Euskara frankismoan

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Euskara frankismoan baztertua eta zapaldua izan zen. Nazio bakarra, handia eta askea nahi zuen Francisco Franco-k (1892-1975), eta euskal hizkuntza eta euskal kultura mehatxu gisa ikusten zituen Espainiarentzat, bai eta Espainiako nazioa homogeneizatzeko muga gisa ere, euskal lurraldeek zituzten berezko hizkuntza eta tradizioak zirela eta. Hego Euskal Herriko hezkuntza paradigmatik kanpo gelditu zen euskara, eta soilik gaztelaniaz ikas zezaketen ikasleek. Euskararen aurkako jazarpen gisa, zentsura bera ere oso tresna baliagarria izan zitzaion Francoren erregimenari. Horri aurre egiteko, beharrezkoa izan zen euskal herritarren erresistentzia eta joera aktiboa. Kultura eta euskal nortasunaren aldeko apustua egiten zutenak biltzen hasi ziren hainbat arlotan, eta kantagintzak garrantzia handia lortu zuen. Oso garrantzitsua egin zen kantautoreen figura munduan gertatzen ari ziren injustiziei kontra egiteko aldarrikapenekin.

Testuinguru historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra zibila amaitu ondoren Frankismoa etorri zen. 1936-1939 bitartean hasi eta Franco diktadorea hil arte iraun zuen, 1975.urtera arte[1]. Garai honetan, zentralizazio absolutua defendatzen zuen Francisco Francok. “Espainia nazio bakarra, handia eta askea” lelopean, nazioa ez ezik, hizkuntza ere bakarra izan zedin borrokatu zuen. Hortaz, Espainiako hainbat lurraldetan erabiltzen ziren hizkuntzak, eta hauekin batera kulturak ere, zapalduak eta baztertuak izan ziren. Horixe gertatu zen euskararekin eta euskal kulturarekin.[1]

Frankismoaren aurretik, gerra garaian (1936-1937 urte inguruan), euskara indarra eta lekua hartzen ari zen Euskal Herriko hainbat esparrutan. Esaterako, garai honetan, Jaurlaritzaren aldizkari ofiziala euskaraz eta gazteleraz, bi hizkuntzetan argitaratu zen lehen aldiz. Horretaz gain, administrazioan, hezkuntzan eta hedabideetan ere garrantzia eta tokia hartzen ari zen euskara. Bilbon Eguna izeneko egunkaria argitaratu zen euskara hutsean (euskaraz idatzitako lehena) eta Medikuntza Fakultatean ere (Euzko Ikastola Nagusi laburreko Osakintza Ikastolan) euskara teknikoa sartua zen.[2]

Euskarak aurrerapen handiak eginak bazituen ere, horiek guztiak bertan behera geratu ziren Francok aginduta. 1937ko ekainean soldadu frankistek Bilbo erasotu zuten, bai eta Hego Euskal Herriko lurralde guztiak guztiz bereganatzea ere[2]. Ordura arte eginiko euskaldunen lorpenak (Legezko 2.Errepublika eta Eusko Jaurlaritza) eraso horrekin berarekin deuseztatu ziren. 1939an indarrean jarri zen Ley de Responsabilidades Políticas-ek, aurrez demokrazia garaian hartutako erabaki guztiak deuseztatzea ahalbidetu zuen, eta honekin batera atxiloketak, fusilatzeak, erbesteratzeak eta errepresioa etorri ziren Euskal Herrira.

Errepresio hori gizarteko maila guztietara hedatu zen, baita hizkuntzara ere. Euskara eta abertzaletasuna erlazionatu eta euskara Espainiaren batasunaren mehatxu gisa ikusi zuen Francok. Hitz hauek erabili zituen bere asmoak adierazteko: “el carácter de cada región será respetado pero sin perjuicio para la unidad nacional, que la queremos absoluta, con una sola lengua, el castellano, y una sola personalidad, la española”.[2]

Euskara hezkuntza-sisteman[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hego Euskal Herriko hezkuntza paradigmatik kanpo gelditu zen euskara. Francok hizkuntza ofizial bakarra ezarri zuen Espainiako nazio osorako. Eskolan, beraz, soilik gaztelaniaz ikas zezaketen ikasleek, eta euskaraz hitz egitea guztiz debekatuta zegoen. Are, zigorrak pairatzen zituzten euskaraz hitz egiten zuten ikasleek; askotarikoak dira zigor horien kontakizunak: eraztunaren trikimailua, erregelaren zigorra, etab.[3] Horrek guztiak, noski, euskaldunak beldurtzen zituen eta, ondorioz, haien bizi-ohituretatik euskara ezabatzera ere iritsi ziren. Finean, autozentsurarako joera nabarmendu zen.

Elbira Zipitria, Ikastolen sorreran jardundakoa eta andereñoa.

1944an, Elbira Zipitria irakasleak ezkutuko ikastola bat ireki zuen etxean guraso talde batekin batera. Zipitriaren lana funtsezkoa izan zen eta beste irakasle batzuk ere hasi ziren beren etxeetan euskarazko hezkuntza ematen. Ekintza horiek guztiak Ikastolen aitzindaritzat har ditzakegu, eta berebiziko garrantzia izan zuten euskararen iraupena bermatzeko.

1950eko hamarkadan Ikastolak zabaldu zituzten Donostian eta 1960ko hamarkadan Euskal Herri osora zabaldu ziren.

Gurasoek ahal zuten neurrian ateratzen zuten ekimena aurrera eta oso diru gutxiren truke egiten zuten lana andereñoek, ez baitzuten inolako diru laguntzarik izan erakunde publikoengandik. Alderantziz, administrazio publikotik oztopoak jaso zituzten alde guztietatik. Baina azkenean, 1970an legalizazioa iritsi zen.

Euskararen aurkako zentsura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko biztanleek errepresioa jasan zuten askotariko eremuan, eta euskararen erabileraren harira, esaterako. Euskararen aurkako jazarpen gisa, zentsura oso tresna baliagarria izan zitzaion Francoren erregimenari.

Hego Euskal Herrian, 1966ra arte, argitalpenek izugarrizko jazarpena zuten. Euskarazko libururik ia ez zegoen onartuta, adierazpen publikoak oraindik ere gutxiago, beraz. Momentu honetara arte, argitaratzen ziren liburuak, adibidez, hiru mailatan banatzen ziren: gomendagarriak, baimendutakoak eta onartutakoak[4]. Modu honetan, sozialki argitalpenak izango zuen harrera edo maila mugatzen zen. Hala ere, 1966tik aurrera, Fragaren Legea martxan jarri zen momentutik, aurretik zegoen zentsura maila gogorra debekatu egin zen, desagertu egin izan balitz bezala. Haatik, estrategia besterik ez zen izan, zentsurak aurrera egin baitzuen, herritarrak zapalduz. Torrealdairen hitzetan, “en la práctica establece simplemente unos mecanismos de sustitución”[4]. Azken honek egiten zuena hurrengoa zen: ikuskatzaile batzuek argitalpenak ikuskatzen zituzten argitaratu aurretik. Horrela, zerbaiti aldatu beharra zegoela irizten bazioten, autoreari bueltan ematen zioten edo, zuzenean, lana argitaratzea debekatzen zioten. Azken finean, helburua honako hau zen: frankistentzat txarra edo gaixotasun bat bezalakoa zen birusa ez zabaltzea; hori ez gertatzeko, zentsura zainduago baten bitartez kontrolatzen zuten hori.

Nahiz eta 1975. urtera arte euskara ez zen hizkuntza ofizial bezala onartu eta euskal liburu eta edizioen argitalpena legez onartu, 60ko hamarkada erdialdetik aurrera euskal edizioa argitaratzen eta bideratzen hasia zen, Fragaren Legearen ondorioz. Horrek esperantzak ekarri bazituen ere, taktika edo integrazio estrategia baten adibide besterik ez zirela salatzen du Torrealdaik[5], liburu batzuek zailagoa zuten bidea argitara ateratzeko, erregimenaren interesen arabera. Erlijio argitalpenak errazenak ziren argitaratzen, Frankismoak erjilio kristau katolikoarekin eta Elizarekin zuen harreman estua zela eta. Olerkigintzak ere ez zuen zailtasun askorekin pasatzen zentsuraren muga. Izan ere, ondoren aipatuko den bezala, ikuskatzaileak ez ziren gai olerkiek zeramaten pisu metaforikoaren zantzuak ulertzeko. Saiakera eta, bukatzeko, itzulpena ziren oztopo gehien jasotzen zituzten lan motak, hitz hurrenkera ez egokiak aukeratzeagatik, frankistek onartzen ez zituzten “asmatutako” lurraldeak aipatzeagatik –esaterako, Euskal Herria edo, Arana Goirik erabiltzen zuen Euzkadi– . Autonomia besterik ezin zen aipatu eta Estatuari zauriak irekitzea iruditzen zitzaizkion gertaera historikoak aipatzea debekatuta zegoen.[5]

Zegoen egoera sufritua zela eta, kultur pobrezia izugarria eragin zuen zentsurak Euskal Herrian, Francoren erregimenaren mesedetan. Hasteko, sortzailea autozentsurara bideratzen du egoerak. Beldurrez edo, berez sentitzen duena eta beste egoera batean idatziko lukeena ekiditen du; alegia, bere lu porpioan atzerritar sentiarazten du. Gainera, lurralde horretan sortu daitekeen eztabaida intelektual oro guztiz eragozten du, eta isolatu egiten du. Kultura trasmisioan ere badu bere eragina, belaunaldiz belaunaldiko hizkuntza trasmisiorako traba baitzen, hezkuntzan eta aisian irakurtzeko euskal liburuen falta zela eta. Bukatzeko, Hego Euskal Herriko biztanleak zegoen egoeraz ohartzen ziren aldetik, sortzaile bati gerta dakiokeen jarrerarik okerrena erakusten zioten herritarrek: irakurketa mesfidati bat, ezustekoan eta nahi gabe.[5]

Aitzitik, aipatu bi zentsura bideek bere eragin kaltegarria izan bazuten ere Espainiako Estatuaren barruan zeuden nazio desberdinduetan, mekanismo honek ez ziola beti funtzionatzen errejimenari, ez behintzat Euskal Herriaren, Kataluniaren eta Galiziaren kasuan. Alde batetik, askotan ikuskatzaileen euskara maila ez baitzen nahikoa azalekoak soilik ez ziren erretorika ulertzeko (“el lector es incapaz de entender el sentido preciso del matizado de los textos objetos”[4]) eta, bestetik, adierazpen bide berriak sortu zituztelako euskal herritarrek, kantagintza adibidez, aurrerago sakonduko den bezala. Azken honen kasuan, bi aukeraz baliatu ziren euskaldunak: lehendabizi, estatuak zuen despiste egoeraz baliatu ziren, nortasun baten inguruko ideiak zabaltzeko euskarria kantagintza izateaz ohartu ziren arteko denbora tarte hori erabili zutelako; bigarrenik, Ipar Euskal Herriko hainbat pertsona eta eragileren laguntza izan baitzuten, bertan ezkutuan ibili beharrik ez zegoelako, Frantziako estatuak ez zuelako zentsurarik erabiltzen –nahiz eta materiala, ondoren, Hego Euskal Herrira pasatzeko arazoak ohikoak izaten ziren–.

Jazarpenaren aurkako erresistentzia: Euskal Kantagintza Berria eta Ez Dok Amairu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beharrezkoak izan ziren euskal herritarrek izan zituzten erresistentzia eta joera aktiboak. Izan ere, zentsurak Euskal Herrian ondorio latzak utzi zituen, nahiz eta horren aurka borrokatu zuten batzuek. Zentsuraren ideia goitik zabaltzen bazuten ere, funtzionarioak ziren haientzat lan egin behar zutenak beren eskakizunak, aldakorrak urte batzuetatik besteetara, interpretatu behar izaten zituztenak. Ondorioz, euskal sortzaileek inoiz ez zuten espero izaten zer gertatuko zen, eta kutur inkisizio baten menpeko egoera batean, kaltetuenak eurak izaten ziren. Sortzaileek beren lanak argitaratu arte pasa beharreko zentsura prozesua ere luzea izaten zen. Are gehiago, ikuskatzaile gutxi zegoela eta, 1963ra arte Hego Euskal Herriko euskarazko sorkuntza guztiak Gipuzkoako delegazioan ikuskatzen zituzten, ez baitzegoen nahikoa ikuskatzaile probintzia bakoitzean delegaritza bat izateko[4].

Ez Dok Amairu taldeko zenbait kide, Atahualpa Yupanqui (zutik, ezkerretik hirugarrena) eta Paco Ibáñez (zortzigarrena) kantariekin: Joxan Artze (ezkerretik bigarrena), Benito Lertxundi (laugarrena), Mikel Laboa (seigarrena), Jose Angel Irigarai (zazpigarrena), Xabier Lete (makurtuta, ezkerretik lehenengoa) eta Lourdes Iriondo.

60ko hamarkadan Espainiako estatuak Europako merkatuan integrazio prozesu txiki baterako saiakera egin zuen. Ondorioz, aire berriak iristen hasi ziren Hego Euskal Herrira. Horrez gain, Ipar Euskal Herritarrekin kontaktuak ere berriak ekartzen zizkieten. Ondorioz, kultura eta euskal nortasunaren aldeko apustua egiten zuten jende taldeak biltzen hasi ziren hainbat arlotan. Arlo batek berebiziko garrantzia eta handitasuna lortu zuen urteetan zehar gaurdaino: kantagintzak. Ildo horretatik sortu ziren Euskal Kantagintza Berria eta Ez Dok Amairu. Bultzada handia eman zioten euskarari, noski, etxeko hizkuntza erabiltzen baitzuten haien proiektu kulturaletan. Talde horietan koka ditzakegu, esaterako, Mikel Laboa, Xabier Lete, Lourdes Iriondo, Benito Lertxundi, Joxan Artze eta beste hainbeste.

Aristik[6] eta Oronozek[7] biek aipatzen dute Euskal Herrian horrelako kultur mugimendu bat sortu izana ez zela arraroa, mundu mailan nazioen alde sortzen ari ziren musika bakarlariak zirela eta. Izan ere, azken hauek askatasunaren alde abesten zuten, eta ideologia berriak ernaltzen eta errotzen ari ziren. Oso garrantzitsua egin zen kantautoreen figura munduan gertatzen ari ziren injustiziei kontra egiteko aldarrikapenekin. Beren kanta propioak kantatzen zituzten eta normalean, kitar soil baten laguntzaz, kantatu egiten zituzten[7]. Izugarrizkoa zen jendearengan pertsona hauek zeukaten indarra. Espainiako diktaduraren kasuan, Euskal Herria ez zen bakarra izan zentsuraren aurka egin eta askatasuna abesten hasi zirenak. Euskal Herrian Kantagintza Berria sortu zen bezala, Katalunian Nova Canço zegoen, esaterako. Mundu mailan ere, kantautore asko izan ziren Euskal Herriarentzat eraginezkoak gertatu zirenak: Txileko Violeta Para eta Victor Jara, Cubako Silvio Rodríguez edo Pablo Milanés, AEBko Bob Dylan edo Joan Baez edota Frantziako Georges Brassens, Moustaki edo Jacques Brel.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Matias, A. eta Arranz, M. (2019). Euskara bizirik, euskaldun guztion ahaleginaren ondorio. Irakaskuntzarako aldizkaria(11), 1-9.
  2. a b c Ugarte, A. (2010). Federico Krutwig (1921-1949): ideologo abertzale baten hezibidea. Gerónimo de Uztariz(26-27), 62-102.
  3. Izagirre, K. (2010). Autopsiarako frogak. Susa Literatura: Zarautz
  4. a b c d Torrealdai, J.M. (1999). La censura de Franco y el tema vasco. Astigarraga: Kutxa Fundazioa
  5. a b c Torrealdai, J.M. (2000). Artaziak: Euskal liburuak eta Francoren zentsura 1936-1983. Zarautz: Susa Argitaletxea
  6. Aristi, P. (1985). Euskal kantagintza berria 1961-1985. Bilbo: Erein Argitaletxea
  7. a b Oronoz, B. (2000). Gaztedi berria, kantagintza berria. Donostia: Erein Argitaletxea

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]