotik 100era bitarteko Celsius faktorean aldatzen da. Hala, pita hori duen ur-erlojuak zazpi aldiz azkarrago funtzionatuko luke 100 °C-tan 0 °C-tan baino.

Klepsidraren funtzionamendua.

Bi ur-erloju mota daude: sartzen den ur-jarioan oinarritutakoa eta irteten den ur-jarioan oinarritutakoa. Ur-fluxua kanporantz doan erloju batean, ontzi bat urez betetzen da, eta ura poliki-poliki eta uniformeki ontzitik  drainatzen da ontzitik kanpo. Ontzian marka batzuk daude denboraren igarotzea erakusteko. Ura ontzitik atera ahala, behatzaile batek ikus dezake marka horien arabera non dagoen ur-maila, eta esan dezake zenbat denbora igaro den. Beste motatako erlojuak funtsean modu berean funtzionatzen du, baina, ur-fluxua edukiontzi batetik ateratzen da eta markatuta dagoen beste ontzi bat betetzen du. Ontzia bete ahala, behatzaileak ikus dezake non dagoen ura, eta esan dezake zenbat denbora igaro den.

Erloju moderno batzuei "ur-erlojuak" deitzen zaie, baina ez dute modu berean funtzionatzen. Haien ordutegia pendulu batek zuzentzen du, baina ura beste helburu batzuetarako erabiltzen dute, adibidez, erlojua gidatzeko behar den energia emateko ur-gurpil bat edo antzeko zerbait erabiliz, edo ura pantailetan erakutsiz.

Greziarrek eta erromatarrek aurrera egin zuten uretako erlojuaren diseinuan, sarrerako clepsydran feed-back sistema bat, makineria eta ihes-mekanismo bat sartuz. Hobekuntza horiek zehaztasuna hobetzea lortu  zuten. Bizantzion, Sirian eta Mesopotamian beste aurrerapen batzuk egin ziren, non gero eta zehatzagoak ziren ur-erlojuek engranaje konplexu segmentarioak eta epiziklikoak, ur-gurpilak eta programagarritasuna gehitu baitzituzten, eta, azkenean, Europara iritsi ziren. Hala ere, txinatarrek beren ur-erloju aurreratuak garatu zituzten, engranajeak, ihes-mekanismoak eta ur-gurpilak gehituz eta beren ideiak Korea eta Japoniara pasatuz.

Ur-erlojuen diseinu batzuk modu independentean garatu ziren, eta ezagutza batzuk merkataritzaren hedapenaren bidez transferitu ziren. Lehen ur-erloju horiek eguzki erloju batekin kalibratu ziren. Nahiz eta gaur egungo doitasun-mailara ez iritsi, erloju urtarra izan zen erlojurik zehatzena eta gehien erabili zena milurtekoetan, harik eta XVII. mendeko Europan pendulu-erloju zehatzagoek ordezkatu zuten arte.

Astrolabioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Astrolabio baten atalen diagrama.

Astrolabioa antzinako tresna astronomikoa da, izarrek zeruan duten posizioa eta altuera zehazten laguntzen duena. Astrolabio hitza grekozko «σορολάβιον»-etik dator etimologikoki, [10] eta "izar-bilatzaile" esan nahi du.

Astrolabioa nabigatzaileek, astronomoek eta zientzialariek erabiltzen zuten;  oro har, astroak aurkitu eta haien mugimendua behatzeko, latitudearen arabera ordua zehazteko edo, alderantziz, ordua ezagutuz latitudea ikertzeko. Triangelaketa bidez distantziak neurtzeko ere balio du. Triangelaketa trigonometriaren erabilera puntuen posizioak, distantzia-neurketak edo irudien azalerak zehazteko metodoa da.[11]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. 200-100 urte bitartean asmatu zen, uste denez eta XVIII. mendean sestantea asmatu zen arte, nabigazio-tresna nagusia izan zen.

Ptolomeok idatzitako Tetrabiblos (Quadripartitum latinez) liburua, 1622.

Esaten da astrolabioa Apolonio Pergakoak asmatu zuela lehen aldiz zibilizazio helenistikoan, K.a. 220 eta 150 bitartean, baina sarritan Hiparcori esleitzen zaio asmakuntza. Theon Alejandriakoak (K.o. 335 – K.o. 405) astrolabioari buruzko tratatu zehatza idatzi zuen, eta Ptolomeok Tetrabiblos erregistratutako behaketa astronomikoak egiteko astrolabio bat erabili zuen.

Astrolabioak Erdi Aroko mundu islamiarrean garatu ziren, non astronomo musulmanek eskala angeluarrak sartu baitzituzten diseinuan, zirkuluak gehitzen, angelu azimutala zeruertzean adieraziz. Oso tresna erabilgarria izan zen mundu musulmanean, batez ere nabigazioaren arloan laguntzeko eta Qibla, Mekaren norabidea, aurkitzeko. XVIII. mendeko Muhammad al-Fazari matematikaria mundu islamiarrean astrolabioa eraiki zuen lehen pertsona egiaztatua da.[12]

Mundu islamiarrean, astrolabioak egunsentiaren ordua eta izar finkoen hazkundea aurkitzeko erabili ziren, goizeko otoitzak programatzen laguntzeko.

Itsas kronometroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsas kronometroa erloju mekaniko bat da, denbora zehaztasun handiarekin neurtzen duena. Jatorriz ontzi batean itsas zabalean eramateko diseinatu egin zen. Denbora zehaztasun handiarekin neurtu behar zuen ordutegi estandar bezala erabili ahal izateko ontziaren luzera geografikoa jakiteko helburuarekin. Horretarako, ontziaren ordua ordu lokalarekin konparatzen zen kalkulu astronomikoen bitartez. Esekidura cardán baten gainean jartzen ziren ontziaren mugimenduen efektuei aurka egiteko.

John Harrison (1693-1776).

XVIII. mendean lehen aldiz garatu zenean, lorpen tekniko handia izan zen, nabigaziorako itsas bidaia luze batean denbora zehatz-mehatz ezagutu behar baitzen, laguntza elektronikorik edo komunikaziorik gabe.

Benetako lehen kronometroa John Harrison-en bizi-lana izan zen. 31 urteko esperimentazioa eta proba iraunkorrak egin zituen, ontzigintzan (eta gero airean) iraultza eragin zutenak, eta aurkikuntzaren eta kolonialismoaren aroa bizkortzen lagundu zutenak.[13]

Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

John Harrison-en itsas kronometroa (H4 modeloa), giltza emateko biraderarekin batera.

Lurraren azalean kokapen bat zehazteko, beharrezkoa eta nahikoa da latitudea, longitudea eta altitudea ezagutzea. Jakina, altitudeari buruzko gogoetak ez dira kontuan hartzen itsas mailan jarduten duten ontzientzat. 1750eko hamarkadaren erdialdera arte, itsasoan doitasunarekin nabigatzea ebatzi gabeko arazoa zen, luzera kalkulatzea zaila baitzen. Zeruko mugimendu erregularrak behatzea, hala nola Galileoren metodoa, Jupiterren satelite naturalak behatzean oinarritua, normalean ezinezkoa zen itsasoan, ontziaren mugimenduaren ondorioz. Ilargiko distantzien metodoa, Johannes Wernerrek 1514an proposatua, itsas kronometroarekin paraleloan garatu zen. Gemma Frisius zientzialari holandarra izan zen 1530eko luzera zehazteko kronometro baten erabilera proposatu zuen lehena.

Nabigatzaileek erraz zehaztu dezakete latitudea, eguerdian eguzkiak horizontean duen angelua neurtuz (hau da, zeruko puntutik altuenera iristen denena). Hala ere, luzera aurkitzeko, ezinbestekoa da  zehaztasunez ezagutzea ontzian erreferentziazko denbora estandar bat.

Kronometro baten helburua kokapen finko ezagun baten ordua zehaztasunez neurtzea da, adibidez, Greenwich Mean Time (GMT). Hau oso garrantzitsua da nabigazioan. Edozein lekutik GMTa ezagutzeak aukera ematen dio nabigatzaileari ontziaren posizioaren eta Greenwich meridianoaren arteko ordu-diferentzia jakiteko, eta horrela, ontziaren luzera zehazteko. Lurra erritmo erregularrean biratzen duenez, kronometroaren eta ontziaren ordu lokalaren arteko denbora-aldea erabil daiteke ontziaren luzera kalkulatzeko Greenwich meridianoarekiko (0º gisa definitua). Trigonometria esferikoa erabili behar da.

Praktikan, Greenwich-eko ordu lokala jakinda, ur-almanakatze batekin eta  trigonometria  taulekin nabigatzaileek  haien koordenadak jakin dezakete Eguzkiaren, Ilargiaren, ikus daitezkeen planeten edo nabigaziorako hautatutako 57 izarren posizioei erreparatuz.

XX. mendera arte, denbora neurtzeko gailurik onenak penduluzko erlojuak ziren. Hala ere, ontzi baten errodadura itsasoan eta Lurraren grabitatean %0,2ra arteko aldaketak zirela eta, grabitatean oinarritutako pendulu sinple bat alferrikakoa zen itsasoan, bai teorian, bai praktikan.

Hondar erlojua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harea-erloju moderno bat.

Hondar-erlojua denbora jakin bat neurtzeko tresna mekanikoa da. Beirazko bi errezeptakulu ditu lepo batetik konektatuta, eta bertikalki kokatu eta gero material baten fluxu erregulatua onartzen du, normalean harea fina, goiko errezeptakulua guztiz hustu arte. Funtzionamenduak grabitatearen energia potentziala baino ez du eskatzen.

Neurtutako denboran eragina duten faktoreen artean, harearen kantitatea eta kalitatea, edukiontzien tamaina eta lepoaren zabalera daude. Harearen ordezkari ospetsuenak marmol-hautsa eta arrautza-oskolaren hautsa ziren.

Gaur egun, harea-erlojuak apaingarriak dira, edo gutxi gorabeherako denbora neurtzeko erabiltzen dira, adibidez, sukaldaritzan edo mahai-jokoetarako tenporizadoreetan.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Templanza hondar erloju batekin; Gobernu Onaren Alegoria-ko xehetasuna, Lorenzetti, 1338.

Hareazko erlojuaren jatorria ez da argia, nahiz eta Liutprando izeneko VIII. mendeko monje batek Europan sartu izan ahal zuen. XIV. mendetik aurrera hareazko erlojua ohiko tresna bihurtu zen[14]. Ambrogzetio Lorenzzetti-k "Gobernu Onaren Alegoria" freskoaren 1338ko irudikapena da ebidentziarik zaharrena. Hareazko erlojua Erdi Aroko Europan sortu zela uste da, clepsydra edo ur-erlojua ez bezala . Teoria horren oinarria Europako ontzietako bitakora koaderno gehienetan zeuden idatzizko lehen erregistroak dira. Erregistro idatziek hondar-erlojua aipatzen dute, eta itsasontzien horniduren zerrendetan agertzen da. Erregistro goiztiarrenetariko bat Thomas Stetesham-eko Ingalaterrako La George ontziko idazkariaren salmenta-agiria da, 1345koa.

Harea-erlojuak oso ezagunak ziren itsasontzietan, eta itsasoan neurketa fidagarrienak egiten zituztenak ziren. Klepsidrarekin ez bezala, nabigazioan itsasontziak egiten zuen mugimenduak ez zion eragiten harea-erlojuari. Harea-erlojuak material pikortsuak erabiltzen zituzten, likidoen ordez, neurketak zehatzagoak izateko; izan ere, klepsidrak kondentsazioa jasaten zuen haren barruan tenperatura-aldaketak gertatzean. Itsasgizonek aurkitu zuten hareazko erlojua gai zela luzera, ekialderako edo mendebalderako distantzia, puntu jakin batetik abiatuta, arrazoizko doitasunez zehazteko.

Harea-erlojua oso ospetsua izan zen lehorrean ere. Erloju mekanikoen erabilera finkatu ahala ikuskizunen ordutegiak (zerbitzu erlijiosoak, esaterako) adierazteko, denbora neurtzeko gailuen eskaera areagotu zuen. Hareazko erlojuak, funtsean, kostu txikikoak ziren, ez baitzuten teknologia sofistikaturik behar, eta haien materialak lortzea ez zen zaila. Hau dela eta, hare-erlojuen fabrikazioa ohikoa egin zen.[15]

1500. urtetik aurrera, harea-erlojuak garrantzia galdu zuen. Erloju mekanikoa garatu zelako gertatu zen hori, zehatzagoa, txikiagoa eta merkeagoa bihurtu baitzen. Horrek denbora neurtzea erraztu zuen.

Erloju digitala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erloju digitala zenbakien bidez ordua adierazten duen erlojua da. Erloju analogikoek, berriz, orratzak erabiltzen dituzte. Erloju digitalen funtzionamendua elektronikoa izan ohi da, baina badaude ordenagailu baten pantailan, erloju analogikoen nahiz digitalen moduan ager daitezkeen emuladore informatikoak.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakelako lehen erloju digitala Josef Pallweber ingeniari austriarraren asmakuntza izan zen[16]. 1883an "jump-hour" mekanismoa sortu zuen. Ohiko dialaren ordez, “jump-hour” mekanismoak bi leiho zituen esmaltezko dialean, eta horien bidez orduak eta minutuak disko birakarietan ikus zitezkeen.

1885erako Pallweberen mekanismoa poltsikoko erlojuen merkatuan zegoen. 1920ko hamarkadan agertu ziren Pallweberen jump-hour mugimenduaren printzipioak eskumuturreko erlojuetan, eta oraindik ere erabiltzen dira.

Josef Pallweber.
Plato erlojua, denbora igaro ahala aldatzen diren txarteltxoak dituena.

Geroxeago, plato erlojuek antzeko ideia erabili zuten baina diseinu desberdina. Erloju hau beirazko zilindro bat zen, barruan zutabe bat zuena. Zutabeari finkatuta, inprimatutako zenbakiak zituzten txartel txikiak zeuden, denbora igaro ahala iraultzen zirenak. Plato erlojuak, Ansonia Clock Company-k ekoitzitakoak, San Luiseko Mundu Ferian sartu ziren 1904an. New Yorkeko Eugene Fitch-ek erlojuaren diseinua patentatu zuen 1903an.[17]

Alarma-erloju digital baterako patenterik zaharrena D.E. Protzmannek eta bere bazkideek erregistratu zuten 1956ko urriaren 23an, Estatu Batuetan.

1970ean, LED pantaila zuen lehen erloju digitala ekoitzi zen seriean. Pulsar deitu zioten, eta Hamilton Watch Company-k ekoitzi zuen. Erloju hori bi urte lehenago asmatu zuten, konpainiak berak Kubrick-en film baterako (2001: A Space Odyssey) erloju digitalaren prototipo bat sortu zuenean.[18]

Funtzionamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erloju digitalek AC potentziaren 50 edo 60 hertzeko oszilazioa, edo 32.768 hertzeko kristalezko osziladorea erabiltzen dute; denbora mantentzeko kuartzozko erloju batean bezala.

Erloju digital gehienek eguneko ordua 24 orduko formatuan erakusten dute; Estatu Batuetan eta beste herrialde batzuetan, ordea, normalean erabiltzen den ordu-sekuentziako aukera 12 orduko formatua da (AM edo PM adierazpen batekin).

Antzeko estiloko aurpegien emultsioek LCD pantaila erabiltzen dute maiz, eta batzuetan "digital" gisa ere deskribatzen dira.

Erloju atomikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erloju atomikoen funtzionamendua fisika atomikoan oinarritzen da, zehazki, atomo batzuen elektroiek igortzen duten erradiazio elektromagnetikoan. Erradiazio hau agertzen da elektroiak energia maila batetik energia kitzikatuta dagoen beste maila batera aldatzen direnean.

Lehenengo erloju atomikoa 1949an eraiki zen AEBtan Willard Frank Libbyn-en eskuz. Horretarako, saritutako Isidor Isaac Rabir Nobel saridunaren teorian oinarritzen da: erresonantzia magnetiko molekularra eta atomikoa. Gaur egungo erlojuek, ordea, zesioa igortzen duten iturrien propietate fisikoetan oinarritzen dira eta hauek 1955ean eraiki ziren: Ingalaterrako National Physical Laboratoryn (NPL) eta Louis Essen eta John V.L. Parry izan ziren haren sortzaileak.[19]

Erloju atomikoak gaur egun ezagutzen ditugun erloju zehatzenak dira. Hori dela eta, hainbat arlotan erabili ohi dira, hala nola: telebista-emisioen maiztasuna kontrolatzeko, satelite bidezko mundu-mailako nabigazio sistemetan, GPSan…

Zesioko erloju atomikoa.

Erloju atomikoek denbora jarraitu eta egonkorreko eskala dute: Nazioarteko Denbora Atomikoa (TAI). Guk eguneroko erabilierarako beste eskala kronologiko bat erabiltzen dugu: Denbora Unibertsal Koordinatua (UTC). Eskala kronologiko hau TAItik eratorria da eta tartekatze-segundoak erabiliz sinkronizatzen da.

Gaur egungo erloju atomikoen zehaztasuna hain da handia, ezen 30 milioi urtean segundo bateko errorea bakarrik onartzen baitu. Erlojuak hain zehatzak izanda ere, Parisko Behatokian hainbat zientzialariak mundo erlojurik zehatzena diseinatzen ari dira. Bere helburua da gaur egungo erloju atomikoek 52 milioi urte behar izatea segundo bat desfasatzeko. Gainera, Frantziako ikerketaren helburu nagusia da zehaztasun hori 32 mila milioi urte handitzea etorkizun batean.[20]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) «CRONÓMETRO» Etimologías de Chile - Diccionario que explica el origen de las palabras (Noiz kontsultatua: 2021-11-09).
  2. (Gaztelaniaz) «Definición de calendario — Definicion.de» Definición.de (Noiz kontsultatua: 2021-11-09).
  3. (Ingelesez) «The Mayan and Other Ancient Calendars | Mathematical Association of America» www.maa.org (Noiz kontsultatua: 2021-11-09).
  4. (Ingelesez) «calendar | chronology» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2021-11-09).
  5. «The History of the Calendar - Calendar» web.archive.org 2020-12-02 (Noiz kontsultatua: 2021-11-09).
  6. (Gaztelaniaz) «¿Desde cuándo empieza el año el 1 de enero?» MuyHistoria.es 2019-12-30 (Noiz kontsultatua: 2021-11-09).
  7. Txantiloi:Es-GT 1582: los diez días que fueron suprimidos del calendario – Prensa Libre. (Noiz kontsultatua: 2021-11-09).
  8. «erabili.eus/ Euskaldunen ilargi-egutegia» www.erabili.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-09).
  9. The Prototype of Ancient Analemmatic Sundials. .
  10. (Gaztelaniaz) ASALE, RAE-; RAE. «astrolabio | Diccionario de la lengua española» «Diccionario de la lengua española» - Edición del Tricentenario (Noiz kontsultatua: 2021-11-09).
  11. (Gaztelaniaz) Ridpath, Ian. (2004). Diccionario de astronomía. Editorial Complutense ISBN 978-84-89784-70-3. (Noiz kontsultatua: 2021-11-09).
  12. «Islamic Science - An Instrument of Mass Calculation - Nastulus ( Baghdad 900 CA)» web.archive.org 2011-12-15 (Noiz kontsultatua: 2021-11-09).
  13. (Gaztelaniaz) «La importancia del Cronometro Marino (Calculo posicion)» Foro de Relojes (Noiz kontsultatua: 2021-11-09).
  14. «How hourglass is made - material, manufacture, making, history, used, components, machine, History, Raw Materials» www.madehow.com (Noiz kontsultatua: 2021-11-09).
  15. "The Operation of Sand Clocks and Their Medieval Development." Technology and Culture, Vol. 19, No. 4. .
  16. «DEPATISnet | DEPATISnet-Startseite» depatisnet.dpma.de (Noiz kontsultatua: 2021-11-09).
  17. «A Short History of Digital Clocks and Watches by @onlineclock» Alarm Clock Blog (Noiz kontsultatua: 2021-11-09).
  18. Ltd, Not Panicking. «h2g2 - The History of the Digital Watch - Edited Entry» h2g2.com (Noiz kontsultatua: 2021-11-09).
  19. «Wayback Machine» web.archive.org 2011-09-27 (Noiz kontsultatua: 2021-11-09).
  20. «Relojes Atómicos Espeluznantes | Ciencia de la NASA» ciencia.nasa.gov (Noiz kontsultatua: 2021-11-09).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]