Italiako ekonomia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Milan italiar finantzen zentroa da.

2018an Italiako ekonomia munduko 8. handiena izan zen.

Bigarren Mundu Gerra aurretik Italiako ekonomiaren oinarri nagusia nekazaritza zen lurralde osoan. Gaur egun, industria sare zabala eta askotarikoa du, iparraldean batez ere. XX. mendearen azken hamarraldian industriak barne produktuaren % 32 sortzen zuen; merkataritza eta finantzek % 4; nekazaritzak % 9; eta zerbitzuek % 55. Industria gehiena sektore pribatuaren esku dago, baina gobernuak kontrolatzen ditu industria eta merkataritza enpresa handiak, petrolio industria adibidez. Komunikazio eta garraiobide nagusiak ere estatuaren kontrolpean daude. Hegoaldean ekonomia arazo nagusia da iparraldea baino askoz atzeratuago dagoela industrializazio prozesuan. Gobernuaren ahaleginak ahalegin, prozesu horrek arazoak izan ditu mafiaren jarduera dela-eta, enpresa asko beste nonbait kokatzera behartu baititu. Industriarik ezak, gainera, hegoaldetar asko lan bila iparraldera emigratzera behartu ditu.

Lurraldearen % 60 inguru nekazaritzarako edo abereak bazkatzeko erabiltzen da. Langileen % 7 lehen sektorean aritzen da lanean. Italiako klima, lur mota eta garaiera desberdinek era askotako gaiak lantzeko aukera ematen dute, baina batez ere mahatsa, olibak eta olioa ekoizten dira. Italia da munduko ardo, oliba eta olio ekoizle handienetako bat.

Bigarren Mundu Gerraz geroztik Italiako industria azkar eta asko aurreratu da. Hauek dira industria jarduera nagusiak: ehungintza, kimika industria, autoak, metalurgia, plastikoa, makina astunak, tresna elektrikoak eta janari industria (pasta). Ontziolek, tabakoak, kalamuak eta azukre erremolatxak ere garrantzi handia dute. Industriagune nagusiak Genoa, Milan, Erroma eta Turin dira.

Italiak gasa, ikatza eta petrolioa inportatzen du energia sortzeko. Energia elektrikoaren hiru laurdenak zentral termikoetan ekoizten ditu, petroliotik eratorritako gaiak, gas naturala, ikatza edo lignitoa errez. Gainerakoa zentral hidroelektrikoetan lortzen du.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]