Lankide:Enetrev19

Wikipedia, Entziklopedia askea

Padela[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Padela (paddle ingelesez) tenis-pista bikoitz bat baino pixka bat txikiagoa den kantxa itxi batean binaka jokatu ohi den kirola da. Padela raketa eta pala kirolen familian integratutako kirol kolektiboa da eta zehazki, joko zuzeneko raketa eta pala kirolen barruan sailkatuta dago[1]. Padelak tenisaren puntuazio sistema bera duen arren, arauak, trazuak eta teknika desberdinak dira. Desberdintasun nagusiak dira kantxak hormak dituela eta pilotak squash jokoan bezala joka daitezkeela eta pala sendo eta zurrunak erabiltzen direla[2].

Kirol honen jatorria XX. Mendean Acapulcon (Mexiko) dago, nahiz eta Espainia eta Argentinan zehar azkar hedatu zen (zabalpen gehien duen herrialdeetako bi). Kirol federatua da eta Mexikon, Argentinan, Brasilen, Kanadan, Paraguain, Txilen, Erresuma Batuan, Portugalen, Espainian eta Hego Euskal Herrian zabalpen handia du, beraz, kirol honen hazkundea erabatekoa da, herrialde asko padel-pistak eraikitzen hasiak baitira, orduan, padelaren hedapena globala da. World Padel Tourra[3] (WPT) kirol honen nazioarteko zirkuitu nagusia da, munduko txapelketekin batera.

Pista mugatu batean palaz jokatzen da eta erdian sarea du. Bi bikote aurrez aurre jarrita, kolpeak tartekatuz, pilota beste aldera pasatzea du helburu.

Padel pista.





Padelaren definizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Erreal Akademiaren (RAE) hiztegiaren arabera, “padela bi bikoteren arteko jolas gisa definitzen da, tenisaren oso antzekoa, baina lau hormen artean jokatzen da, eta pilota mango motzeko pala batekin jotzen da”[4].

Zehatzago esanda, “bi bikoteren artean egiten den kirola da, erdian sare bat duen pista laukizuzen batean eta sare hori hormek eta alanbrezko sareak ixten dute. Sarearen gainetik pala batekin pilota bat jotzean datza, lehenengo kontrako zelaian eta gero hormetan edo alanbrezko sarean botea egiten saiatzean, aurkariek itzuli ezin dezaten; partidak hiru setera jokatzen dira, puntuazio-sistema konplexu bati jarraituz”[5].

Padela 90eko hamarkadatik hona asko praktikatzen den tenisaren aldaera bat da. Lankidetza- eta oposizio-kirola da, eta emaitza komun bat lortzen laguntzen duten jokalari kideen presentzia du ezaugarri; izan ere, aurkariek, baliabide berberak izanik, kontrako helburua dute. Teknika handia behar duen kirola da, eta esperientziak ez du dena erabakitzen. Binaka jokatzen da eta bere garapenerako funtsezkoak diren hiru elementu material ditu: pilota, pala edo paleta eta joko-zelaia. Ondo zehaztutako arauak ditu, eta federazioek, elkarteek eta konfederazioek ordezkatzen dute[6].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen hastapenak "Jeu de Paume"-rekin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Jeu de Paume" jokoa.

Padela pilota eta pala jokoen familiako kirola da, eta bere jatorri modernoak joan den mendearen amaierakoak diren arren, aurrekariak zaharragoak dira, eta XIII. mendearen amaieran koka daitezke, “Jeu de Paume” izenekoan[7].

"Jeu de Paume" kirol erregea zen 1250 eta 1650 urteen artean. Jokoaren hiriburua, zalantzarik gabe, Paris zen, paristar artisauek ("Les Paumiers") egindako bolen bote bikainaren ondorioz (ardi-larruz eginda). Joko hori hiru aurkarik edo gehiagok egiten zuten alde bakoitzean, eta bi modalitate zeuden, “Loungue Paume” (ahur luzea), aire zabalean jokatzen zena, eta “Courte Paume” (ahur motza), espazio itxietan jokatzen zena, eta, denborak aurrera egin ahala, “courte” hitza "court" bihurtuko zen, hau da, frantsesek eta ingelesek pistari ematen dioten izena[8].

Frantzian, joko honen adierazle nagusiak Eliza eta Gortea ziren. XII. eta XIII. Mendeek joko honen garairik distiratsuena suposatuko zuten; aurkitutako eliz dokumentuen arabera, seminaristak, apaiz, abade edo obispoak “paume” luzea edo motza jokatzen zutela hitz egiten zen, batez ere konbentu kanpoaldeko hormetan. Antza denez, konbentuetako, monasterioetako eta katedraletako katedral-eskoletako ikasleek eta irakasleek praktikatzen zuten. 1596an Parisen 250 areto zeuden, eliza kopurua baino gehiago[9].

XIX. mendean, iturri ezberdinek itsasontzi ingelesen sotoetan padelaren antzeko kirol bat zegoela baieztatzen zuten, arraunak pilota jotzeko erabiliz eta errebotea itsasontziko hormetan baimenduz, joko-azalera mugatua zela eta. Joko honek ospe handia lortu zuen marinel eta bidaiarientzako denbora-pasa bezala.

Auzoko tenisa edo "Paddle Tennis"-a[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Geroago, 1898an, Albionen (Michigan) bizi zen Frank Beal izeneko apaiz estatubatuar batek, tenis-pista batean aldaketak egin zituen: haur txikiei jolasten irakasteko asmoz, neurriak erdira murriztuz, pilotaren ordez gomazko pilota eta erraketa bat jartzeaz gain, egurrezko pala bat erabiltzen zen, hondartzan jolasteko erabiltzen zirenen antzekoa[9].

Modalitate horrek Michiganen ospe handia lortu bazuen ere, urte batzuk geroago, Frank Beal Manhattanera joan zen apezpiku-ministro gisa, eta orduan hasi zen biztanleria osora zabaltzen, batez ere eremu xumeenetan eta lur eskasietan, tenisa klase aberatsenen esku baitzegoen soilik. Horrela, Frank Bealek udaleko parkeen eta aisialdiaren atala konbentzitu zuen, eta bere agindupean, Paddle Tennis izeneko kirol berri honen hainbat pista diseinatzea erabaki zuen, New Yorkeko metropoli eskualde guztietara zabalduz[9].

1922an Paddle Tennisen lehen txapelketa jokatu zen, urtebete geroago Ameriketako Estatu Batuetako Paddle Tenis Elkarteak (United States Paddle Tennis Association, USPTA) onartuko zituen arauekin, eta, horren ondorioz, Estatu Batuetako jolas-jarduera ezagunenetako bat bihurtuz, ikastetxeetako gorputz-hezkuntzako programetan parte hartzeaz gain, tenisaren ikaskuntzaren hasierako etapetan trebetasunak eta habilitateak garatzeko oinarria izanik, bere sinpletasuna eta erraztasuna kontuan hartuta[9].

Paddle Tennisetik “Platform Paddle”-era[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paddle Tennis bera zabaltzearekin batera, 1928an, Freseddenn Blanchardyk eta James Cogswellek beren praktika erraztu eta hobetu zuten egokitzapen batzuk eginez, neguko sasoian praktikatu ahal izateko[10].

Platform Tennis pista.

New Yorkeko Scardale auzoan jaio zen modalitate berri hau, Platform Tennis izenaz ezagutzen dena. Scardale auzoa aberatsen gunea da, Paddle Tennis auzoaren guztiz kontrakoa. Neguan tenisa praktikatzeko aukera izatearekin batera sortu ziren egokitzapenak, klub estalietara joateko aukerarik ez zuten jokalariengatik. Hori dela eta, egurrezko plataforma bat sortu zuten eta pilatutako elurra erraz kentzeko, pistak zirrikitu batzuk zituen elurra xukatzeko, orduan aire zabalean jokatzeko aukera zegoen, baita elurtearen ondoren ere[10].

Hasieran, plataforma hori badmintonezko pista baten gainean muntatu zuten eta, horren gainean, ontzi batzuen estalkipean egiten zen garai hartako praktika tipiko baten markak gehitu zituzte, hau da, sake-karratua pixka bat gorago eraman zuen eta sakoneko espazio handiagoago bat sortuz. Aurrerago, alanbre-hesi bat jarri zuten plataformaren inguruan, pilotak kantxatik urrundu ez zitezen. Hasi eta gutxira, pilota zaharrak gomazko pilotekin ordezkatzea erabaki zuten, baita erraketak palekin ere, alboko hormetan errebotea ahalbidetuz[10].

Platform Tennisek nahiko hedapen zaila izan zuen hasieran, baina egindako aldaketek eta bilakaerek, hala nola alanbrezko sarearen ordez metalezko egitura bat jartzeak eta egun euritsuetan erabili ahal izateko plataformari harea gehitzeak, kirol honen finkapena ahalbidetu zuten. Horrela, 30eko hamarkadatik aurrera, kirol-modalitate berri horrek ospe handia lortu zuen New York, New Yersey, Connecticut eta Washington D.C. estatuetan, eta tenisaren ordezkoa izan zen udazken eta neguan[11].

Eta, azkenik, Padela

Kirol honen bertsio berrienak, oraintsu Nazioarteko Padel Federazioak onartutako bertsioa izan denak, adierazten du padela Acapulcon (Mexiko) jaio zela, 1969an, Enrique Corcuera enpresariak, bere finkaren horma bat aprobetxatuz, pareta batzuk jarri zituenean 20 metroko luzera eta 10 metroko zabalera zuen pista baten atzealdean eta alboetan, landarediak lurra inbaditu ez zezan. Horma horiek 3 metroko altuera zuten hondoetan eta bi metrokoa alboetan, sare bat jarri zuen pistaren erdian, eta alboetan jendea sartu eta irteteko espazio librea zegoen. Horri esker, kirol berri hau sortu zen, gaur egun padel gisa ezagutzen dena[12].

Ondoren, eta Mexikon oso bero handia egiten zuenez, alboko hormaren altuera jaistea erabaki zen, eta haren gainean alanbrezko sare bat jartzea, gaur egun erregelamenduz erabiltzen denaren antzekoa. Era berean, puntuazioaren eta pilotaren arauak tenisarenak bezalakoak ziren, baina jokoarekin jarrai zitekeen pilota, lurrean botatu ondoren, hormetan errebotatzen bazuen; eta erabilitako erraketak laburrak eta sokarik gabeak ziren[10].

1974an, Alfonso de Hohenlohe enpresaburu espainiarra Mexikora joan zen bere lagun Corcuerak gonbidatuta, eta kirol berria egiteko interesa agertu zion. Espainiara itzuli zenean, zenbait aldaketa egin zituen pistaren ezaugarrietan eta jokoaren arauetan, eta, ondoren, lehen bi pistak eraiki zituen Marbella Cluben. Arrakasta handiz hedatu zen Costa del Solen, eta klub asko pista propioak eraikitzen hasi ziren[10].

Urtebete geroago, 1975ean, Julio Menditegui argentinar diruduna, Marbellara maiz joaten zena, padelaren arrakastaren lekuko zen, eta Argentinara inportatzea erabaki zuen. Bertan, urte gutxiren buruan, herrialdeko bigarren kirolik praktikatuena bihurtu zen, 4 milioi praktikatzaile eta 10.000 pista baino gehiagorekin, eta mugakide dituen beste herrialde batzuetara hedatu zen, hala nola Brasil, Uruguai, Txile edo Paraguaira[9].

Espainian hazkundea pixkanaka izan zen, eta 90eko hamarkadaren amaierara arte ez zen behin betiko eztanda gertatu, instalazio, praktikante eta lizentzien gorakada nabarmenarekin. Horrela, Madril, Bartzelona, Andaluzia, Euskal Autonomia Erkidegoa eta beste hiri eta kirol-klub handi batzuetara hedatu zen padela, politika, enpresa, kirol eta/edo kazetaritza arloko figura nabarmenek bultzatuta[13].

1987an Espainiako Padel Elkartea sortu zen, Concha Galatasek, Pedro Ballvék eta Rafael Silvelak osatua, eta herrialdean kirola sustatzeaz eta antolatzeaz arduratzen zen. Geroago, 1991ko uztailaren 25ean, Nazioarteko Padel Federazioa eratu zen Madrilen, eta Julio Alegría Artiach espainiarra izan zen haren presidentea. Azken hori nazioarteko topaketen zirkuitu bat sortzeaz eta nazioarteko jokoaren araudi bat zehazteaz arduratu zen. 1993ko maiatzean, padelak urrats erabakigarria eman zuen hura sendotzeko, eta Kirol Kontseilu Gorenak padelaren kirol-modalitatea onartzea erabaki zuen; 1997an, berriz, Espainiako Padel Federazioa sortu zen, eta nazioko praktika arautu zuen[9].

Julio Alegriak bilbotarra, padelaren bultzatzaile handienetako bat izan zen, bai Euskal Herrian, bai Espainia osoan. 80ko hamarkadan padelari egindako publizitatea funtsezkoa izan zen kirol hau zabaltzeko, eta Euskadin eta, zehatzago esanda, Getxo (Bizkaia) sarrerako ate eta dibulgazio-gune handietako bat bihurtu zen[14].

Gaur egun gehien bat Latinoamerikako herrialdeetan da ezaguna, Argentinan eta Mexikon, batez ere. Hala ere, XXI. mendean Europara eta Amerikako beste herrialde batzuetara ere azkar hedatzen ari da.

  1. Crespo, M. (2004). Deportes de raqueta: Análisis funcional, evaluación y aprendizaje de la técnica.
  2. Devís, J. y Peiró, C. (1995): "Enseñanza de los deportes de equipo: la comprensión en la iniciación de los juegos deportivos".
  3. (Gaztelaniaz) «World Padel Tour | Página Web Oficial» worldpadeltourdev.relevance.pro (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  4. https://dle.rae.es/p%C3%A1del
  5. Castaño, J. (2009). Iniciación al Pádel: Cuaderno Didáctico. Sevilla: Wanceulen Editorial Deportiva, S.L.
  6. Almonacid, B., Lozano, E. D., Morcillo, J. A., & Párraga, J. A. (2013). Cómo jugar al pádel.
  7. González-Carvajal, C. (2009). Escuela de Pádel: del aprendizaje a la competición amateur.
  8. Gillmeister, H. (2008). Historia del tenis. ITF Coaching and Sport Science Review, 15(46), 19-21.
  9. a b c d e f Almonacid-Cruz, B. (2011). Perfil de juego en pádel de alto nivel. (Tesis doctoral). Jaén: Universidad de Jaén.
  10. a b c d e Sánchez-Alcaraz, B. J. (2013). Historia del pádel. Materiales Para La Historia Del Deporte, 11, 57–60.
  11. Hernández-Vázquez, M. (1998). Deportes de raqueta. Servicio de Publicaciones del Ministerio de Educación y Cultura.
  12. Castellote, M. (2012). Atlas ilustrado de pádel. Susaeta.
  13. Lasaga, M.J. (2010). Estudio social y metodológico del pádel desde la percecpción de técnicos y jugadores: Una apuesta educativa. Tesis Doctoral: Universidad de Sevilla.
  14. (Gaztelaniaz) «:: FVP - Historias de Pádel ::» www.fvpadel.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).