Jose Antonio Muñagorri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Jose Antonio Muñagorri
Bizitza
Jaiotza Berastegi1794ko apirilaren 2a
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza Eratsun1841eko urriaren 14a (47 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzak frantsesa
gaztelania
Lanbidea
Lanbidea politikaria eta gudaria
Zerbitzu militarra
Gatazka Lehen Karlistaldia

Jose Antonio Muñagorri Otaegi (Berastegi, Gipuzkoa, 1794ko apirilaren 2a - Eratsun, Nafarroa Garaia, 1841eko urriaren 14a) politikaria izan zen.

Lehen Karlistaldiko protagonistetako bat izan zen. 1838an, Bakea eta Foruak mugimendua sortu zuen. Bandera horretara erakarri nahi izan zituen foruen alde borrokan zeuden soldadu karlistak. Ez zuen lortu, eta Irunen, Bidasoaren ertzean kanpamentua eginda desegin zen bere gudarostearen indarra sekretuan jaso zuen laguntza (Madrilgo gobernuarena eta Euskal Herriko handiki liberal-"foruzaleena") galdu zuenean.

Hala ere, bere formulari jarraituz amaitu zen gerra Bergarako Besarkadan 1839an.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jose Antonio Muñagorri Berastegin jaio zen 1794an Elutsene etxean.[1][2] Eskribau ikasketak egin zituen, familiaren tradizioari jarraiki, aita eta aitona ere eskribauak izan baitziren. Halere, hainbat negoziotan ibili zen, Leitzaran bailarako burdinolak kudeatzen batez ere. 1832an Gasteiz eta Irurtzun arteko bidea egiteko lanetan jardun zuen kontratista.

Karlistadak etenarazi egin zituen Muñagorriren negozioak, eta gerrak zein luze jotzen zuen ikusita eta Euskal Herrian eragindako ondorioekin kezkatuta Baionan erbesteratuta zeuden handiki batzuekin bildu zen.

«Bakea eta Foruak» aldarrikapenaren aldeko matxinada Berastegin 1838an

Handiki haientzat bakea lortzeko ezinbestekoa zen gatazka dinastikoa eta foruen aldeko borroka bereiztea. «Bakea eta Foruak» aldarrikapenaren ordezkari nagusia izan zen Muñagorri. Foruak errespetatzen baziren euskaldunoi Isabel ala Don Karlos berdin zitzaigula laburbiltzen zuen aldarrikapen hark.

Ekimen horrek Madrilgo gobernu liberalaren ezkutuko babesa izan zuen, dirua jarri baitzuen Muñagorrik gidatutako altxamendua bultzatu eta armada karlista ahultzeko. Muñagorri Berastegin matxinatu zen 1838ko apirilean, bere lema aldarrikatu eta desertore karlistak hartuko zituen armada berria osatu nahian. Arrakasta handirik lortu ez eta mugaz bestaldera joan behar izan zuen, mila gizon besterik ez eramanez.

Gobernu liberalak handikien batzorde bat sortu zuen Baionan, Muñagorriren altxamenduari laguntzeko. Hauek zeuden batzorde horretan: Villafuertesko kondea Gipuzkoatik, Iñigo Ortes de Velasco Arabatik, Pascual Uhagon Bizkaitik eta Jose Maria Bidarte Nafarroatik.

Muñagorriren tropak Bidasoa ondoko Lastaola inguruan finkatu ziren, arriskurik egonez gero ibaia zeharkatu eta Saran babesteko. Ekintza militar bakarra egin zuten: karlisten mende zegoen Urdazubi konkistatzea. Desertore karlistak hartuko zituen eta Lehen Karlistadaren garapenerako funtsezkoa izan zitekeen indar armatua sortzeko egitasmoak porrot egin zuen, baina gatazka dinastikoa eta foruen aldeko borroka bereizteko ideia funtsezkoa izan zen Bergarako Hitzarmenean. Karlista moderatuek Esparterorekin hitzarmen bat sinatzeko bidea ireki zuen Muñagorrik, eta horrela amaiera eman zitzaion gerrari.

Gerra ondoren, Espartero Madrilgo gobernura iritsi zenean, euskal liberal moderatuak matxinatu egin ziren, eta hantxe zebilen gure Muñagorri ere. Altxamenduaren porrotaren ondorioz Baionan babestu zen, eta Esparterok foruak indargabetu egin zituen errepresalia gisa. Muñagorri bere negozioetara itzuli zen orduan, eta Eratsunen zuen Sumarrieta burdinolan zela Esparteroren jarraitzaile amorratua zen txapelgorrien teniente batek atxilotu zuen. Berehala fusilatu zuten, 1841eko urrian.

« (Gaztelaniaz) Elorrio era un sujeto de malos antecedentes, "txapelgorri" encallado por siete años de guerra, engreído por su ascenso a teniente. Un antiguo resentimiento hacia Muñagorri, un odio personal y afán de notoriedad le incitaron a presentarse acompañado de algunos pocos soldados en Zumarrista y sorprendiendo a Muñagorri lo mató alevosamente en el cercano alto de Pillotasoro. Una cruz incrustada en un árbol recuerda el luctuoso suceso.  »
Antonio Maria Labaienek idatzia[3].

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Joxemiel Bidador: Muñagorri. La proclama 'Paz y fueros' de Muñagorri, El Leitzaran
  2. Jose Antonio Muñagorri Otaegi, Ganbara kopreko altxorrak. Berastegi eta inguruak
  3. José Antonio Muñagorri Otaegui, Auñamendi Eusko Entziklopedia

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]