Miranda Ebroko kontzentrazio-esparrua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Claritas aguas del Ebro,
rojillas van a Aragón;
el llorar de los prisioneros,
las tiñen de ese color...

(jota herrikoia)

Ebroko ur gardenak,
Aragoira gorri doaz;
presoen negarrek,
kolore horrez tindatzen dituzte...

Miranda Ebroko kontzentrazio-esparrua Miranda Ebron frankistek eraikitako kontzentrazio-esparrua izan zen. 1937an, Gerra Zibilean, preso errepublikazaleak barnean izateko eraiki eta 1947 arte iraun zuen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontzentrazio-esparruaren planoa

1936ko uztailaren 18ko altxamendua gertatu zenean Burgosko probintziaren gehiengoak matxinoek alde egin zuen. Hala ere, Miranda Ebrok Errepublikaren alde egin zuen. Matxinoek herria konkistatu zutenean, kontzentrazio-esparrua ez ezik ospitala eta Mussoliniren armadarako barrakoiak ere kokatu zituzten bertan.[1]

Iparraldeko frontea denbora gutxian erori zenez, frankistek preso asko hartu, horietatik asko gudariak, eta bizitzeko baldintza penagarriak pairatuz metatu zituzten. 1937ko uztailaren 5eko EAOk Burgosko probintzian lau kontzentrazio-esparru eraikitzeko agindua eman zuen.[2] Horietatik handiena Miranda Ebron zegoen, komunikazio ona izateaz gain frontetik gertu zegoelako.

Matxinoek Sulfatos S.A. enpresarena zen 42.000 metro koadroko orube bat aukeratu zuten, trenbidearen eta Baia ibaiaren artean kokatua.[3] Mirandarrek berek, behartuak, eraiki zuten hilabete bitan.

Esparruak 1500 presorentzako tokia bazuen ere, laster izan zituen preso gehiago. Bizi baldintza lazgarriak jasan zituzten lehendabiziko presoek. 1937ko neguan, barrakoi bat erori zen, eta 150 zauritu baino gehiago izan zituzten.

Presoak lau mailatan sailkatu zituzten matxinoek:[4]

  • Criminales (kriminalak): kriminal arruntak.
  • No hostiles al Movimiento Nacional (Mugimendu Nazionalaren aurka ez daudenak): Errepublikaren alde borrokatzera behartuak izan zirenak.
  • Desafectos sin responsabilidad (erantzukizunik gabeko aurkakoak): Boluntario errepublikazale arruntak.
  • Desafectos con responsabilidad (erantzukizuna duten aurkakoak): Boluntario errepublikazale nagusiak (politikariak, ofizialak...).

Kriminal arruntak presondegira eramaten zituzten, eta asetze izanez gero askatasuna lortzen zuten. Aurkakoak, erantzukizunik izan ala ez, bortxazko lanak egiten zituzten.[5] Matxinoek no hostiles gisa sailkatuak matxinoen armadarekin borrokatzeko errekrutatu zituzten.

Guztira, 65.000 preso inguru izan ziren. Bertan zeudenean matxinoen abestiak kantatzera eta Franco goresteko aginduak zituzten, eta errepublikar ideiak baztertu eta irrigarri uztera behartzen.[6]

1940an Heinrich Himmler Reichsführer-SSak eskualdea bisitatu zuenean, egoera guztiz aldatu zen eta 1941erako apenas ez zeuden preso errepublikazale esparruan.

Paul Winzer alemaniarrak esparrua zuzentzeari ekin zion,[7] eta atzerritarrentzako esparru bilakatu zuen, Gestapok antolatua. Bertako brigadistek 1943ko urtarrilaren 5ean, gose greba egin eta gero, askatasuna lortu zuten.[8] Orduan 3.500 preso ziren.

Mirandan zeuden errefuxiatuak
(1941eko azaroaren 21a)
Poloniarrak 362
Belgikarrak 150
Herbeheretarrak 6
Txekoslovakiarrak 19
Jugoslaviarrak 12
Greziarrak 1
Kanadarrak 40
Austriarrak 2
Guztira 642


Bigarren Mundu Gerra bukatzear zegoela armada naziaren kide askok ihes egin eta Espainiako Armadak atxilotuak izan ziren Hego Amerikara zihoazenean. Hauek nahiago zuten bertan izatea jaioterrian baino eta Odessa operazioa eta nazien laguntza ekonomikoei esker laster atera zituzten handik.

1947ko urtarrilean kontzentrazio-esparrua itxi zuten, presoak Langraiz Okako kartzelara bidali.[9] Espainian itxi zen azken kontzentrazio-esparrua izan zen.[10] 1949 eta 1953 artean armadak okupatu zuen, 1954an lurrera bota arte. Gaur egun ia ez da geratzen kontzentrazio-esparru haren hondarrik; orubean kimika-enpresak daude.

Preso ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Ojeda San Miguel, Ramón (1999) «Nuevas precisiones sobre los primeros cambios industriales de Miranda de Ebro en el primer tercio del siglo XIX. Miranda de Ebro. Campo de concentración. Ayer y hoy. 60 años de su creación -50 años de su clausura» López de Gamiz: Boletín del Instituto Municipal de Historia de Miranda de Ebro (33): 111-116..
  2. (Gaztelaniaz) Fernández López, José Ángel (2003) Historia del Campo de Concentración de Miranda de Ebro: 1937-1947 Miranda Ebro.
  3. (Gaztelaniaz) Esteban, Iñaki (2004-02-04) «Barracones de humillación» La Verdad (Murtzia).
  4. (Gaztelaniaz) Guijarro Rodriguez, Diego (2005) Trabajo sobre el Campo de Concentración de Miranda de Ebro Burgosko Unibertsitatea.
  5. «Antonio Loinaz: "1936ko irailaren 20a egun tristea izan zen, 40 urterako askatasuna galdu genuelako"» Uztarria (Azpeitia).
  6. (Gaztelaniaz) Labrador Juarros, Román-Fernando (2002-10-21/23) Campos de concentración en la provincia de Burgos 1936-1939 Los campos de concentración y el mundo penitenciario en España durante la Guerra Civil y el franquismo Bartzelona.
  7. «Miranda-Ebroko kontzentrazio esparrua (José Angel Fernández López, "Historia del Campo de Concentración de Miranda de Ebro (1937-1947)" liburuaren egilea)» Argia (1939) 2004-04-11.
  8. (Gaztelaniaz) Espinosa de los Monteros, José María; Pallarés, Concha (2005) «Miranda, mosaico de nacionalidades: franceses, británicos y alemanes» Ayer (57): 153-187.
  9. Amenabar, Anakoz (2007-11-21) «Hesietan harrapatuta Pirinioen bi aldeetan» Berria.
  10. Iturriagaetxeberria, Asier (2005-12-30) ««Duintasuna gordetzeko borrokan aritu ziren kontzentrazio esparruetan izan zituztenak»» Berria.

Koordenatuak: 42° 40′ 41″ N, 2° 55′ 14″ W / 42.67806°N,2.92056°W / 42.67806; -2.92056