Gentile da Fabriano

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gentile da Fabriano

Bizitza
JaiotzaFabriano, 1370 (egutegi gregorianoa)
HeriotzaErroma1427ko iraila (56/57 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakitaliera
Irakaslea(k)Altichiero (en) Itzuli
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakmargolaria eta fresco painter (en) Itzuli
Lan nabarmenak
MugimenduaInternational Gothic art in Italy (en) Itzuli

Musicbrainz: 2183b855-23c3-42e4-b588-19ef1760764b Discogs: 2235885 Edit the value on Wikidata

Gentile da Fabriano, jaiotza-izenez Gentile di Niccolo (Fabriano, 1370 aldean - Erroma, 1427ko iraila) italiar margolaria izan zen, Nazioarteko gotikoko maisua. Venezian bizi izan zen (1408), eta bertan Jacopo Bellini ikasle izan zuen. Ondoren Brescian (1414-1419), Florentzian (1422-1425) eta Erroman lan egin zuen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gentile Markak eskualdeko Fabriano herrian jaio zen. Inork ez daki ofizioa non ikasi zuen, ezta gaztetan non ibili zen ere. Urte haietan, Siena, Orvieto eta Perugia arteko eskualdean, miniaturak, esmalteak eta tailak egiten zituzten lantegi asko zegoen, eta Nazioarteko estiloa puri-purian zegoen Italiako alde hartan. 1390 inguruan margotu zuen Ama Birjina eta santuak izeneko aldareko ohol txikia (gaur egun Berlinen dago).

Berehala joan zen Fabrianotik eta, bizitza osoan, Italiako artegune garrantzizkoenetan ibili zen, batetik bestera: Venezia, Brescia, Florentzia, Siena, Orvieto, Erroma... Hiri horietan, handikien eskariz, koadro eta fresko asko margotu zituen. Azken hauek, zoritxarrez, gehienak galduta daude, baina funtsezko obrak izan ziren gotiko beranduko Lonbardia eta Veneziako margolarientzat.

Veneziako Duxaren Jauregiko Maggiore Consiglio aretoan margotu zuen freskoari esker -veneziarren eta Oton III.aren arteko itsas gudua (1409, 1577ko sutean galdua)- egin zuten gotikoaren aldera Jacopo Bellinik, Giambonok eta Jacobello del Fiorek. Bresciako udaletxe zaharrean 1415etik 1419ra bitartean pintatu zuen kapera ere -galdua hori ere-, handik berrogeita hamar urtera eta kultura giro arras desberdinean, artean aztergai zuen Cosimo Turak. Erroman, Done Joan Laterangoaren basilikan, 1427an hasi zituen freskoak Pisanellok osatu zituen, eta ezin ukatuzkoa da Gentileren eragina Pisanelloren margolaritzan.

Ez dira asko izan gaur arte iraun duten Fabrianoren margolanak, baina nahikoa dira haren irudi-mintzaira ongi ezagutzeko. 1410-1412 inguruan pintatu bide zuen Valle Romita poliptikoa, gaur Milango Pinacoteca di Breran dagoena, arabesko aberats eta hauskorrez josita dago. Florentziako San Niccolò Oltrarno elizarako margotu zuen Quaratesi poliptikoa-n, ordea (1425; Londresko National Gallery, Florentziako Uffizi Galeria, Erromako Pinacoteca Vaticana eta Washingtongo Arte Galeria Nazionalaren artean banaturik dago), damasko loratuak baztertu gabe, argi eta garbi erakusten du oso ongi ezagutzen eta ulertzen zituela urte haietan Florentzian planteatzen ziren bolumen- eta perspektiba-arazoak. Tartean kokatzen dira Pisako Museo Nazionaleko eta Washingtongo Arte Galeria Nazionaleko Ama Birjina ederrak.

Azken denboraldikoak dira, berriz, Orvietoko katedraleko Ama Birjina -gaur oso hondatua-, eta Florentziako Hirutasun Santuaren elizako Palla Strozzi kaperarako margotutako Magoen adorazioa ospetsua (1423, Uffizi Galeria, Florentzia). Erretaulari erreparatzen bazaio, ikusten da pertsonaien jantziak koloretsuak eta ikusgarriak direla; mantu zabalak eta biribilduak dituzte, Iparraldean bezala. Familia Santua koadroaren ezkerraldean dago, eta mendian behera datorren jende aldra alai horrek azpian hartuko duela dirudi. Animaliak xehetasun harrigarriz daude errepresentatuak, baina ez etxe abereak soilik, baita lehoinabar, gamelu eta zikoinak ere; izan ere, garai hartako handiki batzuek oso gustukoa zuten gisa honetako abereak edukitzea, eta parke zoologiko pribatuak izaten zituzten. Gizakien ekialdetar jatorria azpimarratzeko, segizioko kide batzuei mongoliar tankerako aurpegiak margotu zizkien italiar maisuak.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irudi bat handitzeko, klika ezazu gainean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gentile da Fabriano Aldatu lotura Wikidatan