Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadorea

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Conservative Party
Alderdi Kontserbadorea
Buruzagia David Cameron
Sorrera 1678
Egoitza nagusia Millbank Tower (Londres)
Ideologia politikoa Kontserbadorea, zentro-eskuinekoa
Nazioarteko afiliazioa Nazioarteko Batasun Demokrata
www.conservatives.com

Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadorea (ingelesez Conservative and Unionist Party) Erresuma Batuko bigarren alderdi politiko handiena da. XVIII eta XIX. mendetan Tory Alderdia (Tory Party) zuten izena, gaur egun ere toriak deitzen zaie informalki. Erresuma Batuko historian alderdi politiko arrakastatsuena da eta XX. mendearen bi herenetan zehar agindu zuten Erresuma Batuan. Alderdi eskuindarra da baina bere kideen artean korronte eta familia asko aurkitu daitezke. Alderdi konserbadorea euroeszeptikoa da eta askok alderdian Europar Batasuna uztea aldarrikatzen dute. 1997ko hauteskundetan Tony Blairren aurka galdu ondoren oposiziora pasa ziren eta hauteskunde orokor guztiak galdu dituzte hortik aurrera. 2006an David Cameron aukeratu zuten bere buruzagi bezala eta bera izango da aurrez aurre Gordon Brownekin hurrengo hauteskunde orokorretan.

Antolakuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alderdi Kontserbadorearen egituran oinarrizko hiru elementu daude: Batasun Nazionala, hautagaiak aukeratzen eta hauteskundeetan botoak eskuratzen laguntzen duten Ingalaterra eta Galesko boto emaileen elkarteak; parlamentuko alderdia, britainiar Legebiltzarreko bi ganberetako kideez osatua; eta alderdiko administrazio zentrala, alderdi politikoaren egoitza nagusia, auzoetako bulegoak eta Ikerkuntza Kontserbadoreko Bulegoa hartzen dituena. Bulego Zentralaren ardura nagusia alderdiaren antolakuntza nazionala zaintzea da.

Alderdiko buruzagia bozketa prozesu batean hautatzen da gehiengoz, Legebiltzarreko alderdikideen artean, eta berak hartzen du bere gain politikaren eta izendapenen erantzukizuna. Alderdiak gobernuaren ardura eskuratzen duenean, alderdiko buruzagiak hartzen du Lehen ministro kargua, eta berak hautatzen ditu bere kabineteko ministroak. Oposizioan dagoenean, buruzagiak "itzalpeko kabinetea" deritzona izendatzen du, eta hauteskunde orokorretan garaipena lortuz gero aginpidea hartzeko prest egon behar du. Bozkatzeko eskubidea emakumeei ezagutu zitzaienean, alderdiak emakumeen botoa eskuratzeko organizazioak sortu zituen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontserbadoreen aurrekoak XVII. mendeko cavaliersak eta XVIII-XIX. mendeetako toryak izan ziren. Alderdi Kontserbadorea 1832ko Reform Act delakoaren ondoren Ingalaterran zabaldu ziren elkarte kontserbadore batzuen ekimenez sortu zen. Neurri horrek Legebiltzarrerako aulki gehiago eskaini zizkien industria aldeei, eta botoa murrizteko aukerak mugatu zituen; beraz, hautesle kopurua zabaldu egin zen. Boto emaile berriok erakartzeko, sir Robert Peelek –tory alderdiko orduko buruzagiak– "Kontserbadore" hitza bereganatu zuen eta tory-en programa zabaldu. Librekanbismora konbertitu zenean, Lehen ministro karguaren dimisioa eman zuen (1846) eta alderdia bitan banandu zen.

Benjamin Disraeli estatu politikariak gehiago zehaztu zuen alderdiaren kontserbadurismo liberala, lurralde interesak batuz eta alderdi politikoaren organizazioa handituz, besteak beste. Kontserbadoreen eta Elkarte Konstituzionalen Batasun Nazionala 1867an sortu zen; gero, Kontserbadoreen eta Elkarte Unionisten Batasun Nazionala bihurtu zen. 1872an Disraelik garrantzi handiko papera bete zuen Batasun Nazionalaren eta kontserbadoreen bulego zentralen batasun prozesuan.

Erreforma sozialen programa gorabehera, kontserbadoreek ezin izan zituzten irabazi 1880ko hauteskundeak. 1886an, liberalek, Joseph Chamberlainen gidaritzapean, Irlandarentzat gobernu nazional baten politika baztertu ondoren, bat egin zuten Alderdi kontserbadorearekin, eta Kontserbadoreen eta Elkarte Unionisten Batasun Nazionala bihurtu zen. "Unionista" hitza Ipar Irlandan eta Eskozian erabili izan da. Alderdi Liberala izan zen kontserbadoreen aurkari nagusia 1832tik Lehen Mundu Gerraren bukaera arte (1918).

Gerran eta ondoko depresioan gobernu nazionalak edo koalizio gobernuak eginez liberalek ospea galdu zuten, eta Alderdi Laborista Ingalaterrako bigarren alderdi politiko nagusi bihurtu zen. Bi agintaldi laburren ondoren, laboristek sekulako garaipena lortu zuten 1945eko maiatzean. Inperialismoak jarraitzaileak zituen oraindik Ingalaterrako kontserbadoreen artean Bigarren Mundu Gerra bukatu ondoren, 1945ean. Organizazio politikoaren eta hauteskunde ekinaldiaren estrategiaren azterketa sakona egin ondoren, kontserbadoreek aginpidea eskuratu zuten ostera 1951-1964 bitartean, 1970-1974 bitartean, eta 1979-1997 bitartean.

Enpresa pribatuaren eta merkatu librearen aldeko jarrera sutsua gorabehera, kontserbadoreek, oro har, "ongizate-estatuaren" oinarrizko filosofia onartu zuten, eta beren politika herri iritziaren adostasunaren arabera moldatzeko prest agertu ziren. Hala ere, 1980 ondoko hamarraldian, Lehen ministro Margaret Thatcherren gobernu kontserbadoreak aurreko gobernu laboristek nazionalizatutako industria asko pribatizatu zituen. Thatcherrek indarrez ekion zion merkatu libreko ekonomiari, enpresa libre pribatuari eta estatuaren diru laguntzak murrizteari.

Aldi berean, Estatuaren aginpidea indartu zuen, tokian tokiko agintarien aginpidearen kaltetan, eta loturak estutu zituen Estatu Batuekin. 1990etik aurrera, baina, Thatcherren politika nazionala ospea galduz joan zen; azaroan Thatcherrek dimisioa eman zuen eta haren babespekoak, John Majorrek, ordezkatu zuen. 1992ko apirileko hauteskunde orokorretan garaipena lortu zuen, gainera. 1997ko maiatzean, baina, Alderdi Kontserbadoreak hauteskundeak galdu zituen Alderdi Laboralistaren mesedetan, eta Tony Blairrek hartu zuen gobernuaren ardura, 18 urteko gobernu kontserbadoreen ondoren, Alderdi Kontserbadorea krisi handi baten erdian utzita. John Majorrek dimisioa aurkeztu zuen berehala. William Hague hautatu zuten alderdiko buruzagi berri. Urriko Biltzarrean Haguek aurreko urteetako politikaren autokritika egin zuen, bere alderdia "askatasun ekonomikoagatik bakarrik" kezkatu izanagatik.

Hauteskundeen emaitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komunen Ganberarako hauteskundeak[1]
Urtea botoen %a legebiltzarkideak
1987ko Erresuma Batuko hauteskundeak  %42,3 375 (650etik)
1992ko Erresuma Batuko hauteskundeak  %41,9 336 (651tik)
1997ko Erresuma Batuko hauteskundeak  %30,6 165 (659tik)
2001eko Erresuma Batuko hauteskundeak  %31,7 166 (659tik)
2005eko Erresuma Batuko hauteskundeak  %32,3 197 (645etik)
2010eko Erresuma Batuko hauteskundeak  %36,1 307 (650etik)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadorea Aldatu lotura Wikidatan