Edukira joan

Jon Gotzon Aldaparena

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jon Gotzon Aldaparena
Bizitza
JaiotzaBurgosko probintzia, 
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
JarduerakEsataria
Enplegatzailea(k)Euskal Irrati Telebista

Jon Gotzon Aldaparena Gaztea irratiko pertsonaia bat da.[1] Mikel Fernandez aktoreak interpretatua, 2005 ingurutik astegun goizeroko irratsaioetan agertu izan da, euskaldun berri gay baten estilizazio hiperboliko eta parodikoa eginez.[2]

Pertsonaiaren ezaugarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Burgosen jaioa, berezko izena Juan Angel de la Cuesta Díaz de Lombar du.[3] Maitasun arrazoiarengatik Euskal Herriratua,[4] etorri handikoa da, eta euskara eta gaztelera etengabe nahasten ditu modu estrabagantean,[3] beste esatarien euskara txukun eta biziarekin kontrastatuz. Hauek, ordea, ez diote hizkera eredu horri jarraitzen; kontrara, sarritan kontrapuntu papera jokatzen dute, Jon Gotzonek esandako "astakeriak" zuzenduz. Gaztea Irratian Jon Gotzonen kontrapuntu papera jokatu izan duten esatariak asko izan dira, hala nola Edurne Garmendia, Ainhoa Vitoria edo Julen Telleria.[5]

Homosexual bezala modu nabarmenean aurkezten da, sexu orientazio honi buruz dauden estereotipoekin bat etorriz: hizkera ("luma", tonu altua, karrankaria...), gaiak (moda, arropa, tendentziak...). Etengabe sexu gaiei erreferentzia egiten die.[2]

Pertsonaiaren bilakaera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gaztea irratiaren logoa.

Mikel Fernandezen arabera, pertsonaia sortzerakoan Carlos Iturgaiz politikaria izan zuen inspirazio iturri; artean, zenbait inguru soziokulturaletan politikari euskaldun berri honek zuen hizkerarengatik trufa egiten zen.

Hasieran, pertsonaia Gaztea irratiko fikzio esketx batzuetan agertzen zen Edurne Garmendiak gidatutako "Salgai" magazinean. 2010 urtean "Dida" irratsaioa sortu zenetik (astegun goizero 7:00-12:00), Jon Gotzon irrati programaren ahots finkoa bihurtu da, Antton Telleria, Julen Telleria, Edurne Garmendia eta Ainhoa Vitoriarekin batera esatari nagusien taldea osatuz.

Denborarekin, Jon Gotzon ("Jongi" ere deitua dena) nabarmen aldatu da: hasierako urteetan outsider baten errola betetzetik, pertsonaia integratuatuago bat izatera pasatu da, bere euskara maila nabarmen hobetuz (baina erdararekin nahasteari utzi barik). Gainera, Gaztea irratiko esatariek sare sozial, telebista eta webeko presentzia areagotu zuenetik, Jon Gotzonen pertsonaiak irudi publiko bat sortu behar izan du.[2] Gaur egunean agerpen publikoak ere egiten ditu, esate baterako ETB telebista katean ("Gu ta gutarrak"), edo LGBT kolektiboaren ospakizunetan.[6][7]

2022 inguruan, gazteen artean zabaltzen hasia zen fenomenoa integratu zuen Jon Gotzon pertsonaiak: hizkuntzen kode-aldaketan ingelesa sartzea, euskara eta gaztelerarekin batera.[8]

Parodiaren interpretazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jon Gotzon pertsonaiaren euskararen erabilerari buruzko adostasun bat dago: katarsiaren bidez, soziolinguistikoki eragin nahi duen parodia dela . Hori "EITBren beraren arau orokorrak" apropos urratuz egiten da, alegia, enpresa publiko horren "asmo eredugarrien mugarrietan arrakala bat" irekitzea onartuz, baina era berean mugatuz (antzinako gizarte katolikoan Aratusteek jokatzen zuten bezalako paper katartikoa, euskalgintza arlora ekarria).[2] Identitate hibridoak eta urratzaileak sortzeko balio handia duten parodiak[9] hizkuntza gutxituen munduan gehiagotan ere erabili izan dira, hala nola Eirlys Bellin aktoreak Galeseko S4C telebista publikoan antzeztutako "Madamrygbi" pertsonai arrakastatsua, galesa eta ingelesa eten gabe nahasten dituen rugbyzalea.[10]

Euskararen gaitik harantzago, Agurtzane Elordui EHUko irakasle eta Soziolinguistika Aplikatuko ikertzailearen arabera, Jon Gotzon pertsonaiaren umorearen azpian aldarrikapen kutsu argi bat dago; pertsonaiaren anbiguetateak, esaten ari dena egia edo gezurra den ezin jakiteak, gizartean zailak diren hainbat gizarte gaiak gordin-gordinean plazaratzeko aukera ematen dio.[5]

Hortik aurrera eginiko interpretazioak eztabaidagarriagoak dira:

Darabilen euskarari buruz

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Batzuen ustez, Jon Gotzonen parodia euskaldun berrien hizkuntzaren kalitateari egiten zaion etengabeko kritikari aurre egiteko modu bat da. Izan ere, euskararen etorkizunaren giltzatzat jotzen den euskaldun berrien kolektiboan,[11] euskara-erdara kode-alternantzia ez da handiagoa izaten, euskara etxean jaso dutenen artean baino; halere, azken hauen kasuan fenomeno hori "benetako" edo "natural" bezala hartzen da, eta ez da kritikatzen. Ikuspegi honen arabera, beraz, Jon Gotzonen parodiak euskaldun berri eta zaharrekin erabiltzen den ebaluazio-irizpide bikoitza salatuko luke.[2]
  • Jon Gotzonen pertsonaiak euskaldun berriek publikoki izan ohi duten lotsa gutxitzeko izan dezakeen eragina aipatu da, nolabait "Horrek nik baino txartoago egiten du euskaraz!" pentsatzearen bidez.[2]
  • Anti-eredua da: Elorduien arabera garrantzitsua baita "...umoreak hizkuntzaren bidez halako "zirrikituak" zabaltzea, horrela hitz egiten dutenak badirela erakustea eta zilegi dela hala egitea. Horrek ez du nahi esan Jon Gotzon eredugarria denik inorentzat. Tontoa izan behar zara benetan hori pentsatzeko. Eta gazteak ez dira tontoak. Badakite eredugarria den euskara Julenena [Telleria] dela".[5]
  • Esatariek behin baino gehiagotan frogatu dutenez, Jon Gotzonen interbentzioek euskaraz ez dakiten entzuleenganaino ailegatzea ahalbidetu die.[12]

Gaztea irratiaren hizkuntza politika urteekin aldatu da: 90eko hamarkadan sortu zenetik euskara batuaren promozioa bilatzen zen,[13] eta 2000 urtetik aurrera berriz, euskalkiei eta hizkera maila desberdinei lekua eman zaie.[14] Jon Gotzon pertsonaiaren ideia 2003 inguruan sortu zen, eta estrategia aldaketa honen lehen adibide adierazgarrienetako bat dugu.[2]

Aldekoak eta kontrakoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sare sozialetan ohikoak diren Jon Gotzonen kontrakoen eta aldekoen arteko eztabaida bat. 2021eko apirileko kaptura.

Entzuleen zati handi batek ez du begi onez ikusten Jon Gotzonen euskara-gaztelania nahasketa, baina beste askok atseginez hartzen dute bere hitz egiteko modua, "politika ofizialak eta bereziki mundu akademikoak zabaltzen duen elebakartasunaren eta ideologia garbizale baten aurreko jarrera" duen neurrian, bere jarrera urratzailearekin hizkuntzaren «zaintzaileei» aurre egiten dielako. Are, Jon Gotzonen pertsonaiak maiz parodiatzen ditu jarrera garbizaleak, adibidez euskara arruntean ohikoak diren maileguentzat neologismoak asmatuz ("erreguzki" = resol, "narru-aniztasun" = polipiel...).

Asko dira hala ere jarrera honekin gazteen artean euskañolaren erabilera sustatzen duela eta euskararen erabilera normalizatuari kalte egiten diola uste duten euskaltzaleak. Horietako batzuek ere kritikatzen dute euskara hutsezko kate batean pertsonaia honen bidez espainierak eduki beharko ez lukeen espazio bat duela.[15]

Edonola ere, adituen arabera, aldekoen eta kontrakoen arteko eztabaida hauek ez dira txarrak, kontrara: eztabaida aldaketa soziolinguistiko bat gertatzeko ezinbesteko osagaia da.[2]

Euskal jarrera immobilistei buruz

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jon Gotzonen parodiak badu beste alde kritiko bat ere: "euskal kulturan bere ustez iraganean erroturik, immobilistatzat jotzen dituen jarrerak kritikatzen ditu, eta aurretik ezarriak diren identitate ezaugarri existentzialistak eta «aldaezinak» eztabaidan jarri ere. Umorea baliatzen du euskalduntasunaren ikuspegi zurrun eta bakar baten ezarpena kritikatzeko. Euskalduntasunaren identitate, bere ustez, zurrunak zalantzan jartzen ditu eta hibridoagoak izan daitezkeen bestelako euskal identitate batzuk haien ondoan agertzen ditu".[2]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «"Legado de Tibu" erronka bota diote Jon Gotzoni!» EITB Euskal Irrati Telebista (kontsulta data: 2021-04-14).
  2. 1 2 3 4 5 6 7 8 9 (Ingelesez) Elordui, Agurtzane. «Jon Gotzon Aldaparena, estilizazio parodikoaren bidez «benetako» euskalduntasunaren mugak hausten» Bihotz Ahots. M.L. Oñederra irakaslearen omenez (kontsulta data: 2021-04-14).
  3. 1 2 Rodrigo Lorenzo, Irati. (2020). «Euskara-gaztelania elebidunen kode-alternantzia: gazteentzako euskal irratsaio baten analisia» Gradu Amaierako Lana. Letren fakultatea. (EHU).
  4. «Podcast audioa: Jon Gotzon Aldaparena eta gauerdiko pailazo bakartia. Benetan Zabiz. EITB podkast.» EITB 2023-03-03 (kontsulta data: 2024-12-02).
  5. 1 2 3 «"Jon Gotzonek gordin-gordinean plazaratzen ditu zailak diren gaiak"» EITB 2022-03-02 (kontsulta data: 2024-11-26).
  6. (Gaztelaniaz) Vasco, Diario. «Día del Orgullo en Eibar» agenda.diariovasco.com (kontsulta data: 2021-04-14).
  7. «Los miembros del programa 'Dida' de Gaztea Irratia, 'las reinas' de Gehitu» www.noticiasdegipuzkoa.eus (https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/) (kontsulta data: 2021-04-14).
  8. (Ingelesez) Elordui, Agurtzane. (2022-02). «Jon Gotzon's syncretic bilingual parody: Pushing the boundaries of ‘authentic’ Basque» Language in Society 51 (1): 51–72.  doi:10.1017/S0047404520000767. ISSN 0047-4045. (kontsulta data: 2024-11-26).
  9. (Ingelesez) Pietikäinen, Sari. «Critical debates: Discourse, boundaries and social change» Theoretical Debates: 263–281. (kontsulta data: 2021-04-15).
  10. «Rhian Madamrygbi | EIRLYS BELLIN» www.eirlysbellin.com (kontsulta data: 2021-04-15).
  11. Euskararen Aholku Batzordea (EAB). 2016. Eta hemendik aurrera zer? Vitoria-Gasteiz, Eusko Jaurlaritza.
  12. «https://twitter.com/julentelle/status/1380415700565643268» Twitter (kontsulta data: 2021-04-15).
  13. Urkiza, Agurtzane Elordui. (2016). «Elebakartasunetik heteroglosiara: Gaztea Irratia, bernakulizazioa gazte-komunikabideen diseinu sozioestilistikoan» Uztaro: giza eta gizarte-zientzien aldizkaria (97): 31–52. ISSN 1130-5738. (kontsulta data: 2021-04-15).
  14. Elordui, Agurtzane. (2018). Vernaculars in the stylization of new Basque youth media identities: Is there a realignment of ideological relations?. Discourse, Context & Media.
  15. «Podcast audioa: Jon Gotzon Aldaparena eta gauerdiko pailazo bakartia. Benetan Zabiz. EITB podkast.» EITB 2023-03-03 (kontsulta data: 2024-11-26).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]