Edith Picton-Turbervill

Wikipedia, Entziklopedia askea
Edith Picton-Turbervill

Erresuma Batuko 35. Parlamentuko kidea

1929ko maiatzaren 30a - 1931ko urriaren 7a
Barrutia: The Wrekin (en) Itzuli
Hautetsia: 1929 United Kingdom general election (en) Itzuli
Bizitza
JaiotzaFownhope (en) Itzuli1872ko ekainaren 13a
Herrialdea Erresuma Batua
 Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua  1927ko apirilaren 12a)
BizilekuaCheltenham
Ewenny Priory House (en) Itzuli
HeriotzaCheltenham1960ko abuztuaren 31 (88 urte)
Familia
AitaJohn Picton-Turbervill
AmaEleanor Temple
Anai-arrebak
Hezkuntza
HeziketaRoyal School for Daughters of Officers of the Army (en) Itzuli
Royal High School, Bath (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, sufragista eta misiolaria
Lantokia(k)Londres
Enplegatzailea(k)World YWCA (en) Itzuli
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaWomen's International League for Peace and Freedom (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Alderdi Laborista

Edith Picton-Turbervill (1872ko ekainaren 13a - 1960ko abuztuaren 31) erreformista sozial ingelesa zen, idazlea eta Alderdi Laboristako kidea. 1929tik 1931ra diputatu izan zen The Wrekinen (Shropshire).

Familia eta prestakuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Edith Picton-Turbervill Lower Housen jaio zen (Fownhope, Herefordshire), 1872ko ekainaren 13an. Haren gurasoak John Picton Watrw, Mandras Staff Corpsen kapitaina, eta haren emazte Eleanor Temple, Sr Grenville Temple of Stowe baronnet-en alaba, ziren. Picton-Turbervill izena hartu zuen, aitarekin batera, 1892an, aitak Ewenny Prioryren Turbervill domeinua herentzian jaso zuenean, Glamorgan konderrian.[1] Finkak 3.000 akre zituen. Bere aita meatze-kanon baten jabe zen, kontserbadorea, bake-epailea eta Penybont landa-barrutiko kontseiluko kidea. Batheko Royal High Schoolera bidali zuten Edith. Bere familia-inguruneak eta eskolak eraman zuten pentsatzera besteekiko kezkak aintzat hartuta aktiboki bizitzeko egina zela bizitza; oso sinestuna ere zen.

Misiolari-lana Emakume Gazteen Elkarte Kristauarekin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lan sozialak eta filantropikoak eraman zuten alderdi laboristara, eta pentsarazi zioten “funtsezko aldaketak behar zirela legeetan, herriak bizi-baldintza hobeak lor zitzan”. Aristokraziarekin lotura zuen familia batean hazi zen.

Glamorgan haraneko trenbidea eraikitzen lan egiten zuten terrassierrekin izan zuen lehen lan-harremana, etxetik gertu. Egoera negargarrian bizi ziren, tokiko komunitateetatik isolatuta. Edith, orduan, erlijioaren bidez moralki laguntzen saiatu zen.[1] Garai batean, haren interesek batez ere obra ebanjelikora eraman zuten, eta Londresko misiolarientzako prestakuntza-eskola batera joan zen, East Enden (Londres) misiolari gisa lan egiteko prestatzeko. Ikastaroen zati bat bazter-auzoak bisitatzean zetzan, eta horrek Shoreditcheko bazter-auzoetara eta indar-lanetara eraman zuen.

Ameriketan, Emily Kinnaird, Emakume Gazteen Elkarte Kristauko (YWCA) kidea, ezagutu zuen, eta haren bidez interesatu zen elkarteaz. 1900ean, Indiara joan zen YWCArentzat lan egitera, batez ere emakume ikasle anglo-indiarren eta indiarren artean, gaixotasun batek 1906an etxera itzultzera behartu zuen arte. Suspertu ondoren Indiara itzuli zen, baina, 1908an, India behin betiko utzi zuen malariaren ondorioz.[1] Hala ere, ez zuen herrialde hura begi bistatik galdu, eta oso aktiboa izan zen Indiaren gaiarekiko, Komunen Ganberan egon zen bi urteetan. Itzuli zenean, atzerriko departamentuko buru izendatu zuten, 1909an.

Emakumeen boto-eskubidearen aldeko kanpainan ere parte hartu zuen, baina, sufragistei zegokienez, lider gisa Millicent Garret Fawcettengandik hurbilago sentitzen zen Sylvia Pankhurstengandik baino, nahiz eta harentzat ere errespetu handia izan. Lehen Mundu Gerran, YWCAn parte hartu zuen, munizioen industrian lan egiten zuten emakumeentzat eta Frantziako Women's Army Axilliary Corps-eko kideentzat kantina egiten eta ostatua prestatzen. Britainiar Inperioaren Ordenako (OBE) ofizial izendatu zuten, 1917an.[1] YWCAko lehendakariorde nazional izendatu zuten 1914tik 1920ra eta 1922tik 1928ra.

Emakumeak apaiz izateko eskubidearen aldeko kanpaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingalaterrako Elizan emakumeak apaiz anglikano gisa ezagut zitezen nahi zuen. Lehen Mundu Gerraren ondoren, Ingalaterrako elizan (North Somercotes, Lincolnshire) meza ofiziala eman zuen lehen emakumea izan zen. G .W. Hudson Shaw artzainak gonbidatuta, St. Botolph's Church elizan (Bishopsgate) predikatu zuen lehen emakumea ere izan zen.

Londresko gotzainaren elizbarrutiarteko diploma jaso zuen bere lanagatik, eta, bizitza osoan, emakumeak Elizan duen tokia etengabeko kezka-iturri izan zen harentzat. Elizaren hierarkian emakumearen lekua defendatzeko liburuak eta artikuluak idatzi zituen.

Alderdi Laboristako jarduerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra-urteetan, lehen harremana izan zuen Alderdi Laboristako kideekin: George Lansbury eta Margaret Bondfield. Bondfieldek eragin berezia izan zuela dirudi, eta asko inpresionatu zuen Arthur Hendersonen The Aims of Labour (1918) lanak.

1919an, Alderdi Laboristarekin bat egin zuen, eta, 1922ko hauteskunde orokorretan, Islington North-eko hautagai izan zen. Maude Roydek eta Isabella Fordek bere kanpainan lagundu zuten, eta aulkia irabazteko itxaropen gutxi zuen arren, alderdi laboristarentzako botoen ehunekoa handitu zuen.

1923ko hauteskunde orokorretan, ez zen berriz aurkeztu, baina Ramsay MacDonaldentzat lan egin zuen Port Talboten, eta lagun izan ziren hil arte. Hala ere, haren ekintza batzuk kritikatu zituen bere autobiografian.

Picton-Turbervell Gloucestershireko Stroud barrutirako hautagaia izan zen, 1924an, baina hautagai kontserbadoreak irabazi zion. Iruzkin zorrotzak egin zituen MacDonald lehen ministroak Zinoviev-en gutunaren aurrean izandako isiltasunari buruz, zeinak baitzirudien faltsua zela. Adierazi zuenez, MacDonalden iruzkinik ezak “eragin suntsitzailea” izan zuen hauteskundeetako hautagai laboristengan.

1925ean, garrantzi gutxiko barruti baterako hautatu zuten Alderdi Laboristatik: The Wrekin (Shropshire), barruti nagusiki rurala, 4.000 lagun inguruko meatzari-komunitatea zuena –Stroud bezala–. Meatzarien ordezkari zen William (Bill) Lathamen hurbileko lagun bihurtu zen: “Gizon zahar xarmagarri bat, [...], zeinaren diskurtsoak Testamentu Zaharreko aipuz eta erreferentziz josita zeuden".[2]

Parlamentuko lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anglikanoa zen arren, sarritan eskatzen zioten predikatzeko Wrekingo eskualdeko tokiko kaperetan, eta, 1929ko hauteskunde orokorrean, aulkia irabazi zuen, ia 3.000 botorekin.[3] “Emaitzak jendetza handian iragarri zirenean, doxologia hau abesten zuten: Laudatu Jainkoa, bera baita bedeinkapen guztien jatorria, pertsona multzo handi baten koru indartsu batek abestua”.[2] 1929an, hamalau emakume eta 600 gizon zeuden Komunen Ganbera berrian; horren karietara, merezi du bere autobiografian irakurtzea Legebiltzarraren 1929-1931 aldiko txostena. Beti sentitu zuen emakumeak gizartean zuen behe-estatusa, eta erreforma-neurrien alde egin zuen beti; arrakastaz aurkeztu zuen 1931n Sentence of Death (Expectant Mothers) lege-proiektua, haurdun zeuden emakumeak hiltzera kondenatzea eragozteko.[4] Kasu hartan, bere gizatasun eta sentsibilitate guztia erakutsi zuen. Zuzenbide kanonikoari buruzko ezagutzei esker, Gobernuak Legebiltzarreko Eliza-Batzordean izendatu zuen 1929ko uztailean; postu horretarako izendatu zuten lehen emakumea izan zen.

Politikan, moderatua zen, eta MacDonalden mireslea, baina, 1931ko krisiaren ondoren, zalantza aldi baten ondoren —Gobernu Nazionalak eskatutako konfiantzako lehen bozketan abstenitu zen—, Alderdi Laboristan geratzea erabaki zuen. Erabaki hori Henderson eta William Graham-en nortasunen ondorioz hartu zuen, Grahamena, batez ere.

Picton-Tubervillek lan handia egin zuen emakumeak polizian zuen egoerari buruz, eta gai horri buruzko eztabaida parlamentarioak antolatu zituen. 1931ko uztailean, hauxe esan zuen: “Entrenatutako poliziek gizarte-ordena hobea sortzen dute gure hirietan”, eta emakumeak polizian egotearen alde agertu zen. Une hartan, emakume poliziek 60 kontseilutatik 6tan eta 121 barrutitatik 34tan baino ez zuten lan egiten.[5]

1931ko hauteskunde orokorretan, tokia galdu zuen alderdi kontserbadoreko James Baldwin-Webben mesedetan. Edithek halaxe espero zuen, eta egun haiei buruzko bere oroitzapenetan nabarmendu zuen MacDonald eta Snowdenen diskurtsoak irratian zabaltzeak eragin handia zuela Gobernu Nazionalaren laguntza lortzeko. Beraz, honelaxe idatzi zuen: “Hala ere, finantza-izua hain handia zenez, benetan uste dut txinpantze bat gobernu nazionalerako aurkeztu izan balitz, testuinguru batzuetan Legebiltzarrera itzulia izango zatekeela.»[6]

Bidaiak eta lana Parlamentuaren ondoren[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizitza osoan zehar bidaiatu zuen, eta, Parlamentuan postua galdu ondoren, 1932an Errusiara (bidaia horrek ez zuen inpresionatu) eta 1933an Kenyara joan zen. 1935ean, Turkia bisitatu zuen, Emakume Herritarren Nazioarteko Biltzarreko ordezkaritza britainiarraren buru gisa, eta Mustafá Kemal Atatürk presidentearekin bildu zen. Kopenhage ere bisitatu zuen 1939an. 1935ean, Next Five Years taldeko kide izan zen, eta, 1936an, Hong Kongeko eta Malaysia britainiarreko Gobernu Batzordean parte hartzeko eskatu zioten, Mui Tsai-etako auzia planteatzeko. Behin eta berriz mahaigaineratu zuen gai hori Parlamentuan. Sistema hartan, emakume gazteak gurasoen etxetik beste etxe batzuetara eramaten zituzten diru truk, zerbitzari bilakatzeko. Bistan denez, gehiegikerietarako bidea ematen zuen horrek, eta, izatez legez kanpokoa bazen ere, zabaldua.

1929an, Mui Tsai-ak erregistratzeko eta ikuskatzeko ahaleginak egin ziren, baina horrek kezkatzeko arrazoi izaten jarraitzen zuen. Bere ikerketek adingabeei buruzko txosten bat idaztera eraman zuten Edith Picton-Turbervill. Beste bi komisarioek, Sir Wilfred Woodsek eta Mr. CA Willisek, Zeilango eta Sudango gizarte-zerbitzuetako kide erretiratuek, hurrenez hurren, uste zuten une horretako legeria irmoago aplikatu behar zela; besterik ez. Uste zuten politikoki desegokia zela Edithek iradokitzen zuena egitea: erregistro- eta ikuskapen-sistema transferitutako haur guztiei zabaltzea, mui tsai izan edo ez. Bulego Kolonialak 1937an argitaratu zituen bi txostenak, eta, 1939an, Hong Kong eta Malaysiako gobernuek adingabeei buruzko txostenaren printzipioak onartu zituzten.

Ondorengo bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Mundu Gerran, Edith Picton-Turbervill 1941etik 1943ra bitartean aritu zen Informazio Ministerioan lanean. 1944an, Herritarren Emakumeen Kontseilu Nazionaleko lehendakari bihurtu zen. 1940tik aurrera, Cheltenham-eko inguruetan bizi izan zen, eta idazten, hitzaldiak ematen eta lan egiteko arrazoiak babesten jarraitzen zuen bitartean, telebistan eta irratian ere agertzen zen. 1960ko abuztuaren 31n hil zen, 88 urte zituela, Cheltenhamen, eta 25.555 liberako ondarea utzi zuen.

Bere diskurtsoak zuzenekoak ziren, eta sakonki errotutako eta ondo eraikitako sinesmenetan oinarritzen ziren. Emakume lagun-talde handia zuen, ezkerreko hegaleko langileak barne. Familia zahar eta aberats batean sortua, bere pentsamendu sozialistek talka eginarazten zioten bere senideekin, haien lagun eta bizilagunekin. Antikonformista zen, ez zen inoiz ezkondu. Ondorioz, bizitza publiko aktiboa eta betea izateko aukera izan zuen, eta hori ahalik eta gehien aprobetxatu zuen bere kanpainan emakumearen egoera hobetzeko.

Argitalpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • “The Coming Order in the Church of Christ”, 19th century and after, nos. 475 477 (1916) 521–30, 1000–7
  • (en) Burnett Hillman Streeter et Edith Picton-Turbervill, Woman and the church, London : T.F. Unwin, 1917 (linean irakurri)
  • (en) Edith Picton-Turbervill, Christ and Woman's Power, Morgan & Scott, 1919 (linean irakurri)
  • Edith Picton-Turbervill, Musings of a laywoman on the life of the churches, J. Murray, 1919 (linean irakurri)
  • Edith Picton-Turbervill, Christ and international life, London : Morgan, 1921 (linean irakurri)
  • (en) Edith Picton-Turbervill, The Coming Order in the Church of Christ, publisher not identified, 1916 (linean irakurri)
  • "New Turkey's Dictator", Sat. Berrik. 159, 1935eko ekainaren 29a, 811
  • (en) Great Britain, Commission on Mui Tsai in Hong Kong and Malaya, Wilfrid Wentworth Woods et Edith Picton-Turbervill, Mui tsai in Hong Kong and Malaya : report of commission., H.M.S.O., 1937 (OCLC 829961527, linean irakurri)
  • (en) Edith Picton-Tubervill, « Childhood in Brighton and Bruges », dans Margot Asquith (comtesse d'Oxford et Asquith), Myself when young, Londres, F. Muller, 1938
  • (en) Edith Picton Turbervill, Life is Good : An Autobiography, F. Muller Limited, 1939 (linean irakurri)
  • (en) Edith Picton-Turbervill, In the Land of my Fathers, Cardiff, Western Mail and Echo, 1946

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Turbervill, Edith Picton- (1872–1960), social reformer | Oxford Dictionary of National Biography.  doi:10.1093/ref:odnb/9780198614128.001.0001/odnb-9780198614128-e-45465..
  2. a b Life is good (1939:170)
  3. (Ingelesez) Cheryl Law: Women, A Modern Political Dictionary, p. 125
  4. Sentence of Death (Expectant Mothers) Act 1931. .
  5. Hansard, 30 July 1931, col. 2603-20, Vol. 255.
  6. Life is good (1939:268)

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]