Josef Rheinberger
Josef Gabriel Rheinberger (1839ko martxoaren 17a – 1901eko azaroaren 25a) Liechtensteinen jaiotako organista eta musikagilea zen, eta Bavarian bizi izan zen bere bizitzako zati handienean.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Josef Gabriel Rheinbergerrek txikia zenetik erakutsi zuen musikarako berebiziko talentua. Bere aita Alois II Liechtensteingo Printzearen diruzaina zen.
Zazpi urte besterik ez zituela Vaduzeko elizan organista gisa aritzen zen, eta bere lehen konposizioa urtebete beranduago jo zuen. 1849an Philipp M. Schmutzer konpositorearekin ikastera joan zen Feldkirch-era, Vorarlberg-en (Austria).
1851n bere aitak Municheko Conservatoriumen ikasteko baimena eman zion, nahiz eta lehenago semearen musikagile profesional izateko nahiaren aurka egon. Graduatu berritan instituzio bereko piano eta konposizio irakasle bihurtu zen. Ondoren, Gorteetako Aretoko répétiteur bihurtu zen, zeina 1867an utzi zuen.
Rheinberger bere ikasle ohi, poeta eta socialité zen Franziska "Fanny" von Hoffnaassekin ezkondu zen 1867an. Ez zuten zeme alabarik izan, baina pozik bizi ziren bikote gisa. Franziskak bere senarraren lan bokaletarako hainbat testu idatzi zituen.
Rheinbergerren influentzia nagusiak bere garaikideak ziren Brahms bezelako musikagileak eta lehenagokoak ere baziren, Mendelssohn, Schumann edo Schubert besteak beste, baina guzti hauen gainetik Bach. Pintura eta literaturaren oso zalea ere bazen, ingles eta alemaniarra batez ere.
1877an gorteetako zuzendari izateko deitu zuten, errege-kaperaren musikaren arduradun. Ondoren, Municheko Ludwig Maximilian Unibertsitateko ohorezko doktore izendatu zuten. Bertan, irakasle gorena zen, eta hainbat ikasle amerikar izan zituen: Horatio Parker, William Berwald, George Whitefield Chadwick, Bruno Klein, Sidney Homer eta Henry Holden Huss. Europar musikako beste pertsona batzuk ere izan zituen ikasle: Ermanno Wolf-Ferrari musikagile italiarra, Stevan Stojanovic Mokranjac musikagile serbiarra, Engelbert Humperdinck eta Richard Strauss musikagile alemaniarrak, bai eta Wilhelm Furtwängler zuzendari eta musikagilea. Municheko bigarren Conservatoriuma sortu zenean (gaur egun irekita dagoena), Rheinberger organo eta konposizioko irakasle izateko deitua izan zen, eta postu hau bizitza osoan zehar mantendu zuen.
1892ko abenduaren 31n bere emaztea hil zen gaixotasun luze baten ondoren. Bi urte geroago, bere osasun egoera kaskarrak Gorteetako Musika Zuzendari postua uztera behartu zuen.
Rheinberger musikagile emankorra izan zen. Bere lanen artean (erlijiosoak batik bat) 12 meza daude (bat abesbatza bikoitzareko, hiru lau ahotsetara a capella, hiru emakume ahots eta organorako, bi gizon ahotsetarako eta bat orkestrarekin), Requiem bat eta Stabat Mater bat. Beste hainbat lan ere egin zituen: operak, sinfoniak, ganbera musika eta lan koralak.