Edukira joan

Stanley Kubrick

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Stanley Kubrick

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakStanley Kubrick
JaiotzaBronx eta New York1928ko uztailaren 26a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
 Erresuma Batua
Talde etnikoaestatubatuar judua
Lehen hizkuntzaestatubatuar ingelesa
HeriotzaChildwickbury Manor (en) Itzuli eta Harpenden1999ko martxoaren 7a (70 urte)
Hobiratze lekuaChildwickbury Manor (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: miokardio infartu akutua
Familia
Ezkontidea(k)Ruth Sobotka (en) Itzuli  (1954 -  1957)
Christiane Kubrick  (1958ko apirilaren 14a -  1999ko martxoaren 7a)
Seme-alabak
Hezkuntza
HeziketaCity College of New York (en) Itzuli
William Howard Taft High School (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakfilm-zuzendaria, argazki-zuzendaria, argazkilaria, zinema ekoizlea, gidoilaria, film-muntatzailea, kameraria, ekoizle exekutiboa, eszenografoa eta errealizadorea
Altuera169 zentimetro
Lantokia(k)Hollywood
Jasotako sariak
InfluentziakMax Ophüls
KidetzaWriters Guild of America, West (en) Itzuli
Genero artistikoamisteriozko zinema
beldurrezko zinema
thrillerra
Zinema beltza
psychological horror film (en) Itzuli
gerra-filma
ekintza-filma
abenturazko filma
psychological thriller film (en) Itzuli
film dramatikoa
krimenezko filma
film komikoa
zientzia-fikziozko filma
zinema historikoa
film dokumentala
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaateismoa

kubrickfilms.com
IMDB: nm0000040 Allocine: 520 Rottentomatoes: celebrity/stanley_kubrick Allmovie: p98221 TCM: 106014%7C141977 Metacritic: person/stanley-kubrick TV.com: people/stanley-kubrick
Musicbrainz: 8491e235-3e71-4a1f-b4d0-45012d678cc3 Discogs: 200975 Find a Grave: 7016 Edit the value on Wikidata

Stanley Kubrick (Bronx, 1928ko uztailaren 26a - Childwickbury etxea, 1999ko martxoaren 7a) estatubatuar zinema zuzendari, ekoizle eta gidoilari ospetsu eta sarritan polemiko bat izan zen. Oscar sari bat eta hamalau izendapen jaso zituen bere berrogeita lau urteko ibilbide zinematografikoan.

XX. mendeko zuzendari eraginkorrenetakoa da, zinema erabat berritzailea egin baitzuen. Haren film gehienak literaturako lanetan oinarriturik daude eta istorio laburra badute ere, oso argiak eta zorrotzak dira. Teknikoki biziki landuak, pop zein musika klasikoa nahasten dira.

Zinema eta argazkilaritzaz gain, xakea, musika, jazza batez ere (Taft Swing Band izeneko taldean bateria jo zuen) gustuko zituen. Zaletasun horiek guztiek haren bizitzan eta lanetan eragin nabaria izan zuten.

Kubrick bere ibilbidearen gailurrera iritsi zen 2001: A Space Odyssey (1968) eta beste lanekin. Urte pare bat geroago, A Clockwork Orange (1971) egin zuen zen, sektore kontserbadoreenen kritikak jaso zituena, Britainiar Uharteetan zinemetatik atera zuten arte; kultuko filmtzat hartzen da. Napoleonen bizitza egokitzeko egindako proiektuak porrot egin zuelarik, izaera historikoko film bat egin zuen Kubrickek, Barry Lyndon (1975). Zuzendariak estilo ariketa bat egin zuen film hartan, edertasun bisual handikoa, eleberri historiko bat egokituz. Ez kritikak ez ikusleek, ordea, ez zuten ontzat hartu.

1980ko hamarkadaren hastapenetan, eleberri baten moldaketari ekin zion Kubrickek: Stephen Kingen eleberrian oinarritutako The Shining (1980). Beldurrezko filma, une gogoangarriz betea, konposizioarekiko eta kolorearen erabilera psikologikoarekiko gustu onekoa eta Jack Nicholsonen interpretazio gogoangarri batekin, erabateko arrakasta izan zuen. Zazpi urte igaro ziren hurrengo filma aurkeztu zuten arte, bere ibilbideko azken aurrekoa, Full Metal Jacket (1987). Lan hartan, Kubrickek gerra zinemara jo zuen bere antibelizismoa nabarmentzeko, estatubatuarrek Vietnamgo gerran izandako esperientziatik abiatuta. Garai hartan bilakatu zen, gainera, Kubrick kultuko pertsonaia bat, mito bizidun bat. Haren obraren lehen azterketa lanak agertzen hasi ziren, hedabideek etxean giltzapetuta bizi zen jeinu paranoiko gisa aurkezten zuten bitartean.

Hil baino lehentxeago, 1999an, azken lana estreinatu zen, Eyes Wide Shut, non Tom Cruise eta Nicole Kidman protagonista ziren erotismoz eta probokazioz beteriko kontakizun batean, New Yorkeko goi mailako bikote baten hipokrisian islatutako egungo gizartearen parodia batean. Filma estreinatu orduko hil zen zuzendaria, eta orrek gehiago elikatu zuen, oraindik, AEBetako zinema zuzendari garrantzitsuenetako baten mitoa.

Haren zinemaren ezaugarri nagusiak dira perfekzio teknikoa eta sinbolismo intelektual sakona. Oso zehatza izan zen bere filmetan, zertzeladarik txikiena ere kontrolatzen zuen, eta mugaraino eraman zituen eskura zituen baliabide zinematografikoak.

Gaztaroa eta hastapenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Stanley Kubrick 1928ko uztailaren 26an jaio zen Bronxen (New York, AEB), klase altuko familia judu batean.[1][2]. Gazte-gaztetik erakutsi zuen musikaren ―batez ere jazza―,[3] xakearen[4] eta argazkigintzaren aldeko zaletasuna.[5] Zaletasun horiek eragina izan zuten gero haren zuzendari lanetan. Ikaslea zela, argazki batzuk saldu zizkion Look irudidun aldizkariari,[6] eta 17 urterekin bertan lana lortu zuen, Roosevelten heriotzagatik negarrez ari zen egunkari saltzaile bati ateratako argazki bati esker.[7] Lau urtetan zehar, garaiko pertsona ospetsuenen erreportaje grafikoak egin zituen, eta profesionalki errekonozimendua lortu zuen.[8]

1948an, Portugalera bidali zuten bidaia pieza bat dokumentatzera, eta, ondoren, urte hartan Ringling Brothers and Barnum & Bailey Circus zirkuaren emanaldiak jarraitu zituen, Sarasotan (Florida).[9][oh 1]

Gaztetan, New Yorkeko Arte Modernoko Museora joaten zen askotan, baita Loew's Paradise zinemara ere, eta han sortu zitzaion zinemarako grina. Astiro, argazkilari lana utzi eta zinemagintzan profesionalki aritzeko ideia landu zuen. Berarengan eragin handieneko zinema zuzendariak izan ziren ―zenbait aldiz aitortu zuen gisan― Max Ophüls zuzendaria, kamerarekin egindako lanagatik, eta Sergei Eisenstein, muntaia teknikagatik.[11]

Day of the Fight

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1951n, Kubrickek bere lehen film laburrak egin zituen: Day of the Fight, boxeo borrokaldi bati buruzko dokumental zuri-beltzeko bat (bere filmografian gai horretara itzuliko zen),[12] eta Flying Padre,[13] dokumental bat hegazkinez herriz herri zebilen Fred Stadtmueller elizgizonari buruz.[14] Bi urte geroago, 1953an, AEBetako itsastarren sindikatuak The seafarers dokumental laburra filmatzeko kontratatu zuen, sindikatuak marinelen alde eskaintzen zituen funtzioak eta onurak azaltzeko xedez.[15] Hiru film labur horiek bakarrik gelditu dira Kubricken lehen urrats haietatik, baina ikertzaile batzuen iritziz besterik egon zitekeen.[16]

Fear and Desire

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esperientzia haiek zinemagintzan murgiltzeko balio izan zioten, 1953an Fear and Desire bere lehen zinta luzea filmatu baitzuen. Film honen oso kopia gutxi gordetzen dira, Kubrick bera arduratu baitzen, zuzendari gisa nolabaiteko estatusa eta aitorpena lortu zuenean, kopiak zirkulaziotik desagerrarazteaz, heldugabetzat jotzen baitzuen eta, bere hitzetan, «gaztaroko akats» gisa. Lurralde ezezagun batean borrokan ari den soldadu pelotoi baten istorioa kontatzen du filmak. Aurrez aurre dauden bi talde etsaiak aktore berberek interpretatzen dituzte, eta horrek erakusten du errealizazio hori amateurra zela oraindik. Hamar langile baino gutxiagorekin egin zuen eta bera arduratu zen ia lan gehienez;[17] bi lagunek eta lehen emazteak ―Toba Metz, 18 urterekin ezkondu zen harekin― lagundu zioten.[18]

Killer's Kiss

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez zuen arrakasta handirik izan, baina hurrengo lana finantzatzen lagundu zion: Killer's Kiss (1955), gangster baten alaba ezagutu eta harekin maitemindu den boxeolari baten istorioa kontatzen da intrigazko film horretan. Ruth Sobotka haren bigarren emaztea izan zenak rol bat izan zuen filman. Baliabide gutxirekin egin zuen, berriro ere, baina Kubrickek zuri-beltzezko argazkiekin zuen maisutasunak NBCko ekoizle James B. Harrisen arreta piztu zuen.[15] Filmak ez zuen batere arrakastarik izan eta kostuak berdindu ezinik atera zen zinema aretoen programaziotik.[19][oh 2]

Arrakasta Hollywooden

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu nagusia: «The Killing (filma)»

Bere lankidetzatik sortu zen Harris-Kubrick ekoiztetxea,[22] Kubricken The Killing filma finantzatu zuena 1956an. Film beltz klasiko bat da, Lionel Whiteren poltsikoko nobela batean oinarritua, eta hipodromo batean gertatutako lapurreta baten prestaketa eta garapena kontatzen ditu. Filma 24 egunez eta aurrekontu labur batez egin bazen ere,[23] Kubrickek argiarekin zuen talentuak eta, berriro ere, zinema denboraren interpretazio perfektuak, ikuspuntu aldaketa etengabeekin, zuzendariaren konfirmazioa ekarri zuen eta Hollywoodeko handietako batzuen begiradak erakarri.[24] Horien artean, Kirk Douglas, Harris-Kubricken ekoiztetxearekin bost filmetarako kontratua sinatu baitzuen.[oh 3]

Paths of Glory

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu nagusia: «Paths of Glory»
Paths of Glory filmeko pasarte bat.

Taldearen lehen filma Paths of Glory (1957) izan zen. Douglas bera protagonista izan zen, Dax koronelaren paperean: Lehen Mundu Gerran, etsaiaren aurrean koldarki jokatzeaz salatu zituzten soldaduak defendatu behar zituen. Gerraren aurkako aldarri argi batez, benetako gertakari batean oinarriturik zegoela, gerraren zentzugabekeria iradokitzen zuen, ez polemikarik gabe, ordea:[26] Frantzian, Frantziako armadaren aurkako erasotzat hartu zuten eta 1974ra arte debekatuta egon zen filma eta Suitzako armadak ere zentsura ezarri zion 1970era arte.[27] Film hartan, bere alderik gizatiarrena eta sentikorrena erakutsi zuen Kubrickek, inoiz egin den amaierarik hunkigarrienaz.[28] Filma egiten ari zela, hirugarren eta azken emaztea ezagutu zuen, Christiane Harlan, filmean paper txiki baina gogoangarri bat jokatu zuena. Harlanekin ezkondu 1958an eta bikotea 40 urtez egon zen elkarrekin, 1999an hil zen arte. Alabaordeaz gain, bi alaba izan zituzten elkarrekin: Anya Renata (1959ko apirilaren 6a - 2009ko uztailaren 7a) eta Vivian Vanessa (1960ko abuztuaren 5a).[29]

Artikulu nagusia: «Spartacus»
Stanley Kubrick eta Toni Curtis, Spartacus filmaren dekoratuetan (1960).

1960an, Kirk Douglasek Kubricken hurrengo filma ekoitzi zuen, Spartacus. Anthony Mann zuzendariari eman zion hasieran filmaketa, baina Douglasen eskaerak onartu nahi izan ez zituenez, azkenik Stanley Kubricken esku utzi zuen lana. Garai hartan, Stanley Kubrickek eten berria zuen Marlon Brandorekiko lankidetza, One-Eyed Jacks filmatzeko. Kubrickek onartu eta amaitu egin zuen filma, jakinik aurrekontu handiko ekoizpen honetan lan egiteko izango zituen mugak eta guzti horrek bultzada handia emango ziola bere zuzendari ibilbidean.[30] Gidoiaren gaineko kontrolik ez izan arren, Kubrickek oso lan duina osatzea lortu zuen, publikoak eta kritikak aintzat hartu zutena, lau Oscar sari eman baitzizkioten eta zinema aretoetan lortutako lehen arrakasta izan baitzen.[oh 4] Hala eta guztiz ere, liskar ugari izan ziren Spartacus filmatzen zen bitartean. Kubrick kexu zen alderdi artistikoen gaineko kontrol osoa ez izateaz, ekoizpenean zehar etengabe inprobisatu nahirik. Kubrick eta Douglas ez ziren bat etortzen gidoiaren interpretazioaz, Douglas bere onetik atera zen hasierako 30 minutuetatik bere lerro guztiak, bi izan ezik, moztu zituenean Kubrickek.[33] Arazoak gorabehera, filmak erakutsi zion Kubricki, azken finean, ekoizpen hain arazotsuaz hainbeste egin bazitekeen, edozer lor zezakeela.[34] Filmak Kubricken eta Douglasen arteko lan harremanaren amaiera markatu zuen.[oh 5]

Artikulu nagusia: «Lolita (1962ko filma)»
Sue Lyon, Lolita filmaren protagonista.

Industriaren onarpenaz, askatasun handiagoarekin eta Douglasekin lotzen zuen kontratua bertan behera utzi ondoren, 1962an Lolita filmatu zuen, Vladimir Nabokoven eleberrian oinarrituta; idazleak gidoia idazten lagundu zion. Filmean, Humbert Humbertek (James Mason) Lolita nerabe erakargarri eta lotsagabe batenganako grina kontrolaezina duen gizon bat irudikatzen du: harengana hurbildu ahal izateko, neskatilaren amarekin ezkonduko da. Ingalaterran filmatu zuten, Warner Bros. ekoiztetxeak ezarritako baldintza batzuek hartara behartuta. Etxetik urrun egoteak, aldi berean, askatasun handiagoa eman zion zuzendariari. Hala, zinema naturalista batetik ondorengo filmen surrealismorako inflexio puntua markatu zuen.[36] Peter Sellers aktorearen erregistroek txundituta utzi zuen Kubrick,[oh 6] eta filmatzean modu basatian inprobisatzeko bere lehen aukeretako bat eman zion, hiru kamerarekin filmatzen zuen bitartean.[39] Lolita filmak, eleberriak bezala, Estatu Batuetako sektore puritanoen haserrea piztu zuen, apaiz batzuek filma ez ikusteko aldarriak ere zabaldu zituzten, nahiz eta edizio garaian Kubrick behartuta egon Humberten eta Lolitaren arteko harremanaren elementu erotikoaren zati handi bat ezabatzera, Nabokoven eleberrian agerian bazeuden ere.[40][41] Polemikak, baina, lanaren arrakasta komertziala areagotzeko balio izan zuen.[42] Berriro ere, maisulan bat lortu zuen Kubrickek, istorioak kontatzeko gaitasun bikaina erakutsi baitzuen.

Dr. Strangelove

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu nagusia: «Dr. Strangelove»

Lolita egin ostean, Harris eta Kubrickek elkartea desegin zuten eta zuzendariak bakarka ekoitzi zituen bere hurrengo filmak. Horietako lehenbizikoa izan zen Dr. Strangelove (1964), Gerra Hotzaren eta Kubako misilen krisiaren garaian. Hasieran gaia seriotasunez lantzeko asmoa zuen arren, azkenean umore beltzeko komedia bat egin zuen.[43] Terry Southern kazetaria kontratatu zuen, gidoiari azken ukituak eman eta benetako film beltz bat bihurtzeko, nahiz bidean sexu aieru batzuk gehitu zituen.[44] Arrazoi politiko eta logistikoak kontuan hartuta, Kubrickek erabaki zuen filma ezin zitekeela Estatu Batuetan egin, eta Ingalaterrara jo zuen berriro ere.[45] Peter Sellers aktoreak hiru pertsonaiaren papera egin zuen bertan.[oh 7] Arrakasta handia izan zuen, baina kritika biziki oldartu zitzaion «antiamerikarra» zela esanez, AEBetako defentsa sistemari buruz ematen zuen irudi txarragatik.[47] Horren ondorioz, Kubrickek Ingalaterrara aldatu zuen bizilekua, eta Estatu Batuetan gehiago ez bizitzea erabaki zuen.[48]

Zinema berritzen

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Britainia Handian bizi zelarik, hurrengo filmak han egin zituen.

2001: A Space Odyssey

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu nagusia: «2001: A Space Odyssey»
2001: A Space Odyssey filmeko Dave Bowman pertsonaiaren espazio jantzia.

Une hartatik aurrera, Kubricken lanak gero eta pausatuago agertzen joan ziren, tartean urte gehiago utzita. Etapa berri bat izan zen, bere filmek sakontasun intelektual handiagoa lortuko zuten eta, aldi berean, Kubricken estiloa gero eta perfekzionistagoa bihurtuko zen alderdi teknikoan. 1968an, Kubrickek bere karrerako lanik onenetako bat sinatu zuen: 2001: A Space Odyssey. Eszenaratzearen edertasun plastikoagatik nabarmenduko zen filma, garai hartan aski gainbeherara etorria zen zientzia fikzioari duintasun arnas berri bat emanez. Kubrickek berrikuntza tekniko onenak izan zituen eskura, eta inoiz ez bezalako trukaketa eta efektu berezi edo optiko ugari erabili zituen. Oscar sari batek aintzatetsi bazituen ere, ekoiztetxea ia erreka joarazi zuten.[49] Alabaina, filmaren arrakasta komertzial ikaragarriak enpresa salbatu zuen eta Kubrickek bere zigilua jarri zion zinemaren historiako lan moderno eta arriskutsuenetako bati. Hainbeste gai funtsezko jorratzen zituenez ―giza espeziearen bilakaera, bakardadea, heriotza, hilezkortasuna edo adimen artifiziala, aurrea hartuz, luzaz gainera, ekoizpen berriagoei―, mundu osoan kultuzko lan bihurtu zen filma, eta ospea denborarekin hazten joan da,[50][51] kritikari gutxi batzuk handiuste bat zela eta muturreko estetizismo bat landu zuela salatu bazuten ere.[52][53]

Filmak ez zuen soilik goratu nahi izan garai hartan bazterreko generotzat hartzen zen zientzia fikzioa ―estralurtar antropomorfiko eta plater hegalarietara mugatzen zena― baizik ere parabola ausart bat azaldu, bi milioi urteko denbora tartean gizakiak izandako eboluzioaz.[54] Filma Arthur C. Clarkeren The Sentinel (1951) kontakizun labur batean oinarrituta eraiki zen; Kubrickek 1964an irakurri zuen, eta, urte berean, Clarkerekin batera, filmaren hasierako gidoia eraikitzen hasi zen.[55] Keir Dullea, Gary Lockwood, William Sylvester eta Douglas Rain ―HAL 9000 ordenagailuaren ahotsa― izan zituen protagonista. Horrez gain, Harry Lange ingeniari alemaniarra ere kontratatu zuen diseinatzaile gisa, NASAn lan egiten zuena, ekoizpenak ahalik eta errealismorik handiena izan zezan.[56] 1966an, Kubrickek filmatuak zituen estudioetan aktoreekin egin beharreko eszena guztiak. 1968an amaitu ziren efektu bereziak. Hasierako aurrekontua 5,5 milioi dolar baldin bazen, harrez gero 10 milioira goratua zen. Edizio aretoan ezarri zuen, hala ere, Kubrickek filma honen eta bere aurrekoen arteko mugarria: 141 minutuko iraupen batean, 40 minutuko elkarrizketa baino ez dago, eta, gainera, narratzailerik gabeko lehen filma izan zen.[49] Aurrekaririk gabeko efektu bereziekin ―Kubrickek berak diseinatuak eta Douglas Trumbullek exekutatu eta gainbegiratuak― eta bere buruarekiko konfiantza itsuarekin, Kubrickek azkenean zinemaren historiako filmik konplexu, abangoardista eta arriskutsuenetako bat egin zuen.

Istorioa hasten da hominido talde batekin, bizirauteko borrokan ari dena basoan, eta monolito batekin topo egiten duena. Berehala, etorkizunera jotzen du filmak, milioika urte geroago, non gizon batek, Homo sapiens mailako bilakaeraz, eguzki sistema esploratzen baitu nonahiko ordenagailu batek kontrolatutako espazio ontzi batean. Gizakientzat funtsezko gai batzuk aztertzeaz gain (adimena, bakardadea, heriotza, eboluzioa, hilezkortasuna, autoestimua, adimen artifiziala...), filmaren efektu bereziek eta bidaia espaziala erakusteko fideltasun teknikoak gaurkotasun handia ematen diote, efektuen eta generoaren beraren berrikuntza teknologikoan mugarri sendo bat ezarriz.

Musika da beste alderdi aipagarri bat, Kubrickek ere ekarpen garrantzitsuak egin baitzituen atal horretan ere. Alde batera utzi zuen Alex Northek konposatutako soinu banda ―aurrez Spartacus filmaren musika egin zuen―, eta horren ordez konposizio klasikoak baliatu zituen edizio aretoan. Erabilitako partituren artean, Johann Strauss edo Aram Katxaturianez gain, Kubrickek György Ligeti hungariar konpositorearen musika abangoardista erabili zuen, mundu mailan zuen ospea izugarri bultzatuz.[57] Film honekin, Kubrickek bere Oscar sari bakarra (efektu berezien diseinuagatik)[58] eta bi BAFTA sari irabazi zituen, besteak beste.[59]

A Clockwork Orange

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu nagusia: «A Clockwork Orange (filma)»
A Clockwork Orange filmean erabilitako irudi erotikoetako bat.

Garai hartan, Kubricken lagun batek Anthony Burgessen A Clockwork Orange eleberria oparitu zion. Kubrickek liburua dena jarraian irakurri zuen eta Malcolm McDowell aktorea etorri zitzaion burura Alex protagonistaren papera antzezteko. Istorioak Alex gaztearen abenturak azaltzen ditu, satira gisa, denbora pasa gisa hartzen dituena bortxaketa, muturreko bortizkeria eta Beethovenen musika. Filmak eleberrian erabilitako ingelesaren eta errusieraren nahasketak jaso zituen, «Nadsat» izeneko kalekoak.[oh 8][60] Txikizioak, indarkeria eta sexu erasoak etengabekoak dira.Gauzak, baina, kontrolpetik aterako dira, eta Alex gaztearen jokabidea zuzentzen saiatzeko «Ludovic» prozesua martxan jarriko dute agintariek.

Zuzendariak Ingalaterran bilatu zituen kokalekuak arkitektura garaikideko aldizkarien bidez, eta hiru dekoratu baino ez zituen eraiki Borehamwoodeko estudioetan: Korova taberna, espetxea eta idazlearen etxeko komuna. A Clockwork Orange filmak berrikuntza batzuk aurkeztu zituen alderdi teknikoan, hala nola lente azkarragoak, eskuko kamera arinak eta Sennheiser Mk 12 mikrofonoak,[61] jada eszena bizian grabatutako elkarrizketa berriro grabatu beharrik ez izatea aukera ematen zutenak. Halaber, argiztapen ekipo berriak baliatuz, Kubrickek kamera edozein norabidetan biratu zezakeen, gelan ekipo luminoteknikoren bat harrapatu beharraz kezkatu gabe; emakumearen eta katuen eszena horren adibide ona bat da.

Musika beste elementu azpimarragarri bat izan zen, Walter Carlos musikariak melodiak eszenetara egokitzeko bitarteko elektronikoak era abangoardista batean erabili baitzituen. Sintetizadoreen bidez, Henry Purcellen hileta martxa bat birsortu zuen filmaren hasieran, aktoreen irudiarekin batera, izaera hipnotikoko eszena bat osatuz. Ludwig van Beethovenen 9. Sinfonia ere erabiltzen da, Jesukristoren estatuatxo besarkatuen dantzarako, eta Alexen gelako orgiarako Gioachino Rossiniren Gilen Tell operaren obertura, baina elektronikoki bizkortuta. Are gehiago, Kubrickek Pink Floyd rock taldearekin harremanetan jarri omen zen, Atom Heart Mother albumaren pasarte batzuk erabiltzeko, baina ez omen zuten akordiorik lortu.[62]

Filma 1971n estreinatu zen Estatu Batuetan, eta 1972an Ingalaterran.

Film batek Erresuma Batuan inoiz ikusi gabeko zalaparta piztu zuen, bai edukiaz, bai ikusleengan izandako eraginaz. Kritikariak erabat banatu ziren, eztabaida publikoak sortuz prentsa idatzian, telebistan eta irratian.[63] Eztabaida publikoa gutxi balitz bezala, garai hartan gertatutako delituak, baita hilketa bat ere, sartu ziren tartean, Ingalaterrako prentsaren erabateko arreta piztuz, itxuraz filmeko eszenak errepikatzen zituzten edo, kasuren batean, protagonisten antzera janzten ziren gazteek eginak. Horrek eztabaidan presioa areagotu zuen, hainbesteraino ezen Kubrickek Warner Bros banatzaile berriari eskatu baitzion, 1973an, Erresuma Batuko aretoetan filmaren erakustaldi publikoak bertan behera uzteko. Horrela, 2000. urtera arte iraun zuen «isilaldi» horrek.[64][oh 9]

Filmak zazpi BAFTA sari lortu zituen, film onenarena barne, bi Urrezko Globo sari eta Oscar sarietarako 4 izendapen, besteak beste. Agian, Kubrickek zinta honekin lortu zuen arrakastarik garrantzitsuena izan zen kontratu on bat egitea Warner Bros.ekin bere filmen kontrol osoa ziurtatzeko, maila teknikoan eta, batez ere, artistikoan, baita banaketan ere. Izan ere, filmak zinema aretoetan arrakasta handi bat ukan zuen: 2 milioi dolarreko inbertsioa eginda, 40 milioi dolar irabazi ahal izan zuen, eta horrek bidea ireki zion zuzendariari kontratua izenpetzeko.[66] Kubrickek, gainera, irabazien % 40 inguru jasotzen zuen, eta horretarako, aretoen datu base bat sortu zuen, non mota horretako autore filmek aukera komertzial hobeak zituzten.

Beldurrezko zinema

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Film futurista biren ostean, gaia aldatu eta beldurrezko zinemara jo zuen Kubrickek.

Artikulu nagusia: «Barry Lyndon»
Stanley Kubrick, Barry Lyndon filmaren grabazioan (1975).

Barry Lyndon filma izan zen terrorezko zinemagintzan Kubrickek egin zuen lehen urratsa. Inoiz amaituko ez zuen Napoleon filmerako egin zuen aurreprodukzio lanak lagundu zion hurrengo produkzio honen oinarriak ezartzen, 1975ean. M. Thackeray idazlearen The Luck of Barry Lyndon (1844) viktoriar eleberrian oinarritua egin zuen. Ryan O'Neal eta Marisa Berenson ditu protagonista, eta XVIII. mendeko Europako mutil gazte baten igoera eta erorketa azaltzen ditu. Berriro ere, Kubrickek xehetasun txikienetan jartzen zuen arreta nabaria izan zen filmaren prozesuan. Viktoriar garaiko arte liburuak eta dokumentuak erabili zituen lokalizazioak aurkitzeko; objektuak, autoak edo jantziak egiteko, mende hartako arropa erabili baitzuen eredu gisa. Jatorrizko joskintza teknikak jarraitu ziren, 6 hilabetez lan egin zuten 35 jostun kontratatuz.[67] Zuzendariak behin eta berriz eskatu zuenez, barruak kandelen argiarekin soilik filmatu ziren, Karl Zeiss etxearen lente berezi batzuei esker, f/0,7 irekiera maximoarekin, hastapeneko diseinua NASAk egina zuena.[68] Marisa Berenson aktorearen arabera, aktoreak, gertuko harraldi batzuetan, batere mugitu gabe egon behar zuten, kameraren bistatik kanpo ez gelditzeko.[69] Gaur egungo emultsio eta errebelatze teknikek zaharkituta utzi dute teknologia hori.

Filma Irlandan egin hasi ziren, baina produkzioa arazotsua izan zen hasieratik, euri jasaz eta garai hartan Ipar Irlandarekin zerikusia zuten borroka politikoz josia.[70] Gainera, Kubrickek IRA talde armatuaren mehatxuak jaso zituen, filmean soldaduak irudikatzen zituztelako Irlandako lurraren gainean britainiar bandera astintzen.[71] Irlandatik ihes egin zuen familiarekin batera, Dún Laoghairetik ferry batean, gezurrezko nortasun bat erabilita, eta Ingalaterran amaitzea erabaki zuen.[72]

Estatu Batuetako kritikak aspergarri eta klasikoegia zela esan zuen,[73] baina Oscar sarietarako zazpi izendapen jaso zituen, zuzendariaren aurreko edozein filmek baino gehiago, eta azkenean lau irabazi zituen, zuzendaritza artistiko onena, argazki zuzendaritza onena, jantzien diseinu onena eta musika partitura onena. Kubricken film gehienekin gertatzen den bezala, Barry Lyndon zintaren ospea handituz joan da urteen poderioz, eta gaur egun bere filmik onenetakotzat jotzen dute, batez ere zinemagileek eta kritikariek. Zenbait galdeketatan, inoiz egindako film onenen artean ageri da.[74][50][75]

Artikulu nagusia: «The Shining (filma)»
Ahwahnee hoteleko zenbait barnealde The Shining filmaren Overlook hoteleko eredu gisa erabili ziren.

Beldurraren generoak gero eta zabalkunde gehiago zuela ikusita, Stephen King idazlearen The Shining (1977) eleberriaren arrakastak bultzatu zuen Kubrick bere hurrengo filma eleberri horretan oinarrituta egitea. Gidoia berridatzi zuen Diane Johnson gidoilariarekin batera, eta emaitza 1980an gauzatu zen, The Shining filmarekin. Kubricken bertsioa liburuaren bariazio bat da, bereziki protagonistaren izaerari eta motibazioei dagokienez. Filma Elstree estudioetan filmatu zuten barrualdeei dagokienez, Borehamwooden, eta kanpoko harraldiak Portlanden (Oregon), non Overlook hotelaren irudia birsortu zuten. Jack Torrance (Jack Nicholsonek antzeztuta) pertsonaiaren eraldaketa erakusten du filmak. Hotela itxita dagoenean, denboraldi artean, hotelaren zaintzailea da. Izaera gorabeheratsu batez hasten dena, pixkanaka asaldura edo eromen bat bihurtzen da, emaztearen (Shelley Duvallek antzeztua) eta haurren segurtasuna arriskuan jartzeraino.[76]

Kubrickek berrikuntza bat erabili zuen era trinkoan filma egiteko: «steadicam» edo giroskopio egonkortzaile bat, kamerari espazioan zehar mugitzeko aukera ematen ziona, bibraziorik sortu gabe. Horri esker, Torranceren semea (Danny Lloydek antzeztua) modu eraginkorrean filmatu ahal izan zuen bere plastikozko trizikloan, hoteleko korridoreetan barrena, edo Nicholson, lorategiko labirintoan zehar ibiltzen.[77]

Musika, berriz ere, Wendy Carlosen esku geratu zen. Ostera, jatorrizko musikak bitarteko elektronikoz aldatu zituen, Hector Berlioz konpositorearen Dies Irae Erdi Aroko kantuaren moldaketa. Soinu banda osatzen duten beste konpositore batzuk dira György Ligeti, Béla Bartók, Krzysztof Penderecki eta XX. mendearen lehen laurdeneko banden konposizioak.[78] Publikoaren erantzun ona jaso zuen filmak zinema aretoetan, baina kritika zatituta geratu zen berriz ere. Stephen King eleberriaren egilearen iritziz, hasieran Kubrickek egindako egokitzapenarekin guztiz itsututa egon zena, filmak ez zuen eleberriaren benetako gaia sakontzen ―kutsu autobiografikoak ere bazituena.[79][80] 1987an, idazleak bere liburuaren egokitzapen berri bat egin zuen telebistarako.[81] Kubricken alaba Vivianek zintaren filmazioari buruzko dokumental bat egin zuen 1980an.[82]

Full Metal Jacket

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu nagusia: «Full Metal Jacket»

Zazpi urte igaro behar izan ziren hurrengo filma agertu arte, 1987an, berriz ere gai beliko bat hartuta, oraingoan Vietnamgo Gerraren testuinguruan eta, ostera ere, eleberri baten egokitzapena eginda Gustav Hasforden The Short-Timers. Filmaren izenburua, ohi bezala, aldatu egin zen hizkuntza eta herrialde batetik bestera; izan ere, benetan zaila zen esanahi bikoitza itzultzea: alde batetik, fusiletako bala zorroak; eta, bestetik, hildako soldaduen gorpuak etxeratzeko erabiltzen ziren aluminiozko hilkutxak. Filmak bi zati ditu, argi eta garbi bereiziak: lehenik, soldaduen trebakuntza Parris Island itsas basean, Hego Carolinan; eta, bigarrenik, gerra, Vietnamgo Hue hirian kokatua. Filmatzen ari ziren bitartean, Kubrickek gidoia berridazten joan zen, aldi berean, jatorrizko eszenak behin eta berriro aldatuz. Filma 1985-1986 artean filmatu zen Ingalaterran (Britainia Handiko armadaren Bassingbourneko basean, Enfieldeko estudioetan eta Becktoneko gas zentralean, Londresko ekialdean); estudioetako dekoratuen eraispen prozesua Hue hiri modernista birsortzeko erabili zuten, 66 palmondo eraman zituzten bertara.[83] Matthew Modine, Vincent D'Onofrio, Adam Baldwin i Lee Ermy dira filmaren protagonistak.

Musika Abigail Meadek ―Vivian Kubricken ezizena― idatzi zuen sintetizadore bat erabiliz. Kubrickek 1962-1968 aldiko arrakasta zerrendetara jo zuen, eta bertan sartu zituen, besteak beste, Johnny Wright, The Rolling Stones, Nancy Sinatra eta The Trashmen taldeen kantu arrakastatsu batzuk.

Filma Oliver Stoneren Platoon (1986) zintak arrakasta itzela izan eta urtebetera estreinatu zen arren, kritika aski onak jaso zituen[84] eta erantzun beroa zinema aretoetan.[85]

Eyes Wide Shut

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu nagusia: «Eyes Wide Shut»

Kubricken azken filma izan zen Eyes Wide Shut (1999), Arthur Schnitzlerren Traumnovelle eleberrian oinarrituta. Jatorrizko istorioa XIX. mendeko Vienan dago kokatuta, baina filma New York garaikidean kokatzen da. Itxuraz elkarrekin bizitza zoriontsu bat bizi duten goi mailako bikote baten bizitza azaltzen du, Harfordtarrak, baina intimitate une batean adierazitako ametsek eta fantasia sexualek harremana ezegonkortzen hasi dira. Harfordtarren rolak jokatzeko, bizitza errealeko benetako bikote bat hautatu zuen Kubrickek, garai hartako Hollywoodeko bi izar handi, Tom Cruise eta Nicole Kidman; bigarren mailako paperetarako, Sydney Pollack eta Marie Richardson kontratatu zituen. Lolita filmaz geroztik beste guztietan bezala, Ingalaterran filmatu zen, baita kanpo harraldietan ere, New Yorken egindako harraldi generiko batzuk albora utzita. Azken emaitza Kubricken ohiko birtuosismoaren erakustaldi bat izan zen, koloreekin eta argiarekin biziki jolastuz, batez ere argi artifizialarekin, sentsazio batzuk indartzeko, filmaren errebelatzea behartzeraino, irudiari nahi zuen aura ematearren.

Soinu bandan denetarik sartu zuen Jocelyn Pook konposatzaileak; György Ligeti, Franz Liszt, Chris Isaak, Dmitri Xostakovitx eta beste askoren lanak. Ia 12 urte igaro zirenez bere aurreko filmaren estreinalditik, ikusmin handia sortu zuen ikus-entzuleengan, hein batean hedabideetan Kubricken bizi ohiturei buruz zabaldu ziren zurrumurruengatik, bereziki bere ustezko misantropiagatik.[86] Filmak berriz ere polemika sortu zuen, AEBetarako bertsioan jaso zuen zentsuraren inguruan, non digitalki gune genitalak estali baitzizkieten aktore figurante batzuei orgia batean. Hasieran, filma epel samar jaso zuten kritikaren sektore batzuek, eta gogotsu beste batzuek, bereziki Frantziako kritikak, atzerriko film onena izateko izendatua izan baitzen 2000. urteko César sarietan.[87]

Amaitu gabeko proiektuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

A.I. Artificial Intelligence

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1980ko hamarkadan zehar eta 1990eko hamarkadaren hasieran, Kubrick lanean aritu izan zen Brian Aldiss idazlearekin, hark idatzitako «Supertoys Last All Summer Long» ipuina hiru ekitaldiko film batera egokitzeko. Maitagarrien ipuin futurista bat zen behar zen, ume beten antza eta portaera duen robot bati buruzkoa, eta Pinotxoren antzera benetako «mutiko» bihurtu nahi zuena.

Steven Spielbergengana hurbildu zen 1995ean Kubrick, A.I. Artificial Intelligence proiektuaren gidoiarekin, hark zuzentzen bazuen Kubrickek ekoizpena egiteko asmoarekin.[84] Kubrickek telefonoz eztabaida luzeak izan omen zituen Spielbergekin filmaren inguruan, eta, Spielbergen arabera, une batean Kubricken esan omen zuen gaia Spielbergen sentsibilitateetatik gertuago zegoela, berearenetik baino.[88]

Kubricken bat-bateko heriotzaren ondoren, 1999an, Kubrickek eta bere idazleek utzitako zirriborroak eta oharrak hartu zituen Spielbergek, eta gidoi berri bat osatu zuen. Kubricken ekoizpen unitatetik geratzen zenarekin elkartuta, A.I. Artificial Intelligence (2001) filma zuzendu zuen,[89] Kubricken betidaniko ekoizle (eta koinatu) Jan Harlanek ekoitzia.[90]

2001: A Space Odyssey filmari jarraituz, Napoleonen bizitzari buruzko film bat egitea pentsatu zuen Kubrickek. Korsikar buruzagiaren bizitzarekin eta «autosuntsiketarekin» liluratuta,[91] Kubrickek denbora asko eman zuen filmaren garapena planifikatzen eta Napoleonen bizitzari buruzko bi urte inguruko ikerketak egin zituen, ehunka liburu irakurriz eta bere memoria eta iruzkin pertsonaletarako sarbidea lortuz.[92]

Kubrickek gidoi bat idatzi zuen 1961ean, eta «epopeia handi» bat egitea pentsatu zuen, 40.000 infanteriako eta 10.000 zalditeriako soldadurekin.[93] Filma aurreprodukzioan murgilduta zegoen eta filmatzen hasteko prest, 1969an, Metro-Goldwyn-Mayer ekoiztetxeak proiektua bertan behera utzi zuenean. Proiektua baztertzeko arrazoi ugari aipatu ziren, besteak beste, filmaren aurrekontua, Metro-Goldwyn-Mayer etxearen jabetza aldaketa, eta Napoleoni buruz 1970ean kaleratutako Waterloo sobietar filmak ukan zuen harrera eskasa.[91] 2013an, Steven Spielbergek iragarri zuen Kubricken jatorrizko gidoian oinarritutako Napoleon garatuko zuela, telebistako miniserie gisa.[94][95]

Bere familiarentzat eta filmeko izarrentzat Eyes Wide Shut filmaren azken mozketa bat proiektatu eta sei egunera, 1999ko martxoaren 7an, Kubrick, ustekabean, bihotzekoak jota hil zen, lotan zegoela, 70 urte zituelarik. Haren hileta bost egun geroago egin zen Childwickbury etxean, lagun hurkoak eta senitartekoak bakarrik zirela, guztira 100 pertsona inguru. Hedabideak sarrerako atearen kanpoaldean kilometro bateko distantziara eduki zituzten.[96]

Alexander Walker zinema kritikariak, hiletara joan eta gero, azaldu zuen «familiaren agurra ... ia piknik ingeles bat bezalakoa» izan zela, biolontxelo, klarinete eta abeslariekin, Kubricken konposizio klasiko gogokoenetako askoren musika emanez. Kaddish, doluz eta beste testuinguru batzuetan esan ohi den juduen otoitza, errezitatua izan zen. Hil-ohar gutxi batzuek haren jatorri judua aipatu zuten.[97]

Goraipamenak zituztenen artean egon ziren Steven Spielberg, Nicole Kidman eta Tom Cruise, besteak beste. Haren zuhaitz gogokoenaren ondoan lurperatu zuten, etxaldean. Hari eskainitako liburuan, Christiane emazteak Oscar Wilderen aipu kutunetako bat jaso zuen: «Zahartzaroaren tragedia ez da norbera zaharra izatea baizik eta gazte izatea».[98]

Kubrickek zinema garaikidean izan duen eragina izugarria da, eta zaila da bere dimentsio osoan definitzea. Haren lanari eskainitako liburu sorta amaigabe bat dago; haren bizitzari buruzko telebistako dokumentalak eta, oro har, hedabideetako saiakerak zenbatezinak dira; bizirik zegoela arrakasta handi ugari lortu zituen zinemaren arloan; eta industria zinematografikoaren barruan zuzendariaren statu quo indartzeko ekarpen sakona egin zuen.

Kubrick biziki borrokatu zen bere filmen gainean erabateko kontrola lortzeko, bere ikuspegi zinematografikoa ez zezan beste ezerk lainotu, soilik koherentzia artistikoak.[99] Zinemako ikasketa formalik egin gabea bazen ere, filmen ekoizpenaren etapa bakoitzean parte hartu zuen, teknikak eta lanbidea ikasiz, prozedura tekniko berritzaileak (efektu bereziak, filmazio sistema, kamera berriak, fokuak, argiak eta lenteak) eta narratiboak txertatu zituen, zinemagintzari zenbait urteren aurrerapena egiteko aukera zabalduz.[100]

Erabakigarria izan zen Kubrick, halaber, zuzendu zituen filmen soinu bandak itxuratzeko lanetan. Joera berritzaileenei aurrea hartuz, unean uneko filma girotzen zen garaiko musikaren berrikuspen entziklopedikoa egiteaz gain, elektronikaren ekarpenak erabili zituen era intentsiboan, musika elektronikoa nagusiki eremu esperimentalean baino aplikatzen ez zen garaian.[101]

Bere filmek Kubricken interes intelektualak jasotzen zituzten, gizakiari buruzko hausnarketak eta ingurunearekiko etengabeko borroka, fisikoa, soziala, psikologikoa edo metafisikoa. Gizakiari buruz egiten zuen behaketan, distantzia zuhurra gordetzen zuen beti, eta kritikari batzuek leporatzen zioten hoztasunaren ordez, benetako interes eta jakin-min zabal bat ukan zuen, ulertzeko pertsonaiaren jokabidea, kultura engranaje huts bat baino konplexuago den makineria sozial baten pieza gisa. Gizaki bakoitzaren barruan bilatzen zituen modu jakin batean jokatzera bultzatzen zuten kodeak, historia aldatzeraino iritsi daitezkeenak.[102] Prozesu horretan, Kubrickek irudi ezin landuagoak sortu zituen, denboragabeak, herri kulturaren parte bihurtu direnak.

Kubricken beste ideia finko bat izan zen beti filmaren kalitatea zaintzea, azken xehetasunetaraino. Zuzendari gutxik bihurtu zuten ideia hori gai nagusi: filma ulertzen zuen pertsonaiaren inguruko ikaskuntza muturrekotzat, ikerketa sendo batean oinarrituta, eraman zuena filmaketak amaigabe luzatzera[103] eta prentsan proiektatzen zuen aura mitikoa areagotzera.

  1. Zirkuaren jarraipenak aukera eman zion Kubricki bere gaitasun dokumentalak garatzeko eta mugimendu atletikoak kameran harrapatzeko; argazkiak lau orrialdeko hedapen batean argitaratu ziren maiatzaren 25eko zenbakirako, "Meet the People" izenburuaz. Ale berean, Risë Stevens opera kantariak haur gorrekin egindako lana dokumentatzen zuen bere kazetaritza lana ere jorratu zuen.[10]
  2. Kubrickek berak uste zuen filma amateur baten saioa besterik ez zela izan, ikasle baten filma.[20] Hala eta guztiz ere, Alexander Walker zinema historialariaren ustez, filma «harrigarriki limurtzailea» da.[21]
  3. Douglasek United Artists ekoiztetxeari jakinarazi zion ez zuela The Vikings filma (1958) egingo, baldin eta Paths of Glory filmatu eta hori egiteko 850.000 dolar ordaintzen ez bazioten. Kubrickek eta Harrisek bost filmeko akordioa sinatu zuten Douglasen Bryna Productions etxearekin, 20.000 dolarreko ordainsaria eta irabazien ehuneko bat onartuta, Douglasen 350.000 dolarreko soldataren ordez.[25]
  4. Azkenean, Spartacus filma ekoiztea 12 milioi dolar kostatu zen eta 14,6 milioi dolar irabazi zituen.[31][32]
  5. Douglasek adierazi zuen: «Ez zara pertsona atsegina izan behar talentu izugarria izateko. Kaka bat izan zaitezke eta talentuduna; alderantziz, munduko tiporik jatorrena izan zaitezke baina talenturik ez izan. Stanley Kubrick talentudun kaka bat da».[35]
  6. Filmaketan asko hurbildu ziren, antzekotasun asko erakutsiz; biek behar baino lehenago utzi zuten eskola, jazz bateria jo zuten, eta argazkilaritzarekiko lilura partekatzen zuten.[37] Sellersek geroago esango zuen: «niri dagokidanez, Kubrick jainko bat da».[38]
  7. Kubrickek Seller lau paper ezberdin jokatzen filmatu zuen: «RAFeko kapitain bat Burpelson Air Force baseari atxikia Sterling Haydenen Ripper jeneral zoroaren laguntzaile gisa; Estatu Batuetako presidente tentela; haren alemaniar segurtasun aholkulari makurra; eta B52 bonbaketariko texastar pilotu maltzurra»; alabaina, Texaseko pilotu gisa zuen eszena azken bertsiotik kanpo geratu zen.[46]
  8. Izena errusieraz «nerabe» esateko atzizkitik eratorria da.
  9. Hala eta guztiz ere, Kubrick ez zegoen ados 1970eko hamarkadaren hasieran Britainia Handiko hedabideetan zabaldutako prentsa txosten askorekin, filmak pertsona bat gaizkile bihur zezakeelakoan, eta argudiatu zuen: «indarkeriazko krimenak etengabe egiten dituzte gizartearen aurkako portaera erregistro luzea dutenek».[65]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Amand 2016.
  2. Baxter 1998, 17. orr. .
  3. Baxter 1998, 26. orr. .
  4. Bernstein 1966.
  5. LoBrutto 1999, 11. orr. .
  6. Duncan 2011, 19. orr. .
  7. Baxter 1998, 19. orr. .
  8. LoBrutto 1999, 38. orr. .
  9. Baxter 1998, 30. orr. .
  10. LoBrutto 1999, 41-42. orr. .
  11. LoBrutto 1999, 37. orr. .
  12. LoBrutto 1999, 68. orr. .
  13. (Ingelesez) Flying Padre (1951) Stanley Kubrick. Youtube 2016-07-26 (Noiz kontsultatua: 2025-03-06).
  14. Baxter 1998, 39. orr. .
  15. a b Duncan 2011, 28. orr. .
  16. Thuss 2002, 110. orr. .
  17. Baxter 1998, 50. orr. .
  18. Duncan 2011, 26. orr. .
  19. Duncan 2011, 32. orr. .
  20. LoBrutto 1999, 102. orr. .
  21. Walker 1972, 55. orr. .
  22. Duncan 2011, 37. orr. .
  23. LoBrutto 1999, 115. orr. .
  24. Duncan 2011, 43. orr. .
  25. Duncan 2011, 47. orr. .
  26. Baxter 1998, 108. orr. .
  27. Duncan 2011, 50. orr. .
  28. (Ingelesez) Variety (March 1957). Variety Inc. (archive.org) 1957-03 (Noiz kontsultatua: 2025-03-06).
  29. Duncan 2011, 68. orr. .
  30. Baxter 1998, 130. orr. .
  31. Baxter 1998, 151. orr. .
  32. Duncan 2011, 59. orr. .
  33. Baxter 1998, 135. orr. .
  34. Baxter 1998, 149. orr. .
  35. LoBrutto 1999, 193. orr. .
  36. (Ingelesez) Youngblood, Gene. (1992-09-24). «Lolita» The Criterion Collection (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2025-03-07).
  37. Baxter 1998, 154. orr. .
  38. Baxter 1998, 185. orr. .
  39. LoBrutto 1999, 204-205. orr. .
  40. LoBrutto 1999, 225. orr. .
  41. Duncan 2011, 77. orr. .
  42. (Ingelesez) «Lolita (1962)» Rotten Tomatoes (web.archive.org) 2015-08-22 (Noiz kontsultatua: 2025-03-07).
  43. Walker 1972, 29. orr. .
  44. Duncan 2011, 87-89. orr. .
  45. Duncan 2011, 91. orr. .
  46. Baxter 1998, 177. orr. .
  47. Kercher 2006, 240-241. orr. .
  48. Ciment 2003, 145. orr. .
  49. a b Duncan 2011, 117. orr. .
  50. a b (Ingelesez) «Top Ten Poll 2002» British Film Institute (web.archive.org) 2002 (Noiz kontsultatua: 2025-03-08).
  51. (Ingelesez) «10 Top 10» American Film Institute (web.archive.org) 2012-03-12 (Noiz kontsultatua: 2025-03-08).
  52. Schneider 2012, 492. orr. .
  53. LoBrutto 1999, 312. orr. .
  54. LoBrutto 1999, 313. orr. .
  55. Baxter 1998, 205. orr. .
  56. Duncan 2011, 113. orr. .
  57. (Ingelesez) Kosman, Joshua. (2006-06-13). «György Ligeti -- music scores used in '2001' film» San Francisco Chronicle (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2025-03-09).
  58. (Ingelesez) «The 41st Academy Awards | 1969» Oscars.org | Academy of Motion Picture Arts and Sciences (web.archive.org) 2015-12-02 (Noiz kontsultatua: 2025-03-09).
  59. (Ingelesez) «Awards Search - Bafta» British Academy of Film and Television Arts (web.archive.org) 2025-03-09 (Noiz kontsultatua: 2025-03-09).
  60. (Ingelesez) McDonald, Scott. (2008-07-30). «A Nadsat Glossary» Kubrick.com (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2025-03-09).
  61. (Ingelesez) «Sennheiser Mk12» Reverb Australia | Sennheiser, 1970’s, Vintage (web.archive.org) 2025-03-09 (Noiz kontsultatua: 2025-03-09).
  62. (Ingelesez) «A Clockwork Orange (1971) - Trivia» IMDb (web.archive.org) 2016-02-12 (Noiz kontsultatua: 2025-03-09).
  63. (Ingelesez) Bugge, Christian. (1999). «The Clockwork Controversy» Kubrick.com (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2025-03-09).
  64. Webster 2011, 86. orr. .
  65. Ciment 2003, 162-163. orr. .
  66. Duncan 2011, 137. orr. .
  67. LoBrutto 1999, 381. orr. .
  68. (Ingelesez) DiGiulio, Ed. (2011-05-10). «Two Special Lenses for "Barry Lyndon"» American Cinematographer (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2025-03-10).
  69. Duncan 2011, 151. orr. .
  70. Baxter 1998, 286. orr. .
  71. Baxter 1998, 289. orr. .
  72. Duncan 2011, 153. orr. .
  73. Baxter 1998, 295. orr. .
  74. (Ingelesez) «100 Best Films» Village Voice (web.archive.org) 2016-06-13 (Noiz kontsultatua: 2025-03-10).
  75. (Ingelesez) «Barry Lyndon | Best Movies of All Time» TIME.com (web.archive.org) 2015-06-30 (Noiz kontsultatua: 2025-03-10).
  76. LoBrutto 1999, 433-435. orr. .
  77. Webster 2011, 221. orr. .
  78. (Ingelesez) Barham, Jeremy. (2009). Philip Hayward ed. «Incorporating Monsters: Music as Context, Character and Construction in Kubrick's The Shining» Terror tracks: music, sound and horror cinema (London: Equinox Press) ISBN 978-1845532024. OCLC .647929443.
  79. (Ingelesez) Munday, Roderick. (2002-02-04). «The Shining» Kubrick FAQ (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2025-03-12).
  80. Gilmour 2007, 67. orr. .
  81. Beahm 1998, 276. orr. .
  82. (Ingelesez) Brownlee, John. (2007-06-07). «Vivian Kubrick's The Making of the Shining» Wired (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2025-03-12).
  83. (Ingelesez) Hastings, Chris. (2008-07-18). «Stanley Kubrick: a props odyssey» Telegraph (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2025-03-13).
  84. a b Duncan 2011, 179. orr. .
  85. Baxter 1998, 354. orr. .
  86. (Ingelesez) Emerson, Jim. (2023-05-14). «Stanley Kubrick hates you» Roger Ebert (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2025-03-13).
  87. (Frantsesez) AlloCine. «Palmarès César 2000» AlloCiné (Noiz kontsultatua: 2025-03-13).
  88. (Ingelesez) Myers, Jason. (2010-01-14). «A.I. : Review» RevolutionSF (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2025-03-14).
  89. (Ingelesez) «A.I. Artificial Intelligence» Variety (web.archive.org) 2015-10-03 (Noiz kontsultatua: 2025-03-14).
  90. (Ingelesez) Plume, Kenneth. (2015-10-06). «Interview with Producer Jan Harlan» IGN (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2025-03-14).
  91. a b Duncan 2011, 122. orr. .
  92. LoBrutto 1999, 323. orr. .
  93. Baxter 1998, 36-237. orr. .
  94. (Ingelesez) Marechal, AJ. (2013-11-26). «HBO Eyeing Spielberg’s Napoleon Mini Based on Kubrick Script» Variety (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2025-03-14).
  95. (Ingelesez) «Steven Spielberg Gives An Update On His Series Based On Stanley Kubrick’s Napoleon» Empire (web.archive.org) 2023-02-21 (Noiz kontsultatua: 2025-03-14).
  96. Walker 1972, 372. orr. .
  97. Walker 1972, 373-374. orr. .
  98. Kubrick 2002, 73. orr. .
  99. Duncan 2011, 72-76. orr. .
  100. LoBrutto 1999, 294, 389. orr. .
  101. Ciment 2003, 153-156. orr. .
  102. Duncan 2011, 161. orr. .
  103. Baxter 1998, 68. orr. .

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Stanley Kubrick Aldatu lotura Wikidatan