Gainbehera dator dena
Gainbehera dator dena | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | Chinua Achebe |
Argitaratze-data | 1958, lehen edizioa Heinemann argitaletxean eta 2007an euskaraz, Alberdania eta Elkar argitaletxeen eskutik |
Generoa | Eleberria |
Jatorrizko izenburua | Things Fall Apart |
Herrialdea | Nigeria |
Orrialdeak | 225 |
ISBN | 978-84-96643-74-1 |
Gainbehera dator dena (ingelesez: Things Fall Apart) Chinua Achebe nigeriarrak idatzitako eleberri bat da. 1958an argitaratu zen liburua lehen aldiz, Heinemann argitaletxe britaniarraren bidez. Kritika anglosaxoia txundituta geratu zen. Lan honekin, afrikar egileen sailari hasiera eman zion Heinemann argitaletxeak. 50 hizkuntza baino gehiagotara itzulia izan da (tartean, euskarara), eta idazle afrikar itzuliena bihurtu da horrela. Afrikar literaturako libururik salduenetakoa den honekin (zortzi milioi ale baino gehiago), ospe handia lortu zuen nazioartean. Ingelesez idatzitako afrikar literaturaren arketipotzat ere hartzen da.
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ahozko literaturatik abiatuta, lan honen aurrekari gisa aipatzen da Omenuko (1933) narrazioa, Pita Nwana idazleak egina igbo hizkuntzan, non Igwegbe Odum de Ndizuogu (1860-1940, gutxi gora behera) buruzagiaren biografia kontatzen den, eta kolonizazioaren garaian bizitako gatazka islatzen den. Etnia horren ingelesez ondoren idatzi zutenen aita literariotzat hartzen da. [1]. Egileak aitortu zuen lan hau idatzi nahi zuela europar egileek eskeitzen zuten Afrikari buruzko irudi desitxuratua aurka borrokatzeko. Zehazki Joyce Cary irlandarrak argitaratutako Mister Johnson (1939) laburbiltzen zituen, haren aburuz, okerreko estereotipo horiek guztiak.[2].
Sinopsia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Istorioa Nigeriako fikziozko herri batean kokatzen da, Onitsha herriaren mendebaldean,(Nigeriaren ekialdean) 1860-1890 bitarteko urteetan, herrialdea britaniarren menpe zegoen garaian. Bertako igbo herriaren bizimodua, gizartea eta kultura deskribatzen ditu, eguneroko ohitura asko barne, idealizatu gabe, britainiarren lege kolonialen eta mendebaldeko kulturaren eraginpean; bide batez, estereotipoak apurtzen ditu. Era berean, bertako askok errekonozitzen dute beraien arbasoak istorioan.[3]. Pertsonai nagusia Okonkwo du izena eta igbo komunitateko buruzagia da, fikziozko Umuofia klanekoa, borrokalaririk onena eta administrazio koloniali aurre egiten diona, kultura propioari eutsiz. Gizon sendoa eta langilea izanik, klanaren balioak eta ohiturak propio egiten ditu, nahiz eta horien arabera haren nahiaren kontrako ekintzak egitera eramatea, esate baterako, hazi zuen mutikoa hiltzea. Beste batean, nahigabeko hilketa baten ondorioz, herritik alde egin behar du bere familiarekin. Emaztearen herrira herbesteratua, han ezagutzen dute herrialdea kristautu nahi duen elizak. Itzulitakoan, zigorra beteta, Okonkwo saiatuko da lidergoa berreskuratzen, baina herrialdea ez da zazpi urte lehenago utzitakoa.[4].
Jarraipena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Liburuak jarraipena izan zuen No longer at Ease (1960) eta Arrow of God (1964) eleberrietan, non pertsonai nagusiaren ondorengoen gorabeherak jasotzen diren, trilogia bat osatzen. Azken urteetan elkarrekin argitaratu dira hainbat hizkuntzetan hiru lanak Afrikar Trilogia izenburupean, antzinsolasa Chimamanda Ngozi Adichie idazleak egina duelarik.[5]. Beranduago argitaratu zituen beste bi eleberri ere lotu zituen egileak, Chinua Achebek hauekin: A Man of the People (1966) eta Anthills of the Savannah (1987). Koloniaren osteko desengainua islatzen dute, lurraldearen independentzia politikoa lortu ondoren.
Euskarazko itzulpenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Things Fall Apart euskarara ekarri izan da eta horren bi bertsio daude:
- Gainbehera dator dena, Irun: Alberdania, eta Donostia: Elkar, 2007 urtean. Itzultzailea: Alberto Martinez de la Cuadra. Itzulpena zuzenean ingelesetik egina dago eta Things Fall Apart liburuaren Penguin Classics bildumako testua (Achebe 2001) jatorrizko lanatik ekarria da, beste hizkuntzatarako itzulpenak gehituta. Azpimarragarriak dira horren inguruko zailtasunak, idazlek berak itzultzaile lana egiten duelako bere sormen lanean, aldi berean, hala hizkuntza nola erreferrentzia kulturalak, kultura indigenenarenak eta europarrak. Izan ere, iboera ez den hizkuntza baten bitartez heltzen zaizkio ibo herriaren kultur elementu eta kontzeptu asko irakurleari (ingelesez jatorrizko bertsioan eta hortik itzulpen eratorrietara). [6].
- Kito dena!, Donostia: Elkar, 1991 urtean. Itzultzailea: Jose Antonio Mujika. Kasu honetan euskara ikasten ari direnentzat egokitutako bertsioa da. Horren sorburua da 1974an, John Daveik moldatutako Thing Fall Apart liburuaren bertsio bat ingeles errazean egina, Heinemann Guided Readers bildumarako.[7].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) Gómez Ramírez, Paula.-Introducción al estudio de la literatura africana.-(Jaén): Universidad de Jaén, 1999. or.78. ISBN 84-89869-90-1
- ↑ (Gaztelaniaz) Gómez Ramírez, Paula (1999), orr. 101
- ↑ (Ingelesez)The African Trilogy: Part 1; Things Fall Apart, 1958, by Chinua Achebe / Mary Okekeren blogean:[1][Kontsulta data: 2019-05-19a]
- ↑ (Ingelesez) Liburuaren kapitulu eta pertsonai bakoitzeko laburpen xehatua ikus daiteke: [2][Kontsulta data 2019-05-19a]
- ↑ (Ingelesez)The African Trilogy : Things fall apart ; No longer at ease ; Arrow of God / Chinua Achebe ; Chimamanda Ngozi Adichie.-New York [etab.] : Alfred A. Knopf, arg. 2010.ISBN 9780307592705.
- ↑ Senez aldizkaria 35 zk. (2008)Gainbehera dator dena: Chinua Acheberen... Alberto Martínez de la Cuadra.
- ↑ (Ingelesez)Things Fall Apart / [by] Chinua Achebe ; rewritten by John Davey ; illustrated by E. W. Damer. London : Heinemann guided readers ; 9. ISBN 0435270109