Alan Turing
Alan Mathison Turing (Paddington, Londres, Ingalaterra, 1912ko ekainaren 23a – ib., 1954ko ekainaren 7a) matematikaria, kriptografoa eta filosofoa izan zen. Informatika modernoaren gurasotzat hartzen da. Haren ekarpenen artean, Turingen makina eta algoritmoen kontzeptuaren formalizazioa daude.[1]
Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Haurtzaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Turing 1912an jaio zen Londresen. Haren aita, Julius Mathison Turing, Britainiar Inperioaren Indiako Zerbitzu Zibilean ari zen lanean, baina Alanen gurasoek Britania Handian jaiotzea nahi zuten, eta beraz lan utzialdia eskatuta Londresko Paddington auzora itzuli ziren, eta han jaio zen Alan. Aitak, ordea, bere lanpostuan jarraitu behar zuen, horregatik bere gurasoek askotan Indiara eta Britania Handira bidaiatu behar zuten. Beraz, Alan eta haren anaia lagun ingeles batzuekin utzi behar izan zuten. Esaten dute oso azkarra zela, berak bakarrik irakurtzen ikasi zuela 3 astetan, eta interes handia erakusten zuela zenbakiekin.
Eskolan hasi zenean, irakasleek ikusten zituen haren jakinduria oso handia zela. 16 urterekin Albert Einsteinen lanen berri izan zuen eta arreta handia jarri zien eta oso ongi ulertu zituen. Eta ez bakarrik hori, gainera kritika ugari egin zituen.
Ikasketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Unibertsitate ikasketak Cambridgeko Trinity College ospetsuan egin nahi izan zituen, baina ez zuen lortu hara joateko beka, eta King's Collegen egin behar izan zituen matematika-ikasketak. 1935ean graduatu zen. 1937an eta 1938an Ameriketako Estatu Batuetako Princetongo Unibertsitatean jardun zuen ikerketan.
1938ko irailaz geroztik, Turing lanean hasi zen Britainia Handiko kode-apurketa erakundearentzat, denbora partzialeko aholkulari moduan eta Bigarren Mundu Gerran, alemaniarrek erabilitako kodeak deszifratzen aritu zen lanean.
Analisi kriptografikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bigarren Mundu Gerran beharrezkoa izan zen haren laguntza nazien sekretuak deszifratzeko. Fish gailuei buruz egin zituen ikerketek lagunduta, lehen ordenagailu elektroniko digitala egin zuen, Colossus izenekoa. Ordenagailu horrek gainerako Fish kodeak deskodetzeko balio izan zuen. Bere deskodetzeko modua ez zion inori esan 1970. urtera arte. Bere adiskide minek ere ez zuten hori jakin.
Lehen ordenagailuei buruzko ikerketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1945etik 1947ra National Physical Laboratory delakoan aritu zen lanean ACE ordenagailuaren diseinuan. ACEren diseinua bukatuta egonik, proiektua abiatzea ateratzen ari zelako, urte sabatikoa hartu eta Cambridgera itzuli zen. Gero, 1948an Manchesterko unibertsitatean hasi zen lanean matematika irakasle moduan. 1949an unibertsitate horretako konputazio-laborategiko zuzendariorde izendatu zuten eta benetako lehen ordenagailuetako baten softwarearen diseinuan jardun zuen: Manchester Mark I izenekoan hain justu. Garai horretan, arazo teorikoetan ere lanean aritu zen eta Turingen testa izenekoa proposatu zuen. Testaren xedea makina bat noiz den kontziente definitzea da.[2][3][4]
Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1954an, bere buruaz beste egin zuen zianuroz injektatutako sagarra janez. Izan ere, 1952 homosexuala izateagatik kondenatu egin zuten (homosexualitatea delitu izan zen Britainia Handian 1967 arte). Kondenan bi aukera eman zizkioten: bi urteko kartzela ala libidoa apaltzeko tratamendu hormonala. Bigarrena aukeratu zuen, kartzelara ez joatearren eta estrogenozko injekzioak hartu zituen urte betez. Horren albo-erreakzioetako bat ginekomastia izan zen, hots, bularrak handitzea. Halaber, bere lanean ondorio kaltegarriak izan zituen eta, besteak beste, kriptografiari buruz Britaniar Gobernuaren inteligentzia-agentziarentzat egiten zituen aholkulari lanak bukatu zitzaizkion. Horrek krisi sakon batean murgilarazi zuen eta bere buruaz beste egitera bultzatu.[5]
Zinema[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- 1996an Alan Turing matematikariaren bizitzan oinarritutako Breaking the Code telebistarako filma argitaratu zen, Herbert Wisek zuzendua, Derek Jacobi aktorearekin Alan Turing protagonistaren rolean (1986ko antzezlan batean oinarrituta dago gidoia, Hugh Whitemore antzerkigilearen obra batean.
- 2014an Alan Turing matematikariaren bizitzan oinarritutako The Imitation Game (Imitazioaren Jokoa) filma estreinatu zen. Bere papera Benedict Cumberbatch aktoreak antzeztu zuen eta Hut 8 taldean harekin lanean aritu zen Joan Clarkeren papera Keira Knightley aktoreak.
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ «Zorrak kitatzen Alan Turingen mendeurrenean» Berria 2012-11-15.
- ↑ Leturia Azkarate, Igor. (2014/09/01). «Gizakia ala makina?» Zientzia.eus.
- ↑ Zozaia, Gorka. (2014-06-28). «Nor maite du Eugenek?» Naiz!.
- ↑ Andrew,, Hodges,. Alan Turing : the enigma : the book that inspired the film The imitation game. ISBN 9781784700089..
- ↑ «Barkamena, zigortu eta 60 urtera» Berria 2013-12-24.
Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
![]() |
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alan Turing ![]() |
- ALAN TURING 100 URTE: Makinei bizia eman zien pertsona Zientzia.net (2012)
- ALAN TURING 100 URTE: Informatikak zor diona Zientzia.net (2012)
- ALAN TURING 100 URTE: Jesus Ibañez informatikaria Turing-i buruz hizketan (audioa) Zientzia.net (2012)
- (Ingelesez) «Turing». Biografia.
- (Gaztelaniaz) «Alan Turing». Biografia laburra.
- 1912ko jaiotzak
- 1954ko heriotzak
- Londrestarrak
- Informatikako aitzindariak
- Erresuma Batuko asmatzaileak
- Erresuma Batuko matematikariak
- XX. mendeko matematikariak
- Ingalaterrako filosofoak
- XX. mendeko filosofoak
- Logikariak
- Royal Societyko kideak
- Gizon homosexualak
- Erresuma Batuko ateoak
- Zianuroa hartuz egindako suizidioak
- Homofobiaren biktimak