Gasgabetze
Gasgabetzea material batean disolbatuta, harrapatuta, izoztuta edo xurgatuta dagoen gasa askatzean datza.[1] Gasgabetze prozesuan sublimazioa edo lurrunketa (biak ere gas agregazio-egoerara iragateko bideak) gerta daitezke, baina baita ere desortzioa eta pitzaduren edo barne-bolumenen artetik iragazpena. Irakitea, normalean, ez da gasgabetzearekin lotzen, izan ere, substantzia bera likido egoeratik gas egoerara igarotzean pairatzen den trantsizio-aldia da; gasgabetzea aldiz, hainbat substantziarena izan daiteke eta horiek ez dute zertan likido egoeran egon.
Adibideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hutsean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ingurune huts bat sortu edo hala mantendu nahi izanez gero, gasgabetzea ondo kudeatu beharreko arazoa izan daiteke. NASA eta ESAk espazio-ontziak edo espazio-zundak eraikitzean gasgabetze oso apala duten materialak erabiltzen dituzten, bestela, material horiek kondentsatu egingo liratekeelako elementu optikoetan, erradiadore termikoetan edo zelula fotovoltaikoetan, horiek lausotuz. Gainera, normalean xurgatzailetzat hartzen ez diren materialek alor zientifiko edo industrialean sortzen diren hutsak kaltetzeko moduan aska ditzakete molekulak. Hezetasuna, zigilatzaileak, labaingarriak eta eranskailuak dira gasgabetze-iturri nagusiak, baina pitzadurak dituzten edo ezpurutasuna duten metal eta beirek ere gasgabetzea paira dezakete. Gasgabetzea areagotu egiten da tenperatura igo ahala, lurrun-presioak eta erreakzio kimikoen abiaduraren areagotzeak eraginda (agitazio termikoa). Material solido gehienen kasuan, manufakturatze metodoak eta prestakuntzak gasgabetze maila era esanguratsuan murriztu dezake. Gainera, gainazalen garbiketak edo osagai jakin baten edo osagai guztien beroketak ("labekatzea" izena jasotzen du prozesuak) substantzia lurrunkorrak ezaba ditzake.
Gasgabetzeak astronautikan eragin ditzakeen arazoen adibide gisa, jar dezakegu NASAren Stardust espazio-misioan gertatu zena; bertan, nabigazio kameraren KAG[oh 1] sentsorea ezezaguna den kondentsatutako kutsatzaile batek kaltetu zuen eta horren ondorioz, zundak ateratako argazkiak kalitate kaskarragokoak izan ziren. Antzeko arazoa izan zuen Cassini espazio-misioaren Angelu Estuko Kamerak, baina sistema zenbait aldiz 4 °C-tara berotuz zuzendu zen akatsa.[2]
Espazioan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Argizagi jakin batzuetan oso ohikoa da gasgabetzea gertatzea, adibidez, kometetan gasgabetzeari esker sortzen da haien isatsa edo koma.[3]
Geologian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Satelite eta planeta harritsu txikiek eduki ohi dituzten atmosfera ahulen jatorria gasgabetzea izan daiteke.[4] Material ugari lurrunkorrak dira kanpo-espazioko muturreko hutsaren aurrean, eta beraz, lurrundu eta agian, irakin daitezke giro-tenperaturan. Ilargiko gainazalean dauden materialak erabat gasgabetuta daude eta gas horiek eguzki haizeak aspaldian eraman zituen, baina baliteke lurpean sakon material lurrunkorrak egotea. Hori dela eta, Ilargiko atmosfera ahula gainazalpeko material epelen gasgabetzearen ondorioz iraunarazten dela pentsa daiteke.
Gasak askatzen direnean ia beti inguruko arrokak eta hondarra baino dentsitate baxuagoa dute eta horregatik, lurrazalerantz iragazten dira. Sumendietako erupzio bortitzak magmak harrapatzen dituen gasgabetutako substantzia lurrunkorrek (ura adibidez) eragiten dituzte. Substantzia horiek magma likatsuak harrapatzen ditu, labazko kupula batean adibidez. Lurreko mutur-tektoniko dibergenteetan, zeinetan lurrazala sortzen den, helioa edo karbono dioxidoa bezalako substantzia lurrunkorrak mantuko magmatik gasgabetzen dira.
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Karga Akoplatudun Gailua, ingelesez Charge-coupled Device (CCD).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Strong, John (1938). Procedures in Experimental Physics. Bradley, IL: Lindsay Publications., 3. Kapitulua.
- ↑ (Ingelesez) Schläppi, B.; Altwegg, K.; Balsiger, H.; Hässig, M.; Jäckel, A.; Wurz, P.; Fiethe, B.; Rubin, M. et al.. (2010-12). «Influence of spacecraft outgassing on the exploration of tenuous atmospheres with in situ mass spectrometry: SPACECRAFT OUTGASSING» Journal of Geophysical Research: Space Physics 115 (A12): n/a–n/a. doi: . (Noiz kontsultatua: 2020-04-07).
- ↑ (Ingelesez) An upper limit for the water outgassing rate of the main-belt comet 176P/LINEAR observed with Herschel/HIFI?. Arxiv.org.
- ↑ Shirley, J. H.; Fairbridge, Rhodes W. (2001-01-31). Encyclopedia of Planetary Sciences. Springer Netherlands. ISBN 9780792367949.