Edukira joan

Migel Irazusta Goikoetxea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Migel Irazusta Goikoetxea

Bizitza
JaiotzaAbaltzisketa1925eko abenduaren 19a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaIgeldo2000ko urtarrilaren 7a (74 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakaizkolaria
Artikulu hau aizkolariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Migel Irazusta».

Migel Irazusta Goikoetxea, ezizenez Polipaso, (Abaltzisketa, Tolosaldea, 1925eko abenduaren 19a - Igeldo, Donostia, 2000ko urtarrilaren 7a) gipuzkoar aizkolari, segalari, giza probalari (apostua jokatu zuen Markinako Lehoia-rekin), akuilari, probalari, korrikalari eta jokorako aharien jabea izan zen. Ospe handiko pertsona da herri kirolen historian.[1]

Aizkoran 33 urterekin hasi zen. Gizon handi eta sendoa izan arren, ongi moldatzen zen lan luze eta egur handietan. 1960ko hamarkadan apustu asko jokatu zituen, eta baita irabazi ere garaiko aizkolari hoberenei, hala nola Ramon Latasari, Miguel Berakoetxeari eta Errekalderi.

1965eko Espainiako Txapelketa irabazi zuen, Miguel Berakoetxea lehia estuan menderatuta.[2] Urte berean Berakoetxearen aurka bi apustu galdu zituen, baina 1966ko urtarrilean, Donostian jokatutako hirugarren lehian nagusitu zen. Apustu hartan 60 ontzako 20 enbor moztu behar zituzten, erakuslerik gabe. Polipasok 90 minutu eta 22 segundotan bukatu zuen lana, eta Berakoetxea erretiratu egin zen 16. enborra ebaki eta gero.

1970ean bi apustu gogor jokatu zituen Mikel Mindegiaren aurka. Apirilaren 4an, Tolosan, kanaerdiko 40 enbor mozteko lana izan zuten. Nafarrak irabazi zuen, gipuzkoarrak baino 2 minutu eta 10 segundo gutxiago behar izan baitzituen (guztira 2 ordu 13 minutu eta 48 segundo behar izan zituen); handik hilabetera Donostian, berriz ere berrogeina kanaerdikoren lana izan zuten bi aizkolari horiek. Orduko hartan, Polipaso nagusi izan zen, aurreko marka minutu bat eta 38 segundotan hobetuz;[1] Mindegia enbor bat falta zuenean erretiratu zen.

Azken apustua 56 urterekin jokatu zuen, Leon Albeniz Iruntxiberri-ren aurka, 1992ko maiatzaren 22an, Tolosan.[2]

  • «Colección Temas Vizcainos», 79-78 zbk. (63. orr.).

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Miguel Irazusta Goicoechea, Auñamendi Eusko Entziklopedia, euskomedia.org/aunamendi
  2. a b c Antton Espelosin (2009): Aizkora apostuak eta txapelketak.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]