Edizioaren historia Euskal Herrian

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zirriborro Artikulu hau zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.

Edizioaren historia Euskal Herrian da inprimatzeko makina, moldiztegia, euskal lurraldean lehenengoz sartu zenetik izan duen ibilbidearen azalpena. 1450ean, Johannes Gutenbergek inprimagailua perfekzionatu zuen, eta bere lantegiko teknikariak Europako beste lurralde batzuetara zabaldu ziren. Zabalkunde horren fruitu, Arnaut Gilen Brocarkoa, beharbada biarnesa, Iruñera heldu zen, eta Euskal Herriko lehenbiziko inprimatzeko makina instalatu zuen XV. mende hondarrean. Euskal Herrian agindutako idazkiak, inguruko beste lantegi batzuetan egin ziren XVII. mende arte, gutxienez.

Bortuez hegoaldeko Nafarroako Erresuman instalatu ondoren, moldiztegiak lurralde horretan eman zituen lehen pausoak, eta Iruñetik beste lurralde batzuetara, Bizkaira eta Gipuzkoara. Araba izan zen inprimategi bat izan zuen azken lurraldea Gaztelako Koroaren peko euskal lurraldeetan. Baionan, XVII. mende erdialdera instalatu zen, Frantziako Erresumako Bordeleren eta Tolosa Okzitaniaren eraginpean. Inprimatzaileak ibiltariak eta, sarritan, arrotzak izan ziren XVII. mende amaiera arte. Inprimategiak, bada, XVIII. mendean hiriburuetan egonkortu ziren foru eta udal erakundeen hegalpean.

Hasieratik, inprentak Euskal Herrian ezaugarri izan zuen testuinguru euskaldun batean latinez eta hizkuntza hegemonikoetan nagusiki funtzionatzea, bertako herri hizkuntzak inprimategietan bere bidea egiten joan zen arren, Kontrarreformaren epelean. Agintariek, gainera, goizetik, zentsura neurri zorrotzak eta edizioaren gaineko kontrol estua eta zigorrak ezarri zituzten moldiztegitik ateratzen ziren idazkiak kontrolatzeko. 1766-1767an, Gaztelako Kontseiluak hizkuntzaren gaineko debekua ezarri zuen Gaztelako Koroako lurraldeetan, baita editore garrantzitsu baten gainean ere: Jesusen Lagundia. XIX. mendean, ugaldu egin ziren inprimategiak, baita euskarazko idazkiak ere.

Lehen urratsak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donejakue bidetik segur aski, Arnaut Gilen Brocarkoa XV. mende hondarrean heldu zen Iruñera Biarnotik. 1489an, lehen liburua eman zuen argitara: Manuale secundum consuetudinem ecclesiæ pampilonensis. Orobat, Iruñean inprimatu zituen, besteak beste, Regulas liburua (1492koa, Esteban Masparrauthek idatzia. Ale bakar bat geratzen da, Savonako udal liburutegian dagoena, Italian) eta Epílogo en medicina y cirugía conveniente a la salud (1495ekoa). Iruñeko inprimategian hogeita bosten bat liburu argitara eman ondoren, Logroñora joan zen Brocario, agramontarren eta beaumontarren arteko gerra hasi zenean (1503), eta bertan jarraitu zuen inprimatze lanetan. Beste zenbait hiritan ere inprimatu zuen, 1523an hil zen arte: Alcala de Henaresen (han inprimatu zuen, Cisneros kardinalaren aginduz, Biblia poliglota complutensis liburua, 1514-1517an inprimatua eta 1522an argitaratua), Valladoliden eta Toledon.

Miguel Egia (Brocarkoaren suhia) izan zen Euskal Herriko bigarren inprimatzeko makina jarri zuena, Lizarran, 1546an. Egiak liburu gutxi inprimatu zituen Lizarran; lehenbizikoa Vocabularium ecclesiasticum (Rodrigo Fernándezek idatzia) izan zen. Egiaren inprimatzeko makinan, Adrian Anbereskoak jarraitu zuen inprimatze lanetan, 1567 arte. Hauek dira garai hartan Lizarran inprimatutako liburu nagusiak: Manual de confesores y penitentes (1556koa, Martin Azpilikuetak idatzia), Amadís de Gaularen zazpigarren liburua, Cuadernos de Cortes, Recopilaciones de Leyes y Ordenanzas eta Elio Antonio de Nebrijak prestatutako latin-gaztelania hiztegia (Lexicon eta Dictionarium izenez ezagutzen dena).

Kontrarreforma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1568an, Adrian Anbereskoa Iruñera joan zen, eta 1569an, hiribildu berean, Tomas Porralis Savoiakoak De Institutione Gramaticæ inprimatu zuen (Nebrijak idatzia), eta Porralisek berak liburu batzuk inprimatu zituen Tuteran 1572 eta 1573an, Juan Huarte San Juanen Examen de ingenios liburuaren bigarren argitalpena, besteak beste. Porralisek Iruñean jarraitu zuen, inprimatzaile bakarra zela, 1591 arte. Urte hartatik aurrera, haren seme Pedrok jarraitu zuen inprimatze lanetan, Iruñean bertan. Pedro Porralisen lehenbiziko lana izan zen Crónica del Sereníssimo Rey Don Pedro, hijo del Rey don Alonso de Castilla. Liburugile honen izena ikus daiteke Refranes y Sentencias (1596) testuko lehen lerroetan: Pedro Porralis de Amberes.

Matias Maresek jarri zuen, Bilbon, Bizkaiko lehen inprimatzeko makina, 1578an. Han jarraitu zuen Maresek inprimatze lanetan 1587 arte, eta 1592tik aurrera Iruñean eta Iratxen lan egin zuen. Pedro Cole Ibarrak jarraitu zuen, Bilbon, Maresen lana, eta hark inprimatua da, besteak beste, 1596an argitaratutako Joan Perez de Betolatzaren Doctrina Christiana en Romance y Bascuence.

Baionako lehen inprimatzeko makina 1642an jarri zen; Gipuzkoakoa 1668an, Donostian; eta, azkenik, Arabakoa 1722an, Gasteizen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]