Lankide:Txikillana/Philanthropin (Frankfurt am Main)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Txikillana/Philanthropin (Frankfurt am Main)
Kokapena

Philanthropin Frankfurt am Main ikastetxea Frankfurt am Main (Alemania) hiriko komunitate israeldarraren eskoletako bat da. 1804ean sortua, XVIII. mendeko filantropismoaren printzipio pedagogikoak jarraituz (filantropia, arrazoia, berdintasuna, naturaltasuna eta zoriontasuna), garai batean Philanthropin motako eskolarik handiena izan zen; gaur egunean oraindik martxan da.

Sorrera eta egoitza aldaketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Siegmund Geisenheimer kontularia Mayer Amschel Rothschild merkatari eta Lehen Reich-aren bankariaren enpresan zuzendaritza kargu bat zuen; jatorri umilekoa, banketxeko lanaz gain, Frankfurteko komunitate juduaren bizi baldintzak hobetzeko hainbat gizarte ekintza bultzatu zituen. Besteak beste, 1803an, hiriko ghettoko judu txiroentzako eskola sortzeko elkarte bat martxan jarri zuen, Rotschild ugazabaren babesarekin. Eskolaren proiektua XVIII. mende amaieran sortutako filantropismo mugimendu pedagogikoaren oinarrien gainean garatu zuten, Dessau, Schnepfenthal, eta beste Philanthropinen ereduari jarraiki alegia. Halere, hasiera apala izan zuen: lehen ikastetxea 1804an ireki zuten, Judengasse ("Juduen kalexka") kaleko areto batean; lehenengo irakasle nagusia Michael Hess izan zen, gero eskolako zuzendari izango zena. 1805ean eskola ghettotik kanpoko Schäfergasse ("Artzainaren kalexka") kalera aldatzeko baimena eskuratu zuten. Eskola hau 1840 inguruan eraiki zen, Rechneigrabenstraße ("Kontulariaren lubakiaren kalea") kaleko Holzhof der Juden ("Juduen zurezko patioa") izeneko lekuan; garai hartan herriko eskola ederrena omen zen. Philanthropina eta oinarrizko eskola 1845ean aldatu ziren bertara.

Philanthropina Frankfurten gimnasioa jaso zuen lehen eskoletako bat izan zen: 1860an eraiki zen. Gero eraikin berria egin zenean (1881/1882) gimnasioaz gain, eskolaurreko instalakuntzak eta zuzendariarendako etxe bat eraiki ziren.

1877an, ikastetxeak 900 ikasle inguru zituen, haur hezkuntzako eskola, bigarren hezkuntzakoa eta nesken eskola. Hau Hermann Baerwalden zuzendaritzapean izan zen (1868-1899).

Salo Adler

1908an Philanthropina Rechneigrabenstrasse-tik Hebelstrasse ("Palanka kalea") kalera aldatu zen, Nordend barrutian, Georg Matzdorff-ek eta Ernst Hiller-ek diseinatutako eraikin berrira. Fatxadaren diseinu artistikoa Julius Obst-ek sortu zuen. Garai hartan Philanthropin-eko zuzendaria Salo Adler zen, 1900az geroztik eskola zuzentzen zuena.

Ikastetxearen historian azpimarratzekoak dira Otto Driesen zuzendaritzan izandako 16 urteak. Driesen diplomatiko ohia eta idazlea zen: Der Ursprung Des Harlequin ("Arlekinen jatorria") idatzi zuen 1904ean, baita zientzia-pedagogia lanak ere, hala nola, Erziehung zur Freude als sittliche Grundhaltung (" Alaitasunerako hezkuntza, oinarri moral bezala") 1928an. Driesenek judu eskola tradizionaletik eskola aurrerakoira pasatzea defendatu zuen, eta besteak beste emakume juduentzako eskola-barnetegia sortu zuen 1922an, Bigarren Reich garaiko bakarra izan zena, Alemania osoan eta atzerrian ospetsua.

Nortasun judua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatuak aitortutako eskola izanik, Philantropinak hasiera-hasieratik judu ez ziren ikasleak ere hartu zituen. XIX. mendean aritutako irakasleek judaismoaren erreforma bultzatzen zuten, eta lege erritualak ez zituzten lotesletzat jotzen; haien eragina Frankfurtetik harantzago hedatu zen. 1855etik 1867an hil arte, Sigismund Stern judu erreformista liberala izan zen zuzendaria. Jada 1844an, Leopold Stein errabino liberala kontratatua izan zen; honek Trier errabino nagusiaren dimisioa ekarri zuen. Erreformaren aurka zeudenek Judu Ortodoxoen Elkartean sortu zuten, eta 1851ean bere sinagoga eta eskola propioa eraiki zituzten Rothschild familiaren laguntzarekin.

XIX. mendearen amaieran ikastetxeak 450 ikasle inguru zituen, gero eta guraso judu gehiagok seme-alabak eskola publikoetara bidaltzen baitzituzten. XX. mende hasieran, berriz, Philantropinaren matrikulazioek berriro gora egin zuten, guraso ortodoxo asko ere seme-alabak bidaltzen hasi baitziren. 1928an batxilergoa ere eskaintzen hasi ziren.

Nazien jazarpena eta Bigarren Mundu Gerra ostea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1933an nazionalsozialistek boterea hartu ondoren, judu komunitatearen baldintzak okertu ziren. 1938ko urrian Hirugarren Reicharen Zientzia, Hezkuntza eta Hezkuntza Nazionaleko Ministerioak Philantropinari eskola publiko izaera kendu zion. Kristal hautsien gauaren ondoren, ikastetxeko irakasle ugari atxilotuak izan ziren; haietako bi, Brooks eta Marbach, tratu txarren ondorioz hil ziren. Otto Driesenek eta emazteak Frantziara ihes egin zuten. 1939ko apirilean, komunitate juduak eraikina prezio sinboliko batean saldu behar izan zion hiriari .

1941eko apirilean goi mailako eskolak itxi behar izan zituzten; eta 1942ko ekainean baita oinarrizko eskola ere. Frankfurteko Philanthropineko azken ofizio erlijiosoak Leopold Neuhaus errabinoak eta Nathan Saretzki abeslari nagusiak zuzendu zituzten; 1941eko abenduan, eskolako ikasleak eta irakasleak deportatuak izan ziren; gehienak kontzentrazio-esparruetan hil ziren.

Philantropina itxi ondoren, Bigarren Mundu Gerran eraikina atzerriko langileak hartzeko erabili zen; gero lazareto gisa, eta geroago ospitale publiko eta ospitale unibertsitario bezala.

1949an Die Kurbel ("Biela") zinema Philanthropinaren gimnasioa izandakoan instalatu zen.[1] 1954ean eraikina judu komunitatearen jabetzara itzuli zen; bertan administrazio bulegoak ezarri zituzten.

Juduen ikas komunitatearen berpizkundea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alemanian Bigarren Mundu Gerraren ondoren berrezarri zen bigarren eskola judua Frankfurt am Mainekoa izan zen: klaseei 1966ko apirilean berrekin zitzaien, Isaak Emil Lichtigfelden ekimenez (Hessen estatuko rabinoa eta Frankfurteko udal rabinoa 1954tik 1967ra); ez Philanthropin eraikinean, baizik eta Frankfurteko Westend auzoko Judu Komunitatearen Etxean. 1978an judu komunitateak Philantropina Frankfurteko hiriari saltzea erabaki zuen, lortutako diruarekin Westendeko Judu Komunitatearen Etxe berria finantzatzeko. Frankfurteko hiriak Philanthropin eraikina herritarren topaleku bihurtu zuen,1984-1989 bitartean eraberrituz. 1986tik 2004ra Philanthropina Hoch kontserbatorioaren eta Frankfurteko Antzerki Libre Taldearen egoitza izan zen.

Philanthropin eraikinera itzulera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2004ko martxoan eginiko ekitaldi batean, Philanthropin eraikina komunitate juduari itzuli zitzaion. Kontserbatorioa Ostend auzora aldatu zen eta eraikina berriro eskola bihurtzeko lanak hasi ziren. Berritze kostuak 15 milioi eurotik gorakoak izan ziren, eta Hessen estatuak, Frankfurteko hiriak eta komunitate juduaren artean ordaindu zituzten.

Ikastetxe berrituari I.E. Lichtigfeld[2] izena eman zitzaion. 2006/07 ikasturtearen hasieran 445 ikasle eta 60 irakasleak Westendeko ikastetxetik Philanthropin eraikinera aldatu ziren. Horrekin batera, ordura arte lehen hezkuntzakoa baino ez zen ikastetxea, bigarren hezkuntza eta barnetegi zerbitzuak ere eskaintzen hasi zen.

XXI. mendean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egunean, ikastetxean lehen hezkuntzako umeak 2 urtetik aurrera hartzen ditu, astean 30 orduz (Hessenen derrigorrezko eskolatzea 5 urtetik aurrera da). 2008/09 ikasturtean, 2 urteko haurren matrikula gorakada zela eta, Frankfurteko Westendeko Judu Komunitate Etxeko ikasgela zaharrak berriro erabiltzen hasi behar izan zituzten.

Ikasleek hilero kuota ordaintzen dute -ez merkea- adin taldearen arabera. Familia behartsuek eta haur bat baino gehiago dutenek deskontuak eska ditzakete.

Eskolaren helburuen artean ikasleei juduen tradizioak, bizimodua, erlijioa eta hebraiera modernoa irakastea dago. Irakaskuntza profanoan (oinarrizkoa eta laikoa) judu gaiak partzialki ukitzen dira; adibidez, gizarte ikasketetan alemaniar, judu eta israeldar autoreen bidez Holokaustoaren gaia ematen da, eta ikasle guztiek kontzentrazio-esparru bat bisitatzen dute. Ikastetxean juduak ez diren ikasleak eta irakasleak ere onartzen dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «FRANKFURT Die Kurbel» www.allekinos.com (Noiz kontsultatua: 2021-06-19).
  2. Alexa Blum: Die Isaak Emil Lichtigfeld–Schule im Philanthropin. In: Hessische Landeszentrale für politische Bildung und Amt für multikulturelle Angelegenheiten der Stadt Frankfurt am Main (Hrsg.): Religion, Migration und Gesellschaft. Waldkirchen 2010, S. 165–169.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

[[Kategoria:Ikastetxeak]] [[Kategoria:Hezkuntza alternatiboa]] [[Kategoria:Pedagogia]]