Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea
Coat of Arms of the Basque Country.svg

EUSKO JAURLARITZA
Sorrera 1936ko urriaren 13a
Erakundea Eusko Jaurlaritza
Josu Erkoreka 2020.jpg
Lehendakariordea Josu Erkoreka
Azkena Idoia Zenarrutzabeitia
Eskumenak Legegintzaldi batetik bestera aldakorrak

Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea edo lehenengo lehendakariordea[oh 1][1] Eusko Jaurlaritza osatzen duten agintarietako bat da, lehendakariarekin eta sailburuekin batera.[2] Eusko Jaurlaritzaren hierarkian bigarrena da, lehendakariaren ondoren. Gernikako Estatutuaren hogeita hamargarren artikuluaren arabera, lehendakariordea ez da Eusko Jaurlaritzak eduki behar dituen derrigorrezko kideetako bat, lehendakariaren borondatepean dago halako kargua duen pertsona bat edo hainbat izendatzea, izan ere, estatutuaren arabera, Eusko Jaurlaritzak lehendakariorde bat baino gehiago eduki ditzake.[2] Gainera, lehendakariordea, postu hori izateaz gain, sail bateko burua ere izan daiteke.[2][3]

Lehendakariordearen eskumenak agintaldi batetik bestera aldatu egin dira, lehendakariak baitu bere eginbeharrak eta eskumenak zehazteko ahalmena. Egun Eusko Jaurlaritzak ez du lehendakariorderik eta historikoki postu horren mende egon diren eskumenak Lehendakaritzaren mende daude.[4] Azken lehendakariordea Idoia Zenarrutzabeitia jeltzalea izan zen, 2009ra arte egon zen postuan, Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren agintaldian.[5]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordea Jesus Maria Leizaola jeltzalea izan zen.[3] 1936an izendetu zuen Jose Antonio Agirre lehendakariak, Euzkadi'ren Berjabetasun-araudia (1936ko Euskadiko estatutua) indarrean zela.[6] Gainera, Justizia eta Kultura sailburu ere izan zen.[3] Lehen Eusko Jaurlaritzaren barnean, Leizaolak gehienbat Euskadiko ondasun eta pertsonen segurtasuna bermatze aldera egin zuen lan, eta bera izan zen etsaiak balia zitzakeen Euskadiko industria eta ondasunak ez suntsitzearen bultzatzaile nagusia. 1960an, Jose Antonio Agirre erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzako lehendakaria hil egin zen eta Jesus Maria Leizaolak hartu zuen haren tokia, eta honek Francisco Javier Landaburu izendatu zuen lehendakariorde.[7] Guztira erbestean lau lehendakariorde izendatu ziren, Joseba Rezola Arratibel (1963-1971) eta Martin Ugalde (1972-1975). Landaburu eta Arratibelek salbu, gainerako guztiek sailen bateko buruzagitza ere eduki zuten haien agintaldian zehar.[3]

1978an Euskal Kontseilu Nagusia eratu zen eta erbesteko Eusko Jaurlaritzaren funtzioak bere gain hartu zituen, haren jarraipen gisa. Euskal Kontseilu Nagusia indarrean egon zen bi urteetan zehar ez zen lehendakariorderik izendatu. Hurrengo lehendakariordea, beraz, Mario Fernandez Pelaz jeltzalea izan zen, 1980ko apirilean izendatua, demokrazia-garaiko lehen Eusko Jaurlaritza eratu ostean.[8] Zehazki, Fernandez Autonomia Garapenerako lehendakariorde eta Lan sailburu izan zen, eta haren eskumen zein eginbeharrak 1982ko urtarrilaren 21eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ziren. Eskumen horien artean zeuden Eskumenen Eskualdatzerako Batzorde Mistoan Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa parte-hartzea eta hortik ateratako emaitzak sailetara behar bezala helaraztea; Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Batzordean parte-hartzen zuten sailak koordinatzea eta Jaurlaritzak Sailen mendeko pertsonala aldatuko balu, hartarako hartutako neurriak gainbegiratzea eta koordinatzea.[9] Fernandezek Lan sailburutza utzi zuen 1984an, eta Eusko Jaurlaritzaren lehendakariorde gisa soilik jardun zuen hurrengo urtean zehar, harik eta Carlos Garaikoetxeak lehendakariak EAJrekin izandako liskarren ondorioz alderditik atera eta lehendakaritza utzi zuen arte.[10][11]

1985ean Jose Antonio Ardanzak Garaikoetxearen lekua hartu eta lehendakaritza bere gain hartu zuen, Eusko Jaurlaritza berri bat osatuz.[10] Ardanza lehendakari izan zen lau legealdietan lehendakariorde bana izendatu zuen, horietatik hiru sail bateko buru ere izan ziren. Ramon Jauregi Atondo sozialista 1987tik 1991ra izan zen Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde, ez zuen sailik bere gain hartu eta jeltzalea ez zen lehen lehendakariordea izan zen, EAJk eta PSEk egindako koalizio gobernuaren fruitu. Lehendakariorde honek eskumen hauek eduki zituen: Ekonomia-Egitamua (Ekonomia-plana) lantzeko eta gaurkotzekoa; lehendakariak hala zehaztuko balu, Eskuemandako Batzordeen buru izan eta horiek gidatzekoa eta lehendakariaren ordelari lanak egitekoa, legeak edo lehendakariak zehaztutako esparruetan, besteak beste.[12] Aipatzekoa da, Juan Jose Ibarretxe lehendakariorde eta Ogasun eta Herri Administrazio sailburu izan zela lehendakari izan aurretik, Ardanzaren gobernupean.[13] Lehendakariorde gisa, Jaurlaritzaren Idazkaritza; Legebiltzarrarekiko, Arartekoarekiko eta beste erakundeekiko hartu-emanak; Autonomiaren garapenerako politikak eta hartarako sailen gidaritza; Autonomia Estatutuaren defentsa juridikoa eta legezkotasunaren kontrola eta aholkularitza juridikoa hartu zituen bere gain, besteak beste.[14]

1999ko urtarrilean Juan Jose Ibarretxek Ardanzaren tokia hartu eta lehendakari izendatu zen, hala, VI. legealdiari hasiera emanez.[15] Ibarretxe lehendakari izan zen hiru legealditan lehendakariorde bera izan zuen Eusko Jaurlaritzak, Idoia Zenarrutzabeitia jeltzalea, eta hiru legealditan lehendakariorde izateaz gain, Ogasun eta Herri Administrazio sailburua izan zen.[16][5] Ardanzak sortutako ohitura jarraituz, lehendakariordearen esku geratu zen Jaurlaritzaren Idazkaritza eta lehendakariordetzak aurreko legealdian izandako antzeko eskumenak jaso zituen.[17] Berritasun gisa, administrazio modernizatzeko eta eraberritzeko prozesua bultzatu eta zuzentzeko ardura jaso zuen Zenarrutzabeitiak.[17] Ibarretxeren agintaldietan lehendakariordetzak antzeko eskumenak eduki zituen, V. legealdian Ardanzak finkatutakoak, hain zuzen. Alabaina, VII. eta VIII. legealdietan aurrez zituen ardurez gain Euskal Herriko Zuzenbide Zibil eta Forala kontserbatu, aldatu eta garatzeko ardura eta Euskadiko herri-antolaketa kudeatzea egokitu zitzaion lehendakariordetzari.[18][19]

2009ko maiatzaren 9an Patxi Lopez sozialista izendatu zen Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta hark, lehen aldiz hogeita hemeretzi urtean, ez zuen lehendakariorderik izendatu eta kargu horri zegozkion eskumen guztiak bere gain hartu zituen.[20] 2012ko abenduan Iñigo Urkullu jeltzalea lehendakaritzara iritsi eta Lopezek eginiko aldaketa jarraituz, ez zuen lehendakariorderik izendatu, ez X. legealdian eta ezta XI. legealdian ere.[21] Haatik, Josu Erkoreka Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuari igorri zion Jaurlaritzaren bozeramaile kargua XI. legealdian.[4]

2020ko irailaren 5ean eratu zen Eusko Jaurlaritzan (XII. legealdian, Iñigo Urkulluren hirugarren agintaldia) lehen aldiz bi lehendakariorde izendatu ziren: Josu Erkoreka eta Idoia Mendia. Hala, amaiera eman zitzaien aurreko hamarkadan egon ziren lehendakariorde gabeko Jaurlaritzei. XII. legealdiko Eusko Jaurlaritzan lehendakariordeak ere hierarkikoki ordenatuta egon ziren, lehenengo lehendakariordea Josu Erkoreka zelarik eta bigarren lehendakariordea Idoia Mendia.[1] Josu Erkoreka gainera Segurtasun sailburu izendatua izan zen eta Idoia Mendia Lan eta Enpleguko sailburua.[1]

Lehendakariordeen zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azpiko taulan ageri dira Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak, kronologikoki ordenatuta. Datuak Eusko Jaurlaritzaren webgunetik eta EHAAtik hartu dira.[22][23]

Coat of Arms of the Basque Country Autonomous Government (1936-1937).svg
Euzko Jaurlaritza
Bigarren Errepublikaren eta Francoren diktaduraren garaian
Legegintzaldia Agintaldia Lehendakariordea Alderdia Lehendakaria Alderdia
1 1936-1960 Jesus Maria Leizaola EAJ Jose Antonio Agirre EAJ
2 1960-1963 Francisco Jabier Landaburu EAJ Jesus Maria Leizaola EAJ
1963-1971 Joseba Rezola Arratibel EAJ
1972-1975 Martin Ugalde EAJ
Coat of Arms of the Basque Country Autonomous Government (1936-1937).svg
Eusko Kontseilu Nagusia
Trantsizio garaian
Legegintzaldia Agintaldia Lehendakariordea Alderdia Lehendakaria Alderdia
1
Ez zen lehendakariorderik izendatu
Ramón Rubial PSE
2 Carlos Garaikoetxea EAJ
Coat of Arms of the Basque Country.svg
Eusko Jaurlaritza
Gernikako Estatutuaren garaian
Legegintzaldia Agintaldia Lehendakariordea Alderdia Lehendakaria Alderdia
I. 1980-1985 Mario Fernandez Pelaz EAJ Carlos Garaikoetxea EAJ
II.
II. 1985-1987 Javier Garcia Egotxeaga EAJ Jose Antonio Ardanza EAJ
III. 1987-1991 Ramon Jauregui PSE-EE
IV. 1991-1995 Jon Imanol Azua EAJ
V. 1995-1999 Juan Jose Ibarretxe EAJ
VI. 1999-2009 Idoia Zenarrutzabeitia EAJ Juan Jose Ibarretxe EAJ
VII.
VIII.
IX.
Ez zen lehendakariorderik izendatu
Patxi Lopez PSE-EE
X. Iñigo Urkullu EAJ
XI.
XII. 2020- Josu Erkoreka EAJ

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. 2020. urtean hasi zen XII. legealdian lehen aldiz bigarren lehendakariorde bat izendatu zen, Idoia Mendia. Kargu hau ez zitzaion aurretik inori esleitu, nahiz eta legedian aurreikusita egon kargu hori aitortzeko aukera. Aurreko legealdietan gehienez lehendakariorde bat izendatu zen eta hark "lehendakariorde" izena jaso zuen. Alabaina, bigarren lehendakariordearen izendapenarekin batera "lehenengo lehendakariorde" izena agertu zen, aurretik "lehendakariorde" izenaz izendatzen zen kargudunari aipamen egiteko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c «Gobernu Kontseiluaren kideak» www.euskadi.eus 2016-05-23 Noiz kontsultatua: 2021-02-23.
  2. a b c «Eusko Jaurlaritza - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus Noiz kontsultatua: 2020-04-03.
  3. a b c d «Gobernu lantaldeak» www.euskadi.eus 2005-08-17 Noiz kontsultatua: 2020-04-03.
  4. a b «Gobernu Kontseiluaren kideak» www.euskadi.eus 2016-05-23 Noiz kontsultatua: 2020-04-03.
  5. a b «VIII. Legealdiaren Gobernu lantaldea» www.euskadi.eus 2016-06-02 Noiz kontsultatua: 2020-04-03.
  6. Euzkadi'ren Berjabetasun-araudia. Euzkadiko Agintaritzaren Egunerokoa.
  7. «Landaburu Fernández de Betoño, Francisco Javier - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus Noiz kontsultatua: 2020-04-03.
  8. «Gobernu lantaldeak» www.euskadi.eus 2005-08-17 Noiz kontsultatua: 2020-04-03.
  9. «Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria - EHAA/BOPV» www.euskadi.eus Noiz kontsultatua: 2020-04-03.
  10. a b «Gobernu lantaldeak» www.euskadi.eus 2005-08-17 Noiz kontsultatua: 2020-04-03.
  11. «Hemezortzi urtean alkate» uztarria.eus Noiz kontsultatua: 2020-04-03.[Betiko hautsitako esteka]
  12. Euskadi Osorako Erabakiak. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.
  13. «V. Legealdiaren Gobernu lantaldea» www.euskadi.eus 2016-12-22 Noiz kontsultatua: 2020-04-03.
  14. «Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria - EHAA/BOPV» www.euskadi.eus Noiz kontsultatua: 2020-04-03.
  15. «VI. Legealdiaren Gobernu lantaldea» www.euskadi.eus 2016-06-03 Noiz kontsultatua: 2020-04-03.
  16. «VII. Legealdiaren Gobernu lantaldea» www.euskadi.eus 2016-06-03 Noiz kontsultatua: 2020-04-03.
  17. a b «Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria - EHAA/BOPV» www.euskadi.eus Noiz kontsultatua: 2020-04-03.
  18. Beste Iragarki Ofizial Batzuk. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.
  19. Agintaritza eta langileria. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.
  20. «IX. Legealdiaren Gobernu lantaldea» www.euskadi.eus 2016-06-01 Noiz kontsultatua: 2020-04-03.
  21. «X. Legealdiaren Gobernu lantaldea» www.euskadi.eus 2017-01-19 Noiz kontsultatua: 2020-04-03.
  22. «Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria - EHAA/BOPV» www.euskadi.eus Noiz kontsultatua: 2020-04-03.
  23. «Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus» www.euskadi.eus Noiz kontsultatua: 2020-04-03.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]