Lege lehorra Amerikako Estatu Batuetan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Gobernuko agente batzuk edari klandestinoak konfiskatuz, Chicago, 1921.

Lege lehorra Amerikako Estatu Batuetan, AEBtan alkoholaren fabrikazioa, egitea, inportazioa, esportazioa eta salerosketa debekatzen zuen lege polemikoa izan zen. 1920ko urtarrilaren batean sartu zen indarrean lege hau eta 1933ko abenduaren 5 arte iraun zuen. Alderdi errepublikarrak hauteskundeak irabazi berritan hartutako lehen neurria izan zen, baina atzetik gehiago etorriko ziren. Izan ere, alkoholaren afera ageri-agerikoa izan arren, horren atzean egoera ekonomiko larria eta errepublikarren moral bikoitza zeuden.


Konstituzioaren hamazortzigarren emendakinari (edo zuzenketari) eman zitzaion izena izan zen. 1919an Estatu Batuetan legea, "debekua" izenez ezagunagoa dena, onartu zuten alkoholdun edariak egin, saldu eta hartzea galaraziz. Lege horrek babes handia izan zuen nekazaritza giroko lekuetan eta "Amerika sakoneko" hiri txikietan. Hiri handietan, ordea, morala zaindu nahi zuten.[1].

Urte horietan demokratei “bustiak” (wet) esaten zieten eta errepublikarrak, aldiz, “lehorrak” ziren (dry).

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batetik, Lege lehorrak herrialdearen egoera ekonomikoa are gehiago kaltetu zuen: kontrabandoak dibisak kontrolik gabe galtzea ekarri zuen. Horrekin batera, AEBetako alkohol-industriak behea jo zuen. Alkohol salmentaren zergak diru-sarrera oparoa ziren gobernuarentzat, baina legeak iturri hura ere itxi zuen.

Alkohol kontsumoa ez zen murriztu, legeak nahi zuen bezala. Alkohol gutxiko edari gutxiago edaten ziren, baina likoreek izugarri egin zuten gora, legez kanpo saltzea askoz ere errentagarriagoa zelako. Debeku garaian, estatubatuarrek urteko 460 milioi litro ardo edan zituzten, graduazio altuko alkohola 800 milioi litrora iritsiz.

Ohiturak ere aldatu ziren. Lehen, batez ere, txiroenek eta aberatsenek edaten zuten alkohola. Lege Lehorraz bat, alkohola indartsu sartu zen erdi mailako klasean. Taberna klandestinoetan gazteek alkohola edateko eta tabakoa erretzeko ohitura hartu zuten. John M. Cooper historialariaren esanetan, “gazte inkonformistentzat edatea ez zen denbora-pasa hutsa, kultur erronka baizik. Gizarte amerikarraren zati handi batean debekuaren erdeinu ironiko eta nabarmena oinarrizkoa zen bere burua sofistikatutzat zuen ororentzat”.

Era guztietako jendea gaizkile bihurtu ziren likore apur bat edateagatik besterik gabe. Debekuaren ondoan, likoreak egin, estraperloan saldu eta saltzeko, irabazi handiak ematen zituen isilpeko negozioa sortu zen, gangsterren eskuetan erori zena.

Lege polemikoak destilazio klandestinoa bultzatu zuen, eta alkohol pozoitsua zabaldu zen han eta hemen. Legea indarrean egon zen hamalau urteetan, alkohol pozoitsuak 30.000 hildako eragin zituen, eta 100.000 pertsonari kalte sendaezinak ekarri zizkien. Kopuru horiek ofizialak dira, baina benetakoak askoz handiagoak direla uste da.

Delinkuentzia mota berria sortu zen alkohol ekoizpen eta salmentaren inguruan. Taldeen artean eta poliziekin izandako liskarretan, 50.000 pertsona baino gehiago hil ziren. Banda antolatuek sekulako boterea eta kapitala bildu zuten urte horietan, eta legea bertan behera uztean, pagotxari muzin egin nahi ez eta dibertsifikatzea erabaki zuten: kontrabandoan, prostituzioan, apustuetan eta bestelako droga batzuetan aritu ziren handik aurrera.

Lege Lehorrak, beraz, ez zuen inolako arazorik konpondu.

Amaiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Washington (AEB), 1933ko otsailaren 20an AEBetako senatuak, Franklin D. Roosevelt presidente demokrata berria hiltzeko saiakeratik bost egun baino pasa ez zirenean, Lege Lehorra izenez ezagutzen zena bertan behera uztea erabaki zuen, alkohola debekatzen zuen lege hura onartu eta hamalau urtera.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]