1969an, Ez Dok Amairu taldeko hainbat kiderekin Baga, Biga, Higa sentikaria prestatu zuen. Euskal KantaBerria mugimenduaren hasierako helburuak zabaldu zituen ikuskizunak, euskal kultura berreskuratu eta berritzeko bidean.[6][7] Gero, Mikel Laboak grabatu zuen Baga, biga, higa abestiaren atarikoa izan zen.[6] Ikuskizunaren izena, Manuel LekuonakLiteratura oral vasca liburuan jasotako olerki magiko batetik dator, Mikel Laboaren abestia bezala. Katalunian (Palau), Parisen, Lovainan, Zaragozan, Madrilen, Bretainian eta beste hainbat lekutan eman zen ezagutzera. [8] Kultur mugimendu abangoardistak bere talde-izaera bururaino eramatea lortu zuen, kanta, poesia, dantza eta antzerkia txalapartaren doinuarekin uztartzen zituen ikuskizun horren bitartez.[6]Portugaleten estreinatu zen eta azken errepresentazioa 1971n egin zen. Fernando Larrukertek eta Jose Luis Zabalak grabatu zuten.[8] Ikuskizunaren sorreran taldekide guztiek parte hartu zuten arren, funtsezko eragile edo arte-zuzendari gisa Joxan Artzeren lana nabaritu zen, batez ere.[8]
Beste ikus-entzunezko ekitaldi batzuk ere prestatu zituen aurrerago. 1974. urtean, Ez Dok Amairu banandu eta berehala, Mikel Laboarekin, taldeko hainbat kiderekin eta bere anaiarekin musika, dantza eta poesia batzen zituen Ikimilikiliklik saioa prestatu zuen. 1976an Veneziako biurtekarian eman zuten. Zurezko Olerkia kontzertua ere antolatu zuen, Luis de Pablorekin.
1977an Agustin Gonzalez Azilu musikariak J.A. Artzeren Arrano beltza poeman oinarritutako kantata konposatu zuen.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.Ez Dok Amairu eta XX. mendeko kantagintzaOskarbi taldea Joxan ArtzerenIturri zaharretik olerkia kantatzen (Irun, 2025)
Bi garaitan banatzen da Artzeren produkzioa. Artzek berak askotan aitortu zuen lehen aldian “kanpotik barrura” ikusten zuela (“Harzabal” ezizena erabiltzen zuen orduan, 1969-1979) eta, aldaketa espirituala bizi ostean, bigarren aldi batera pasatu zela, hots, “barrutik kanpora” idaztera aldatu zuela bere ikuspegia (“Hartzut” ezizenarekin, orduan). Lehen aldiko Artze gazteak inguratzen zuen errealitatea islatzen zuen bere lanean, garaiarekin eta lekuarekin zuen lotura agertzen zuen nolabait.[10][11][12]
«
Begiratu erneko pertsona zen Joxan Artze, kanpora eta barrura. Herriko gaiekin, euskararekin konprometitua, eragilea. [...] Artista handia izan baitzen Artze, berritzailea, eraldatzailea, nola formaz hala mamiz, eta, zentzu horretan, aipagarriak dira Artzeren ausardia eta ikusmira. Bere garaiko kanonekin apurtu zuen, baina sentsibilitate handia erakutsi zuen gure erraiekin, sustraiekin, ondarearekin. Izan ere, iragana eta geroa uztartzen jakin zituen Artzek. Bereak dira hitzok: “Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, beti berri den ura, betiko iturri zaharretik”. [..] Hortxe ditugu etorkizuneko hitzak eta giltzak. Kontzientzia liriko eta etiko bat.