Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

1936ko Euskadiren Autonomia Estatutua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

1936ko Euskadiren Autonomia Estatutua, jatorrizko euskal izenaz Euzkadiren Berjabetasun-Araudia,[1] Euskal Herriaren zati baterako onartu den lehenengo autonomia estatutua izan zen, ipar-mendebaldeko hiru herrialdeak (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) hartzen zituena.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatutua hainbat urteko prozesu luze baten emaitza izan zen. Hasiera batean, autonomia estatutu bateratua aurkeztu nahi izan zen Araba, Gipuzkoa, Bizkai eta Nafarroa Garairako. 1930 eta 1936 artean, hainbat estatutu proiektu egin ziren:

Eusko Ikaskuntzaren proiektua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errepublika etorri bezain pronto, alkate nazionalistek (haien buruan zegoen Jose Antonio Agirre, Getxoko alkatea) ekin zioten autonomiaren aldeko mugimenduari eta estatutu proiektu bat presta zezala agindu zioten Eusko Ikaskuntzari. Proiektu hau Errepublikaren garaian zehar prestatu ziren proiektu guztien abiapuntua izango da.

  • Eusko Ikaskuntzaren proiektua Konstituzio berria onartu baino lehen prestatu zen eta hori arazo izango da ezkerreko indar politikoek onartzerako orduan. Horrela, Eusko Ikaskuntzak 1931ko maiatzaren 31n Euskal Herriko estaturako estatutu orokorra aurkeztu zuen. Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroa Garaiak estatu bat eratuko zuten, Espainiako Errepublika Federalaren barnean. Euskadi izango zen haren izena.
  • Garatu zen proiektu honetan, gobernu zentralaren eskumena izango dira hurrengoak: nazioarteko arazoak, komunikabideak, moneta, Eliza-Estatua harremanak, estatuko hauteskundeak, armada eta beste hainbat arlo.
  • Aldiz, Eusko Jaurlaritzaren eskumena izango da bere lurraldeari dagokion antolaketa, polizia edo eusko gudarostea antolatzea, adibidez.
  • Egitura konfederala aurreikusten du eta lurralde bakoitzak autonomia maila handia izango du; lurraldeetako bakoitzak ordezkari-kopuru berbera eramango du Parlamentura eta gobernura.
  • Eskubide politikoen jabe izateko urtebetez hemen bizitzea eskatuko zaie euskal herritarren seme-alabei eta bi urte gainerakoei.
  • Ekonomia Itunak iraungo du.
  • Elebitasuna ezarriko da irakaskuntzan eta administrazioan.

Proiektu honen eragozpen handiena zehaztasun eza zen; herriak ordezkaritza maila eskasa izatea ere kritikatu zitzaion.

1931ko ekainaren 7an EAJk, Elizarekiko harremanak estatu zentralaren menpe geratzen zirela-eta, oso-osorik gustuko ez badu ere, Eusko Ikaskuntzaren autonomia proiektua onartu egiten du. Sozialistak, errepublikarrak eta karlistak ere oro har alde daude. Autonomia osatu nahi duten 520 herrietatik 480k onartzen dute hasierako proiektu hau. Eusko Ikaskuntzaren proiektutik abiatuta, bi proiektu ezberdin elaboratu ziren: karlista eta EAJrena, eta ezkertiarrena.

Lizarrako estatutua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriarentzako Sortaraua»

Alkate euskal nazionalistek eta karlistek batzarrera deitu zuten eta 1931ko ekainaren 14an bildu ziren udalek Eusko Ikaskuntzaren proiektuan oinarritutako Estatutua onartu behar zutela-eta. Hasieran Iruñean egiteko asmoa bazuten ere, Lizarrara aldatu zuten azkenean. Puntuz puntu eztabaidatu zuten eta bilera honetan hainbat aldaketa erabaki ziren, Estatutuari kutsu nazionalista, eskuindar eta konfesionala emango ziotenak. Horrela sortu zen Lizarrako estatutua.

  • Autonomia prozesua udalen kargu geratu zen eta ez Batzar Kudeatzaileen esku (Hauetan gehiengo ezkerra zegoen eta besteetan gehiengo eskuina). Errepublikaren gobernuan ezkerrak agintzen zuenean, hori arazo bat izan zen eta Biurteko Beltzean, berriz, espainiar eskuina ez zen batere autonomiazale.
  • Estatutua, berreskuratuko ziren foruetan (eta ez Errepublikaren Konstituzioan!) oinarrituriko lege baten gisa aurkeztu nahi izan zen. Foruen berrezarpenaren aipamena egin zen. Hau ere eragozpena izango zen gobernu zentralak onartzerakoan.
  • Egitura konfederala aurreikusten zen.
  • Euskal burujabetza ez du Espainiako Konstituzioak mugatuko, Euskal Herriak berak baizik. Konstituzioari eginiko erreferentziak kendu egin ziren.
  • Euskal aginte zentrala oso ahula izango zen, eta diputazioen eginkizuna indartzen zen.
  • Hauteskundeak era tradizionalean egingo ziren. Gehiago mugatu ziren etorkinen eskubide politikoak (10 urteko erresidentzia eskatzeak botorik gabe uzten zituen 1920. urtean iritsi ziren 100.000 etorkin).
  • Izaera konfesionala hartu zuen, Eusko Ikaskuntzaren proiektu liberalari bidea itxiz. Konstituzioaren esparruan onartezina zen puntu hau.
  • Eusko Ikaskuntzaren proiektua kontsensuan oinarrituriko testua izan zen; Lizarrakoa, aldiz, erabat alderdikeriazkoa zen, EAJk eta karlistek zuzendua.

Lizarrako proiektua izan zen EAJ eta Comunión Tradicionalista (karlistak) alderdien arteko koalizioaren oinarrizko programa 1931ko hauteskunde orokorretan eta emaitza onak eman zizkien (14 eserleku), baina, ezkerra aurka zuen neurrian, ez zuen etorkizunik izan, Konstituzioaren arabera Gorteetan onartu behar baitzen.

Aurkeztu ziren Nafarroa Garaiko 220 udaletatik, 200 agertu ziren alde (%89,93) eta Uztailaren 13an Iruñean buruturiko batzarrak berriro esan zion baietz Estatutuari.

Horrela, irailaren 22an 420 alkatez osaturiko ordezkaritza joan zen Madrilera eta estatutu proiektua aurkeztu zion Niceto Alcala Zamorari. Irailaren 25 eta 26an Gorteetan eztabaidatu zen eta Eliza-Estatu harremanen artikulua konstituzioaren aurkakoa zela eta atzera bota zuten guztiz.

Abenduaren 9an onartuko zen Espainiako Bigarren Errepublikako Konstituzioa eta bertan Eliza-Estatu harremanak banatuta geratu ziren erabat, ilegalizatu zuten erlijio ordenen lana, eta erlijioa hezkuntza ofizialetik at jarri zen. Garbi zegoen Lizarrako autonomia proiektuak ez zuela irtenbide zuzenik izango.

Batzar Kudeatzaileen (diputazioen) proiektua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oraingo honetan deitzaileak diputazioak ziren (ezkerra gehiengo), haiek ere Eusko Ikaskuntzaren proiektuan oinarritutako Estatutua onartu behar zuela-eta. Hemen ere hainbat aldaketa erabaki ziren, Estatutuari kutsu demokratiko, ezkertiar eta akonfesionala emango ziotenak.

  • Autonomia prozesua hasteko, Konstituzioak aurreikusitako prozedura errespetatzen zuen: Batzordeek prestatu, udalek onartu, herriak boto bidez berretsi eta Gorteek onartu.
  • Estatutu berri honetan ez zen Euskal Estatua aipatzen, estatu espainiarren barnean izango zen unitate autonomo politico-administratiboa baizik, Euzkadi euskaraz eta Pais Vasconavarro gaztelaniaz. Foruei eta Kontzertu Ekonomikoari buruzko aipamen berezi bat sartzea lortu zuen EAJk. EAJk onartzeko modukoa ikusi zuen, baina Comunion Tradicionalistak ez.
  • Parlamentu eta gobernu komun bana izango ziren eta, lurralde mailako instituzioek aginte maila apalagokoak izango zuten.
  • Parlamentuko kideak boto bidez hautatuko ziren. Parlamentuak hautatuko zuen Euskadiko gobernuburua.
  • Etorkinen aurkako bazterkeriak saihestu ziren eta izaera akonfesionala eman zitzaion.
  • Auzitegi Gorena ere aurreikusi zen.

Lizarrakoa baino demokratikoagoa zen. Autonomia-maila, berriz, txikiagoa.

Onarpen prozesua zaila izan zen eta, azkenean, bi testu prestatu zituzten:

  • 4 lurralde hartzen zituena; baina udal nafarren gehiengoak aurkako botoa eman zioten (gehienak karlistak ziren). 1932ko ekainerako prest egon zen. Karlista askorentzat foruen aurka zihoan, baina EAJk ez zuen beste biderik ikusten. Estatutu proiektu berria konstituzioarekin hobeto ezkontzen zen, baina 1932ko ekainean egin zen udal nafarren batzarrak atzera bota zuen, konfesionaltasuna nahi zutela-eta.
  • Horren aurrean 3 probintziaz osatutako Euskal Autonomia Erkidegorantz abiatu ziren. Nafarrek bananduta zeuden ipar-mendebaldeko hiru euskal probintziekin batera joan nahi zutenak eta Nafarroa Garaia bakarrik ikusten zutenak. Baziren aldaketarik gabe jarraitu nahi zutenak ere. 1933ko abuztuaren 6an onartu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalek.

Hala ere, garai honetarako eskuinak agintzen zuen gobernu zentralean eta Lizarrako proiektu hau ere ez zen aurrera joango.

1936ko Estatutua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936ko hauteskundeetan Fronte Popularrak irabazi zuenean, gutxiengo nazionalistak garbi zuen Euskadiren autonomia gobernu honen akordio baten baitan egongo zela. Batzorde bat osatu zen, kontsentsua bilatzeko asmoz; Indalezio Prieto, Euskadiko sozialisten buruzagia, zen buru; eta idazkaria Jose Antonio Agirre zen, gutxiengo nazionalistak Gorteetan zuen taldeko burua.

Lanak bizkor joan ziren aurrera eta 1936ko ekainerako proiektua bukatuta zegoen jada. Akordio bat falta zen Finantza arloan, diputatu eskuindarrek (Oriol, tartean) egindako oposizioa zela-eta. Esaten zutenez, bateraezinak ziren Estatutua eta Kontzertu Ekonomikoen erregimena. Errealitatean, Estatutuaren onarpena atzeratzeko aitzakia besterik ez zen.

Gerra hasi bezain laster eten egin zen autonomia prozesua, baina gobernu zentralak EAJk gerran modu eraginkorrago batean parte hartzea behar zuen eta Estatutuaren onarpenaren aldeko urratsak bizkortu zituen. 1936ko urriaren 1ean, Espainiako Parlamentua Valentzian egokitu eta gero, onartuko zen Estatutua eta, onartu zen testuak aldaketa batzuk bazituen:

  • Askoz ere laburragoa zen, 14 artikulu baizik ez zituen.
  • Zehaztasun eza handia zen aspektu garrantzitsu batzuetan, hala nola aginte sistemen eta ogasunaren alorrean.
  • Eskubide historikoei, foruen berrezartzeari eta Nafarroa Garaiaren integrazioari buruzko aipamenak kendu egin ziren.
  • Kanpoan geratu ziren, baita ere, Lana eta Jabetza eta Zerbitzu Militarra tituluak.
  • Gerrak eraginda, ahalak zabaldu zituen Eusko Jaurlaritzak eta Estatuaren ordezkari bihurtu zen Euskal Herrian. Estatuaren ahalak bere egin zituen orduan, dirua egin zuen, kontrolpean ezarri zituen estatuko funtzionarioak, gerra gidatu zuen, eta abar.
  • 1936ko urriaren 7an bildu ziren Gernikara Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zinegotziak, lehen lehendakaria izendatzeko. Alderdi guztiak bat etorri ondoren, guztiek eman zuten Jose Antonio Agirreren aldeko botoa.
  • Horrela abiarazi zen Euskadiren autonomia eta, ordainetan, gobernuak sakonago sarrarazi zuen EAJ gerran.
  • Kanpoaldera begira, garrantzitsua zen lehendakari katoliko eta moderatu bat edukitzea, hautsi egiten baitzuten matxinatu faxisten propagandak sortu nahi zuen irudia, militarren altxamendua “komunismo ateoa”ren aurkako mugimendua zela esaten baitzuten haiek.

Hala ere, gutxi iraungo zuen lortutako autonomia honek, Francok urtebete baino gutxiagoan bereganatu baitzuen lurraldea eta Eusko Jaurlaritzak erbestean jarraitu beharko du bere jarduna.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ikus estatutuaren jatorrizko testua, gaztelaniaz eta euskaraz, IVAPen webgunean: Euzkadiren Berjabetasun-Araudia.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]