Edukira joan

Lankide:Gotzon/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Piotr Ilitx Txaikovski[1]errusieraz: Пётр Ильич Чайкoвский[pʲɵtr ɨˈlʲjitɕ tɕɪjˈkofskʲɪj] (Votkinsk, Errusiar Inperioa, 1840ko maiatzaren 7agreg.San Petersburgo, Errusiar Inperioa, 1893ko azaroaren 6a) errusiar musikagile bat izan zen, Erromantizismo garaikoa. Balleterako egin zituen lanak dira ezagunenak (Beltxargen aintzira, Loti Ederra eta Intxaur hauskailua). Halaber, opera, orkestrarako musika eta zazpi sinfonia landu zituen.

Klase ertaineko familia batean jaioa, Txaikovskik jaso zuen heziketa funtzionario gisa prestatzera bideratua zegoen, txikitatik musikarekiko erakutsi zuen goiztiartasuna gorabehera. Bere familiaren nahien aurkara musika ikasketak egitea erabaki zuelarik, 1862an San Petersburgoko Musika Kontserbatorioan sartu zen, eta 1865ean graduatu zen. Bertan jaso zuen hezierak ―oso formala eta mendebaldeko musika estilora zuzendua― aldendu egin zuen Bosten Taldea izenaz ezagutzen zen mugimendu garaikide nazionalistaren lerrotik. Talde hori errusiar konpositore gazte batzuek osatu zuten; Txaikovskik harreman profesional eta adiskidetasun handia izan zuen haiekin bere ibilbidean zehar.

Bere estiloa garatzen zuen bitartean, Txaikovskik zenbait genero eta formatan idatzi zuen musika, sinfonia, opera, balleta, musika instrumentala, ganbera musika eta abestia, besteak beste. Batzuetan arrakasta izan zuen arren, ez zuen inoiz konfiantza edo segurtasun handirik izan bere buruaz, eta krisi pertsonalak edo depresio aldiak ugari izan zituen bizitzan zehar. Nortasun zaurgarri horretan agian lagundu zuten faktoreen artean aipa daitezke homosexualitate erreprimitua, bere izaeraren berri jakingo ote zen etengabeko beldurra, ezkontza zentzugabe eta ezin txarragoa, eta helduaroan izan zuen harreman iraunkor bakarraren bat-bateko amaiera: 13 urtez Nadejda von Meck alargun aberatsarekin izan zuen lotura. Bizitza pertsonal aztoratu horren erdian, Txaikovskiren ospeak gora egin zuen; tsarraren aldetik ohoreak jaso zituen, biziarteko pentsio bat lortu zuen eta mundu osoko kontzertu aretoetan goraipatua izan zen. 53 urte zituela bat-batean hil zen; kolerari egotzi ohi zaio heriotza, baina historialari batzuek bere buruz beste egin zuela uste dute.[2][3]

Mundu osoko musika aretoetan ezaguna izan arren, Txaikovskik hitz gogorrak jaso zituen batzuetan kritikari eta konpositoreen aldetik. Zernahi gisaz, konpositore gisa duen ospea eztabaida guztien gainetik dago gaur egun, eta erabat desagertu da XX. mendearen hasieran eta erdialdean Mendebaldeko kritikari askoren ustea, haren musika arrunta eta pentsamendu gutxikotzat jotzen baitzuten.[4]

Haurtzaroa eta gaztaroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Txaikovski, N. D. Kuznecovek egindako erretratuan (1893).

Txaikovski[oh 1][oh 2] Votkinsken (Errusia) jaio zen, lehenago Errusiar Inperioko Viatka probintziaren parte izandako hiri txiki batean, Uraletan. Aita ukrainar meatze ingeniari bat izan zuen eta ama haren bigarren emazte Aleksandra Andreievna Assier, frantziar jatorri nobleko emakumea, San Petersburgon jaioa 1812an. Aurrekari poloniarrak, kosakoak eta alemaniarrak aurki daitezke haren arbasoen artean.[5]

Senar-emazteen zazpi seme-alabetatik hirugarrena izan zen Piotr Ilitx: Iekaterina, zaharrena, 1836an jaioa baina bizitzako lehen urteetan hila; Nikolai (1838); konpositorearen ondoren, Aleksandra arreba estimatua (1842); Ippolit (1843); eta, azkenik, Modesto (musikariaren lehen biografoa) eta Anatoli bikiak (1850). Anai-arrebez gain, arrebaorde bat izan zuen, Zinaïda (1829), aitak aurreko ezkontza batetik izan zuena. Arrebaorde honek «paper negatiboa» izan zuen Txaikovskiren haurtzaroan.[6][7] Anai-arrebekiko lotura oso handia izan zuen beti, bereziki Aleksandrarekin eta Modestorekin.

Bost urte zituela hasi zen pianoa ikasten, Maria Markovna Paltxikova izeneko zerbitzari izandako batekin. Garai goiztiar hartan agertu zen musikarako joera eta umearen sentiberatasuna, hainbesteraino non Fanny Dürbach etxe irakaslea bera ere kezkatu baitzen, geroago Modesto musikariaren anaiari azalduko zionez.[8] Musika ikasketak 1848an jarraitu zituen Filippov izeneko piano jotzaile batekin.1850. urtean, lehen aldiz, amarekin opera ikuskizun batean izan zen: Mikhaïl Glinkaren Bizia tsarraren alde. Opera hura eta Mozarten Don Giovanni beti izango ziren mugarri bat konpositorearentzat.

1850ean, San Petersburgoko Jurisprudentzia Eskolan onartua izateko azterketa gainditu zuen Txaikovskik. Bertan, hurrengo bederatzi urteetan ikasi zuen, funtzionario izateko xedez, noblezia apaleko mutil gazteen artean oso ohikoa baitzen; anaiek ere ikasiko zuten. Jurisprudentzia eskolan erdipurdiko emaitzak lortu zituen,[9] baina bizitzan zehar gordeko zituen adiskideak egin zituen, eta giza bizitzaren alde gordinagoekin ere harremana ukan zuen, besteak beste alkoholarekin eta tabakoarekin; handik aitzina, beti izango zen tabako erretzaile porrokatua eta edale zaletua.

Komunitate itxi guztietan ohikoa den giroan, non haur txikiak mutikoekin eta nerabeekin nahasten baitziren, lehen esperientzia homosexualak izan zituen. Aleksei Apukhtin poeta izango zenarekin egin zuen adiskidantza azpimarratu behar da, Txaikovski gaztearengan berebiziko eragina izango baitzuen.[10] Adiskidetasun haietako asko, maitasunaren osagaia alde batera utzita, garrantzitsuak izan ziren Txaikovskirentzat, babesa eta ereduak aurkitu baitzituen. Jurisprudentzia Eskolako urteetan zehar, Txaikovskik opera, balleta eta antzerkia ikusteko aukera izan zuen, bere izar ospetsuak miresteko, etorkizunean baliagarria izango zitzaion oinarri bat hartuta. Koru kantuko lezioak ere hartu zituen, ahots ederra baitzuen, eta Fyodor Becker instrumentu egile entzutetsuaren gidaritzapean pianoa jotzen ikasten hasi zen berriro.[11]

Hamasei urte zituela entzun zuen lehen aldiz Wolfgang Amadeus Mozarten Don Giovanni opera: esperientzia hura bere musikagile etorkizuna erabakitzeko errebelazio bat izan zen: «Mozarti zor diot musikari eskainitako bizitza».[12] 1855etik aurrera, pianoa ikasi zuen Rudolf Vassilievitx Küdinger (1832-1913) garaiko maisu ospetsuarekin, graduazioa lortu arte. Ikasketak amaitu ondoren, 1859an, Justizia Ministerioan hasi zen lanean; Txaikovskik garrantzi askorik eman gabe, nahiz eta bere promozioko emaitza onenetako bat izan. Jurisprudentzia Eskolan egindako azken urtea aberatsa izan zen Txaikovskirentzat eta eskergarria gizarte harremanen alderditik begiratuta, esparru horretan arrakasta ugari lortu baitzituen, baita nesken artean ere, eta mundu guztiarentzat atsegina gertatzen baitzen.[13]

Konpositoreen artean izen bat lantzen

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1854ko ekainean, ezusteko lazgarri bat ukan zuen Txaikovski gazteak: ama kolera epidemia baten ondorioz hil zen. Hain jota geratu zen, ezen ez baitzion Fanny Dürbach etxe irakasle izandakoari albistea eman bi urte igaro arte. Aita ere gaixotu zen koleraz, hiletaren biharamunean, baina sendatu ahal izan zuen. Musikariak hala idatzi zuen 1878an: «Egun beldurgarri hartako une bakoitza iltzatuta daukat, atzo gertatu izan balitz bezala».[14][15][16] Konpositorea eritasun berak jota hil zen, garai hartan kolera endemikoa baitzen Errusian.[17]

  1. Txaikovski abizen arrunta da Polonian, beraz pentsa daiteke musikariaren arbasoak herrialde horretatik iritsiak zirela (Cfr. von Wolfurt, 1961, 22. or. italierazko edizioa eta Tibaldi Chiesa, 1943, 1. or.).
  2. Artikuluan agertzen diren datak (eguna eta hilabetea) egutegi gregorianoaren araberakoak dira, bestelakorik esaten ez bada.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. (2009). «Alfabeto zirilikoz idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistema (errusiera, bielorrusiera, ukrainera eta bulgariera)» Euskaltzaindiaren arauak.
  2. Brown 2006, 431-435. orr. .
  3. Holden 1996, 373-400. orr. .
  4. Sadie 1995, 18:628-629. orr. .
  5. (Ingelesez) Poznansky, Alexander. (2024-01-01). «Tchaikovsky: A Life» Tchaikovsky Research (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-07-21).
  6. Berberova & Mainardi 1993, 28. orr. .
  7. Hofmann 1977, 12. orr. .
  8. Casini & Delogu 1993, 18. orr. .
  9. Casini & Delogu 1993, 22-23. orr. .
  10. Berberova & Mainardi 1993, 41-45. orr. .
  11. (Ingelesez) «Fyodor Becker» Tchaikovsky Research (web.archive.org) 2021-04-22 (Noiz kontsultatua: 2024-07-22).
  12. També va escriure en un article de crítica musical: «La música de Don Giovanni va ser la primera que va tenir sobre mi un efecte realment colpidor. Em va conduir a un món de bellesa artística habitat només pels genis més grans», (Orlova, 1990, pàg.7 op. cit., vegeu Bibliografia) Sobre el Rèquiem del salzburguès el músic no tenia cap dubte: «Una de les obres d'art més divines, fins al punt que hom no pot més que sentir pietat d'aquells que no poden comprendre'l i apreciar-lo», a Tammaro, op. cit., pàg. 272, vegeu Bibliografia.
  13. Berberova, pàg.45, op. cit. i Hofmann, pàg. 26, op.cit., vegeu Bibliografia.
  14. Orlova & Boccuni 1993, 6. orr. .
  15. Hofmann 1977, 21. orr. .
  16. Casini & Delogu 1993, 24. orr. .
  17. (Ingelesez) Patterson, K.David. (1994-05). «Cholera diffusion in Russia, 1823-1923» Social Science & Medicine 38 (9): 1171-1191.  doi:10.1016/0277-9536(94)90183-x. ISSN 0277-9536. (Noiz kontsultatua: 2024-07-22).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]