Derediako fusilamenduak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Derediako fusilamenduak
Fusilamenduei buruzko ilustrazioa[1].
LekuaAraba Deredia, Araba
Data1834ko martxoaren 17a
Eraso motafusilamenduak
Jomugakristinatar presoak
EgileaArmada karlista
Hildakoak118
MotibazioaErrepresalia

Derediako fusilamenduak edo Derediako sarraskia Lehen Karlistaldian Zumalakarregik zuzendutako armadak Barrundiko Deredia herrian (Araba) 118 gerra-preso (Gamarran errendituak) hiltzea izan zen.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1833ko azaroan Zumalakarregik armada karlistaren agintaritza lortu zuenean, lau batailoietan antolaturiko 2.500 lagunek osaturiko gaizki hornituriko armada zuen.

Hori zela eta, armada liberalaren aurkako lehendabiziko erasoaldiek armak eta munizioak lortzea beste helbururik ez zuten. Horretarako Gasteiz erasotzea erabaki zuen, bertan aldekoak ere topatzeko asmotan. Joaquín de Osma jeneralaren agintepean zegoen Gasteizko goarnizioa infanteriazko 750 soldadu eta 136 zaldunez osatuta zegoen.

1833ko abenduan liberalek Arabako zaindariak izeneko unitate militarra sortu zuten. Bere helburua herrialdeko herrietan ordena mantentzea zen karlistek sortutako aduanazainen lana oztopatuz. Zaindariak Gamarran, Gasteiztik iparralderantz 4 kilometrotara, kuarteleratuta zeuden.

1834ko martxoaren 16an Nafarroatik atera eta egunsentia etorri zenerako Gasteiza ailegatu zen, bertan arabar batailoi karlistekin bat eginez. Zaindariak non zeuden jakin zuenean, bere 3.000 lagunetik zalditeria eskuadroi bat eta infanteria konpainia bi banatu eta Gamarra erasotzeko agindua eman zien.

Besteek Gasteiz setiatzeari ekin zioten. Gasteizko hiriburuan omen zeuden aldekoak ez ziren agertu eta erasoak porrot egin zuen, erori asko izanik. Joaquin de Osmak egun hartan egindako parte ofizialean ofizial bat eta hiru soldadu galdu zituela karlistek "...berrogei hilotz erreboltari lurperatu...[2]" zituzten bitartean esan zuen.

Fusilamenduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gamarran zeuden 200 zaindari inguruk gogor eutsi zuten, baina, komandante eta ofizialek ihes egin ondoren eta 30 erori inguru zituztenez, errenditu ziten, bere bizitzak errespetatuko zituztenaren promesaren truke. Karlistek presoak handik 25 kilometrotara ekialderantz dagoen Derediara eraman zituzten.

Nafarroara itzultzen ari zen Zumalakarregik iparraldetik Esparterok zuzendutako zutabe liberala hurbiltzen zitzaion jakin zuenean, zaindariak bildu eta fusilatu zitzaketen agindu zuen. Bruno Villarreal arabar komandante karlistak bere buruzagiari alferrik "...egin latz horrek sortuko dituen zoritxarreko ondorioak..." azaldu zizkion[3]. Ormaiztegiarrak tinko eutsi zuen. Hala ere, Villarrealek, isilpean, ezagunak zituen zaindari bi gordetzea lortu zuen[3]. Besteak erailak izan ziren. Jose Uranga jeneral karlistak honela azaldu zuen gertaera bere egunkarian: Hilak 17. Deredian geratu ginen, non 118 pesetero fusilatuak izan ziren."[4]

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1834ko apirilaren 28an Zumalakarregik bere errepresaliak bidezkotzen zituen manifestua argitaratu zuen, eta hor honela azaltzen du Deredian gertatutakoa:

« ...Gasteizko martxoaren 16ko ekintzan, zenbait ofizial eta soldadu preso hartu ondoren, tartean guk pesetero izenaz ezagutzen ditugun ehun eta hemezortzi, bai armada honetako lagunak bai ekintzan parte hartu zuten Arabakoarenak hainbeste oinazeaz nekaturik, erregea gure jaunak emandako dekretuak dioen bezala, errepresaliaren legea erabiltzeko agindua eman eta heriotza zigorra ezarri zieten, eta aipatutako arabarrek Deredia herrian gauzatu zuten.[5] »


Bilbon britainiar kontsula zen John Francis Baconek Zumalakarregiren erabakia defendatu zuen, "gerra zibiletan eta iraultzetan, erabaki odoltsuak hartzen dituztenek begirune eta ospe handiena lortzen dute"lako[6].

Zaindariak gehienetan Burgosko probintzian eta Errioxan kontratatuak izan ziren. Hilketaren ondorioz, Espainiako Gobernuak bere ama eta emazteak ordainsaria eman zien, batez ere Leóngo apezpikua karlistekin bat egin ondoren elizbarrutia hartatik ateratako diruarekin. Probintzia bien aldizkari ofizialetan 1834 eta 1840 artean hainbat aldiz ordainsari hauen berri ematen zituzten, zaindari eta bere senideen izenak ezagutarazten dituztenak.

Gero, Zumalakarregik era honetako taktikak erabiltzen jarraitu zuen. Horrela Cenicero eta Alesbesen defendatzaileak elizetan babesa hartu eta gero, eliza biak erre zituen. Hurrengo urtean Lord Ellioten hitzarmena sinatu ondoren ez zituen berriro horrelako sarraskirik errepikatu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Panorama Español. Crónica Contemporánea. II Madril, 41 or..
  2. Panorama Español. Crónica Contemporánea. II Madril, 35 or..
  3. a b Pirala, Antonio. (1867-1871). Historia de la guerra carlista y de los partidos liberal y carlista. I Madril, 289 or..
  4. Uranga, Jose. (1959). Diario de Guerra 1834-1838. Donostia, 18 or..
  5. de Paula Madrazo, Francisco. (1941). Historia militar y política de Zumalacárregui. Valladolid, 185 or..
  6. Bacon, John Francis. (1973). Historia de la revolución de las provincias vascongadas y Navarra, 1833-1837. Donostia, 168 or..

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]