José María Solano Eulate

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jose Maria Solano Eulate» orritik birbideratua)
José María Solano Eulate

katedradun

Bizitza
JaiotzaMadril1841eko martxoaren 24a
Herrialdea Espainia
HeriotzaLekeitio1912ko azaroaren 20a (71 urte)
Hezkuntza
HeziketaUnibertsitate Zentrala
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jardueraknaturalista eta senior lecturer (en) Itzuli
Enplegatzailea(k)Unibertsitate Zentrala

José María Solano Eulate (Madril, 1841eko martxoaren 24a - Ispaster, 1912ko azaroaren 20a)[1] naturalista eta geologo espainiarra izan zen.[2]

Formakuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen hezkuntza Francisco Rodríguez Vela irakaslearekin egin zuen. 1852an, 11 urterekin, Instituto del Noviciado ikastetxean bigarren hezkuntza hasteko azterketa pasatu zuen; ikasketok Santiago eta Vicente Masarnau-ren eskola pribatuan egin zituen, 1857ra arte, eta beste urte bat, 1858ra arte, Mariano Santistebanekin; urte horretan Arte Batxiler titulua eskuratu zuen. Garai horretan piztu zitzaion naturarekiko zaletasuna, eta 1862an Zientzia Batxilergoa amaitu zuen. Denbora honetan, Zuzenbide ikasketak ere abiatu zituen,[3] eta Natura Zientzia ikasketekin batera hasi zituen Madrilgo Unibertsitate Zentralean;[1] baina lehenengoa utzita bigarrenean jarraitu zuen bakarrik; lizentziatura 1863an atera zuen. Doktorego ikasketekin batera (1864an atera zuen), aleman hizkuntza ikasten aritu zen. Ostean, Geologia eta Mineralogia arloetan interesa zuenez, 1967ra arte zenbait Kimika asignatura gehigarri ikasi zituen (Inorganika, Organika eta Analisia).[3]

Oraindik ikasten ari zela, Segoviako Bigarren Hezkuntza institutuko katedra atera zuen oposizioz; baina ez zuen lanpostu hori bete, Zientzia Fakultatean dohaineko laguntzaile bezala sartu baitzen 1867an; 1869an, gainera, Natura Zientzien Museo Nazionalaren Mineralogia eta Geologia Sailean sartu zen laguntzaile.[3]

Ibilbide zientifikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Solano RSHNren sortzaileetako bat izan zen.

1868ko Iraultzak Espainian gizarte aldaketa sakonak ekarri zituen; horren ondorioetako bat izan zen Real Sociedad Española de Historia Natural (RSEHN) sortzea. Elkartea egiteko ideia Laureano Pérez Arcas irakaslearen etxean egin ohi ziren naturzale-bileretan garatu zen. Elkartea 1871eko otsailaren 8an eratu zuten, Instituto Industrial-eko irakasle gelan, eta 14 sortzaileen artean zegoen Solano; harekin batera zeuden, besteak beste, Colmeiro, González Hidalgo, Jiménez de la Espada, Martínez y Sáez, Paz y Membiela, Pérez Arcas, Serafin Uhagon, Vilanova y Zapater eta Ignacio Bolívar. Lehen argitalpena egiteko behar ziren 3000 pezetak denen artean jarri zituzten, eta urte amaierarako 240 sozio ziren.[4] RSEHN barruan Solanok hainbat kargu bete zituen, besteak beste lehendakariarena 1896 urtean.[3] Denborarekin elkartea handituz joan zen, 1920ko hamarkadarako Espainiako elkarte zientifiko garrantzitsuena bihurtuz.[4]

1876ko Estatuko Aldizkari Ofiziala, Solanoren irakasle izendapenarekin.

1870ko hamarkadan, Espainiako Natura Zientzien Museoan laguntzaile zela, «Guía del Gabinete de Historia Natural» liburuxka argitaratu zuen. Garai hartan museoa Goienetxe jauregiaren 2. solairuan zegoen; argitalpen hau gaur eguneko eraikinera igaro baino lehen Museoa nolakoa zen jakiteko erreferentzia nagusietako bat da. Handik gutxira hasi zen Solano geologia irakasle lanetan,[4] eta 1876ean lanpostuaz jabetu zen oposizioa aterata.[2]

1882 inguruan, Solano Museoko irakasle batzordearen parte zen. Beste batzordekideak ziren: Colmeiro (Madrilgo Lorategi Botanikoaren zuzendaria), Maisterra (Museoaren zuzendaria), Antonio Orio (Mineralogia eta Botanika katedraduna), Graells, Pérez Arcas, Martínez y Sáez, Sáinz Gutiérrez eta Machado jaunak; Solano Museoko Geologia Sailaren arduraduna zen. Bere aurretik lan horretan egondako Juan Vilanovaren lanari segida eman zion, harri eta mineral bildumak tolestuz, eta megaterio baten hezurdura zuen gela famatuan ikusgai jarriz. Lan honetan laguntzaile Federico Gredilla izan zuen.[4]

1882an, Ramón Adan de Yarza koinatuarekin, Atxurrako kobazuloaren (Berriatua) lehen ikustaldi zientifikoa egin zuen.[5]

RSEHNez gain hainbat elkarteren kide izan zen, hala nola Société Géologique de France, Real Sociedad Geográfica de Madrid, Sociedad Antiesclavista Española, Institución Catalana de Historia Natural, Sociedad Aragonesa de Ciencias Naturales. Gainera, hainbat aldiz Espainiako Jaurlaritzak aditu bezala kontsultatu zuen hainbat azterketa teknikori buruz.[3]

1886ean, Pérez Arcasek eta Bolívarrek bultzatuta, Jaurlaritzari eskari ofizial bat egin zitzaion Natura Zientziak sustatzeko neurriak eskatuz, haietatik bat Natura Zientzien Museoa entitate autonomo bihurtzea (ez unibertsitateen menpekoa alegia), langile propioekin eta ikerkuntza zientifikora zuzendua. Eskaria Museoko arduradunek sinatu zuten, Solano barne, eta hainbat pertsonalitatek ere bai: politikoak (Antonio Cánovas del Castillo, Emilio Castelar, Nicolás Salmerón, Alvarado...), kulturgileak (Francisco Giner de los Ríos, Lucas Mallada, Daniel Cortázar...). Honen ondorioz, unibertsitateko irakasle ez ziren naturzaleek ere Museoan lanak egiteko aukera izan zuten.[4]

Solanok hainbat ekarpen material egin zituen Museorako, besteak beste Oñatiko Aitzkirriko kobazulotik ateratako leizeetako hartz hezurrak (1878).[3]

Bere ikasleen arabera, José María Solano irakasle adeitsua eta saiatua zen. Baita apala ere: zuzendaritza postu bat baino gehiago eskaini zioten, eta Zientzia Zehatzen, Fisikoen eta Naturalen Errege Akademiako kidetza; baina denei uko egin zien, irakaskuntzan eta ikerkuntzan jarraitzearren.[3]

Gizarte ekintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Nuestro Tiempo" izparringiko albistea, Solanoren lan soziala goraipatzen.

Oso katolikoa, Solanok karitate elkarteetan aktiboki parte hartu zuen. 1867an, beste zenbait filantroporekin, Sociedad Protectora de Artesanos Jóvenes sortu zuen, besteak besteei esku langileei formakuntza ematen zietena gau eskoletan. Elkarte honetan 400 bat ikasle biltzen ziren, eta Solanok denen izenak zekizkien.[3]

Familia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jose Maria Solano Ispasterko (Bizkaia) Zubieta jauregira ezkondu zen.

Bere garaiko naturzale gehienak bezala, José María familia aberatsekoa zen. Aitaren aldeko birraitona, José Solano Bote (1726-1806) militar eta politikari extremaduratarra izan zen, Espainiako erresumari hainbat kanpainatan emaniko laguntza eskertzeko, Carlos III erregeak Marqués del Socorro ("Laguntzaren Markesa") izendatu zuena.[6] Amaren familia, berriz, euskal jatorrikoa zen.[7]

Gurasoak Ana Luisa Álvarez de Eulate Acedo (1807-1878)[7] eta José Solano de la Mata Linares (1802-1882) izan ziren. Aita, Madrilen sortua eta hila, arkitektua izan zen, besteak beste Zientzia Zehatzen, Fisikoen eta Naturalen Errege Akademiaren sortzaileetako bat eta San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiako kidea.[8]

José María Solano Eulate Laguntzaren IV Markesa izan zen, eta Karpioko Konde titulua ere izan zuen;[2] halere, ez zen titulu hauekin bere burua aurkezteko zalea.[3] Bere anai-arrebak: María, Ana, Josefa, Francisco Javier, eta María de las Mercedes izan ziren.[9]

María de las Nieves Adan de Yarza Torre Lekerikarekin ezkondu zen, Ispasterko Zubieta jauregikoa, eta hiru seme izan zituzten: José María, Ramón eta Carlos.[1] Gaur egungo jauregiaren jabe eta kudeatzaileak haien ondorengoak dira.[10]

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"La Lectura Dominical" izparringian agertutako eskela.

Klaseak ematerako orduan memoriak huts egiten hasia ziola konturatu zenean, 1908an jubilazioa eskatu zuen.[3]

Telesforo Aranzadik idatzitako obituarioaren arabera, "Mendexako familiaren Isuntzako etxean"[2] hil zen, baina seguraski Zubietari buruz ari da; egun horretako 18:30etan Lekeition ehortzia izan zen.[3]

Omenaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1913ko otsailean, Federico Gredillak, bere ikasle izandakoak eta Lorategi Botanikoko orduko zuzendariak, RSEHN aldizkarian bere omenezko artikulu bat argitaratu zuen, gero separata bezala argitaratu zena.[3]

Argitalpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere argitalpen gehienak RSEHN baitan egin zituen. Besteak beste:

  • 1864. La influencia y modo de obrar de las causas internas y externas sobre la corteza del globo. Madrilgo Unibertsitate zentralean emaniko diskurtsoa, Natura Zientzia doktoretza eskuratzeko. Madrid.[11]
  • 1869. Nociones de Historia Natural al alcance de los niños. Madrid.
  • 1870. Una excursión geológica a los Vosgos. Artikulu sorta. El Magisterio Español egunkaria, 1870eko martxoa eta apirila. Madrid.
  • 1871. Guía del Gabinete de Historia Natural. Madrid.
  • 1872. Noticia sobre la piedra meteórica caída en término de Murcia, el 18 de agosto 1870. Anales de la RSEHN, 1:77. Madrid.
  • 1872. Noticia sobre un hierro meteórico hallado en el departamento oriental de la Isla de Cuba. Anales de la RSEHN, 1:173. Madrid.
  • 1872. Cartas inéditas del barón Alejandro de Humboldt. Anales de la RSEHN, 1:133. Madrid.
  • 1872. Sobre el hallazgo en Ciempozuelos de dos variedades de glauberita, Calcedonia geódica enhidra de la América del Sur. Actas de la RSEHN, 1:12. Madrid.
  • 1873. Consideraciones sobre una calcedonia geódica anhidra de las márgenes del río Catalan (América del Sur). Actas de la RSEHN, 2:10. Madrid.
  • 1873. Indicación de algunos minerales del Escorial (Cerro de San Benito). Actas de la RSEHN, 2:48. Madrid.
  • 1873. Noticia acerca de un aragonito coraloideo de la mina de Begoña, en término de Tres Concejos (Vizcaya). Anales de la RSEHN, 2:399. Madrid
  • 1874. Noticia sobre fósiles y minerales de Almadén y sobre un ejemplar de fluorina notable por su forma. Actas de la RSEHN, 3:23. Madrid.
  • 1876. Breve noticia sobre la colección de minerales del general don Miguel Lobo, adquirida por el Museo de Ciencias. Actas de la RSEHN, 5:78. Madrid.
  • 1879. Origen de los elementos inorgánicos de la tierra vegetal. Fomento Ministeritzan emaniko hitzaldia. Madrid.
  • 1880. Relaciones entre la Geología y la Revelación. Unibertsitate Zentralean emaniko hitzaldia, zientziaren eta erlijioaren arteko harremanaz. Madrid.[12]
  • (Itzulpena). DOELTER, C. 1881. Determinación de los principales minerales petrográficos con el auxilio del microscopio. 64 or. Madrid.
  • 1884. Noticia necrológica de don Alfonso de Areitio y Larrinaga. Actas de la RSEHN, 13:109. Madrid.
  • 1905. Apuntes de Geología litológica (geognóstica) e histórica (estratigráfica) para uso de los alumnos. 373 or. Madrid.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c «Persona - Solano Eulate, José María (1841-1912)» PARES (Noiz kontsultatua: 2022-05-20).
  2. a b c d (Gaztelaniaz) «SOLANO EULATE, José María - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-20).
  3. a b c d e f g h i j k l Gredilla y Gauna, Apolinar Federico. (1913). Noticia necrológica del Excmo. Señor Don José María Solano y Eulate, marqués del Socorro, Conde Del Carpio. [s.n.] (Noiz kontsultatua: 2022-05-20).
  4. a b c d e Ignacio Bolívar y las ciencias naturales en España. Consejo Superior de Investigaciones Científicas 1988 ISBN 84-00-06854-8. PMC 21948833. (Noiz kontsultatua: 2022-05-20).
  5. Enciso, Julio. (1882). «La gruta de Achurra o de Amoroto» Euskal-Erria Revista Bascongada VII: 268. (Noiz kontsultatua: 2018-IV-6).
  6. Santaló Rodríguez de Viguri, José Luis. (1973). Don José Solano y Bote : Primer Marqués del Socorro, Capitán General de la Armada. Instituto Histórico de Marina ISBN 84-00-03891-6. PMC 1208307. (Noiz kontsultatua: 2022-05-20).
  7. a b «María Ana Luisa Gonzaga Teresa Vicenta Rafaela Álvarez de Eulate y Acedo» geni_family_tree (Noiz kontsultatua: 2022-05-20).
  8. (Gaztelaniaz) España, Senado de. «Senado de España: home» www.senado.es (Noiz kontsultatua: 2022-05-20).
  9. «José María Solano y Eulate, IV Marqués del Socorro» geni_family_tree (Noiz kontsultatua: 2022-05-20).
  10. (Gaztelaniaz) «Historia * Palacio de Zubieta» Palacio de Zubieta (Noiz kontsultatua: 2022-05-22).
  11. «[La influencia y modo de obrar de las causas internas y externas sobre la corteza del globo : Discurso leído ante el claustro de la Universidad Central · Patrimonio Digital · Patrimonio UCM»] patrimoniodigital.ucm.es (Noiz kontsultatua: 2022-05-22).
  12. Solano Eulate, José María. (1880). La geología y la revelación. [s.n.] (Noiz kontsultatua: 2022-05-22).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]