Edukira joan

Miliarri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Miliario» orritik birbideratua)
Andelosko miliarria (Nafarroa Garaia).

Miliarri (latinez: milliarium, singularrean; milliaria, pluralean[1]) Antzinako Erromako erromatar galtzaden ertzean kokatzen zen harrizko koloma zen, normalean inskripzio batekin, eta Italiako eta erromatar probintzietako galtzada nagusietako distantziak adierazteko erabiltzen zen. Galtzada horietan, mila passus bakoitzeko, miliarri bat jartzen zuten; hau da, milia erromatar edo 1.481 metro inguru bakoitzeko.

Deskribapen orokorra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Milia erromatarrak adierazten zituzten bidarri hauek, gehienetan, zutabe zilindriko edo obalatuak dira, batzuetan paralelepipedoak, kareharrizkoak, hareharrizkoak, granitozkoak edo basaltozkoak. Zutabeen oinarria kubikoak eta irtenak dira, sendoago sustraitzeko. Altuera 2 m-tik 4 m-ra bitartekoa izaten da,eta diametroa 0,5etik 0,8 m-ra bitartekoa. Baina bidarri hauen zutabeak arroka edo eraikuntza baten kontra ere ager daitezke, eraikin bateko pilareak ere izan daitezke, poste adierazleak, zaldizkoei aulkian jartzen laguntzeko harriak, zuhaitz-enborrak...

Inskripzioak eta erabilera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Via Claudia Augusta-ko erromatar miliarri baten egungo erreplika Unterdiessen inguruan, Bavaria, Alemania. Erreplika honetan testua alemanez idatzi zuten egungo bisitariek uler dezaten.

Miliarri gehienek zuzenean grabatutako inskripzioak zituzten, galtzadaren garrantziaren arabera, Erromatik hurbil edo urrun egotearen arabera, edo jatorrizko eta helmugako hirien arabera. Inskripzioak ondo definitutako zenbait zati izan ohi zituen:

  1. Agintaldian zegoen enperadorearen titulu osoa, galtzada egin edo aldatzen zuenarena. Titulu inperiala oso erabilgarria da miliarriaren eraikitze-data zehazteko, oso zehatza baita. Goi Inperioaren garaian, nominatiboan idatzita dago; Behe Inperioan, berriz, datiboan[2] idatzita egoten da maiz, eta enperadorearen omenezko monumentu bihurtzen du bidarria.
  2. Erromarainoko distantzia edo bideko beste leku nagusirainokoa.
  3. Lanak zuzentzen zituen gobernadore eta unitate militarraren izena.
  4. Refecit (eraiki) edo reparavit (konpondu) aditza, segun ze lan-mota egiten ari ziren.
miliarri erromatarra (Artaxoa, Nafarroa)

Miliarrien paper zehatza eztabaidatua izan da. Ezbairik gabe, boterea irudikatzeko eginkizuna ziurtatzen zuten, eta haren ekintza adierazten zuten. Batzuetan propaganda hedabideekin parekatu dira. Benjamin Isaacen aburuz, miliarri baten funtzio utilitarioa eskasa zela ikus daitekeenean, baliteke komunikazio-funtzioa handiagoa izatea eta helburu hori Inperioraren monarkia autokratikoaren testuinguruan kokatu behar da. Hala, Inperioko ekialdean, miliarriek enperadorearen titulua latinez dute, eta distantzia-adierazpenak, berriz, grekoz dira maiz: azken zati hori ondo irakur zezaketen biztanleek, lehenengo zatia ez bezala, ekialdean, biztanleek greziera erabiltzen zutelako administrazioan, eta beraz, latinez zegoena ezin izango zuten erraz irakurri. Isaacen arabera, mezua ez zen biztanleek irakur zezaten baizik eta probintzietako hierarkiako kideek enperadoreari leialtasuna adieraz ziezaioten[3].

Benjamin Isaacen arabera ere, hainbat probintziatan, Britainian, Judean eta Panonian, lehen miliarriak Hadrianok eskualde horietara egindako bidaian jarri ziren: armadak eta bere ofizialek subiranoarekiko fideltasuna eta bere agintepean jarritako lurraldeen administrazio ona adierazten zuten. Beraz, aurretik babesten zen teoria, Inperioak miliarriak jatzen zituela herrepideetan bere menpekoei bere potentzia adierazteko, alegia, ez luke logika partikularrik izango. Ohitura edo betebehar hori, aldiz, enperadorea eta arduradunen arteko harremana argitzen zuen; miliarriak leku berean pilatzeak zedarriztatze baten errepikapen mekanikoa egiten zela adierazten digu, leialtasun-bermeak emateko balio zuena.[4] Hala ere, Benjamin Isaacek adierazi du mugek ere zeregin zehatzagoa izan zezaketela, esleipen fiskalak adierazteko adibidez.

H. Kisselek berriki sakondu du ideia horretan, eta esan du miliarriek zeregin instituzional eta fiskal garrantzitsua zutela. Izan ere, errepide erromatarren mantentze-lan erregularra inguruko komunitateen ardura zen, eta ez zegoen salbuepenik[5]. Mantentze-lanen baldintza zehatzak oso ezezagunak dira, baina egia da kostua oso handia zela[6], eta miliarri batzuek galtzaden eraikuntzan edo mantentze-lanetan parte hartu zuten komunitateak aipatzen dituzte[7], nahiz eta maizago aipatzen duten enperadorearen ekintza, finean, Inperioko errepideen azken arduraduna. Azken horrek, batzuetan, lanak ordaintzen zituen edo soldaduek egiteko agintzen zuen. Miliarriek lurralde-informazioa emateko ere balio zuten: Frigiako lurralde-gatazka batean, miliarriek erreferentzia gisa balio izan zuten alde bakoitzak kudeaketaren eskakizunen aurrean zer erantzukizun zuen zehazteko[8]; miliarriek mugatzen zituzten probintziek eraiki edo mantendu behra zituzten errepide-zatiak[9].

Errepide baten konponketa edo birdefinizio bakoitzaren ondoren, miliarri berri bat jartrzea ekar zezakeen, aurrekoaren aldamenean jartzen zen miliarri berri bat. Beraz, nahiko ohikoa da garai desberdinetako miliarriak aurkitzea leku berean. Hala, Haga hiritik gertu dagoen Rijswicken herrian, Antonino Pio, Karakala, Filipo Arabiarra eta Dezioren agintaldietako lau miliarri aurkitu zituzten arkeologoek 1997an[10].

Errekaleorreko miliarria (Gasteiz, Araba)

Lehendabizikoak Erromatar Errepublikaren amaieran kokatu ziren baina gehienak Goi Inperiokoak dira, nahiz eta gutxi batzuk III. eta IV. mendekoak izan.

IV. mendean, miliarriek adierazpen-funtzionaltasuna galdu zuten, eta enperadoreen propaganda politikoaren elementu bihurtu ziren.

Milliarium Aureum Foro Erromatarrean, Italiako galtzada erromatarren abiapuntua eta abiapuntua zena.

Mendebaldeko Erromatar Inperioan, azken miliarriak Teodosio I, Honorio eta Arkadio enperadoreen izenean egin ziren, eta, barbaroen inbasioekin eta Inperioaren desintegrazioarekin, ez ziren gehiago landu galtzaden mantentze-lana desagertu zenean.

Ekialdeko Erromatar Inperioan, bideak mantendu egin ziren VI. mendera arte, nahiz eta miliarriak gero eta bakanago bihurtu ziren, harik eta eraikitzeari utzi zitzaion arte; izan ere, latinez idatzita zeudenez, funtzionaltasuna galdu zuten batez ere grekoa zen populazio baten artean.

Milliarium aureum edo Urrezko miliarria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erromatar foroan zegoen Milliarium Aureum delakoaren balizko aztarna. Miliarri hori Italiako galtzada guztien abiapuntua izango zen.

Urrezko miliarria (latinez, Milliarium aureum) Oktavio Augusto enperadoreak eraikitako monumentua izan zen, Antzinako Erromako Foro Nagusian, Saturnoren tenplutik gertu. Galtzada guztiak monumentu horretan hasten zirela idatzi zuten hainbat erromatar idazlek, eta Erromatar Inperioko distantzia guztiak haren arabera neurtzen zirela[11].

Agian, haren gainean inperioko hiri nagusi guztien zerrenda bat zegoen, eta haietaraino zegoen distantzia[12], nahiz eta monumentuaren kokaleku zehatza eta haren inskripzioa eztabaidagai dira oraindik ere.

Gaur egun, Erromako Foroan dagoen marmolezko egitura bat orduko urrezko miliarriaren oinarria dela esaten da.


Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Le Gaffiot numérisé» www.prima-elementa.fr (kontsulta data: 2022-05-21).
  2. Christian Landes (2000) “Naissance et mort d'une voie romaine”, L'Archéologue, 47 zk.,‎ 6 or.
  3. Isaac, Benjamin H. (1993) The Limits of Empire. The Roman Army in the East (revised edition), Oxford, 304-309 or. (« it is conceivable that the imperial titulature appeared on milestones to convince the monarch and his entourage of the loyalty of the provincial governor and his army»)
  4. Isaac, Benjamin H., op. cit., 308 or. : «they are the symptoms of a system that makes any official suspect who does not produce mechanical declaration of obedience».
  5. Digesto, 50, 4, 1 eta 12 eta 18 Th. Kisselek aipatua, "Road-Building as a munus publicum" in: P. Erdkamp (zuz. 2002):The Roman Army and the Economy, Amsterdam, 135-136 or.
  6. Th. Kissel, op. cit., 130-133 or.
  7. Adibidez, CIL III, 199 , CIL III, 7195, CIL VIII, 10322 eta CIL VIII, 10327 .
  8. Th. Kissel, op. cit., 140-141 or.
  9. Th. Kissel, op. cit.,159 or.
  10. «Den Haag - Wateringse Veld» Romeinen.nl (kontsulta data: 2026-01-26).
  11. Dion Kasio 54.8.4; Plutarko, Galba 24.4; Plinio Zaharra, Naturalis Historia 3.66; Tazito, Historiae 1.27; Suetonio, Oton 6.2.
  12. Ez dago interpretazio horren zuzeneko ebidentziarik: Z. Mari, 'Miliarium Aureum', in E. M. Steinby (ed.) Lexicon Topographicum Urbis Romae (1996) 3 lib., 250-251 or. (italieraz). ISBN 8871400968; 'Miliarium Aureum,' in L. Haselberger (ed.) Mapping Augustan Rome, 67 or.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]