Juan Carlos Etxeberria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Juan Carlos Etxeberria

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJuan Carlos Etxeberria Lopez
JaiotzaDonostia1968ko urriaren 25a (55 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
HeziketaNafarroako Unibertsitatea
Kataluniako Unibertsitate Irekia
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakkazetaria eta telebista aurkezlea
Enplegatzailea(k)Antena 3 Radio  (1989ko uztaila -  1992ko apirila)
Euskaldunon Egunkaria  (1991ko azaroaren 1a -  1991ko abenduaren 2a)
Zarauzko Telebista  (1992ko ekaina -  1993ko uztaila)
El Mundo  (1992ko abendua -  1993ko iraila)
Euskal Telebista  (1993ko iraila -

Twitter: jetxeberria Edit the value on Wikidata

Juan Carlos Etxeberria Lopez (Donostia, Gipuzkoa, 1968ko urriaren 25a) euskal kazetaria eta telebistako aurkezlea da. Komunikabide askotan lan egindakoa da, besteak beste Antena 3 irratian, Euskaldunon Egunkarian eta El Mundo egunkarian. Hala ere bere ibilbide profesionalaren gehiengoa EITBn gauzatu du, batez ere informazio-zerbitzuetan. 2018ko irailetik aurrera Teleberri albistegiko bigarren edizioa aurkezten du.[1]

Ikasketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txikitatik gustuko zuen ikastea, eta horregatik egin zuen kazetaritzaren aldeko hautua. Informazio Zientzietan lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean 1991 urtean, 13 ohorezko matrikula lortuta. Unibertsitate berean Ikus-entzunezko Ekoizpen eta Programazio diploma eskuratu zuen 1990ean. Unibertsitate ikasketak bukatu ondoren zenbait ikastaro gauzatu zituen, besteak beste interpretazio fonalari buruz (1992) eta kazetarientzako zuzenbide penalaren hastapenak (1995). 1996an Euskal Herriko Unibertsitatean Zuzenbidean matrikulatu zen, baina lehen urtearen ondoren ez zuen ikasketa horiekin jarraitu.

2001ean kazetaritza digitalari buruzko graduondoko ikastaro bat egin zuen Kataluniako Unibertsitate Irekian. Euskal Telebistan lanean hasi ondoren etxe horrek antolaturiko beste ikastaro batzuetan ere hartu zuen parte, esaterako euskara maila hobetzeko ikastaro batean eta bideoen edizioari buruzko bi ikastarotan.

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1989an hasi zuen bere ibilbide profesionala, Antena 3 Irratian. Viva la gente de Guipúzcoa eta Viva el domingo saioetako erredaktorea zein esataria izan zen, nagusiki kirol gaietan. 1991n Euskaldunon Egunkariko Iruñeko delegazioan egin zuen lan, kirol eta gizarte atalez arduratuz. 1992 eta 1993 bitartean Zarautzko Telebistako albistegietako arduraduna eta aurkezlea izan zen, eta urte horietan El Mundo egunkariaren Gipuzkoako edizioan elkarrizketak zein erreportajeak eginez ere kolaboratu zuen.

1993an Euskal Telebistan sartu zen. Empresa Vasca saioan eman zituen lehen pausoak, ekonomiari buruzko erreportajeak eginez, euskal enpresak ardatz hartuz. Horren ondoren ETBko albistegietarako Madrilgo berriemailea izan zen, 1994 eta 1996 bitartean. 1996 eta 1997 bitartean Teleberri albistegiaren asteburuetako edizioa aurkeztu zuen, eta ondoren albistegi berezietako arduraduna izan zen. Bere ibilbidea albiste-zerbitzuetan jarraitu zuen, Euskadi Hoy zen Euskadi Directo tokiko albistegiak aurkeztuz.

2000ko hamarkadan ETBren albistegietako aurpegi nagusietako bat bilakatu zen, 2009 urterarte Teleberri albistegiaren lehen edizioa aurkezteaz arduratu baitzen. Horrekin batera hainbat gertaeratako berriemaile berezia izan zen, esaterako 2001eko irailaren 11ko atentatuetan, Prestige ontziaren hondoratzean eta 2004ko zein 2008ko AEBko hauteskundeetan. Era berean garrantzi handiko elkarrizketak egiteaz arduratu zen, eta hauteskundeen harira egindako eztabaidak zein saioak aurkeztu zituen ETB 2n.

2009an, EITBren zuzendaritzaren aldaketarekin, Miramongo estudioetan albistegietako erredaktore izatera igaro zen. Zuzendaritza aldatu zenean aurkezle postua bere borondatez utzi zuen, baina handik gutxira bi editore kargugabetu zituzten. Elkarrizketa batean une horretane erabaki zuzena hartu izana baieztatu zuela adierazi zuen.[2]

2013an 60 minutos elkarrizketa saioa aurkeztu zuen, Iñaki Lopez ordezkatuz.[3] 2013an El Dilema eztabaida saioko aurkezle bilakatu zen, eta postu horretan iraun zuen 2015ean programa amaitu zen arte. Honetaz gain 2014ko Eskoziako galdeketaren harira eta 2014ko Kataluniako galdeketaren harira ETBren berriemaile berezia izan zen Edinburgon eta Bartzelonan, hurrenez hurren. 2015-2016 denboraldian Minuto a Minuto saioko zuzendariordea izan zen, eta hauteskunde-eztabaidak zein hauteskunde-gauak aurkezten jarraitu zuen.

2017an ETBren asteburuetako albistegietako editore izendatu zuten, eta asteburuetako Teleberri albistegiaren bigarren edizioa aurkeztera igaro zen. 2017ko urrian Kataluniako ETBren berriemaile berezia izan zen, urriaren 1eko erreferendumaren eta ondorengo gertakarien harira. 2018ko irailetik aurrera Teleberri albistegiaren bigarren edizioa aurkezten du.

Bizitza pertsonala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezkonduta dago eta bi alaba ditu.[4] Errealzale amorratua da.[5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Dijo, Manuel. (2010-10-07). «Curriculum» Once upon a time in the web (Noiz kontsultatua: 2019-03-19).
  2. «ETAri "kantxa" baino "kontrakantxa" ematen saiatu naiz» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-03-19).
  3. Berria.eus. ««Produktu ona egin eta jendeak ikustea litzateke ondorioa»» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-03-19).
  4. «Juancar Etxeberria (@JEtxeberria) | Twitter» twitter.com (Noiz kontsultatua: 2019-03-19).
  5. Lazkano, Iñaki. (1997-03-18). «Plano hurbilaː Juan Carlos Etxeberria» Euskaldunon Egunkaria (Noiz kontsultatua: 2019-03-19).