Gaspar Jauregi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Gaspar Jauregi
Bizitza
Jaiotza Urretxu1791ko irailaren 15a
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza Gasteiz1844ko abenduaren 19a (53 urte)
Lanbidea
Lanbidea militarra
Zerbitzu militarra
Gatazka Iberiar Penintsulako Gerra
Lehen Karlistaldia

Gaspar Jauregi JauregiArtzaia ezizenaz ere ezaguna— (Urretxu, 1791ko irailaren 15aGasteiz, 1844ko abenduaren 19a) euskal militarra izan zen[1].

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urretxun jaio zen 1791ko irailean. Artzaia zuen aita, eta txikitatik harekin batera ibili zenez, 1808an frantsesen inbasioa gertatu zenean ederki ezagutzen zituen inguruko bazterrak. Handik bi urtera gerrilla batean sartu eta frantsesen zenbait mezulariri eraso zien. Napoleondar tropek bere gerrillari egindako presioaren ondorioz, Nafarroan babestu behar izan zuen, eta han Espoz Minaren "Corso Terrestre" gerrillan sartu zen. Nafarraren aginduetara hilabete batzuk eman ondoren, Nafarroan borrokan zebiltzan 60 bat giputz Jauregiren esanetara jarri zituen hark, gerrilla borroka Gipuzkoara hedatzen saiatzeko.

1811tik 1813ko udan frantsesak bota zituzten arte, etengabe borrokatu ziren Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian. Tomas Zumalakarregi bere agindupean izan zuen: bere idazkaria izan zen eta idazten irakatsi zion.

Gerra amaitzean, koronel maila zuen, baina karrera militarrean jarraitu beharrean negozioetan hasi zen, tratulari, Urretxuko alkate izatearekin batera.

Hirurteko Liberalean gobernuaren alde egin zuen, eta Boluntarioen Milizietan ibili zen gerrilla errealistan sartu ziren bere kide izandakoen aurka -Zumalakarregi tartean- borrokatuz. San Luisen Ehun Mila Semeen etorrerarekin batera monarkia absolutua berrezarri zenean Frantzian erbesteratu zen. 1824ko amnistia eta gero herrira itzuli zen, baina 1830ean berriro zegoen erbestean, Baionan hain zuzen ere, eta han sistema konstituzionala berrezartzeko inbasioa antolatzen zebilen, Espoz Minarekin batera. Asmo hark herriaren babesik lortu ez eta porrot egin zuenez, erbestera itzuli zen Jauregi.

Fernando VII.a hil ondoren, agintari liberalek deitu egin zuten karlisten aurkako tropa gipuzkoarrak gidatzeko. Brigadier izendatu zuten eta gerra hartako gudu nagusietan ibili zen, Gipuzkoako Boluntarioen zutabe mugikorra, txapelgorriak. alegia, gidatuz. Bere laguntzailea izandako Zumalakarregiren aurka borrokatu behar izan zuen berriro ere, Ormaiztegin eta Deskargan adibidez, eta porrot latzak jasan zituen han.

Karlismoaren aurkako jarrera irmoa izan zuen, baina herritar arruntak errespetatuz eta probintziari ahalik eta kalte gutxien egiten saiatuz. Horregatik, Rodil eta O'Donnellen tankerako jeneral ankerrei aurre egin zien.

Osasunez pattal zebilenez bere ardurak utzi behar izan zituen. Gerra amaiera aldean Muñagorriren "Bakea eta Foruak" lemara gerturatu zen, gobernu konstituzionalari zion leialtasunak harekin bat egitea galarazi zion arren.

Bergarako besarkadaren ondoren, probintziako mugen arduradun jarri zuten Behobian. 1841ean Esparteroren aurka eta foruen alde matxinatu zen, baina arrakastarik izan ez eta erbesteratu egin zen berriro. Baionan bizi izan zen 1843an Esparterok boterea galdu zuen arte. Euskal probintzietako kapitain jeneral izendatu zuten orduan. Azkenean, Arabako komandante jeneral izendatu zuten, eta ardura hori zuen 1844an Gasteizen hil zenean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]