Emakumeen sufragismoa Espainian

Wikipedia, Entziklopedia askea

Emakumeen sufragismoa Espainian Espainiako emakumeek beraien boto eskubidea lortzeko izan zuten borroka eta mugimenduari deritzo.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Errepublikan, mugimendu feministak sexuagatiko bereizkeriaren aurka zeuden emakumeen gutxiengo bat mobilizatzea lortu zuen. 1931ko Konstituzioak gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna xedatu zuen, baina emakumeen sufragioa onesteari zegokionez, Gorteetan une horretan zeuden hiru emakume diputatu bakarrak ez zeuden ados: Clara Campoamor, Victoria Kent eta Margarita Nelken.

Lehenbizikoa emakumeei boto-eskubidea ematearen aldekoa zen, baina beste biak, erakunde feministetan egon arren, pentsatzen zuten hutsegitea izango zela eskubide hori berehala ezartzea, sektore klerikalei eta erreakzionarioei mesede egingo zielakoan, bai Elizak emakume gehienengan eragin handia zuelako, bai haien hezkuntza-maila oraindik baxua zelako. Azkenean, erabaki zuten auzi hori ez zela egokitasun-kontua, baizik eta oinarrizko justizia-kontua, eta emakumeek 1933ko hauteskundeetan izan zuten Espainian botoa emateko aukera lehen aldiz.

Beste neurri batzuk ere oso ekarpen garrantzitsuak izan ziren, bai emakumeen eskubide sozial eta politikoen alde, bai emakumeak gizartean zuen eginkizun berriaren alde.

Esate baterako, ezkontza-zibila ezartzea, ezkontzatik kanpo jaiotako seme-alabak erregistro zibiletan ume naturaltzat inskribatzeko debekua kentzea, dibortzioaren onespena eta gizonek eta emakumeek postu ofizialak eskuratzeko berdintasuna izatea. Halaber, eskolak sortzeari eta neskak hezkuntza izateko aukerak areagotzeari emandako bultzadaren ondorioz, emakumeen analfabetismoa murriztea lortu zen, ia %60tik %37ra.

Hala ere, Errepublikako esperientzia laburra izan zen, eta pentsamolde tradizionaleko aurreiritziak oso errotuta zeudenez, diskriminazio-egoerek iraun zuten, baita Errepublikaren garaian ere, eta hala erakusten du zein emakume gutxik jarduten zuten bigarren hezkuntzan eta unibertsitatean, lan-munduan -gizonen soldatak baino askoz gutxiago irabaziz- edo politikan. Lehen hezkuntzan ere, baterako hezkuntzak ohituren indarraren oztopoa izan zuen, eta ikasleak sexuen arabera bereiziz antolatzen ziren ikasgelak, eta neskentzako soilik ziren ikasgaiak zeuden; adibidez, etxeko lanak.

Errepublikako legeak eta haien ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Errepublikak emakumeei eskubide politikoak eman zizkion. Besteak beste boto-eskubidea Ondorioz, emakumeen parte-hartzea areagotu zen alderdi, sindikatu eta elkarteetan. Emakume kopuru handiagoa sartu zen kargu publikoetan (alkateak eta zinegotziak).

Kode Zibilaren erreforma egin zen gizon-emakumeek berdintasun juridikoa izateko. Ez zen emakume ezkonduen ezgaitasun zibila deuseztatu.

Ezkontza zibilaren eta dibortzioaren legea egin zen. Bi ezkontideen eskubideak parekatu ziren.

Lanaren arloko legeak, lan-diskriminazioa murrizteko. Emakumeek ordura arte debekatuta zituzten lanbideetan (notarioa, jabetzaren erregistratzailea, auzitegi-prokuradorea...) jarduteko aukera izan zuten. Beste esparru batzuek itxita jarraitu zuten (gudarostea, polizia, antolamendu judiziala...)

Emakumeek eskubidea izan zuten lanpostua ez galtzeko ezkondu eta ama izan ondoren. Lan-desparekotasuna ez zen desagertu (emakumeek lan-kategoria eta soldata txikiagoak zituzten, eta langabezia-egoeran, gizonek zuten lehentasuna).

Baterako hezkuntza eta emakumeek hezkuntza-maila guztietan sartzeko aukera handiagoa izan zuten. Emakumeen analfabetismoak behera egin zuen.

Emakumearen botoaren alde eta aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alde[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Nik ez dut uste, ezin dut sinetsi, emakumeak Errepublikarako arriskua direnik, ikusi baitut diktaduraren aurka eta Errepublikaren alde egiten. (...)

Erabaki nahi duzuena, baina egin aurre gizadiaren erdi horri politikan sartzen ahalbidetzearen erantzunkizunari, politika biren kontua izan dadin, gauza bat baino ez baitago sexu batek soilik egin dezakeena: erditu. Gainerako guztiak elkarrekin egiten ditugu, eta zuek ezin duzue hemen, zuek bakarrik, gu gabe, ez legeak egin, ez zergak bozkatu, ez eta giza arrazari, emakumeari eta seme-alabei buruzko legeak egin ere.

»
Clara Campoamorren hitzaldia Kongresuan, 1931ko abuztua.

Aurka, ezker politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Emakumeei boto-eskubidea eman dieten 160 diputatu horiek doktrinario puritano batzuk izango dira, baina errepublikano baldarrak dira. Guk ez diogu boto-eskubidea emakumeari ukatzen bere askatasun-eskubidearen izenean, baizik eta Errepublikaren defentsaren izenean. Emakumeak abokatu, katedratiko edota ministro izan daitezke Errepublikan, baina hautesle ez. Herri gutxi batzuek eman diete boto-eskubidea emakumeei, eta ez da egokia Espainiako Errepublikan, kixotismo idealistak bultzatuta, emakumeen boto-eskubidea babestea, apaizek, fraideek eta mojek gidatuko baitute boto hori zenbait urtetan. »
El Diluvio (ezkerreko egunkari erradikala), 1931ko urriaren 2a.

Aurka, eskuma politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Eta hara, gogo onez, printzipioz, guk ez dugu onartzen emakumeari boto-eskubidea ematea. Guk uste dugu etxea dela emakumearen lekua, bere mailaren, eginkizunen, bizitzan duen misioaren lekua. Eta gaizki iruditzen zaigu emakumea etxetik ateratzea eta kalera erakartzen duten bokazioak harenga piztea edeo sustatzea. Gure iritziz, emakumea emazte eta ama izatearekin asetzen ez bada, gizartean zorigaiztoa izango da. (...). »
El Debate (Egunkari katoliko kontserbadorea 1931ko urriaren 2a.

Aurka, feminismoa bekatua da[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Duela gutxi entzundako elkarrizketa batean, norbaitek emakumeak gizonak betetzen dituen postu berak bete behar zituela zioen norbaitek, Jesu Kristok bi sexuak adimen berdinekoak egin zituelako eta bientzat lege bera ezarri zelako. Ez nintzen ados geratu teoria horrekin eta, ahalegin handirik egin gabe, ondorioztatu ahal izan dut feminismoa, elkarrizketa horretan adierazitako moduan, bekatua dela.

Jainkoak gizona emakumearen gainetik jarri du beti; gizona sortu zuen lehenbizi; gure lehen gurasoak madarikatu zituenean, "gizonaren mende egongo" zela esan zion Evari; eta Jesu Kristok, apostoluak hautatzean, ez zuen emakume bakar bat ere aukeratu, eta Elizak, Jainkoaren borondatearen interprete zorrotzak, ez digu uzten aita santu, apezpiku edo apaiz izaten uzten (...).

Besterik ezean, horrek erakusten du gizonaren eta emakumearen arteko desparekotasuna, baina hona hemen beste arrazoi bat: bi sexuak misio garrantzitsuak bete behar dituzte; gizonak, adimenarekin, eta emakumeak bihotzarekin. Emakumeak bihotza adimenaz trukatzen duen unean, ordena naturala irauli egingo da (...).

Gure lekua, gure misioa, etxean dago. Kalean, Jainkoak, aberriak edo erregeak behar dutenean baino ez.

»
El Observador egunkariko artikulua (egunkari tradizionalista), 1932

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Zuzenbidea Artikulu hau zuzenbideari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.