Txapelgorri (Lehen Karlistaldia)

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau Lehen Karlistaldiko batailoiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Txapelgorri».
Txapelgorriak Miranda Ebron.

Txapelgorriak Lehen Karlistaldian boluntario liberalek osatutako infanteriazko batailoia izan ziren.[1] Izan ere, Fernando VII.a hil ondoren karlisten aurka eta Isabel II.aren tronuaren alde jardun zuten Gipuzkoako Boluntarioei txapelgorri izena ematen zitzaien, uniformean txapel gorria zeramatelako. Don Karlosen jarraitzaileek, berriz, pesetero («pezetazale») esaten zieten, Gobernu liberalak egunean pezeta bat ordaintzen zielako. Etsaiek izugarrizko gorrotoa zieten, beti zeudelako borrokatzeko prest eta karlistek bezain ondo ezagutzen zituztelako bazterrak. Ezagupen horrek ezabatu egiten zuen karlistek armada erregularrarekin borrokatzean zuten abantaila.

Boluntario gehienak hirietatik zetozen, eta Donostia, Tolosa, Ordizia eta Eibar izan ziren soldadu gehien eman zituzten hiriak. Dena den, Gipuzkoan bertan behar beste boluntariorik lortu ez zutenez, beste leku batzuetako jendea ere errekrutatu zuten, tartean frantses asko. Errekrutatutako ofizialak behintzat bertakoak izateko agindu zuen Aldundiak.

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaspar Jauregi "Artzaia", Gipuzkoan Napoleonen aurka aritutako gerrillako buruzagi ohia izan zen haien lehen komandantea, Frantziatik itzuli baitzen ardura horretan aritzeko. Lehenbiziko hilabeteetan, herrialde osoan ibili zen txapelgorrien batailoia, gaizki samar antolatuta zeuden karlista tropen atzetik zebiltzan tropen abangoardian nabarmenduz.

Iparraldeko tropa liberalen buruzagitzan Quesadaren lekua hartu zuen Rodil jeneralarekin batera ibili ziren 1834ko udan erregegaiaren atzetik, eta Arantzazuko santutegia erretzen parte hartu zuten. Historialari gehienek sute hartatik errugabetu egiten dituzte txapelgorriak, sute hura Don Karlos harrapatzerik izan ez eta, bere iritziz, fraide frantziskotarrak karlistekin elkar hartuta zeudelako amorratzen zegoen Rodilek agindu zuela esanez. Ekintza horretan Anselmo Iñurrigarro bigarren komandantearen aginduetara jardun zuen txapelgorrien batailoiak.

Francisco Lertxundi ere gorputz horretan ibili zen. Bertan hasi zuen bere ibilbide militar luze bezain distiratsua, gerora hainbat gobernutako buru eta alderdi moderatuko buruzagi izango zen politikari eta estatugizon horrek.

1835eko amaieran, Arabara bidali zuten txapelgorrien batailoia, Iñurrigarro buru zutela, eta liskar handia izan zuten han Esparterorekin. Urrian lapurreta batzuk egon ziren Bastidako, Subillako, Uribarriko eta Haroko zenbait elizetan, eta txapelgorriei bota zieten errua. Gametxan biltzeko agindu zien Esparterok eta errudunak aurkitu ez zituenez, zozketa egin eta hamar txapelgorri fusilatu zituen, haien batailoi osoaren aurkako salaketa izugarri larriak boteaz. Iñurrigarrok nahigabetuta Joaquin Maria Ferrer Gipuzkoako diputatuaren babesa eskatu zuen. Ferrerek Esparteroren jarduna salatu zuen Gorteetan, fusilamentuak agintzean arinegi ibili zela eta txapelgorri saiatuen aurka oinarririk gabeko salaketak bota zituela esanez.

Fusilatutakoen artean Lezoko alkatea zegoen, Iñurrigarrok oso maite zuen boluntarioa berau. Beste gipuzkoar bat, bizkaitar bat, gaztelau bat, bi nafar eta lau frantses ziren gainerako fusilatuak, beraz, argi ikusten da armada hartako kideak leku askotakoak zirela.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Bernardo ANAUT: «Txapelgorris», Auñamendi Eusko Entziklopedia.


Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]