Gloria Mundi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Gloria Mundi
Jatorria
Egilea Fernando Morillo
Argitaratze-data 2004
Jatorrizko izenburua Gloria mundi
Argitaletxea Elkar
Ezaugarriak
Genero artistikoa eleberria
Hizkuntza euskara

Gloria Mundi Fernando Morillo idazle azpeitiarraren suspensezko eleberria da. XX. mendearen erdialdean Albert Einstein eta beste zenbait jakintsuk ezkutatu zuten aurkikuntza berraurkitzen du donostiar gazte zientzialari batek; berraurkikuntza hori ere galaratzen saiatuko dira estatubatuar espioiek. Eleberria 2004an argitaratu zen lehen aldiz, 2003ko Ondarroako Augustin Zubikarai Saria irabazi ondoren (ex aequo, Iñaki Irasizabal idazlearen “Burua txoriz beterik” liburuarekin batera).

Haria atalez atal[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbakiaren misterioa beldurraren mesedetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1947 urtean Robert Oppenheimer fisikaria Albert Einsteinen bila doa Princentongo Unibertsitatera. 1945 urtean Hiroshima eta Nagasakiko bonbardaketa nuklearren aurreko ikerketetan parte hartuak ziren biak, beste zientzialari batzuekin batera. Batzuk leherketa hiltzaile horietan laguntzaile izatea leporatzen diote Oppenheimerri, baina bera energia nuklearraren erabilera horren aurka zegoen. Orain, bi urte geroago, Robert Oppenheimerrek energia berri baten aurkikuntza egin berri du 1945eko ikerketa paperetan miatuz eta aurkikuntza horren berri ematen dio Einsteini.

Panta Rei[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ameriketako Estatu Batuetako kargu militar bi biltzen dira Washingtonen 2003 urtean. Energia berria aurkitzeko saio zientifikoak espioitzaz zelatatzen dituzte munduan. Pandora deitzen diote energia horri. Bereziki Donostiako fisika ikerketa zentro batean lanean dabilen Mireia Elosegi gazte baten ikerketak jarraitu nahi dituzte.

Gloria Mundi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2004 urtean Mireia Elosegi gaztea Donostiako ikerketa zentroan dago lanean, gauez eta bakarrik. Urduri dago, azken hilabeteetan bila ibili den energia berria aurkitu duelako. Horren berri ematen dio Dianne bere pisukideari telefonoz. Aldi berean, Michael Ramírez CIAko agentea dabil Mireiaren aurkikuntzaren atzetik eta mikrofonoz Mireiaren deia entzuten du. Berehala, egin beharrekoa egiteko agindua jasotzen du Estatu Batuetatik. Mireiak bere ordenagailuko PRANA artxiboa zabaltzen du, non bere ikerketaren gorabehera guztiak idazten dituen; aurkikuntza nola egin duen idazten du. Idazten bukatzen duenean, Joseba bere mutil lagun ohiaren urtebetetzea dela ohartzen da agenda ikusita. Mezu bat bidaltzen dio zoriontzeko. Bitartean, Ramirez zentrora sartzen ari da. Mireiak zaratak entzun eta korrika eta presaka bere ikerketen PRANA artxiboa ezabatu ordenagailutik eta Josebari bidaltzen dio atxikita.

Sua gaiztotzen[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joseba esnatu egiten da Donostiako Alde zaharreko bere etxean eta Amaia bere neska lagunak dagoeneko alde egin duela ohartzen da. Joseba kazetaria da, eta Amaia ertzaina, bulego lanetan ibiltzen dena baina kasuen ikerketa gustatzen zaiona. Josebak ez du Amaiarekin guztiz konprometitu nahi, Mireiarekin gertatu zen bezala. Posta elektronikoa begiratu eta Mireiaren mezua ikusten du, berarekin zer ikusirik ez duen PRANA artxiboarekin batera, formula matematikoz betea. Eguneko lehen pentsaurrekora berandu azaldu eta hortik ateratzean, telebistan Donostiako ikerketa zentro batek suak hartu duela ikusten du. Berahala, hara joan eta ertzain batek gorpu bat atera dutela esaten dio. Amaiari deitu eta suari buruzko informazioa eskatzen dio, Mireiari gertatu zaionaren beldur. Gorpuak gordetzen dituzten auzitegira joan eta gorpua Mireiarena dela baieztatzen diote. Amaiarekin elkartu eta Mireia azken aldian lan asko egiten ari zela jakin duela kontatzen dio, aurkikuntza burutzeko asmoz. Etxean berriz ere mezua irakurri eta goizaldeko ordubatean bidalia izan dela ikusten du. Horrek eta atxikitako artxiboak susmoak sorrarazten dizkio. Neska ezezagun baten telefono-deia jasotzen du; Dianne da, Mireiaren pisukidea, eta haren heriotza hilketa izan dela esaten dio. Diannek ez du Joseba ezagutzen baina Joseba zentro aurrean eta auzitegian zegoela ikusi du eta horregatik deitu dio. Elkartu eta Mireiari buruz hizketan hasten dira. Diannek kontatzen dio gauean lehenago haren deia jaso zuela, aurkikuntzaren berri emanez eta bi aste lehenago ere ideia bandalikoa izan zuela, aurkikuntza burutzeko ikerketan. Hilketa izan dela suak hartu ondorengo argazki bat aztertuta daki: ordenagailu baten CPU bat falta da. Mireia zerbait garrantzizkoa aurkitu eta horren bila zebiltzaten. Josebak atxikitako artxiboarena kontatzen dio. Aldi berean, Ramirez espioia bere nagusiekin hitz egin eta ordenagailuan ezer aurkitu ez dutela adierazten die.

Sorgin-ehiza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1951 urtean Einstein eta Oppenheimerrek zientzialari talde bati bilera baterako deia egin nahi dio, aurkikuntzaren berria dela eta energia nuklearrarekin gertatu zena errepika ez dadin. Estatu batuetan mcCarthyismoa dago indarrean eta edozein aitzakia erabiliz komunista izateagatik salaketak eta zigorrak edonori jartzen zaizkio. Horregatik, bi zientzialariek militarrekin elkar hartuta egon daitezken pertsona guztiak baztertu nahi dituzte bileratik.

Krisi oro ziurgabetasunaren areagotzea da[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dianne Josebaren etxera doa. Han, Mireiak bidalitako txostena erakusten dio Josebak. Fusioaz ari da Mireia txostenean, modu tekniko batean, baina Diannek uste du adibide moduan soilik erabiltzen duela, energia izateko iturri merke eta agortezina aurkitu duela adierazteko. Horretan jende asko interesaturik egon daitekeela eta, Mireia erailda izan dela uste dute. Salaketa bat jartzen dute Ertzaintzan, Josebak lagun ertzain Amaiari deituta. Bitartean, Ramirez espioiak Mireiak arrautza jarri zuela esateko deitzen dio bere nagusiari; artxiboa Josebaren eskutan dagoela dakite, telefono entzuketa sareari esker. Nagusiak laguntzaile bat bidaliko diola adierazten dio, ordenagailuetan aditua.

Josebak Mireiaren txostena buruan lo hartzen du, Mireiak energia buruz berari emandako beste liburu bat irakurrita. Goizean esnatzean, Atotxako auzitegira doa eta hango mediku bati dirua ematen dio Mireiaren gorpua berriz ere aztertua izan dadin. Ondoren, lankide bati deitzen dio hurrengo egunetan bere lana egin dezan. Etxera joan eta berehala konturatzen da bera kanpoan zegoen bitartean sartu eta dena hankaz gora jarri dutela, bere ordenagailua ere eraman dute. Amaia berehala agertzen da beste bi ertzainekin eta kontuz ibiltzeko erregutzen dio, Diannetaz ez da fidatzen eta Joseba ere ez; pistola bat ere eskaintzen dio, baina Josebak ez dio hartuko. Beranduago, Diannerekin elkartu eta honek Mireiaren hilketaren ikerketa utzi nahi duela esaten dio, bazterrak nahastu bakarrik egingo baitituzte aurrera jarraitzen badute. Joseba, ordea, ez dago amore emateko prest. Banantzean, Dianneren atzetik abiatzen da eta Donostiako Amara auzoko bere etxeraino iristen da, non bizi den jakiteko. Medikuaren deia jasotzen du, eta honek baieztatzen dio sutea gertatu aurretik Mireia hilda edo paralizatuta zegoela, haren biriketan kerik ez dagoelako. Amaiak deitu egiten dio, berak ere medikuaren abisua jaso duela esan eta Josebari etxera ez joateko ohartarazteko, arriskutsua izan baitaiteke, eta bere etxera joateko esaten dio. Amaiaren etxean, maitasuna egiten dute. Goizean jaiki eta Amaiak bere detektibe-trebeziak baliatuko dituela erabakitzen dute biek, poliziaren ikerketa ofizialetik at. Ramírez agenteari laguntzeko beste agente bat, Mille izenekoa, etorri da Donostiara. Josebaren berri ematen dio Ramírez, eta oraingoz hark ezer gutxi dakiela esaten dio. Bitartean, Joseba eta Dianne elkartzen dira; Dianne lur jota dago Mireiagatik, baina hala ere Josebak hari buruz zerbait gehiago dakiela uste duela botatzen dio. Diannek Mireia zerbait ezkutatzen ziola uste duela esaten dio, baina ez daki zer. Londresera itzuli behar duela iragartzen dio Josebari. Bitartean, Amaia Dianneren pisuan dago, bazterrak miatzen eta mikrofonoak jartzen. Joseba eta Amaia elkartu eta mikrofonoetatik Diannek bere etxetik telefonoz deia egiten duela entzuten dute: kide bati deitzen dio, eta Mireia eta Joseba babesten jardun duela dirudi; aldi berean, Josebaren ordenagailuan Mireiak bidalitako artxiboa aldatu zuela eta hala Leviatan izeneko erakunde misteriotsu batek benetako txostena ezingo duela eskuratu adierazten dio. Harri eta zur geratzen dira Joseba eta Amaia, baina Amaiak azkar erreakzionatu, telefonoak itzali eta dauden lekutik alde egiten dute ezkutuka, haien atzetik norbait egon daitekeelako. Ramírezen kideak haien mugikorraren seinalea galdu eta Amaia eta Josebaren arrastoa galdu egiten du; Ramírezek Dianneren arrastoa jarraitzeko agindua ematen dio. Joseba eta Amaia pentsio batera sartzen dira, babes bila. Hariak lotzen hasten dira, Leviatan hori zer den eta; azkenean, Josebak ordenagailuko hasierako fitxeroa, Mireiak bidalitakoa Diannek aldatu aurretik inprimatu egin zuela gogoratzen du. Joseba Leioako irakasle batengana doa txostena erakusteko, guztiz azkarra omen dena, berak ez baitu fisikaz tutik ere ulertzen. Otxotorena da bisitatu nahi duen irakaslea. Aurkitzen duenean, guztiz xelebrea dela ikusten du, tramankuluz beterik baitu bulegoa. Hasieran sinesgaitz agertzen da, baina azkenean txostena irakurtzen hasten denean, Mireiak idatzitakoa dela ondorioztatzen du berehala, ikerketaren estiloan igarrita; erresonantzian eta fusio nuklearrean oinarrituta, energia garbi eta infinitoa eskuratzeko modua aurkitu duela uste du Mireiak, baina irakasleak akatsak ikusten ditu txostenean, prozesua oso ezegonkorra izan daitekeelako. Bitartean, Ramirez eta Mille agenteek Dinnaeri buruzko informazioa, jasotzen dute, Cambridgen ikasitako ikertzaile garrantzitsua dela. Otxotorena irakasleak aurrerabide eskasa ikisten dio Mireiaren ikerketari, baina bulegotik ateratzean, Joseba zelatan geratzen da eta irakasleak berehala norbaiti deitzen diola sumatzen du, eta Mireiaren ikerketa zuzena dela kontatzen dio telefonoz bestaldean dagoenari, guztiz asaldatuta. Joseba txundituta geratzen da.

Ostatuta bueltan, Amaiak ere Dianne ikertzaile garrantzitsua dela jakin du, Londresko lagun batzuei esker. Hala ere, azken urteetan ez du ezer egin eta desagerturik edo ibili da. Biak geratzen dira harri eta zur eta ez dakite Mireiaren hilketa, Leviatan eta Dianne nahasten dituen misterioari nola heldu. Aurrera egitea erabakitzen dute hala ere. Bihaarmunean, biak doaz Dianneren etxera, baina Joseba igotzen da bakarrik, eta Amaia beheko autobus geltokian geratzen da, zelatan. Josebak ikerlaria dela badakiela esaten dio Dianneri eta Dianne, harri eta zur, azalpenak eman nahi dizkio. Beheko ogitarteko-jatetxe batera jaisten dira. Bitartean, Ramírez eta Mille Dianne sare zabalago baten kidea delako informazioa jasotzen dute, eta sare horretako kide nabarmen bat harrapatu dutela Estatu Batuetan. Dianne Londresera alde egitekoa denez, erailtzeko plana egiten dute. Bitartean, jatetxean Dianne istorioa Einstein eta Robert Oppenheimerrekin hasten dela kontatzen dio, bonba atomikoa garatzen lagundu zutenekin. Ramírez eta Mille zelatan dituzte, Ramírez jatetxera sartzen da eta Mille kanpoan geratzen da. Amaiak Mille eta Ramírez erreparatzen ditu geltokitik, Mille pistola haztatzeko keinua egiten duelako eta Ramírez Dianneren entzunketetan Leviatan erakundeko agente jatorriz kubatarra aipatzen zelako; aldi berean, Ramírezek Amaia geltokian dagoela erreparatzen du.

Pandora[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1951 urtean, Princetoneko Unibertsitatean biltzarra egiten dute, hiru egunetan zehar, Albert Einsteinen gidaritzapean, hainbat jakintsuk, garaiko elite zientifikoak, tartean Robert Oppenheimer, Irene Joliot-Curie, Alan Turing, Niels Bohr eta Bertrand Russell daudelarik. Haietariko asko Manhattan proiektuan parte hartutakoak dira, bonba atomikoa garatzeko proiektuan. Orduan, manipulatuak izan zirela dio Einsteinek, militarrek bonba atomikoa ez zutela erabiliko uste zutela. Bonba atomikoaz Hiroshima eta Nagasaki suntsitu eta gero, ordea, berehala hoztu zen zientzialarien eta militarren arteko lankidetza, eta mesfidantza nagusitu zen haien arteko harremanetan. Einsteinek azken boladan izandako lorpen matematiko eta fisikoak erakusten ditu, haiek lotu eta energia berri eta agortzein baten aurrean daudela ikusarazten die bertaratutakoei, aurreko teoriak bateratuz, musikaren moduko zerbait. Arriskutsua ere bada, militarrek informazio hori eskuratzen badute. Werner Heisenbergen ereduari jarraitzea proposatzen du, zeinak naziak nahastu eta ezkutatu egin zizkien bere aurkikuntzak. Sobietar Batasunean estatuak berebiziko boterea badu ere, hango zientzialari batek hango ikertzaileen laguntza izango duela baieztatzen du. Energia berri horren aurkikuntza ezkutatzeko erakunde sekretu bat sortzea erabakitzen dute, Talde Iraunkorra deituko dutena. Energia berriari Pandora izena jartzen diote. Horretaz gainera, 1957. urtetik zientzialari handiek bakearen eta desarmearen aldeko batzarrak ere egiten dituzte.

Euria (Harmagedon)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatetxean Diannek batzarrarena eta erakunde sekretuarena kontatzen dizkio Josebari. Dianne Talde Iraunkorreko kidea da. Leioako irakasle Otxotorena ere erakundearen kidea da, bere kabuz Pandora aurkitu eta horren berri emateko beste zientzialariekin harremanetan jarri zenez geroztik. Mireiak ere Pandorara hurbildu zen, eta haren pausoak jarraitzera baina haren azken esperimentuak porrot egin zuen. Ondoren, Leviatan azaltzera pasatzen da: Pandora plazaratzeko edo inork maltzurki eskuratzeko arriskua dagoen egoera oro besterik ez da. Gogorarazten du 1989an horrelako egoera sortu zela, bi zientzialarik energia hori aurkitu eta hedabideetara jo zutenean zuzenean. Talde Iraunkorrak ikerketa hura gutxietsi egin zuen eta azkenean ezerezean utzi aurkikuntza. Azken aldian, ordea, Leviatan Pandora atzetik militarrak ibiltzearekin lotuta dago, zehatzago CIArekin. Orain arte, lortu dute Pandora ezkutatzea, eta aurrerantzean ere saiatuko dira. Josebak Pandora zehazki zer den eta horren arriskuaz galdetzen dio. Baina berehala tiro hotsa entzuten da kalean. Ramírezek tiro egin dio Amaiari eta hanketan zauritu du. Amaiak ere tiroz erantzun eta bularrean jo du. Mille gerturatu eta Ramírezek afera bukatzeko esaten dio. Joseba bitartean kalera atera da, baina Millek Dianne hil nahi du, jatetxeko erakusleihoari tiro egin eta txikitu egiten du, baina Josebak aulki bat hartu eta bortizki kolpatzen du Mille, jota utzi arte, Mireiaren hiltzaileak aurrena dituela jakinda. Poliziak eta heldu aurretik, Josebak Dianneri berriz galdetzen dio zer den Pandora. Energia amaigabea ekarri bai, baina mundua ere suntsi dezakeela aitortzen dio Diannek. Amaia anbulantziaz eramaten dute. Diannek sekretua luzaroagoan ezingo dutela ezkutatu aitortzen du, badakielako munduko unibertsitate guztietara heldu dela Mireiaren txostena. Hain zuzen, Josebak eta Amaiak horretan jardun zuten bezpera osoa, txostena ahalik eta munduko zientzia-erakunde gehienetara bidaltzen. Beranduegi da, Diannek dioenez, orain energia horrekin edonork arma izugarria duelako eskura. Ertzainak heldu eta deklaratzera eramaten dituzte, baina Josebak denda bateko telebistan ikus dezake munduko hainbat hiritan izandako leherketak. Aro berri batean aurrean ote dauden galdetzen diete euren buruei, baina horretarako munduak aurrera jarraitu behar du eta hori orain zalantzan dago.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]