Luisa Irigoien Larrañaga

Wikipedia, Entziklopedia askea
Luisa Irigoien Larrañaga

Bizitza
JaiotzaOiartzun1909ko abuztuaren 23a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaBartzelona2009ko azaroaren 15a (100 urte)
Hezkuntza
Heziketairakasle eskola
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakirakaslea eta militante politikoa
KidetzaEmakume Abertzale Batza
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Eusko Alderdi Jeltzalea

Luisa Irigoien Larrañaga. (Oiartzun 1909ko abuztuaren 23aBartzelona 2009ko azaroaren 15aMaistra izan zen eta 36ko gerran atxilotu eta Iruñeko Espetxe Probintzialean preso egondakoa. Frankismoaren jazarpen gogorra pairatu zuen familiak. EAJko militantea zen eta Oiartzungo Euzko Emakume Abertzale Batzako partaidea.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luisa Oiartzungo Donibane kaleko 35. zenbakian jaio zen. Aita, Baleriano Irigoien, Exkerrenekoen kastakoa, gazte hil zen. Ama, Anastasia Larrañaga Urbieta, bost seme alaba zituela geratu zen alargun eta bizimodua aurrera atera behar-eta, San Juan kaleko etxebizitza saldu eta ahizparen laguntzarekin, Arpidenia etxea (Doneztebe plazan dagoen Xabale) erosi zuen ostatua jartzeko. Irigoien-Larrañagatarrak bost senide izan ziren; Luisa, hirugarrena zen senideetan. Bera baino zaharragoak ziren Anixeta eta Domingo eta gazteagoak Jose Manuel eta Maria Teresa.[1] 

Irigoien-Larrañaga familia

Familia abertzalea eta aktiboa izan zen politikan, eta gerra piztu zenean galanki sufritzea tokatu zitzaien, kartzela, deserriratzea eta anaiaren fusilamendu/desagerketa pairatu behar izan baizuen familiak. Euskara eta kulturgintzarekin arduratua zegoen, eta Luisaren anaietako batek, Domingo, Zumarragako parrokoa izan zenak, 1939an Euskal Esnalea aldizkarian Elerti euskaldunaren zuzenbidea olerkia argitaratu zuen eta 1951n, M. M. Aramiren lan espirituala euskaratu zuen, Bizi! izenburuarekin.[2]

Senar-emazteak ezkontza egunean
Luisa irakasle zela, Egurrolatar ahizpekin

Luisa maistra izan zen Donostiako Jeneral Etxague kalean, 7. zenbakian eta beste bi emakumerekin batera (Egurrola ahizpak) garai hartarako nahiko aurrerakoia zen ikastetxe misto baten ardura eramaten zuen. 

1939. urtean, gerra bukatuta, Errenteriako Bonifazio Irazusta Arbiderekin ezkondu zen Gasteizen. EAJ alderdikoa zen Bonifazio eta Beorlegi koronelak Errenteria hartu zuenean, gudariekin joan zen frentera eta komandantea izatera iritsi zen, baina Laredon atxilotu eta espetxera eraman zuten. Askatu zutenean, ordea, debekatu egin zioten Errenteriatik 300 kilometro baino hurbilago bizitzea eta horregatik ezkondu eta Bartzelonara joan ziren bizitza berria sortzera.[2]

Otsagin

Bi seme izan zituzten: Txomin eta Luis Mari, eta biak Euskal Herrian jaio ziren, hori baitzen gurasoen nahia. Horretarako, Luisa Errenteriako Gabierrotako etxera etorri zen lehenengoaz erditzera, eta handik urte pare batera, bigarren semea izatera, Oiartzunera, gauzak lasaixeago zeuden eta.[1]

Ez zituzten beren idealak alde batera utzi, eta partiduarekin adostuta, Bartzelonako etxebizitza klandestinitatean bizi ziren pertsona askoren azken geltokia izan zen urte askotan, 50eko hamarkadan batez ere. Bertara anarkistak, komunistak eta beste hainbat partiduetako jendea iristen zen, eta han egun batzuk gordeta egon ondoren, dokumentu faltsuekin Ameriketara bidaltzen zituzten Conte Grande eta Conte Biancamano transatlantikoetan, hau da, Genovatik Bartzelonara eta handik Mexiko eta Hego Amerikarako ibilbidea egiten zuten transatlantikoetan.[1]

Frankismoaren jazarpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beorlegi koronelak gogor astindu zuen familia. Oiartzunen sartu zenean, eurena zen Arpidenia etxean hartu zuen ostatu eta laster ekingo zuen EAJko militante abertzaleen aurka. Gerra hasi zenean atxilotuta Iruñeko Espetxe Probintzialera eraman zuten Luisa, Maritxu Erauskinekin batera.[3] (197 orr.)

Iruñeko Gobernu Militarrean epaitu zituzten, Arma trafikoaz eta errepublikanoentzako arropa jasotzeaz akusatuta. 1936ko abendua arte egon ziren biak preso, eta diotenez, fusilatzetik salbatu omen ziren epaimahai militarrean zegoenetako baten alabaren maistra izana zelako Luisa. Hala ere ez ziren zigorretik libratu; ezin izan zuten Oiartzunera itzuli. Otsagabian bizitu behar izan zuten gordeta eta Luisa handik, Gasteizera joan zen. Izkutuan bizitzen jarraitu zuen, kasu honetan, Agustina Oyarzabalen etxean.

Anixeta, ahizpa nagusia bera, epaitu egin zuen Ardura Politikoko Nafarroako Lurralde Epaitegi frankistak 1941ean. Hiru seme alabaren ama zen ordurako: bi, sei eta zortzi urte zituzten. Hauek izan ziren Anixetaren delituak: Euzko Emakume Abertzale Batzako afiliatua izatea eta 1932an Oiartzungo EEABko lehendakaria izatea (nahiz eta inaugurazio ekitaldiko kronikaren arabera, kargu hori Juana Aiestaranek zuela adierazi). Epaitu zuten urteko abenduaren 23ko sententziak 150 pezetako isuna jarri zion.[1]

Joxe Manuel anaia 24 urte zituela eta Joxe Domingo Larrañaga, osaba apaiza, atxilotu eta San Kristobal espetxera eraman zituzten. Osaba heriotza zigorrarekin kondenatu zuten, baina azkenean 15.000 pezetako isuna ordainduta, zigorra saihestea lortu zuen eta liburuxka batean jaso zituen gertakizun haiek guztiak. Joxe Manueli ordea 1936ko azaroaren 14ean libre uzten zutela sinarazita, kamioi batean sartu zuten eta nonbaiten fusilatu zuten (ofizialki Lizarran fusilatua izan zela diote, 1936ko azaroaren 14ean) eta zuloren batean sartua izan zen. Harrezkero ez du berririk izan familiak.[3]

Euzko Emakume Abertzale Batza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euzko Emakume Abertzale Batza 1922an sortu zen Bilbon EAJren inguruan zebiltzan emakume abertzaleak biltzeko asmoz. Primo Riveraren diktadura-aldian legez kanpo utzi eta desagertu egin zen, berriro 1931an berragertuz. Hortik aurrera erraz hedatu zen, tartean Oiartzunenera, inaugurazio ekitaldia 1932ko abuztuan eginda.

Aurreko urtean inauguratu zuen EAJk Oiartzungo Batzokia, Mendiburu kaleko Serorenia etxean (Romero-Kennedytarren etxe gisa ezagunagoa zena kaletarren artean). Hurrengo urtean egokitu zen EEABrentzako lokala. Juana Aiestaran izan zen lehenengo presidentea (Angel Arizmendi -Gotzon, garaiko agerkari jeltzaleen arabera-, prokuradore donostiarraren emaztea).

Euzkadi aldizkariak 1932ko abuztuaren 16ko zenbakian Oiartzungo Euzko Emakume Abertzale Batzaren lokalaren inaugurazio ekitaldien kronika zehatza argitaratu zuen. Inauguratzeko bi eguneko ospakizunak egin ziren: abuztuaren 14an eta 15ean. Oiartzungo balkoiak txuri, gorri eta berdez, ikurrinaren kolorez, jantzi omen ziren egun horietan.[2]

Oiartzungo Euzko Emakume Abertzale Batza eta Euzko Gaztetxu Batzakoen egoitza berria zen berez protagonista, baina inaugurazio hori Euskal Herri osoko abertzaleak biltzeko aitzakia izan zen. 8.000 lagun inguruk hartu omen zuten parte Oiartzunen antolatu ziren ekitaldietan.

Emakume Abertzale Batza Oiartzungo ekitaldian 1932

Luisa, 22 urteko emakumea ordurako, Oiartzungo Euzko Emakume Abertzale Batzako kidea zen eta inaugurazio ekitaldian hizlarien aurkezpenak egiten hartu zuen parte. Aipatzekoak dira bertan hitza hartu zutenak: Julene Urzelai azkoitiarra, Caracaseko Euskal Etxean eta Radio Euzkadin esatari izandakoa; Jose Antonio Agirre, Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakaria izango zena; Telesforo Monzon, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua: Carlos Linazasoro Altzeta, EAJko euskarazko hizlari onena askoren ustetan eta Amancio Urriolabeitia, Bizkai Buru Batzarreko kidea.

Inaugurazio egunean ateratako familia argazkian 110 emakume eta neska agertzen dira. Hor daude, besteak beste, Luisa bere ahizpa Anixetarekin batera, Juana Aiestaran, Maria Josefa Aristizabal, Maria Luisa Arbelaitz, Carmen Baraibar, Edurne eta Julia Bergaretxe ahizpak, Carmen Egia, Maritxu Erauskin, Maritxu Garcia, Pakita Iñarra, Maria eta Regina Iragorri ahizpak, Concepción Irigoien, Sebastiana Camio, Pilar Lekuona, Pepita Martiarena, Joxepa Mitxelena, Maritxu eta Kristina Mitxelena ahizpak, Dolores Zapirain, Faustina Santa Cruz, Pampoxa Agirrezabala... [2]

1933tik aurrera Euzko Emakume Abertzale Batzako emakumeak, protagonismoa hartzen hasi ziren jardun politiko publikoan. 1936ko uztailean 28.500 kide zituen EEABk, gehienak Gipuzkoan eta Bizkaian.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d (Ingelesez) «Oiartzun urtekaria 2021» issuu (Noiz kontsultatua: 2023-08-08).
  2. a b c d (Ingelesez) «Oiartzun urtekaria 2022» issuu (Noiz kontsultatua: 2023-08-08).
  3. a b (Ingelesez) «2009 isiltzen ez den isiltasuna lurpetik berreskuratutako memoria» issuu (Noiz kontsultatua: 2023-08-08).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]