Dimitri Kabalevski
Dimitri Borissovitx Kabalevski (errusieraz: Дми́трий Бори́сович Кабале́вский; San Petersburgo, Errusiar Inperioa, 1904ko abenduaren 30a - Mosku, Sobietar Batasuna, 1987ko otsailaren 14a) musikagilea eta pedagogoa izan zen. Moskuko Musika Kontserbatorioan ikasi zuen, Miaskowskirekin (konposizioa) eta Goldenweiserrekin (pianoa). 1939tik aurrera konposizioko irakaslea izan zen, eta 1940ko hamarkadan, hainbat artikulu idatzi zuen Sovietskaïa Musika aldizkarian. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Europan zehar ibili zen pianista gisa bere lanak interpretatzen. Musika-lan ugari konposatu zituen: kontzertuak, ganbera-musika, sinfoniak nahiz operak. Haren musika-lan asko musika herrikoian daude oinarrituta. Sobietar Batasunaren Estatuaren saria irabazi zuen hainbat urtetan (1946, 1949, 1951 eta 1966an) eta Herriaren Artista izendatu zuten 1963an. Lanen artean ditu: Haurrentzako piezak (1937-1938); 24 Preludio (1943); Shakespeareren sonetoak (1953); Leninistak (1959); Colas Breugnon (1938, opera) eta Nikita Verchinine (1955, opera).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Dimitri Kabalevski |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.