Lübeckeko historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Holstentor

Lübeckeko historia luzea da, hiriko ingurunean Neolitoko triku-harriak aurkitu baitira. Nolanahi ere, hiriaren urrezko garaia Erdi Aroan etorri zen. Izan ere, ekialderako hedapeneko prozesuan Lübeck beste hirien eredu bilakatu zen, eta, denboraren poderioz, hiri merkatarien federazioa zen Hansako burua bilakatu zen Lübeck.

Sortu aurreko garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lübeck inguruko lurraldeak azken Izotz Aroaren ondoren jaso zituen lehendabiziko gizakiak. Neolitoko triku-harri ugari daude zonaldean.

Eskualde horretan, K. o. 700 inguruan, eslaviarrak joanak ziren Holsteingo ekialdetik, Migrazio Garaian germaniarrek lur horiek utzi baitzituzten mendebaldera jotzeko. IX. mendearen hasieran, Karlos Handiak aurre egiten zioten saxoiak eraman eta bere aldeko polabiar eslaviarrak ekarri zituen.

Liubice ("maitagarria") hiria Trave ibaiko ertzeetan sortu zuten, egungo Lübeckeko erdialdetik 4 bat kilometrora iparraldean. X. mendean, obotriteen konfederazioko gune nagusia bilakatu zen, eta gaztelu bat eraiki zuten. Hala ere, bizitokia raniar paganoek eraitsi eta erre zuten 1128an.

Erpina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egungo hiria Adolf II. Schauenburg eta Holsteingo konteak sortua da, 1143an, alemaniar kolonia bezala. Itsaso Baltikoan lehen hiri alemaniarra izanda, segituan hasi zen garatzen azoka eta merkatarien eskutik. Gaztelua ere eraiki zuten, zeinen estreinako aipua 1147koa den. 1161ean apezpikuaren egoitza bihurtu zen, eta katedral erromanikoa eraikitzeari 1173an ekin zioten.

Heinrich Lehoiaren azpian egon ostean, Inperioko Hiri bihurtu zen. Friedrich Barbarossa enperadoreak emandako 20 kideko gobernu batzordeak XIX. mendera arte iraun zuen. Batzarra merkatarien menpe zegoenez, hurrengo mendeetan merkataritzaren interesei begira egon zen beti.

Hiriaren jabea aldatu zen Friedrich II. enperadoreak Inperioko Hiri Aske titulua eman arte 1226an. Garai horretarako, alemaniar kolonoetarako portu nagusia zen Lübeck, batik bat Teutondar Ordenak konkistatuko Itsaso Baltikoko lurraldeetara abiatzen zirenetarako. Hiri aske izanik, kanpoko harremanak gidatzeko politika bere eskutan geratu zen, eta, kokapen estrategikoari esker, Ipar Europako hiririk garrantzitsuenetakoa bihurtu zen Lübeck, Koloniaren atzetik Alemaniako handiena hain zuzen ere.

XIV. mendean Lübeck Hansako Erregina bilakatu zen, nabarmenki merakataritza erakunde honetako kide boteretsuena eta handiena baitzen. Lübeckeko zuzenbidea Itsaso Baltikoko zein Alemaniako beste hirietako hedatu zen eredu gisa. Hansako Ligan helegiteak jartzeko azken epaitegia Lübecken bertan zegoen kokaturik.

Karl IV.a enperadoreak, 1375ean, Lübeck Inperioko “Bost Lorietako” bat izendatu zuen, Venezia, Erroma, Pisa eta Florentziarekin batera. Salerosketako zenbait pribilegioen inguruko gatazkak zirela eta, Lübeck eta Hansa Danimarka eta Norvegiaren aurka borrokatu ziren XV. eta XVI. mendeetan. Garaile atera arren, Lübeckek galdu zuen Danimarkako 1534 eta 1536 arteko gerra zibilan. Aurrerantzean, Lübecken botereak behera egin zuen emeki-emeki. Hogeita Hamar Urteko Gerran neutraltasuna gorde bazuen ere, hamarkadetako gudak eragindako suntsipenak zirela eta, Lübeckek eta Hansak berak ere garrantzia galdu zuten. Izan ere, Hansa de facto 1669an desegin zen. Hurrengo urteetan, Baltikoko portu garrantzitsua baino ez zen Lübeck.

Gainbehera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Napoleondar Gerretan, Lübeck neutrala 1806ko azaroaren 6an okupatu zuten frantziarrek. Erresuma Batuaren kontrako blokeo ekonomikoaren azpian, hiriak gorriak ikusi zituen, eta, 1811tik 1813 arte Frantziako zatia izan zen legez.

Bigarren Mundu Gerran, Lübeck Ingalaterrako Royal Air Force hegazkineriak eraso zuen lehen hiri alemaniarra izan zen. 1942ko martxoaren 28ko erasoan sortuako suteak erdialde historikoa larri kaltetu zuen. Azkenean hiriko hiru eliza nagusiak suntsitu zituzten. Erresistentziarik gabe, 1945eko maiatzaren 2an, Lübeck okupatu zuten Aliatuek. Paradoxikoki, gerraren ostean hiriko populazioak izugarri hazi zen, 1939an 150.000 biztanle izatetik, 1945ean 220.000 izatera, batez ere Alemaniako ekialdeko probintzietatik etorritako errefuxiatuak zirela kausa.

Lübeckeko eraberritutako erdialde historikoa UNESCOko Gizateriaren ondare izendatu zuten 1987an.